«Arriskatzea gustatzen zait, lana erronka gisa hartzea»

Hiru urtetan kaletik zinemarako jauzia eman duzu, Madrilen bizi zara telesailak eginez... Nola hartu zenuen aktore izateko bidea?
Ez zitzaidan inoiz burutik pasa ere egin aktore izatea, lehenago ez nuen mundu horrekin inolako harremanik izan. Betidanik ikasi nahi izan nituen Itsas Zientziak, Palma de Gran Canarian. Gurasoek ere jada dirua aurreztua zuten. Baina UBI bukatu eta nire bi lagun onenak etorri zitzaizkidan esanez ea zergatik ez nintzen beraiekin joango Londresera arte dramatikoa egitera. Ideia ona iruditu zitzaidan, Londresera joatea ez, baina bai arte dramatikoa ikastea. Ni Basaurira joan nintzen eta haiek Londresera.

Nolakoak izan ziren Basauriko Antzerki Eskolako urteak?
Gurasoek nire erabakia beldurrarekin eta sorpresa handiz hartu zuten. Baina ikusi zuten ilusio handiz ekin niola ikasturteari eta lehen aldiz ikasgai denak aprobatzen nituela, eta hori, ezusteko pozgarri bat izan zen gurasoentzako.
Ikaskideekin ongi pasatzen nuen gelan, baina a zer bidaia egin behar nuen etxetik klasera iristeko! Gasteizen autobusa hartzen nuen Bilbora joateko. Bilbon Deustuko zubia zeharkatu eta bi tren hartu behar nituen Basauriraino, eta behin Basaurira iritsita oinez igotzen nintzen eskolara. Itzuleran, berdin. Egunero egiten nuen buelta hori. Goizeko 7etan ateratzen nintzen etxetik, eta arratsaldeko 5etan iristen nintzen.

Lotsatia omen zara. Nola gainditzen duzu lotsa jende aurrean antzezteko?
Aktore lana showman lanarekin nahasten da. Badago jendea oso showmana, irekia dena, eta horretarako balio duena. Ni ez. Antzezteko garaian lotsak kanporatzen ditut, baina antzezlana bukatzean ni izatera itzultzen naiz eta pertsona gisa dudan lotsa ez dit inork kenduko, gustatu egiten baitzait. Ezagutzen nauen jendeak badaki nolakoa naizen eta ez dut jende aurrean festaren errege izan beharrik, eta kito.

Nola uztartzen dira gidoia eta inprobisazioa?
Beti gidoi batek egon behar du. Gidoia da ideiaren bizkarrezurra. Baina gero inprobisazioarekin sortzen joan behar da, gidoiz kanpo gauza berriak ateratzen. Inoiz ezin da esan "hau egin behar da eta hau bakarrik egingo dugu". Inprobisazioa beharrezkoa da, gu finean artistak garelako eta artistek sortu egin behar dutelako.

Non bukatzen da gidoilariaren lana eta non hasten da aktorearena?
Filmetan gidoilariaren lana bukatzen da zuzendariak gidoia eskutan hartzen duen unean. Gauza bat baita istorio bat idaztea eta bestea fotogrametan kontatzea. Bestalde, garrantzitsua da gidoiko pertsonaiak aktoreari transmititzen diona. Inoiz ez dira egongo bi aktore paper bera berdin egingo dutenak. Bakoitzak inteligentzia puntu bat dauka, edo beste gaitasun eta truku batzuk ditu... Hori da artista egiten gaituen ezberdintasuna, bestela ez legoke sorkuntzarik.

Zure bertuteetako bat naturaltasuna da. Nola lortzen duzu?
Erlaxazioa da trukua. Antzezteko momentua iristen denerako zure buruari galdera denak egin badizkiozu, eta egingo duzunaz oso konbentzituta bazaude, asko pentsatu baduzu, inprobisazioa eta papera bakarrik ateratzen da. Kamara aurrean lasai egoteko, zure eszena bi esaldikoa bada ere, ongi jakin behar duzu non zauden, nondik zatozen eta nolakoa den zure pertsonaia, momentu horretan zer eragin dituen...
Momentua ondo prestatzea da erlaxatuta egoteko kakoa. Beste gauza bat etortzen bazaizu burura, eta une horretan duda bat sortzen bazaizu, antzezpenean nabaritzen da duda hori. Gure lanean konfiantza izan behar dugu, eta horretarako kamara aurrean jarri aurretik prestatu egin behar dugu gure burua.

