argia.eus
INPRIMATU
EUSKARAZKO LITERATURA
2021eko uztailaren 19a
Gari Berasaluzeren hitzak dira hauek «Gara»n esanak:
«(...) Erdarazko idatzitako euskal literatura ez da existitzen. Ezinezkoa da, euskaraz ez dakien norbait euskalduna ezin izan daitekeen modu berean. Euskaraz ez dakien euskal herritarra, horixe da: euskal herritarra. (...) Nola esan daiteke, beraz, erdaraz idatzitako euskal literatura badenik ere? Erdaraz idatzitakoa ezin da euskal literatura izan, sekula santan. Gurean idatzita baldin badago, asko jota, literatura euskal herritarra izanen da, gazteleraz, frantsesez, portugesez edota erromantxeraz idatzita egon arren. Inoiz ez euskal literatura. Orduan, euskal literatura zer den galde dezake oraindik ideiak oraindik erabat nahasita dituen norbaitek. (...) Euskaraz idatzitakoa da euskal literatura, Euskal Herrian, Nikaraguan, Korean edota Kamerunen idatzi arren. Zer dira euskal liburuak? Euskaraz idatzitakoak, nobelak, poemak edota fisika kuantikoaz ari diren liburukoteak, berdin dio, baina euskaraz idatzitakoak. Erdaraz idatzitako zenbait euskal gaiei buruzkoak izan daitezke, edota Euskal Herrian idatzitakoak. Baina erdaraz idatziak badaude, logika hutsez, ezin euskal liburuak izan. (...) Eta gainera, ohartzeke, zenbait erdararen atzean dauden nazionalismo zapaltzaileei jokoa egiten diete horrelako ideiek. Izan ere, euskararik ez dakiten euskaldunez bete dizkigute bazterrak eta batzuen buruak (...)».