Kontxako estropadak iraileko lehen bi igandeetan jokatzen dira. Arraunzaleen festa egun nagusia bigarrena izaten da nolanahi ere. Jendea goizeko lehen orduetatik ibiltzen da Donostiako Alde Zaharreko kaleetan; probintziatik eta Bizkaitik joaten dira gehienak, eta oro har, Euskal Herriko txoko guztietatik, baita Kantabria, Asturias eta Galiziatik joan ere. Tabernak 10:00ak aldera irekitzen dituzte eta nork bere arraun taldearen elastikoa jantzirik, goizeko lehen orduetatik hasten da txikiteoa. 11:00ak aldera, ogitarteko eta ardo zahatoarekin Urgulera, Igeldora edo portura joaten dira ikusleak estropada jarraitzera. Estropada behar bezala jarraitzeko, ardo zahatoa, irratia, ogitartekoa eta prismatikoak eramaten dituzte beteranoek. Badira, hala ere, tabernako telebistan ikustea nahiago dutenak. Eguraldi ederretako igandeetan, jendez gainezka daude kale guztiak, gazte eta ez hain gazte, neska, mutil eta jarraitzaile guztiak nahasturik ibiltzen dira elkarri zirikatzen.
Estropada amaitzean, traineruak portura iristen dira, giro oso polita izaten da. Mementu alaienak bandera irabazi duen taldeak bizi ditu batez ere. Kolorez gainezka (gorria, horia, larroxa, zuria...), arraunlari guztiak eta haren jarraitzaile piloa elkartzen da portuan, ikuskizuna zoragarria izaten da. Pintxoa eta txakolinaren mementuk datoz gero.
Aitorrek -«Aralar» tabernako nagusia- honela azaldu digu giroa: «Egun horretan txakolina da gehien kontsumitzen den edaria, arratsaldeko bostak arte etengabe ari gara txakolinak zerbitzatzen. Ordu hortatik aurrera alkoholaren efektuak nabariak izaten dira». Arraunzale gazteagoek ordea ez dute txakolinik edaten, sagardoa, garagardoa eta kalimotxoa baizik. Pintxoaren ordez, ogitartekoa jaten dute askotan eta alkoholaren efektua ere nabariagoa izaten da gazteengan. Traineru ezberdinen jarraitzaileek elkar zirikatzen dute, baina beti ere, adiskidetasuna izaten da nagusi. Arratsalde partean, batzuek, muturrak berotuak jadanik, beren trainerua eta kolorea animatzen segitzen dute oraindik. Igandea izanik, jendea ez da berandu arte gelditzen, hurrengo egunean, ajearekin, baina beharrera joan behar baita.
Apustak gora eta behera, dirua barra-barra
. XIX. mendeko marinel eta arrantzaleentzat funtsezkoa zen ontzietan azkar ibiltzea. Portura lehenengo iristen zen traineruak, prezio onenak lortzen zituen. 1920ko hamarkadatik aurrera, baporeek traineruen lekua hartu zuten arrantza munduan, eta denboraren poderioz, lana kirola bihurtu zen. Kirol honen hazia ordea, euskaldunek norgehiagokarako duten afizioak erein zuen. Euskaldunek badute postura egiteko ohitura handia, herriko jaiak direla-eta, pilota partidaren nahiz edozein norgehiagokaren aitzakian. Badira baserririk gabe geldituak eta emaztea eskaini izan dutenak. Kontxako estropadetan trabes egiten dutenak ere ez dira gutxi, baina ehunka pezetako apustak baino ez dira egiten bertan.
Datu historikoen arabera, 1871 urtean, Hondarribia eta Pasaiak elkarren arteko desasafioa jokatu zuten. Hondarribiatik Donostiaraino pasaitar eta hondarribitarrak nor lasterragoan aritu ziren, pasaitarrak nagusituz. 1879an Donostiako Udalak bi traineru horiek deitu zituen herritarren artean ikusmin izugarria sortu zuen estropada hura jokatzeko. Horrela, Kontxako lehen bandera jokatu zen. Apustek eragin zuzena izan zuten lehiaketa mantentzeko.