Nola prestatzen duzue antzezpen momentua?
Zineman egin ditudan pertsonaiak prestatzeko nire buruari galderak egiten nizkion: zer pentsatzen du pertsonaiak orain? Zergatik egiten du hau? Zenbat eragin ditu une honetan, esaldi hau esaterakoan? Zer pentsatuko du honetaz? "Mi dulce" filma grabatzerakoan, egun batzuetan sekuentzia bakarra grabatu behar nuen, eta agian bi esaldi baino ez nituen. Baina 15 galdera eramaten nituen idatzita. Zuzendariak egunero esaten zidan "aber, Unax, etorri hona. Zer galdera dituzu gaur?". Burua leher zorian jartzen nion galdezka.

Zer moduzko esperientzia izan da Madrilen bizitzea?
"A las once en casa" telesailean lan egiteko joan nintzen Madrila, eta garai hartan ez nuen inor ezagutzen Madrilen. Lehen egunetan pentsioetan egon nintzen bizitzen, eta gero bizileku bila hasi nintzen. Lehenengo pisuan hiru atzerritarrekin jarri nintzen. Amerikarra, ingelesa eta albaniarra ziren pisukideak. 15 egun iraun nituen beraiekin, oso gogorra izan baitzen. Justu Kuwaiteko bigarren bonbardaketa izan zen orduan eta amerikarra eta ingelesa telebista aurrean egoten ziren, elkarri eskua emanda bonbardaketa ikusten. "Hor egon behar zuten espainiarrek!" buila egiten zuten. Neska albaniarra ere oso arraroa zen, eta azkenean alde egin nuen pisu horretatik.
Bakarrik jarri nintzen bizitzen "Desengaño" kalean, Mano Negraren kantuak aipatzen duen kale horretan. Pisua egunez ikusi nuen, txikia zen eta ez zegoen oso ongi jarria, baina hiri erdi erdian zegoen eta ez zen besteak bezain garestia. Hartu egin nuen, baina itzuli nintzenerako gaututa zegoen, eta orduan konturatu nintzen zergatik zen hain merkea. Madrilgo bizimodurik txarrena han elkartzen da.
Madrilen jende asko ezagutu dut, aktoreak ere bai, eta asko irakatsi didate. Eta bakarrik bizitzen ikasi dut. Etxera itzuli eta sukaldean aritzen, etxea txukuntzen... horrek erakutsi dit gehiena.

Aktoreak elkarrekin ibiltzen al zarete? Zer zarete, sekta moduko bat?
Badirudi badagoela tradizio hori, aktoreak aktoreekin ibiltzen direla... Bai, hori Madrilen ikusten da. Ni ez naiz asko ateratzen gremiokoekin. Aktoreak ere lagunak ditut, baina denbora librean nire lagunekin ateratzen naiz.

«La transicion» erreportajean paper berezia tokatu zitzaitzun...
Sketch batean guardia zibilarena egin nuen. Baina ia ez zitzaidan ikusten, figurante lana egin nuen. Gainera lehen etarraren fusilamendua antzezten genuen. Trikornioa jantzi orduko a zer malaostia!

Telebista denak ezagutu dituzu. Zer alde dago batetik bestera?
Ezberdintasun nagusia autonomiko eta estatu mailakoen artean dago, eta alde nabarmenena dirua da. Estatu mailakoetan denbora gehiago daukazu prestatu eta grabatzeko. Kapitulu bat bederatzi egunetan grabatzen dugu, ez hirutan, eta hori luxu bat da. ETB2ko "Entre dos fuegos" telesaila egiteko, berriz, 66 kapitulu uda bakarrean grabatu genituen. Eromena izan zen. Hori da lan ezberdintasun handiena. Diruarekin lotuta dago dena: makillajea askoz gehiago zaintzen da... Eta hori guztia telebistako emaitzetan ikusi egiten da.

Telesailetarako eskaintza batzuei uko egin omen diezu. Zeren arabera aukeratzen dituzu lanak? Zer da gidoi batean bilatzen duzuna?
Gidoia zentzuduna izatea. Pertsonaiak gutxieneko bat eman behar du, nik errealitate bihur dezadan. Umorea egiteko, edo errealitatetik at dagoen zerbait antzezteko ez du horrek axola, baina telesail bat egiten ari bazara, eta bertan egungo institutu bat edo errealitate bat islatu behar bada, eta zuk gidoia irakurri eta ikusten baduzu ez dela horrela, eta pertsonaiak txorakeria asko egiten baditu... Antzeztea eta nire papera sinestea batzuetan benetan zaila egiten zait. Hasieran ezin nien uko egin eskaintza batzuei, baina aukera zabalagoa badut, uko egiten diet. Gainera ziurtasunez aurrera egiteko, garrantzitsua da atzera begiratu eta egindako lanaz harro egon ahal izatea.
Lan batean bilatzen dudan beste gauza bat aldioro zerbait berria ikastea da. Eta lan zaila erronka bezala hartzea. 22 urterekin errazak zaizkizun paperak bakarrik egiten badituzu, eta ez baduzu bizitza konplikatzen, noiz konplikatuko duzu? Hau da gure eskola. Beti egon behar du gaizki egiteko arriskuak, horrela gehiago ikasten baita.

