PEZETA ETA LIBERAREN AZKEN EGUNAK

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Enpresa eta saltokiak euroak ekarriko dituen aldaketekiko prestatuak dauden jakiteko, Adur, Eroski eta Kutxako ordezkariekin izan gara berbetan. Halaber, Eusko Jaurlaritzak abiatutako Euro Kalea ekimena izan dugu hizpide.

Urrun zirudien Europako moneta bakarra, euroa, gauzatzea, baina, dagoeneko, gain-gainean dugu. Datorren urteko martxoan pezeta eta libera desagertu egingo dira, eta gure merkataritza eragiketa guztiak eurotan egin beharko ditugu. Atzean gelditu dira prestaketarako urte haiek guztiak, Europako Banku Zentrala eratzea, trukerako tasak finkatzea eta abar. Enpresak eta erabiltzaileak prestatzen eta ohitzen joateko egin behar izan ziren deialdi eta gomendiotarako urteak igaro dira, eta orain erabiltzen hasteko ordua iritsi da, gure txanpon-zorro eta karteretan erabili beharko dugun euroa ate joka hasia da. Horretarako ondo prestatu direnak aurreratuta ibiliko dira, baina utzikeriaz edo ezinagatik gerorako eta gerorako utzi dutenak zailtasun gehiago izango dituzte.

Zein urrats geratzen zaizkigu egiteko euroa erabiltzen hasi aurretik? Galdera horri erantzuteko prestatu dugu honako erreportajea.


BANKETXEEK TONAKA EURO JASOKO DITUZTE IRAILEAN.

Sei euro 1.000 pezeta edo 40 libera direla erakusten ari zaizkigun bitartean, finantza erakundeak aldaketarako bidea prestatzen ari dira. Horretan ari dira, batetik, euroaren inguruneko banku zentralak eta, bestetik, banku komertzialak. Izan ere, azken horiek, monetaren batasuna iristen den egunean, hainbat arazo larri izan dezakete logistikaren eta segurtasunaren aldetik.

Une honetan, duela urte batzuk hasita, euroguneko 11 zentrotan ari dira euroak egiten. Euroguneko herrialde bakoitzak horrelako zentro bat du, bat ere ez duen Luxenburgok eta bi dituen Alemaniak izan ezik. Guztira euroaren 14.500 milioi billete egingo dituzte: 10.000 nazio bakoitzeko monetak trukatzeko; eta 4.500 stock logistiko gisa edukitzeko. Billete horietatik 1.924 milioi billete egin beharko dira Espainian, eta, gainera, 7.800 milioi txanpon, hau da, eurogune guztiko %12. Billete eta txanpon horiek guztiak egiteak ez dirudi arazo handirik sortzen duenik, baina biltzeak eta garraiatzeak, nonbait, benetako arazo larriak eragiten ditu, hartzen duten bolumenagatik eta pisuagatik -37.600 tona-.
Espainiako Estatuan diru hori guztia Logista-ko biltegietan eduki da pilatuta, eta han sartu dira izendatutako zorrotan. Aurtengo maiatza edo ekaina arte egon dira, segurtasun eta garraio enpresak lehen banaketa egiten hasi arte. Enpresa horiek dira hornidurarako gutxieneko unitateak (HGU) egiteko ardura dutenak. Unitate hori finantza erakundeek erabaki dute, Espainiako Estatuko 40.000 bulego ingurutan egin beharreko euroen banaketarako lehen urratsa errazteko asmoz. HGU bakoitzak 36.750 txanpon ditu, eta 9.512 euroren balioa eta 177 kiloko pisua du.
Aurtengo irailean bertan hasita, garraiorako enpresek finantza erakundeetara eramango dituzte eskatutako HGUak eta "Starter kit" izenez ezagutzen diren zorrotxoak. Zorro txiki horietako bakoitzean 2.000 pezetako balioa duen euro kopurua egongo da, eta partikularrek abenduaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dituzte. Halako 30 milioi banatzeko asmoa dago. Guztira, egingo diren 7.800 milioi txanpon horietatik %43,3 banatuko dira lehen urratsean. Billeteei dagokienez, 1.674 milioi billete egingo dira, eta Espainiako Bankuak dituen biltegietan gordeko dira. Segurtasun eta garraio enpresek txanponen banaketa egin ondoren banatuko dituzte billeteak, datorren abendutik aurrera, 100 billetetako sortetan. Txanponen arazo handiena pisua izango dela dirudi, eta billeteena, berriz, segurtasuna. Esate baterako, Frantziako Estatuak eta beste estatu batzuek armada erabiltzea erabaki dute lan horretarako, eta Espainiako Estatuak, berriz, nahiago izan du enpresa espezializatuen bidez egitea.
Lehen banaketa honen helburua 2002ko urtarrilaren 1ean euroaren zirkulazioari ekiteko nahiko kopuru garrantzitsua esku artean edukitzea da. Horrek bere kostua du, noski. Finantza erakundeek hiru epealdi izango dituzte euro horien balioa banku zentralei ordaintzeko: 2002ko urtarrilaren 2a, 23a eta 30a. Epealdi bakoitzean heren bat ordaindu beharko dute, eta epe horien bitartean banku bakoitzak bere euroak banatuak eta kobratuak izango dituela uste da.