Gaur egun, oraindik ere, jendea postura egiteko tokietara hurbiltzen da Kontxako estropaden egunean. Mota guztietako apustlariak dira, jarraitzaile sutsuak nahiz dibertitze aldera diru pixka bat jokatzen dutenak. Kontxako banderarako sailkapena abuztuaren azken ostegunean jokatzen da aurten (arratsaldeko 18:30an) eta hura amaitu ostean hasiko dira apustak. Apustak, berez, Donostiako Turismo eta Ikuskizun Zentruak antolatzen ditu eta Begoña Saralegi da 1997tik koordinatzailea. Bi motako apustak egin daitezke, Begoñaren esanetan: «Alde batetik ‘bizki bikoitza’ bezala ezagutzen diren apustak daude. Lehenengo eta bigarren txandako irabazlea eta hurrengoa igarri behar dira. Beste apusta, ‘iriste ordenarena’ da. Honetan egun berean jokatzen den estropadaren klasifikazioa asmatu behar du apustlariak. Gehienek bigarren aukera hau egiten dute, zailagoa izan arren diru gehiago irabaz dezaketelako».
Jendea lehen estropada egunaren bezperan hasten da hurbiltzen Turismo eta Ikuskizun Zentruko bulegoetara postura egitera. Igandetik aurrera, berriz, estropadak gertutik jarraitzeko itsasertzean jarrritako etxoletan postura egiten dute: «Estropada guztietara doazen ohiko apustlariak daude, baita bertatik pasa eta zortearekin jolastea erabakitzen dutenak ere, aditu nahiz ez hain adituak, gazteak asko, nagusiak ez hainbeste eta koadrila ugarik hartzen du parte apust hauetan. Giro izugarria izaten da eta jendeak urduritasunez jarraitzen du traineru bakoitza nola doan jakin aldera. Finean, jolasten den diru kopurua oso aldakorra izaten da, eguraldi eta traineruen arabera aldatzen da», diosku Begoñak.
Joan den urteko lehenengo igandeko estropadan 127.000 pezeta (5 mila libera) irabazi zituen gizonaz gogoratu da Begoña, bera izan baitzen «iriste ordena» asmatu zuen bakarra. Poltsikoak bero-bero joan zen etxera. Aurten, berriz, bada datu erakargarri bat: iazko bigarren igandean ez zuen inork asmatu eta bildutako dirua, 144.000 pezeta, aurtengo estropadetarako geratu zen.
Tabernetako apustuak.
Iraileko lehen bi estropada irrika biziz itxaroten dute arraunzaleek. Aipatutako Aralar taberna da arraunzaleen eta apustlarien txoko kuttunenetariko bat; bere pintxo goxoengatik eta bertan jokatzen diren apustengatik ere. Galiziarrak eta kantabriarrak ere sona handiko taberna denez, bertatik pasatzen dira bere traineruaren alde dirua jokatzeko. Aralar taberna izan aurretik, «Pako» izenez izan zen ezaguna. Orain dela 56 urte Beteluko Berganzos familia jabetu zen tabernaz, nafar hauek apustuzale amorratuak izaki. Mota guztietako apustak egiten ziren Pako tabernan: pilota, arrauna eta herri kirol guztietakoak. Duela hamar urtetik Aitor Ormazabal da Aralar tabernako jabea. Aitor arraunzalea da eta bertara iristean, trabes kopuru handiak kikildu omen zuen. Haatik, Kontxako estropadetako posturak mantentzea erabaki zuen: «Ohitura polita da, nahiz guk ez dugun irabazirik. Guk diru trukaketa egiten dugu soilik. Apustak merezi du, oso giro polita sortzen baita. Ohitura hau mantentzea gustatuko litzaidake».
