argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2021eko uztailaren 19a
Juan Luis Zabalaren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n idatziak:
«Zintzo edo zuri, esker onez, goraipamenez eta adiskidetasun edo mirespen aldarrikapenez beteak izan ohi dira kulturaren arloko elkarrizketak. Baina batzuetan elkarrizketatua kritiko agertzen da inguruarekin eta bere arloko gainerako sortzaile gehienekin. Gusturago irakurtzen edo entzuten dira, dudarik ez, elkarrizketa horiek, zenbat eta gogor eta gordinagoak adierazpenak orduan eta gusturago.(...)
Ika-mika apasionatu eta oldarkor askoren berri ematen du giza sormen artistikoaren historiak; polemika batzuen historia da, azken batean, kulturaren historia. Egun eta hemen, alabaina, ez dago aberastasun handirik arlo kitzikagarri horretan. Polemika kultural gehienak edo guztiz azaleko kontu pertsonalen ingurukoak dira edo, bestela, polemika politiko bati lapa harkaitzari bezala edo ardagaia pagoari bezala atxikiak.
Sormenari eta sormenaren funtsari buruzko eztabaidarik apenas baden. Sormena librea da, dena da zilegi sormenaren zelai mugagabeetan. Baina aspergarri samarra ere bada denok zelai horietan nor bere kasa ibiltzea ere, eguraldia eta eguraldiaren mapa beste eztabaida gairik gabe».