HAMAR SALTOKITIK SEI PRESTATU GABE.

Euskal Herriko hamar saltokitik sei prestatu gabe daude euroaren aurrean, edo, beste modu batean esanda, euskal enpresa txiki eta ertainen arteko %40k adierazi du erabat buruturik duela euroa moneta bakar bihurtzeak eskatzen duen egokipen prozesua. Arabako saltokien %60k, Bizkaiko %66k eta Gipuzkoako %65ek bere enpresak moneta bakarrerako egokitu gabe dituzte oraindik (kobratze kutxak, balantza elektronikoak, informatika eta kontabilitate sistemak). Hori diote behintzat euskal merkataritza ganberek. Nafarroan, berriz, enpresa txiki eta ertainen arteko %47k txanpon eta billete berriak zirkulazioan sartu aurretik prest egotea espero du, hau da, 2002ko urtarrilaren 1a baino lehen; eta %11 besterik ez dira egun horretaraino itxaroteko asmoz dabiltzanak.
Euroa indarrean jartzeko epea iristeko zortzi hilabete besterik geratzen ez zirenean zegoen egoeraren larria ikusita, Eusko Jaurlaritzak, Merkataritza Sailaren bidez, 1.100 milioi pezeta (44 milioi libera) xedatzea erabaki zuen, EAEko merkatariak eta ostalariak beren negozioak beranduegi izan aurretik eurora egokitzen has zitezen.
Zentzu honetan, merkataritzaren egoera nahiko antzekoa da EAEko hiru lurraldeetan. Gipuzkoan merkatarien %65 oraindik ez da egokitu moneta bakarraren premietara; %60k prezioak pezetatan eskaintzen ditu soilik, eta erdien ustetan euroak arazo gehiago ekarriko dizkie onurak baino. Bestalde, %26 bakarrik dira moneta aldaketari buruzko nahiko informazio ez dutela uste dutenak.
Bizkaian, merkatarien %66k ez du bere negozioa eurora egokitzeko neurririk hartu, eta laurden batek ez du epearen amaieraraino ezer egiteko asmorik, eta seihileko honetan hasiko da prestaketaren bat egiten. Halaber, 2002ko urtarrila arte, beste irtenbiderik ez duen arte, ez da hasiko euroekin lanean.
Araban ere antzeko datuak aurkitzen ditugu. Enpresen %53 Europako moneta bakarrera egokitu gabe daude, baina kopuru hori %60ra iristen da merkataritzaren arloan. Establezimendu txikiak dira beranduen dabiltzanak. Horrela, 50etik 250era bitarteko langile kopurua duten enpresen %70ak kalkulatua du zenbaterainoko kostua eragingo dion eurora egokitu beharrak, eta, aldiz, 50 langiletik behera duten enpresetan %50ak soilik egin du urrats hori. Araban ere merkatarien erdiek bakarrik adierazten dituzte salgaien prezioak eurotan eta pezetetan.
Euskal merkatariek euroarekiko duten prestakuntza urriaren beste adierazgarri bat Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak eratutako "Eurologo" kanpainaren emaitza kaskarrean aurkitzen dugu. Merkataritza Sail horrek,1999az geroztik, Euro Behatokia du moneta berria merkataritzan eta ostalaritzan sar dadin erraztu eta bultzatzeko. Horretarako, Merkataritza Sailak "eurologo" izeneko ezaugarri bat eratu zuen, Europako monetari begira nolabaiteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen zituzten merkataritza gune, ostatu eta bidai agentzientzat. Eta arlo guztien artean 561 bakarrik izan dira ezaugarri hori bereganatu dutenak; oso kopuru urria, kontuan izanik merkataritza arloak berak 31.200 establezimendu biltzen dituela EAEn.