Apustzale gehienak arraunzaleak dira eta toki guztietatik etortzen dira. Baina badago gutxiengo bat, apustlari profesionalenak, lehiaketa mota guztietan trabes egiten dutenak: frontoietan, aizkol nahiz sega saio jokoetan. Aitorren hitzetan gehiengoak gizon helduak izaten dira eta euskaldunak:«Gure tabernan dirua soilik onartzen dugu, baserriak eta horrelakoak ez ditugu onartzen» dio Aitorrek. Zenbat diru, ordea? Diru dezente mugitzen dela baieztatu digu Aitorrek, baina diru gehien jokatzen dutenak lagun taldeak izaten direla. Badira ere urtetik urtera galdu eta galtzen ez dakiten apustlariak, pasadizo mingarriak izaten dira urtero hartaz: «Apustak egiteko era ezberdinak daude eta apust oso konplexuak ere badira. Horregatik, interpretatzeko moduak daude eta galtzaile batzuk bira eman nahi izaten diote eginiko apustari».
Hain ziur, hainbat apustlari izango dela hil honen azken ostiralean Aralar tabernan goizeko hamarretatik aurrerra. Apustak arbelean idatziko dira eta jendeak ikusten duenaren arabera egingo du trabes:«Egun hauetan gauza bitxi bat gertatzen da: bezero guztiak bizkarrez egoten dira, barrara begira egon ordez» esan digu barrez Aitorrek.
oriok HOGEITA hamar bandera irabazi ditu jada.
Donostiako Estropaden historiak bat egiten dute Orio Arraun Elkartearekin. Hogeita hamar bandera irabazi dituzte oriotarrek dagoeneko. Hamarkada guztietan bandera bat irabazi dute gutxienez. Mende bat bete da lehenbiziko bandera eskuratu zutela eta berebiziko giroa dago Orio herrian.
Oriok arraunlari, patroi eta entrenatzaile handiak eman ditu. Lizarraldetarrak nabarmendu dira horien artean: «altxerritarrak». Orioko egungo entrenatzailea Miguel Anjel Lizarralde da, duela hogeita hamar urteko arraunlari eta patroi ospetsuaren semea. Beste «altxerri» ere bada, haren anaia eta egungo «altxerri» gaztearen osaba: Jose Ramon Lizarralde, «Altxerri» ere deitua: «Orduan ere orain beste jende biltzen zen Donostiako estropadetan. Neroni 10 urterekin joan nintzen Donostiara lehenbiziko aldiz eta 22 urterekin irabazi nuen lehen bandera. Nork bere burua Kontxako badian ikustea izugarria da, eta gaur egun oraindik ere Orioko mutil koskorrek halaxe bizi dute» adierazi digu Jose Ramonek.
Hamaika aldiz jokatu zuen Jose Ramonek Kontxako Bandera. Traineruaren barruan ibilitakoak baino ez omen ditu kontuan hartzen, ordea. Entrenatzaile bezala bat irabazi zuen eta arraunlari gisa lau. Beste hirutan txapeldunorde geratu zen. Oriotarrek horiek galdutzat jotzen dituztela dio altxerritar honek: «Orion irabaztea aurrena ateratzea da, bigarrena eginez gero galdutzat jotzen da. Zer egin duzue, galdu edo irabazi?». Txapeldunen mentalizazioa dago. Arrauna kirola baino zerbait gehiago da. Ez da futbola, esaterako. Orion kirola parte hartzeko da, baina arrauna irabazteko. Arraunean galduz gero biharamuna ez da berdina Orion. Eta areago Kontxako Bandera galduz gero, zaletuak bere baitan darama galdu izanaren samina.
Jendeak ulertzen ote du arraunari buruz, ordea? Antonio Camposen aburuz, jendeak ideiarik ez du oro har, arraunaz ulertzen duen inor gutxi dago; arraunean ibilitakoek baino ez dute ulertzen. Hauek arraunlariak eta trainerua ondo doazen beherehala antzematen dute, gainontzekoek ezer gutxi. Jose Ramon Lizarralderen ustez, kritikak ere erraz egiten dira. Gauzak ez badoaz uste eta nahi bezala, batzuek ezin dute onartu traineruaren ibilera: «Jendeak uste du beti puntan ibiltzea dagoela. Zarauzko estropada pasa ondoren hasi behar zaio Donostiako banderari begiratzen. Jendeak hasieratik estropadak irabazi nahi ditu, eta ezin da hasieratik topean hasi. Jendea horregatik berehala hasten da kritikatzen, ez du ikusten kirol puntua lortzeko eraman behar den eboluzioa, ez du onartu nahi. Azalduta ere, datorren urtean berdin ibiliko da kritikatzen».
