PILOTAREN TXOKO ETA KATEDRALAK


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal Herrian arkitektonikoki beste nazio batzuetatik bereizten gaituen eraikinik badugu, horixe dugu pilotalekua. Herrixkarik txikienak ere pilotan aritzeko horma altuago ala baxuago bat edo espazio zabalago ala estuago bat aurkezten dio zaletu edota bisitariari. Horregatik, eta pilota gure kirol nazionala izanagatik, harritzekoa da gure kirol-zelaiei buruz dagoen informazio eskasa; antzinako eta gaurko pilotari eta partidei buruzkoa zabalagoa da, noski, baina ez dirudi protagonistak abadeak eta mezak direlako elizek garrantzi gehiago izan beharko ez luketenik.

Beste alde batetik, azkeneko hamarkadetan gure herri zein hirietako frontoi zaharren alboan frontoi berri erraldoiak sortu dira, harria baztertuz material industrialez eraikiak, eguzki-izpiak saihestuz metalezko maskor batez estaliak, eta, ohiko estetikari jaramonik egin gabe, barrutik telebista helmuga eta kanpotik kolore biziz margotuak. Pilotaleku baino polikiroldegi gehiago, espazio berri hauen ondorioz betiko frontoiak haurren jolasetarako edo behin-behineko aparkalekutarako (Lapurdiko Sarako errebote-frontoi zoragarria honen adibiderik negargarriena izan liteke) baztertuta geratu dira. Hiritar bizimoduak eta usadioek ez dute barkatzen, eta orain arte Euskal Herriko topikoak «herri bakoitzeko frontoi bat» (gutxienez, eta zein baino zein ederragoa) bazioen, belaunaldi batzuetan hainbat mendetako historia bizi izan duten harriak modernitatearen biktima bihur daitezke.


Mendietako pilota-soroetatik frontoi industrialetaraino.

Euskal Pilota, Javier Ugarte adituaren esanetan, «lusus pilae cum palma» latindarraren eta «jeu de paume» frantziarraren eboluzioaren emaitza kontsideratzen da, baina hori baino lehen antzinako euskal artzainek (beste herri askok bezala, zerbait biribila hartu eta botatzea gauzarik naturalena baita) jadanik pilota baten antzeko zerbaitekin boleaz aritzen ziren, mendi edo zelaietan (zoruak, boleaz zenez, ez zuen garrantzirik) eta bata bestearen aurka.
Gauzak horrela, pilotari buruzko lehen agiria 585. urtekoa dugu, Leovigildo errege bisigodoaren garaian euskal presoen arteko partida bat izan omen zelako, baina erabilitako pilotalekuaz ez zaigu ezer iritsi. Beste zortzi bat mende itxaron beharko ditugu honetaz zerbait jakiteko. Izan ere, euskaldunak eta pilota nahasten diren bigarren erreferentzia idatzia 1331n helduko zaigu, Joana II Nafarroakoaren garaian alegia, bere aita Luis «Hutin»en pilotarekiko zaletasuna «ludus pilae» («pilotaren jokoa») izeneko kronikan jasoa geratzen denean. Honen arabera, erregeak eskuz, beste baten aurka eta Iruñeko dominikotarren klaustroan jokatzen zuen. Kontuan izan behar da Erromatar Inperioaren galeraren ostean, Erdi Aroan zehar, pilota eta kulturaren inguruko beste hainbat arlo monasterioetara mugatu zela, bertako monjeek iraunarazi zituztelarik.
Behe Erdi Aroan, berriz, pilota Europa osoan zehar zabaldu zen, Gaztela, Nafarroa (XIV. mende amaieran Erriberriko Gazteluak pilotaleku bat gordetzen zuen), Ingalaterra eta Frantziako gorteetan denbora-pasa nagusia bihurtu zelarik; batzuetan gazteluko lubakian edo harresien aurka jokatzen zen, baina askotan gaztelu barruan espazio bereziak sortzen ziren, oraingo trinketen aitzindari izan ziren «tripotak» alegia.
Hauen bien arteko ezberdintasun nagusia izena izan liteke, pilotaren munduan hauxe dugulako gutxien eboluzionatu duen jolastokia. Gaur egun ere pilotari arrotzak egiten zaizkion »baina jokoaren zati garrantzitsua bihurtu diren- elementuak gordetzen dira, hala nola, txiloa (burdinsareko leihatila) edota danborra (frontisa eta eskuineko paretaren arteko angelu ez-zuzena). Ziur aski gazteluren bateko lubaki edo patioak izango zituen eta hasierako tripot horretako zailtasunak jokoaren arau bihurtuko ziren, gaur egun arte iraunez. Bestalde, trinketen ezaugarri nagusi den ezkerraldeko teilatutxoaren justifikazioa (hau ere jokoaren ezinbesteko zati) zaldun jokalarien mugimenduak ikusgai zituzten gorteko damen segurtasuna izango zela uste da.
Eboluziorik handiena ezagutu duen jolas mota kanpoaldean jokatutakoa izan da, inolako eraikinik behar ez zuenez (herri orotan aurki zitekeen eta koadratzen zen zoru lau samar bat eta sakea egiteko harlauza bat besterik ez) herritarren artean arrakastatsuena zen-eta. Denborak aurrera egin ahala zelaiaren mutur batean erreboteko horma bat altxatzen hasi ziren, justifikazioa xisteraren erabileran aurkitzen zuena (lehenago eskularru batekin jokatzen zen); izan ere, xisterak hormaren aurka errebotatzen zuen pilota hartzea ahalbidetzen zuen.
Eskularru garesti eta astun horrekin aritzerik ez zuten haur eta gaztetxoak, bitartean, esku hutsez (geroago xisteraz) eta pilota txikiago eta biziagoekin jokatzen hasi ziren, aurkitzen zuten lehenbiziko horma lauaren aurka. Horma hauek eraikin garrantzitsuenetakoak izan ohi ziren, eliza eta udaletxekoak askotan, eta euria egiten zuenean jolastoki bihurtzen zirenak arkupeak eta kontzejupeak izaten ziren. Garai honetan pilotak kautxuz eginez gero biziagoak eta botekoak (ordura arte beti boleaz jokatzen zen, pilotak ez zuelako boterik egiten) bihurtzen zirela konturatzen hasi ziren, eta jokoarentzako zoru egokia prestatzen hasteaz gain erreboteko pareten neurriak handitu behar izan ziren. «Ble»aren edo hormaren aurkako pilotaren iraultza izan zen, batez ere Ipar Euskal Herrian.
Euskal Herri penintsularrean gehiago jokatzen zen elizako arkupeetan, eta ohituraren poderioz ezkerreko pareta bat erabiltzeak jokoari ekartzen zizkion aukera guztietaz ohartzen hasi ziren, batez ere II. Karlistadaren ostean eraikitzen hasitako ezker paretako (eta erreboteko, palaren eta xisteraren kasuan) frontoien sorkuntzan emaitza izango zutenak.