BIRIBILTZEA ETA INFORMATIKA EGOKITZEA.

Gipuzkoako Ganberak aurten egindako azterketa baten arabera, euroak enpresetan eragiten dituen arazo larrienetakoak prezioak biribiltzea eta informatika egokitzea dira. Hori adierazi du behintzat galdetutako enpresen %29k. Ematen zaion garrantziaren araberako zerrendan, kontabilitatea da ondorengo arazoa (%27), eta pixka bat urrunago dago prezioak egokitzearen arazoa (%16). Merkataritzaren sektorean berariazko arazoak sortzen dira: balantza elektronikoak eta kobratzeko makinak egokitzea esaterako.
Hain zuzen ere helburu horrekin, enpresa mota horietan guztietan euroak eragiten dituen egokitze arazo horiei buruzko laguntza eskaintzeko xedez, badira hainbat informazio bulego Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan nahiko aspalditik. Bulego horietan ikastaro bereziak eskaintzen zaizkie enpresetako informatika eta kontabilitateko arduradunei. Ikastaro horietan, esate baterako, biribildu beharrak edo kapitalen inguruko kontabilitate aldaketek eragiten dituzten arazoak gainditzeko moduak erakusten dira.
Egokitze prozesu honek eragin ditzakeen kostuei dagokienez, enpresa arloko iturriek diotenaren arabera, urteko fakturazioaren %1,5 ingurukoa izan daitezke. Kopuru horren %70 informatika sistemaren inguruko inbertsioak lirateke. Adibide gisa, Gipuzkoan, egokitzearen kostuei buruz erantzun zuten enpresen %41ak 250.000 eta 1.000.000 pezeta artean balioesten zuen kostua. %36aren ustez, berriz, 250.000 pezetatik beherakoa izango zen, eta %22ari milioi bat pezetatik gorakoa izango zela iruditzen zitzaion.


URTARRILEKO BEHERAPENAK ATZERATZEA.

Europako Batzordeak joan den apirilaren hasieran proposamen bat onartu zuen, 2002ko urtarrilaren 1ean egin beharreko aldaketa horretarako azken urratsa errazago eta estuasun handirik gabe eman dadin. Proposamen horretan 20 jokabide gomendatzen dira, eta, itxura batean, betetzen errazak ematen dute. Horietako bat hain zuzen, urtarrileko beherapenak hil horretako bigarren asteraino atzeratzea da, kontsumitzaileek prezioekin nahasmendu gutxiago izan dezaten.
Batzordeak dei egiten die eragile ekonomiko guztiei gomendio hauek bete ditzaten eta euroa izango duten 12 herrialde horietako biztanleek datorren urteko urtarrilaren 1ean kalera ateratzerakoan herrialde arrotz batean esnatu ote diren zalantzak uxatzeko. Gomendio hauek Europako 12 estatu horietako bakoitzean helburu horrekin hartutako neurri interesgarrienetatik egindako aukeraketa baten bidez osatu dira.
Urtarrileko beherapenak atzeratzearena izan daiteke, agian, gomendio horien arteko deigarrienetakoa. Izan ere, merkataritzan egun aktiboenak dira. Batzordearen beste gomendio aipagarri batzuk honakoak dira: arazo jakinetan bezeroei lagunduko dien pertsona batzuk izatea establezimenduetan edo banketxeak urtarrilaren 1ean irekita egotea.
Azken batean, Europako Batzordeak kezka nagusi bat du: enpresa txikiak eta ertainak euroa iristen denerako prestaturik ez egotea. Eta horregatik ari da erosleei nahiz saltzaileei informazio gehiago emateko ahalegina areagotu nahian.