Nola ikusten dituzue zuen filmak?
Estrenoa baino lehenago ikusten dugu filma. Beldurrarekin joaten zara estreinaldira, nahiz eta badakizun zer dagoen egina. Estreinaldia prentsa da batik bat. Prentsak zer esango ote duen kezkatuta joaten gara, gizartean aurkezteko lehen eguna da, eta nerbio asko pasatzen dugu.
Lehen aldiz "Entre dos fuegos" telesailean ikusi nuen nire burua eta oso arraroa egin zitzaidan. Ahotsa, aurpegia, mugitzeko era... Ez da berdina hitz egitean entzuten duzun zure ahotsa, eta grabatutakoan kanpotik entzuten duzuna. Hasieran gaizki pasatzen duzu, baina gero onartu egiten duzu, begira, hori naiz, zer egingo diogu...

Nola bizi duzue kritika?
Egun prentsaren boterea izugarria da. Telebistan, egunkarietan edo edonon esaten denak agintzen du. Kritikek filma deuseztatu dezakete edo laguntza handia eman. Kritika konstruktiboak behar dira. Kritikoek kontziente izan behar dute ezin dutela edozer gauza argitaratu, hainbeste jenderengana iritsiko bada.
Filme bat egiteko jendea aritu da hilabete eta erdian egunero lanean, eta zuk emaitza ordu eta erdian ikusita ezin duzu esan hutsaren parekoa denik. Ez bazaizu beste pertsona baten lana gustatu, agian beste era batera begiratu beharko duzu.
Ni afektatzen naute kritikek. Beti irakurtzen ditut eta arduratzen naute. Jende batek ez ditu berak egindako lanak ikusten. Hori tontakeria bat iruditzen zait. Beti begiratu behar diozu emaitzari. Gaizki egindakoa ikusi egin behar da, hurrengo lanean hobeto egiteko.

Zer behar du aktore on batek?
Interpretatzeko gaitasuna. Horrez gain, egun telebistan lan egiteko ezin da ukatu fisiko minimo bat izan behar duela. Talentu batzuek bere fisikoak lagunduta ari dira telebistan lanean, baina badaude beste talentu asko lanik gabe, beren fisikoa ez delako ona.
Fisikoa nahasten dugu guapoa edo argala izatearekin, baina aktore munduan fisikoa beste kontzeptu bat da: neska edo mutil lodi batek edo tipiko guapoa ez denak izan dezake argi edo txispa bat. Zuzendariek esaten dute batzuek kamara aurrean jarri eta objektiboa zeharkatu egiten dutela. Pantailara begira jartzen zaituzte. Ez du zerikusi zuzenik guapoa izatearekin, baina normalean hala dira, ikusi besterik ez dago egun telebistan gehienak nolakoak hartzen dituzten.

Zertan aldatu da Unax Gasteiztik atera zenetik?
Aldatu baino gehiago moldatu egin naiz. Hiru urtetan nire bizitza goitik behera aldatu da. Baina nire lagunak betikoak dira, eta nire jendeak nire jendea izaten jarraituko du. Nire lana beste bat da, prentsak eta gizarteak beste eragin bat du nigan. Kalean pasatzean begiratu egiten naute...

Nola daramadazu famaren zama?
Boladak ditut. Hasieran ongi, ez zelako hain astuna. Gero iristen da une bat jasan ezin duzuna. Oraintxe arte lasaiago nengoen. Onartuta neukan, nire lana masiboa eta publikoa da eta ezin diot horri ezetzik esan. Gainera 22 urte edukita, nire publikoa batik bat 16 urteko neskek osatzen dute. Nik ez dut lana haientzako bakarrik egiten baina badirudi 17 urteko neskek bakarrik ikusten nautela, eta gainera horiek dira kalean gehien garrasi egiten dutenak! Oso adin txungoan nago. 28 urteko aktore batek publiko ezberdina izango du.

Galak, glamourra... Nolakoak dira barrutik?
Zirko bat da. Jendea erakarri behar da zinemara etortzeko, eta aldizkari, telebista eta komunikabideek "star system" hori sortzen dute, jendeak gauzak erosi eta ikusteko. Barrutik desfilea nolakoa den ikusten duzu. Promozioa egin behar da, eta glamourra bai, badago, baina ez da traje batean eramaten.

Frantzia, Ingalaterra edo EEBBetara joateko asmorik ba al duzu?
Momentuz Madrilen geratuko naiz, baina kanpora joateko aukerarik badut joan egingo naiz. EEBBetara ez, baina Argentinara joatea pentsatuta nuen. Nire ama argentinarra da, 7 urterekin etorri zen Gasteiza eta ez da geroztik itzuli. Madrilgo aukera sortu baino lehen arte dramatikoa Argentinan ikastekotan egon nintzen. Bertan daude irakaslerik onenak. Ikusi ditudan Argentinako filmetan beste antzezpen mota bat sumatu dut, pasionalagoak dira, beste ikuspuntu bat dute.