Iritsi zaizkigun pilotaleku ezberdinak.

Gaur egun Euskal Herri osoan zehar -beste leku askotan bezala- mota guztietako frontoiak aurki ditzakegu, beraien kopurua ezezaguna izateraino bezain ugariak. Mendietan, zelaietan, baserrietan, herrietan, hirietan… bakoitzak egitura eta itxura ezberdina erakusten du, baina, salbuespen gutxi batzuekin, denak inguruko osotasunean ezin hobeto integratuak agertzen zaizkigu.
Soropila pilotaleku-motarik sinpleena dugu. Gaur egun ia bakarrik Zuberoako zenbait mendi edo lautadetan aurki genitzake baina antzina artzainen arteko desafioek jende ugari erakartzen omen zuten, janari eta guzti astoen gainean hurbiltzen zirelarik, eta pasioak askotan gainezka egiten zuen, ikusleen artean ukabilkada edo makilakadaka amaitzeraino. Zelaian bertan, urrunetik ez dugu pilotalekurik nabarmenduko, baina hurbilduz gero aitzurraz eginiko eskasak ikusiko ditugu, 15-17 metro arteko marra paralelotan; marra perpendikular batek espazio hau bi erditan zatitzen du eta sakea egiteko harlauza bat dugu, besterik ez.
Basa-frontoiak aurrekoari lauzpabost metro altueran eta bospasei metro zabaleran izan dezakeen tailatutako harrizko horma bat gehitzen dio, eta baita hormaren ondoan sakea burutzeko harlauza ilara batzuk, hortik atzerako guztia zelai laua dugulako. Frontoi sinple honetan eskuz jokatu ohi da, egin zenean horretarako pentsatua zelako eta bere baliabideek ez dutelako gehiagorako ematen, beraz ez da oso sakona izaten. Hori bai, atzealdean eraikinik edo oztoporik ez badago erreboterako ere balio dezake. Euskal Herriko auzo askotan aurki daitezke, batzuetan alboetan ikusleak esertzeko hormatxoekin ala gerizpea eskaintzen duen zuhaitz handi batekin.
Eboluzio honetan hirugarren urratsa herriko pilotalekua genuke. Honetan, aurrekoaren hormatxoa alde bakoitzetik 10-12 metro erakusten duen frontisa bihurtu zaigu, eta lurreko harlauzak ere zabalagoak eta zainduagoak aurkezten zaizkigu, horrela sakearen nondik norakoak jokalariek eurek erabaki ditzaketelarik. Frontisean ona markatzen duten bi marra bertikal margotzen dira eta zelaiaren bi alboetan ikusleentzako harmailak ikus ditzakegu. Gaur egun Ipar Euskal Herriko herri gehienetan ikusten ditugun plazako pilotalekuak estilo honetakoak dira, eta bertan hainbat modalitatetan ari daiteke, hala nola esku hutsez, palaz, xisteraz… Horretarako, 60 metrotik aurrerako sakonera izatea komeni da.
Erreboteko frontoia aurrekoa bezalakoa da, baina orain zelaiaren beste muturrean horma karratu eta txikiago bat altxatu dugu, eta bien artean 90-110 metro arteko jolaslekua geratzen zaigu, bi taldek batak besteari (tenisean bezala) xisteraz pilota bota diezaion. Joko hau pilota munduko denen artean ederrena dela diote, eta batez ere Ipar Euskal Herrian da oso sustraitua; Hegoaldean Zubieta, Billabona eta Doneztebeko kasuak ditugu.