ESAMESeRAKO AITZAKIA.
Lehia dagoen lekuan postura egiten da eskuarki. Jose Ramon eta Antonioren esanera, 5.000 pezeta jokatuagatik ez da ezer aldatzen. Arraun munduan ere jokoa ez da errenta, esameserako aitzakia baizik: «Ordea, diru asko jokatzen duenak segurutik nahi du egin eta irabazten ez badu, hurrengo egunean esamesak zabaltzen hasten dira: ez dakiela non nor ikusi duela gauean tratua egiten, norbaitek arraunlari bat erosi duela, arraunlari batek tongo egin duela». Jendeak jokatzen badu diru asko duelako da, eta, irabazi edo galdu, isilean pasatzen da.
Igandeari begira daude oriotarrak, edo ijituak ere deituak. Arraun munduan baina, «Agiluchos» deituak dira oriotarrak. Kontxako Bandera irabaziz gero lehertze moduko bat izango da Orion, festa izugarria 1901-2001 mendeurrena dela-eta. Ez dira fidatzen ordea. Lehenik sailkatu behar da, eta bi txandatan aritu gero. Txandatan egun batetik bestera aldaketa handiak izaten dira, eta itsasoa edo haizea dela medio denbora dezente kentzen ahal dio traineru batek besteari. Bigarren txanda irabazita ere, badago banderarik gabe geratzea Jose Ramonek gogoratu bezala: «Balizek asko esateko dute, barnetik edo kanpotik joatea ezberdina da, baina eragin gehiago dute txandek. Faboritoak txanda ezberdinetan aritzen dira lehen egunean, eta aldeek erabakitzen dute ohorezko txandan. Bigarrenean irabazi bai, baina bandera galdu. Nik bi bandera galdu nituen halaxe». Horrelakoetan jarraitzaileen artean bihotzak agintzen du eta buruak ez ditu ikusten txalupa barnean bizitakoak.
AMILIBIA ONTZIGILEA.
Ez da harritzekoa arraunontzi enpresa egile esanguratsuena oriotarra izatea. Juan Luis Amilibia dugu nagusia. Orio Arraun Elkartearen sortzaileetako bat. Luis Mari Amilia lehengusuak berarekin dihardu ontzigintzan. Orain gutxi arte egurrezko traineru ederrak erabiltzen ziren arraunean -Oriko Ikazetak eginak-, garaiko aurrerapenek ordea, karbono eta poliester gaiak ekarri zituzten ontzingintzara ere. Amilibiatarrak izan dira zuntzezko ontziak egiten aitzindariak, Kontxako Banderan lehiatuko diren txalupa gehienak beraiek eginak dira, Pasaiako San Pedrorena salbu, Juan Carlos Fontan patroi historikoa arotza izaki, berauek beretzako propio egiten hasiak dira. Galizian, bestalde, Cuesta enpresa ari da. Traineru batek 3 milioi pezeta (120.000 libera) inguru balio du. 200 kilo pisatu behar du ezinbestean, eta 12 metroko eslora eta 190 zentimetroko zabalera behar ditu gehienez: «Ontziak egiteko moldea Arraun Federazioaren eta Kluben akordioz egina da. Neurri hauek barrukoak dira, baina barrutikoak izan ordez kanpokoak beharko lukete izan. Modu horretara, mutil handiagoak ere sartu litezke eta txalupak askoz azkarrago ibiliko lirateke», dio Luis Maria Amilibiak. Altxerrik ordea, oso zaila ikusten du neurriz aldatzea: «Azkarrago joatekotan bai, baina 15 metroko lau traineru lau balizetan arraunketan egiteko eremu zabalagoa behar duzu. Ziaboga egiteko zabalera handiagoa beharko lukete. Baliza batetik bestera 50 metro daude orain, eta neurriz aldatuz gero 60 metro beharko lirateke. Toki askotan arrauna egiteko eremuarekin arazoak dituzte orain, beraz, ezinezkoa litzateke».