EUROARENGAN KONFIANTZA AHULTZEN.

Europako herritarrek euroarengan duten konfiantzak behera egin du azken hilabeteotan, batez ere Espainiako Estatuan eta Portugalen. Gaur egun herritar guztien arteko %55 soilik agertzen da euroaren alde (duela urtebete baino hiru puntu gutxiago) eta %37 aurka (duela urtebete baino lau puntu gehiago). Hala adierazten du Europako Batzordeak joan den maiatzaren 1ean ezagutzera eman zuen Eurobarometroak.
Txosten horren arabera eurogunearen hamabi herrialdeetan moneta bakarraren aldeko jarrera batez bestekoa baino handiagoa da (%62), eta, aldiz, moneta bakarra onartu ez duten herrialdeetan (Britania Handia, Suedia eta Danimarka) %26 soilik agertzen da euroaren aldeko.
Euroa ibilian jartzeko sei hilabete besterik geratzen ez diren honetan, moneta bakarraren aldeko jarrerarik tinkoena Italian aurkitzen da (%79), eta ondoren, Luxenburgon (%75), Belgikan (%72), Grezian (%70), Irlandan (%69), Espainiako Estatuan (%68) eta Holandan (%64). Aldiz, errezelo gehien azaltzen dutenak Finlandiako herritarrak dira (%45), eta horien ondoren, Alemaniakoak (%47), Austriakoak (%53), Portugalekoak (%57) eta Frantziako Estatukoak (%62).
Gizarteko herritarren sektoreen arabera, ikasleak (%67) eta goi mailako karguak dituztenak (%66) dira moneta berriaren aldeko jarrerarik onena dutenak, eta, aldiz, jarrerarik ezkorrena erretiratuek eta ikasketa handirik gabekoek (%45) dute. Euroari buruz jasotako informazioari dagokionez gehien kexatzen direnak Greziakoak, Portugalekoak, Ingalaterrakoak, Suediakoak eta Italiakoak dira, eta gutxien kexatzen direnak, berriz, Luxenburgokoak eta Danimarkakoak. Espainiako Estatuko herritarren arteko %54k "gaizki informatuta" dagoela uste du, orain dela urtebete bezalaxe.
Telebista, idatzizko prentsa, bankuak, irratiak eta familia dira, hurrenkerahoTestuak: Daniel Udalaitz

rretan, herritarrek gehien erabiltzen dituzten euroari buruzko informazio iturriak; eta kexu dira, agintariek, kontsumitzaileen elkarteek eta sindikatuek horri buruzko argibide handirik ematen ez dietelako

Eurora egokitzeko hainbat esperientzia

EURORA MOLDATZEAK LANA SORTU DU ADUR ENPRESAN.

Adur Software Productions enpresak bi jarduera nagusi ditu: alde batetik garraiorako logistika zerbitzua eskaintzen du eta bestetik informazioaren gestiorako softwarea egiten du.
Joxerra Aizpurua enpresako ordezkariak adierazi duenez, euroak bi jarduera horietatik lehenengoan eragiten du: "Aldaketa asko egin behar izan ditugu, bai guk enpresa bezala, baina bereziki gure bezeroentzat". Iaz beren softwarea eurora egokitzen aritu ziren Adur enpresakoak. "Lan konplexua izan da, modulo asko baitira eta parametro bat ukituz gero guztia errebisatu behar izan baita". Aurten, berriz, bezeroei ari dira egokitzapen zerbitzua eskaintzen. Bezeroen artean desberdintasun asko daudela aitortzen du Joxerrak, "batzuk arazoa aurreikusita dute, beste batzuk aldiz kontabilitate programa zaharrak erabiltzen dituzte eta horiek lan konplexuagoa eskatzen dute".