Iparraldean aurreko biak baditugu jaun eta jabe, Hegoaldeko inongo herritan falta ez den pilotaleku mota frontoi irekia ala ezkerreko paretako frontoia izenak hartzen dituena dugu, frontis karratu eta altuera berdintsuko ezker horma erakusten dituena. Leku batzuetan hirugarren horma bat ere izan daiteke, errebotekoa, eta denetan zorua jadanik porlanezkoa (gaur egun asfaltozkoa) izan ohi da. Hauetako frontoi asko denborak aurrera egin ahala estaltzen joan dira, eta horietako batzuk pilotaleku industrial edo komertzialak bihurtu dira (Labrit, Beotibar, Astelehena), baina funtsean denek erakusten dituzte ezaugarri berdintsuak: Motzak (32-36 metro) ala luzeak (52-56 metro), bertan modalitate orotara joka daiteke, hots, eskuz, palaz, xisteraz, erremontean…
Azkenik eta bukatzeko, lehenago azaldu ditugun guztiekin zerikusi handirik ez duten trinketak ditugu, desagertzear dauden irekiak (sabairik gabeko etxe karratu bat bezalakoak) edo arruntagoak diren estaliak, batez ere Iparraldean. Beste guztietatik xehetasun askotan desberdintzen dira, eta lehenago ere aipatu dugun bezala, bere elementuetatik askok (txiloa, sareak, teilatutxoa…) ez dute printzipioz erabilpen argirik erakusten baina denek dute garrantzi handia jokoan

Frontoi mota
Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Erdi Aroko gaztelu askotan espazio bereziak sortzen ziren pilotan jokatzeko. Hasierako pareta bakarreko frontoia garatuz joan zen, ezkerreko pareta zuen frontoiak eraiki ziren, baita erreboteko pareta zutenak ere. Euria egiten zuenean sarritan haurrek eliz atarian edo arkupe azpian jolasten zuten. Kirol arrakastatsua bihurtzen joan den heinean eserlekuak gehitu zaizkie pilotalekuei, horiek estali egin dira edo pilotalekua guztiz estali da

Pilota eskolak eta unibertsitatea

Bizkaiko Lea-Artibai betidanik izan da pilotarien »batez ere zestalarien- harrobi garrantzitsua, eta garai batean hainbat ziren Ameriketara maleta eta xistera banarekin joaten ziren herriko semeak. Hauek jokalari guztiak Markinako Udal Pilotalekuan trebatuak ziren, arrazoi honengatik zein geroagoko beste frontoi askoren eredu izateagatik «Pilotaren Unibertsitatea» izena hartuko zuena. Hainbat mendetako zaletasunaren eta inguruan izan zen beste frontoi baten oinordekoa, gaur egun ezagutzen duguna 1798an altxatu zen; 1852an handitua, orduko pilotak txikiago eta biziagoak baitziren, 1883an beste erreforma bat ezagutu zuen, urte horretan Markina «Euskal Lore Joko»en egoitza hautatu zutelako eta xistera bezalako erreminta berriekin txikiegi geratu zelako berriz ere. Azkenik, 1928an lehenbiziko aldiz estali zen, I. Esku Hutsezko Munduko Txapelketa zela-eta, baina gaur egungo estaldura Castor Uriarte arkitekto ospetsuak eraman zuen aurrera 1966an.
Badira, dena den, gure artean bestelako «pilota-ikastolak» ere bai: Atano III txapeldun handi azkoitiarrak bazuen bere herriko plazan «Goiko-Losa» izeneko 1759ko frontoia, baina pilota menderatzen trebetasunik handiena ondoko 1730eko Udaletxepeko arkupeetan lortu zuen. Kontuan izan behar da pilota-jokoa Azkoitiko ikur izan dela betidanik, eta «Kontzejupe» ospetsu honek historian zehar jokalari-multzo handia ezagutu du bere hormen artean lehian, hau da, bertako zirrikitu guztiak menderatu ostean edozein pilotalekutan aritzeko gai izan zitekeen herriko pilotari-harrobi amaiezina; zerbaitegatik jarri zioten «Pilotarien Seaska» izena.