Ikusmoldeak ikusmolde, Pasaiako nahiz Castroko traineruak dituzte gogoan oriotar hauek. Koxtapeko «Erreka» eta Castroko «La Marinera». Untzi hauek dira oriotarren «Txiki» traineruaren aurkari gogorrenak aurten.
PASAIAKO LEHIA HISTORIKOA.
Miguel Tardagila Kontxako estropaden koordinazio lanetan dabil aspalditik eta Epai Eskolako presidentea izan zen 1995era arte. Bere ustez, estropadak kirol lehia bilakatu zirelako ez ziren desagertu. Portu ezberdinen arteko lehia horrek mantendu ditu estropadak bizirik, Galiziatik Euskal Herrira zabaltzen den kirola eta afizioa. Zorionez, norgehiagoka honek mantendu du kirola, bestela estropadak aspaldian desagertuta egongo ziren. Miguelen ustez, historikoki, Galizia, Asturias, Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioen arteko norgehiagokak izan dira, eta lurralde federazio bakoitzeko taldeen arteko saminak sortu ere. Gipuzkoan adibidez izugarrizko haserraldiak daude oraindik.
Pasaiakoa da betidanik lehia ezagunena. Pasaian arraunlari ugari eta onak sortu dira eta haien arteko lehiak ere ugariak eta ahaztezinak dira. Uda partean ez da beste hizketagairik izaten Pasaian eta bere inguruan. Urduritasuna usaindu daiteke Pasaiako bokalean. Miguelek honela ikusten du arazoa: «Hurbiltasun geografikoak badu lehia honetan zerikusirik, bakoitzak bere herria eta haren interesak defendatu nahi dituelako. Finean, Kontxako bandera irabazten duenak, pareko herrikoak garaitu dituela erakusten du; harrotasun sentimendu bat ere bada neurri handi batean".
Garai batean, indarrak elkartu zituzten eta traineru bakarrarekin joan ziren Kontxako estropadara, baita bandera irabazi ere. San Pedroko sei arraunlari ziren eta zazpi San Juanekoak. Patroia San Pedroko Aita Manuel zen. Beraien arteko haserraldi eta bekaizkeriarengatik batasunak urte bakarra iraun zuen; hurrengo lehiaketarako banatu ziren berriro ere. Miguelen ustez «elkarrekin jarraitu izan balute, Orio gainditu ahalko lukete».
Orain ere San Juan herrian bi traineru daude, Donibaneko Arraunlariak eta Koxtape. Zergatik baina, horrelako herri txiki batean bi talde eta bi traineru? Beraien artean -entrenatzaile eta arraunlarien artean- ados jartzen ez zirenez banatu egin zirelako. Izugarrizko haserreak izan ziren, herria bitan banatu zen eta familiak ere hautsi ziren. Ez da, hala ere, gertatzen den lehenengo aldia. 50eko hamarkadan ere San Juanen bi traineru izan baitziren. Orduan ere haserraldi mota berberagatik: «Banaketa hau ez da interes ekonomikoengatik izan, beste arrazoi batzu izan dira, azken finean San Juan herri txiki bat da eta donibandarrek badute bere izaera propioa ere;herria eta herritarrak ezagutu beharra dago ulertzeko. Gero elkartu egin ziren berriro ere eta ez dut esperantza galtzen; ziur naiz Koxtape eta Donibaneko Arrraunlariak berriz ere elkartuko direla".
Miguelek esan digunez «arrauna ere kirol komertziala bilakatu da eta honek, gauzak asko aldatu ditu. Hasieran bi herri ziren. Egun, ordea, bi marka komertzial daude. Jende asko mugitzen da eta dirua ere barra-barra mugitzen da. Kirol honen atzean ere interes ekonomiko ugari eta indartsu dago. Hau ere beste kirol bat da finean. Garai batean gertatu zen bezala, Pasaia San Pedro, Koxtape eta Donibaneko Arraunlariak noizbait elkartuko ote dira? Ezin jakin. Miguelek ez du ezetz borobilik esaten, ezta baiezkorik ere ez».