Memento honetan Adur presa handiz ari da aplikazio informatiko berriak instalatzen, sortu zaien lan multzoa handia izan baita. Ondorioz, lehentasunak ezarri behar izan dituzte, eurora egokitu beharra dutenen eta ez dutenen artean.

Joxerraren aburuz, "oro har eurora egokitu beharra ona izan da, bereziki bi arrazoiengatik, batetik bezero zaharrek enpresarekiko duten konfiantza handitu delako eta bestetik bezero berriak etorri direlako".



PREZIOEN GARDENTASUNA HELBURU EROSKIN.

Eroski taldeak kontsumitzaileak lasaitzearren eta haiei gauzak erraztearren gardentasuna erakutsi nahi du datorren urtean jada saihestu ezingo dugun eurorako aldaketa prozesuan. Horretarako besteak beste, www.eroski.es helbidean hainbat argibide ematen ditu: pezetak eurotan nola bihurtu, datorren urtetik aurrera produktuen etiketak nolakoak izango diren...

Eroski taldeak dio pezetak eurotan bihurtzeko arauei zehatz-mehatz jarraituko diela, salmenta guneetan bezeroei informazioa eskainiko zaiela eta prezioak pezetatan eta eurotan denbora luzean mantenduko dituztela. Horrek guztiak, lehen esan bezala, bezeroak lasaitu eta egoera berrira ohitzea du helburu.
Josu Sanz, Eroski taldeko komunikazio arduradunaren aburuz, "hasieran bezeroari egoera berrira ohitzea kosta egingo zaio, aldaketak beti kostatu egiten baitira".
Baina bezeroak bakarrik ez, azken hiru urtetan Eroski taldeko langileak aldaketa honetarako prestatzen aritu dira: oraindik ere lanean jarraitzen duen komite bat osatu zuten, epe horretan kontsumitzaileei zuzendutako kanpainak antolatu dituzte, langileek prestakuntza ikastaroak egin dituzte, programa informatikoak aldatu dituzte... Josu Sanzek uste du horrekin guztiarekin jada Eroski taldea aldaketarako prest dagoela.



Epeek egokitze lana areagotu dute Kutxan.

Euroa pixkanaka etorriko da, baina pausoz pauso egite horrek egokitze lanak gehiago prestatu beharra eragin du. Hori adierazi digu Carmen Ausan, Kutxako euroaren koordinatzaileak.

2001eko irailaren 15etik aurrera bezero guztien kontuak eurotan berrizendatuko dira, abenduaren 15etik aurrera euro diru-zorroa (2.000 pezetako balioa duena) jaso ahal izango dugu, baita txanponak aldatu ere, baina billeteak urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik eskuratu ahal izango dira eta orduan kutxazain automatikoak euroak ematen hasiko dira. Urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra eurotan zein pezetatan ordaindu ahal izango dugu. Eta martxoaren 1etik ekainaren 30era berriz, pezetak aurrezki kutxatan aldatu ahal izango dira eta ekainaren 30etik aurrera Espainiako Bankuan bakarrik jaso ahal izango dira pezetak. Baina epe horiek horrela bete daitezen Kutxa bezalako aurrezki kutxa batek hainbat prestakuntza egin behar izan ditu aurretik, are gehiago kontuan izanik Kutxa nolabait Gipuzkoan euroaren hornitzaile zuzena izango dela. Kutxakoek beraz, lehenik eta behin azterketa bat egin behar izan dute, behar guztiak ikusi eta horiei irtenbide bat emateko: langileen lekualdaketak, kontratazio berriak, aurrezki kutxa nagusienetan jendea informatzeko pertsonak ezarri beharra, langileei ikastaro bereziak eman, bi monetak jaso ahal izateko lekuak egokitu... Ondorioz, informatikoki egin beharreko aldaketa oso handia izan da. "Aldaketa informatikoa jada 1998an egin zen, orduan burtsa eta aurrikuspen fondoak aldatu ziren eurotara", dio Ausanek. Beraz, prestaketa handia izan da, orain herritarrei dagokigu aldaketara egokitu beharra. Alabaina, Ausanen aburuz, bezero arrunta oraindik ez dago egoeraz jabeturik

