Zer dela-eta, «Nora noa?»
Gauguin pintore handiak, XIX. mendearen bukaeran, Parisen zeukan bizimodua, emaztea, haurrak... dena utzi, eta Tahitira alde egin zuenean, Ozeaniako irla haietan zegoela «Noa-noa» margotu zuen, adituek diotenez bere koadro baikorretako azkena, hil aurreko margolanak oso bestelakoak izan baitziren. Eta beno, nire ipuinak beti egon dira oso estu lotuta pintura munduarekin, eta hortik dator titulua, antologiako ipuin baten izenburua ere badena. Baina beste esanahi bat ere badu, zeren Gipuzkoa aldean ez dugu esaten "nora noa?", baizik "noa noa?", eta beraz, galdera ere bada.
Azalduko al zeniguke galdera horren zergatia?
Arrazoi asko daude... Hogeita bost bat urte izango dira jada, serioski argitaratzen hasi nintzela, nahiz eta lehenagotik hasi idazten. Horrez gain, aurten berrogeita hamar urte beteko ditut, une batez gelditu, eta aurrera eta atzera begiratzen hasteko zifrak direla esango nuke... Dena dela, "Noa noa?" ez da galdera existentziala edo filosofikoa, galdera literarioa da, liburua bera galdera literarioa den bezala. Nik ez dut erantzuten, erantzuna balizko irakurle horrek dauka.
Eta zer ikusiko du balizko irakurle horrek zure liburuan?
Zer egin dudan orain arte eta noraino ailegatu naizen. Antologia moduko bat egin dut, oso pertsonala, bai nobelagintzan bai ipuingintzan gustuko ditudan gaiak azalduz: deserriratzea, pertsonaiak hala nahita edo nahi gabe, patuak hala aginduta; giza harremanetako gatazkak; sexua paraiso edota infernu bezala ikusita; amodioa, desamodioa; manipulazioak gugan duen eragina; desertua gaur egungo mundu zitalaren sinbolo gisa...