CASTRO faborito artean.
Castroko Agustin Anglada presidenteak honela esan digu:«Gure taldea urtea oso ona egiten ari da, herria zinez ilusionaturik dago, zaletuak oso baikor dira, arraun proba guztietara joaten dira. Gainera ligako lehen lekuan gaude». Oriotarrek kastrotarrak lehen aurkari bezala jotzen dituztela jakinarazi diogu Angladari:«Kontxako Bandera Orio eta Castroren arteko lehia soila bezala saldu nahi du prentsak. Baina bada irabazle posible gehiago ere. Agian, batzuei interesatzen zaie horrela agertzea, traineru hoberenak izan garelako denboraldian. Ezin dugu tranpa horretan erori. Pasaiako traineruak eta galiziarrak ere hor daude, oso indartsuak». Kasu, hala ere! Castro Espainiako Txapelketa irabaztetik dator. 8.000 pertsona atera zen herriko plazara arraunlariak zoriontzera :«Kontxako Bandera Olinpiar Jokoak dira Castrorentzat, ez dugu inoiz irabazi. Duela bi urte izan ginen, baina iaz kanpoan geratu ginen. Sailkatzea jada lorpen bat da. Errespetu handia diogu horregatik», esan digu Angladak.
BIZKAITARRAK BAZTERtuak.
Gipuzkoako traineru guztiek plaza libre dute Kontxan. Bizkaitik lau datoz, eta Santander, Asturias eta Galiziatik bina. Horrela dago arautua. Guztira hogeitabost traineru inguru lehiatuko dira. Patxi Bilbao Bermeoko Urdaibai taldearen entrenatzailea da. Sailkatzeko arauez aritu gara: «Bizkaitik lau joatea normala da, agian larregi da Gipuzkoatik denak joatea. Kontxako Bandera izanda ere, gipuzkoarren kopurua ere murriztu beharko litzateke. Traineru gehiegi egoten da, txanda asko, haizea eta itsasoaren gorabeherak handiak dira, baita ustekabeak ere. Kanpoan geratzeko arrisku handia dago».
Donostiara moral handiz etorriko dira edonola ere:«Bermeo herri arrantzalea izanagatik ez du tradiziorik arraun munduan. Ez da beste herrien mailan izan sekula, aurten sekulako denboraldia egiten ari gara eta jendea pozik dago. Arrantzale mundua berpiztu da zelanbait».
Urdaibaiko «Bou Bizkiaia» trainerua orain urte bi aritu zen Kontxako Banderan, hirugarren postua egin zuen. Aurtengoan postu bera errepikatzea garaipen itzela litzateke bermeotarrentzat.
Pablo Fernandez Lekeitioko Isuntza taldearen entrenatzailea da:«Guretzat ere urteko helburu garrantzizkoena da Donostian egotea. Orain bi urte egon ginen azken aldiz. Joan den urtean sailkapen saiora joan arren, kanpoan gelditu ginen».
Bilbo Hiria estropada amaitu berrian, Isuntza aurten ez dela Donostian egongo jakin dugu. Lau segundurengatik ez dira Kontxako banderaren sailkapen proban lehiatuko. Urdaibai, Ondarroa, Santurtzi eta Elantxobe-Arkote dira Bizkaiko ordezkariak: «Giputxiak pixka bat berezituak dira Kontxako banderarako, eta bizkaitarrak apurtxo bat marginatuak gaude. Gipuzkoako traineru guztiak doaz, eta Bizkaiko lau bakarrik. Iaz egon ginen eta lehia itzela izan zen klasifikatzeko», esan digu Pablok.
Lekeitiarrentzat kolpe latza izan da Kontxarako sailkapenetik kanpo geratzea. Haatik, adorea atxikiko dutela esan digu Pablok:«Azken urteotan gauzak asko aldatu dira arraunean, fitxaketak eta guzti egiten dira hainbat klubetan. Gu ondo gabiltza, baina Kontxan aritzeko puntakoa izan behar duzu»