Hiru urratseko plana
Eurora igarotzeko planak hiru urrats ezartzen ditu. Lehenengoa, lehen banaketarena, aurtengo abenduaren 31ra bitartekoa da. Irailaren 11tik aurrera garraio eta segurtasun enpresak bankuetara, kutxetara eta banaketarako enpresa handietara banatzen hasiko dira. Abenduaren 1az geroztik, merkataritza eta ostalaritzako gune txikiak euroak jasotzen hasteko aukera izango dute. Eta abenduaren 15etik aurrera herritar guztiek jaso ahal izango dituzte banku eta kutxen bulegoetan euroaren 43 txanponeko zorroak (starter kit), 2.000 pezetako baliokoak. Urrats honetan egokituko dira makinak ere.
Bigarren urratsa 2002ko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitartekoa izango da, hau da, herrialde bakoitzean ohiko txanpona eta euroa batera erabiltzeko garaia. Epe horretan finantza erakundeek ez dute alderantzizko trukaketarik egingo, kutxazain automatikoek euroak emango dituzte urtarrilaren 1etik aurrera, eta, ahal den neurrian, merkataritzako guneek, pezetetan edo liberetan ordaintzen bazaie ere, eurotan emango dute itzuli beharreko dirua.
Azkenik, hirugarren urratsa pezetak eta liberak desagerraraztekoa da. Finantza erakundeetan, 2002ko ekainaren 30era bitartean, euroz trukatutzea egongo da doan. Epe horren barruan trukaketa doan izango da. Eta epe horretatik aurrera ere, mugaegunik gabe, Espainiako Bankuan doan trukatzen jarraitu ahal izango da. 2002ko martxoaren 1etik aurrera ez pezetarik eta ez liberarik ezingo da erabili legezko ordainketarako moneta gisa

Euroa mugaz gaindi
Euroaren zirkulazio abiatze datak ez ditu bereizten Hego eta Ipar Euskal Herria. 2002ko lehen egunetik irabazpenak eta gastuak eurotan burutu ahalko -edo beharko- ditugu bi aldetako euskal herritarrek. Legeen araberako hiritartasun ezberdinak izan arren, merkaritza kontuei dagokionean euroak berdinduko gaitu.

Euroa datorrela! Aspaldiko kontua da hori. Kezka ere aspaldiko urtetakoa da. Bere zirkulazioak ekarriko dituen kezkak berau gauzatzen hasi zenean bezalatsu mantentzen dira, antza. Bankuak aspaldi hasi ziren egunean jartzen; bai enplegatuak nahiz beren bitartekoak. Enpresak dira gutxien prestatu omen direnak Bidasoaz iparraldera. Diotenez, mugaz gaindiko enpresariak ohituta daude moneta arazoak gainditzen. Euroak ekar ditzakeen eragozpenak ez dira, itxuraz, gaindiezinak enpresarientzat.
Merkatariak -dendari tipiak alegia- arrankuratuagoak daude, antza denez. Izan ere, bankuek ez bezala -edo ez horrenbeste, bederen- dendariek billeteak nahiz txanponak eskutik eskura erabili behar dituzte egunero. Hasteko eta behin, 2002ko lehenengo hilabeteetan banku lanak egin beharko dituzte. Ba ote dituzte dendariek beren kutxak prestaturik?
Oro har, kontsumitzaileek 'laisser faire le temps' lema hartuta igurikatzen dugu euroa. Eurok eta egunerok errimatzen dute, eta hartara, garaian garaikoa pentsatu irudi du kontsumitzaileak.


BAIONAKO MERKARITZA GANBERA ERNE.

Dena ez da utzikeria, ordea. Ipar Euskal Herriko edo Baionako Merkaritza Ganberak -ekonomiaren martxa onaren behatzailea- euro kanpaina martxan jarri zuen urte honen hasieratik beretik. Enpresak eta komertzianteak egunean jartze aldera bi fasetan garatu eta garatzen ari da kanpaina. Lehen seihilekoan, euroaren gaineko informazio bilkura andana burutu da han-hemenka. Iragan martxoaren 26an 250 enpresa bildu ziren Baionan eurokonferentzia baten karietara. Apirilaren 27an, 50 komertzioren nagusiekin antzeko beste bilkura bat egin zen Kanbon. Joan den maiatzean, berriz, 14 eta 15ean, Frantziako Ganberako Kontseiluek Euro Jardunaldiak burutu zituzten Iparraldean.