Hemendik aurrera zer?
Orain arte antzerkia metro bateko ikusleentzat bakarrik egin dut, umeentzat. Nire hurrengo lana antzerkia izango da. «Ecus» obra egingo dugu, 70ean egin zena. Agian telebistan botako dute

Jaio: Gasteizen, 1978an.
Bizi: 1999az geroztik Madrilen.
Ikasketak: Basauriko Antzerki Eskolan ikasi zuen.
Aktore lanak: Tránsito antzerki taldearekin "Cuentos de un bufón" antzezlaneko paper nagusia egin zuen. Ondoren, telebistako telesailetara egin zuen jauzi: "La transición" (TVE 98) erreportajea lehenik, "Entre dos fuegos" (ETB 99) ondoren, "A las once en casa" (TVE 98/99), "Condenadas a entenderse" (A3 99) eta "El grupo" (T5 2000). Zineman ere film labur bat, "Jardines deshabitados" eta hiru luze egin ditu: "Báilame el agua", "Las bellas durmientes" eta "Mi dulce".
Euskadi Irratiko "Maritxu Berritsu" saioko esatari izan zen 1990-1992 urte artean.
Sariak: Gaztea saria (2000) aktore onenari. Euskal Aktoreen Batasunak telebista eta zineman nominatua (2000). Espainako Aktoreen Elkarteak "aktore errebelazioa" sarirako nominatua "El grupo" telesaileko lanagatik (2000).
Zaletasunak: Euskal dantzetan aritu zen Laguntza taldean. Kendo arte martziala egiten du eta poesia, ipuin eta nobela laburrak idazten ditu.

"Telebista eskola handi bat da. Praktikak egiten ditugu bertan, bost milioi pertsona begira egoten badira ere."

www.tugueb.com
"'Báilame el agua' filmea putaz eta yonkiz betea dago, baina fikzioak ez du sekula errealitatea gaindituko. Madrilgo kaleetan grabatu genuen filma, eta ingurukoa askoz ere larriagoa zen grabatzen ari ginena baino. Batzutan kamara okertzeko gogoa ematen zigun."

www.diariodenavarra.com
"Zineman pertsonaia jaio eta hil egiten da. Telebistan, ordea, egunero doa pertsonaia hazten, baina ez dakizu norantz."
"Badakit lasterketa luze bat dela hau, eta ez dut esprintean aritu nahi, 10 urte barru ere honetan aritu nahi baitut. Beharrezkoa da zure aurpegiak jendeari arnasa hartzen uztea."

www.tugueb.com
"Hilabetetan hain lan intentsoa egin eta gero, ahalegin hori guztia filmeko ordu eta erdira laburtuta ikustean, egun eta une denak gogoratzen saiatzen zara, eta ez zara iristen filma ikustera."

www.diariodenavarra.com
"Jende askok aktorea eta pertsona nahastu egiten ditu."

www.tugueb.com
"'Mi dulce' antzeztuagatik, gozoa baino gaziagoa naiz".
www.tugueb.com


"Mi dulce" filmeko pertsonaia aldatu egin nuen. Gidoian zegoen Oscar ez da filmean dagoena. Paper-banaketa osoa zegoen egina, baina zuzendariak ez zuen Oscar izango zena aurkitzen eta bi aste besterik ez ziren falta errodajea hasteko. Filmean jantziak eramaten zituenak eman zion zuzendariari nire berri. Bartzelonara joan nintzen hegaz, gidoia hartu eta hurrengo eguneko goizeko 10etan egin nuen casting froga. Frogarekin gustura geratu ginen, baina gidoiko pertsonaia gaizki zegoela esan nion, ez zegoela ongi definitua. Pertsonaia tonto agertzen zen eta tonto bukatzen zuen. Ez zeukan garapenik. Handik 2 egunetara gidoilariarekin garagardo batzuk hartzera joan nintzen eta asko hitz egin ondoren ikusi zuen nire aldaketa zentzuduna zela. Gidoi osoa errespetatu nuen, ez nuen esaldi bat bera ere aldatu. Baina esaten ez dena, parentesi artean agertzen dena aldatu zen, eta filmeko pertsonaiak ez du zerikusirik gidoikoarekin.

Doinua: Agur sagar beltzaran

«Aldatu ez, moldatu»,
hobe, nerekiko
adin txungoa ez dek
beti edukiko
hire aurpegiz inor
ez huke nahi ito
lotsatzeaz lotsatzen
ez ba haiz, mutiko
hi ez haiz Desengaño
kalean biziko


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude