argia.eus
INPRIMATU
«HONEKIN, BADAKIZUE, GUPIDARIK EZ»
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
Marcelo Usabiaga Jauregi Ordizian jaio eta Irunen hazi zen. Donostian egin zituen merkatal perito ikasketak, baina bere herriko mugimendu komunistaren eskutik sartu zen politikan 1933an. Gerra Zibila bitartean 3 aldiz izan zen atxilotua.

1936ko uztailaren 18az geroztik, batera eta bestera ibili zen. Gerra Zibila hasi eta berehala istripuz zauritua izan zen Irunen bertan. Osatu eta Bartzelonara joan zen eta handik Madrilgo frontera Euskal Brigadarekin. Euskal Herrira itzuli eta Bilbon jardun zuen. Santander, Gijon, Bartzelona berriro, Gironan... ibili zen 1939ko apirila arte.Valentzian atxilotu zuten hil horretan. Preso hilabete gutxi zeramala ihes egiten saiatu, baina harrapatu egin zuten. Gero epaiketa etorri zitzaion; Irungo sute eta fusilamenduak leporatzen zizkioten. Berak garai hartan zauritua zegoela esan, baina Alderdi Komunistako kide zela eta faxismoaren aurka borrokatu zuela onartu zuen. Heriotza zigorra ezarri, eta heriotzara kondenatuekin egon zen aldi batez. Azkenean 30 urteko kartzelara mugatu zuten kondena eta San Miguel de los Reyeseko (Valentzia) espetxera eraman zuten. Hiru urte eman zituen han.
1943ko udan Donostiara etorri zen preso gisa lanera. Ondarretako espetxetik Arroako zementu fabrika batera eraman zuten geroxeago. 1944ko irailean lortu zuen handik ihes egitea: trenez Zumaiatik Donostiara, handik Iruna topoan eta Bidasoa oinez pasa ondoren Iparraldera iritsi zen. Iheslarientzat prestaturiko Hendaiako gune batera eraman zuten. Eta han hasi zen bere jarduna maki gisa:
«Esparza izeneko Irungo lagun bat topatu nuen han eta gerrillarien zuzendaritzara eraman ninduen zuzenean. "Espainiara joan beharra zegok" esan zidan. Eta nik "Espainiara? Oraintxe etorri nauk handik-eta! Utziko didak gutxienez parrandaren bat egiten!". Baina ez nuen aukerarik izan».
Frantzian zeuden makiek itxaropen handiak zituzten muga pasa eta faxismoa garaituko zutela. Baina oker ziren. «Aliatuen garaipena, alemanak erretiratzen, Mundu Gerraren amaiera... morala goian zuten, eta oso ondo ulertzen dut makien jarrera. Nik esaten nien: "Kontuz gero, Espainiako egoera ez da hemengoa; han jendea ez da hain erraz altxako". Baina Espainiara joan behar bazen, ni prest».
Dena den, Esparzak beste eskaintza bat egin zion. «Nik muga ederki ezagutzen nuen eta Victorio Vicuña (Julio Oria gerra izenez) lasartearraren agindupean muga inguruan zegoen brigadara joateko esan zidan, muga pasatzen lagun nezan». Helburua ahalik eta jende gehiena mugaz bestaldean jartzea zen eta brigadako giak trebatu behar zituen horretan Marcelok. 1944ko urrian hasi zen lan horretan: 6 lagun hartu eta muga zeharkatzen zuten Bidasoatik, Etxalar inguruan, gauzak nola zeuden ikusi eta bueltan Iparraldera joateko. «Bidai horietako batean, lainoaren erruz galdu egin ginen eta hara non agertzen den gizon bat bizkarrean aizkora bat hartuta. "Nola joan gaitezke mugara?" galdetu nion nik, mantentzen nuen euskara apurrean, konfiantza har zezan. Gurekin etortzeko agindu nion. Bi orduz ibili ondoren gurutzatu genuen muga. Oso urduri zegoen bera, baina ez zigun eskainitako dirurik onartu. Handik aurrera egun argiz pasatzen genuen muga lasai asko, motxilak eta metrailetak gainean genituela.»
Garai hartan gerrillariak Arango bailaratik sartu ziren. Baina porrota izan zen hura. Marcelok Vicuñaren taldea utzi eta Pauera jo zuen. Han egon zen urriaren bukaeran, bertako Bristol hotelean. «Hoteleko gela batean ikasi nuen plastic-a erabiltzen eta hor antolatu genuen hamaika gizoneko misioa. Nik Barroso komandanteari esaten nion: "Ez zaitez engainatu, hura oso gaizki dago, ez paperik eraman, ez zaitez inoretaz fida... ez da jende txarra, baina beldurra izugarria da, oraindik ere jendea fusilatzen ari dira"».
