Udan eta opor giroan murgildurik zeudenez, nonnahi ospatzen ziren festen inguruko aipamenez eta herri horien guztien historiari buruzko xehetasunez beterik agertzen zitzaigun Z. ARGIA, 1971ko irail hasiera hartan. Haatik, bazuen beste era bateko gairik ere. "Eliza bizi da" lemapean agertzen ziren lanak, kasu; zehazkiago oraindik: hizki larri bezain pottoloz azaltzen zen "Diborzioa bai ala ez" gaia.
ELIZGIZONEN MINTZAIRA
Juan Jose Goenagak mahaigaineratzen zuen "(IV) Etiko-erlijioso arazoa", aste batzuk aurretik "Diborzioa bai ala ez. Bereala geure artean izango dugun arazo bat" lemapean plazaratu zituen lanean ondorio bezala. Nahikoa gai polemikoa, diborzioarena, garai hartan, Elizak ez ezik, Gobernu espainiarrak ere galerazita baizeukan ezkontza haustearen kontu hori. Nolakoa izango zen bere ezkondu-bizitzan arazo larriak zituztenen itomena, xoxak izanik (ezinbesteko baldintza), nahiago zutela Erromako Elizaren "Rota" Auzitegira joan, Espainiako estatuak zeuzkanetara baino: Erromakoan, batzuek, zer edo zer lortzen zuten; besteetan, berriz, gehienek jai zuten...
Dena den, bere azken azterketan Goenaga kristau ikuspegiari lotzen zitzaion batik bat. "Kristoren aginduz, Elizak ez dezake ezkontzarik autsi. Kasuistika bat onartzen da, baiña ‘ratum et consummatum’ (au da itz emana ta egitez osatua) Elizarentzat ere muga biurtzen da", ohartarazten zuen. Halere, Kristoren hitz horiek interpretatzeko bi era bide zeuden: laxagoa, Sortaldeko Elizak ei zuena, eta estuagoa, Erromako Elizarena.
Guztiaren eskema laburbilduz, hauxe zioen Goenagak: "Argi ta garbi dira Kristo ezkontzaren-bakartasunaren alde ta diborzioaren kontrako itzak. Kristo ezkontzaren betikortasunaren alde zegoen, eta agindu ori eman zien bere ikasleai. Bere inguruko jokaerak etzituen onartu, eta Jainkoaren borondatea Ezkontzaren betikortasuna zala argi adierazi zigun. Au Erromako Elizak, Sortaldekoak eta Protestanteek ere onartzen dute".
LEGEA EMAN DUENAK, LEGEA HAUTSI DEZAKE
Bazen buruhauste gehiago, ordea: "Beste arazo bat au da: Kristoren borondate ori lege juridiko biurtu al-daiteke?". Galderatxoak bazuen bere korapiloa, zeren: "Legea eman duenak, legea autsi dezake. Aginpidea Elizan Aita Santuaren eskuetan dago" eta… "‘Kristoren aginpide bikario’aren jabe danez, ezkontza autsi dezake".
Jakina, aurrekoaren ondorioak larregiak izan zitezkeen, "baiñan, gaur egunez, aginpide onek muga bat besterik ez du: Lehenago aipatu degun katolikoen arteko ezkontza ‘ratum et consummatum’ izatea". Alegia, senar-emazte horiek elkarren artean sexu harremanak izanda baziren, jai zutela "Rota"n (teorian, bai; errealitatean, baliteke beren kontraesantxoak izatea "Rota"koek ere: bat-batean burura datozkit eskandaluz eskandalu ibili ondoren beren ezkontzaren baliogabetzea lortu zuten batzuk… Hori bai, itzal handiko jendea zen: nola ausartu, bada, inor, haien hitza zalantzan jartzera?).
Nolanahi ere, Goenaga ez zen "Erromako jurisprudentzia" horretaz gehiegi fio, eta beste bide batzuk aurreikustera ekiten zion jarraian. Adibidez, hauxe: "Ezkontzako egunean baiezkoa emanagatik, elkarrenganako maitasuna eta berotasuna ugaltuz joan diteke, eta behar du. Oztu ere, oztu diteke. Alkarrekin ezin bizi izateraiño. Baiezkoaren esanai metafisikoak iraungo du, baiña elkarrenganako baiezkoa aspaldian illik dago. Egoera onetan Elizak esan al dezake, ezkonduta jarraitzen dutela?".
Geroxeago, berriz, beste galdera hau egiten zuen: "Diborzioa, gauza okerra ala zuzena da?". Apika erantzunik ez zuela jasoko-eta, honako ihardespena ematen zion aurrekoari: "Berriz ere emen, bi buru-joskera agertzen zaizkigu. Bata, zuri eta beltza bakarrik ikusten duan buru-joskera. Zuria ez bada (ona ez bada), beltza da (txarra da); bestea, berriz, gauzak xinpleak ez dirala konturatzen dana. (…) Alderdi txarrak bezain alderdi onik ba al du diborzioak? Zailla jakitea. Epaiketa sujetiboaren menpean dagoanez, ojetiboki erabakitzeko gauza larria benetan. Ona emen politikoentzako gai ederra. Komeni al da legez diborzioa onarraztea? Noiz arte ezezkoan?". Hori da zeharka gauzak aditzera ematea!
"ZENBAT GARA": ALDIZKARIA-REN BERRIKUNTZA
Hamaika gauza interesgarri gehiago esaten zituen Juan Jose Goenagak, baina ezin denak hemen jaso. Hobe Z. ARGIAk zekarren berrikuntza bat azaltzea. "Zenbat gara" zeritzan sail estreinatu berriak, "txokokeriak utzi eta Euskal Herria osoan barna" berriak biltzeari ekingo zionak, momentuz izenpetu gabea, baina gerora Amatiñok eramango zuena. Argi zeukaten "guztion laguntzarik gabe ez garela gai horren zabal iharduteko", ze "Gipuzkoako eta Bizkaiko berriak ez ezik, Nafarroa handi, Araba isil, eta mugaz handiko Lapurdi, Baxenafarre nahiz Zuberoako berriak ere nahi genituzke aipatu", eta bistan da, dei egiten zieten balizko irakurleei "Zenbat gara"n parte hartzera