Bost bilera nagusi burutu dira: Donibane-Lohizunen, Hazparnen, Donibane-Garazin, Maulen eta Bidaxunen burutuko da azkenekoa.


Euroarekin praktikatzeko tenorea.

Bigarren seihilekoan kanpaina honen bigarren partea gauzatzen ari da. Hots, euroaren erabilerak edo bere maneiuak ekar ditzakeen eragozpen posibleak aztertuko dira hainbat bileretan. Euroaren alde praktikoa landuko da, alegia. Euroa eskuko gaia izanen da aurki eta bilera andana bat antolatuta daude horretarako Ipar Euskal Herrian.

2001eko azken hiruhilabeteari begira jarri dira euroa gaukotze lanetan ari diren erakundeak. Frantziako Bankua eta Baionako Merkataritza Ganbera elkarlanean hasiak dira jada. Erakunde hauen eskutik 54 informazio bilkura burutuko dira Iparraldeko 13 herritan. Informazio bilera anitzak izanen dira eta bi ordukoa bakoitza. Gai ezberdinak landu ahal izateko bilerak gela ezberdinetan izanen dira. Billete eta txanponen erabilera ezagutze aldera antolaturiko bilera praktikoak izanen dira, urriaren hasieratik arazoaren bukaera bitarte burutuko direlarik. Euroa nola geroa hala!

Euro Kalea
Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza Saila, Euskal Herriko udalen lankidetzarekin, Euro Kalea izeneko ekimen bat ari da garatzen herrietako merkataritza guneetan. Helburu horrekin, joan den urtean 12,5 milioi pezeta (500.000 libera) erabili ziren Bizkaiko zazpi herritako establezimenduetan salerosketak eurotan egin zitezen bultzatzeko. Ekimen honi esker -Bizkaian Euro-Bizkaiak bultzaturik-, merkatariek eta erabiltzaileek moneta bakarraren gorabeherak ezagutzeko aukera dute, erosleak nahiz saltzaileak, pezeta desagertzen den egunerako, horren inguruko arazoez jabeturik egoteko.

Egin den azkenetakoa Basaurikoa izan da (Bizkaian). Udal horretako herritarrek pezetatan nahiz eurotan eros zezaketen herriko 76 establezimendutan, maiatzaren 7tik 13ra. Harrezkero, herri gehiagotan ere egin dira antzeko ekimenak. Basauriko Udalak esandakoaren arabera, Bizkaiko beste herri batzutan baino erantzun hobea izan zuen ekimenak herri honetan. Esate baterako, Portugaleten 30 gune bakarrik sartu ziren ekimenean. Basauriko herriaren erantzuna oso ontzat hartzen da.
Ekimen honen inguruan sentiberatzeko eta jokoan sartzeko, 16.315 gutun bidali zituen Basauriko Udalak, ia herriko etxe guztietara. Gutunak kanpainaren nondik norakoak eta erosketak eurotan egiteko behar ziren zehaztasun guztiak argitzen zituen. Gutunarekin batera 119,76 euro (16.315 pezeta) balio zuen taloi bat bidaltzen zen, eta Basauriko biztanleek euroaren txanpon eta billetez trukatu ahal izan zuten oinezkoentzako herriko kale nagusian kokaturik zegoen stand batean.
Hortik aurrerako zeregina oso erraza da: benetako erosketa bakoitza eurotan errepika daiteke erositakoa ordaintzeko garaian. Eurotan ageri ziren erosketa txartelak hiru zatitan banaturik zeuden. Bi zati eroslearentzat eta saltzailearentzat ziren, zozketa batean esku hartzeko eskubidearekin, eta hirugarrena bezeroak stand batean alda zezakeen sariak eskuratzeko puntuak lortuz


Azkenak
2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


Eguneraketa berriak daude