Azaroaren 18an Marcelo Usabiaga Hendaiara joan zen. Beñat izenez ezagutzen zuten mugalariarekin kontaktatzea zen bere eginbeharra. Itsasoz pasa behar zuten muga, Hendaiatik Hondarribira. «Gau horretan bertan itsasoratu ginen bost gizon: Barroso, Gandia, Regino Gonzalez, Lapeira eta ni. Hurrengo egunean beste seiek pasa behar zuten.. Fraideen hondartzan lurreratu eta mendian gora abiatu ginen faroko errepidearen bila. Bidean, gutako bati metrailetako kargadorea erori zitzaion eta zoritxarrez soldadu batek topatu zuen. Sten markakoa zen, ingelesek Frantziako gerrillariei paratxuteatzen zizkien armen marka berekoa. Horregatik jakin zuen poliziak gerrillari talde batek muga pasa berri zuela. Jaizkibel guztia goitik behera miatu eta gaua pasa genuen baserria aurkitu zuten. Guk dagoeneko taxia hartuta genuen Donostiara joateko, baina bertakoak atxilotuta-eta, azkenean Donostiako pisua ere topatuko zuten aurrerago.»
Donostian Usabiagak Pedro Barrosori esana bete zen. «Gaueko 10:00ak aldera iritsi ginen Donostiara; hartu behar gintuen pisura iritsi eta ezetz; Kanpanario kaleko beste pisu batera eta ezetz; Artzai Onaren plazara eta berriro ezetz. Bost gizon Donostiako kaleetan, pistola patrika batean eta eskuzko bonba bestean. Barrosok horrela ezin genuela jarraitu eta erabaki bat hartu behar genuela esan zigun Easo plazako taberna batean ginela.»
Barroso, Lapeira eta Gandia Bilbora joan eta besteak Donostian geratu ziren, Regino Gonzalezen osabaren San Martin kaleko etxean. Baina poliziak pisua bilatu zuen. «Arratsaldeko 16:00etan Lapeira azaldu zen etxean, Bilbotik instrukzioak ekartzera. Bilbon gauzak ere gaizki zeudela esan zigun eta asmoa Santanderra joatea zela. Enkargu batzuk egin eta bederatzietan bueltatzekotan geratu zen. 20:00etan atea jo zuten berriro. Ireki eta Meliton Manzanas bera zen. Gainera etorri zitzaizkigun. Sekulakoak egin eta esan zizkidan ezagutzen baininduen. Nik hirugarren pisuko leihotik jauzi egitea ere pentsatu nuen... ezin duzu imajinatu une horietan zer pasatzen zaizun burutik! 20:30etan etxea miatzen bukatu eta Manzanasek bere gizon bati bi taxi ekartzeko esan zion, gu guztiok atxilotuta eramateko. "Eta Lapeira?" pentsatu nuen. Hura ederki ezagutzen nuen, akzio gizona zen eta ez zuen bere pistola geldirik edukiko. Bera azaldu eta denak tiroka hasiko zirela pentsatu nuen. Eta azaldu zen, baina ez zion pistola ateratzeko denborarik eman».
Irungo komisaldegira eraman zituzten denak atxilotuta. «Oso gaizki pasa nuen. Jipoi pare bat eman, baina ez nuen ahorik ireki. Orduan, Manzanasek guardia pare bati deitu eta esan zien: "Honekin, badakizue, gupidarik ez". Eskuak bizkarrera lotuta atera ninduten handik. Erabat izututa nengoen. Kolon pasealeku guztia zeharkatu eta Frantziako ibilbidea aldera hartuta Plaiaundi ingurura gindoazen. "Hauek hemen bertan akabatuko naute" pentsatu nuen eta nola ihes egin pentsatzen hasi nintzen. Ingurua ezagutzen nuen eta toki ilun batean bati ostiko bat jo eta korrika alde egitea erabaki nuen. Baina erabakitako tokira iristear ginela, hara non topatzen dudan Komandantzia Militar bat. Nik ez nekien hor zegoenik, aspaldi utzi bainuen herria. Ez ninduten hil behar».
Gero epaiketa etorri zen, sententzia eta kartzelaldi luzea Burgosen. 1960an atera zen espetxetik Marcelo Usabiaga. Bere kartzelaldi guztiak batuta, orotara 20 urte baino gehiago pasa zituen giltzapean. Gerra Zibilean zein makiekin bizia beste hainbestetan salbatu zuela ere esan daiteke. Baina faxismoak arreba bat, anaia bat eta hainbat lagun eraman zizkion