Javier Ortega, arkitektoa
Javier Ortega, arkitektoa
Bere esanetan munduan pilotaleku gehien egin dituen pertsona izan daiteke. Historian zehar frontoiak altxarazi dituzten pertsonak ugariak izan badira ere (asko auzolanez ere bai) arruntena arkitekto batek hiruzpalau proiektatu eta aurrera eramatea da. Javier Ortegaren kasuan bere sinadura dagoeneko 40 bat pilotalekuk daramate.
n Nola egiten da frontoi bat?
Antzinako frontoia tailatutako harriez altxatzen zen, baina gaur egun egitura porlanezkoa da, harrizkoa garestiegia litzatekeelako. Frontisaren kasuan honen gainetik harri-kapa bat jarri behar zaio (homogeneotasun handiko kareharria, edozein harrik ez baitu balio), gutxienez 10 bat zentimetroko sakonera duena, bestela pilotak zuzenean porlanaren aurka joko lukeelako eta honek batetik ez lukeelako indarrez itzuliko eta bestetik porlana bera kaltetuko litzatekeelako. Azkenik, harri-plaka hauen eta porlanaren artean tarte txiki bat utzi behar izaten da, bertan masa likidoago bat isurtzeko, harriaren eta porlanaren arteko kola gisa funtziona dezan. Azkenik, zorua ere oso garrantzitsua da, baina Castor Uriartek zoru perfektua asmatu arte denetarik aurki zitekeen, batez ere oso laua geratzen ez zen harria; Uriartek asfaltozko zorua asmatu zuen eta gaur egun pilotaleku guztietan horixe erabiltzen da.
n Dena den, hori guztia kontutan hartuz ere, gero alde handia dago frontoitik frontoira.
Egia da, ez daude bi frontoi berdin, eta zaharren artean denek daukate nonbait akats txikiren bat, botea hemen edo han egin bote normala egitea eragozten duena; bertan ibiltzen direnek ezagutzen dute hori eta jokatzeko orduan erabili egiten dute, noski. Anoetako pilotalekuak esaterako azpian aparkalekua du; pilotariek badakite hori, eta azpiko habeak bilatzen dituzte pilota bideratzerakoan, habe baten gainean bote egin ala beste nonbaiten bote egin pilotaren mugimendua oso ezberdina izango delako.
n Zer da frontoien eraikuntzan gaur egun modan dagoena?
Une honetan Hegoaldean trinketak bultzatzeko asmotan ari gara, jokoa bera bizitzeko helburuaz; izan ere, niri pareta beraren aurka behin eta berriz jotzeak azkenean aspertu egiten nau. Beste alde batetik pilotaleku-konplexuak ere garatzen ari gara, frontoi luzeak, motzak, trinketak eta abar integratzen dituztenak.
n Eraikuntza-materialak ere azkar eboluzionatzen ari dira, beiraren erabilpena esaterako.
Hemendik aurrera egingo diren trinket guztiak beiraz egingo dira, frontisa ezik, horrela espazio txiki berdinean ikusle gehiagok gozatu ahal izango dutelako ikuskizunaz, baina beira trinketerako material gisa erabiltzea ez da berria, horrelako lehena duela 20tik gora urte eraiki baitzen, Parisen. Beira etorkizuneko materiala da; artekatzeko zaila da baina balei eusten badie pilotari ere ezin hobe eutsiko dio.
n Azkenik, zein da pilotaleku baten kolore naturala?
Orain arte, Hegoaldeko frontoietan behintzat, kolore nagusia zuria izan da, herriko jendeak erabiltzen dituen pilota argiak denborarekin zikindu eta ilundu egiten direlako; orduan, paretekiko kontrastea lortzeko hauek zuriz margotzen ziren. Profesionalek erabiltzen dituzten pilotak berriz, ez dira zikintzen, behin eta berriz aldatzen dituztelako, eta orduan ez dago paretak zertan zuriz margotu behar. Beste alde batetik, mundu honetan telebista indar handiz sartu denetik frontoiak berde ilunez pintatzeari ekin diote, telebistaren estetikari (pilota eta paretaren arteko kontrastearen bila) eta psikologiari (berdea oso kolore lasaia, atsegina delako) egokitu asmoz.


Azkenak
2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


Eguneraketa berriak daude