argia.eus
INPRIMATU
Korrontearen atzetik
  • Piszinan aurrera eta atzera aspertu egiten dira nonbait, eta 1989ko abenduaz geroztik ibaietan, urtegietan, lakuetan eta itsasoan egin dute igeri. Miño, Ebro, Sil, Bosnia-Herzegovinako Neretva ibaia gerra garaian... Nafarroako Esa urtegia, Eskoziako Ness laku famatua, Peru eta Boliviako Titicaca lakua, Donostia eta Bilbo arteko itsasertza...Ia bustialdi hauek guztiak elkarrekin hartu dituzte.Orain lehorrean dira biak; bata Tolosan eta bestea Lodosan.
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 19a
Prestaketa izugarria beharko duzue bada hainbeste kilometrotan igerian aritzeko?». «Prestaketa fisiko berezirik ez da behar, beti, eten handirik gabe igerian egitea nahikoa da», erantzun digu Iñakik. «Eta ez al zarete hoztu?». «Bai. Saio asko gainera neguan egin ditugu bi anaiok, abuztuan uretan edozein sartzen dela uste genuen-eta».

Horregatik agertzen dira igeri saio guztietan mozorrotuta. Burutik behera beltzez (buzoa jantzita), oinetan hegatsak eta eskuetan palak; epelago eta azkarrago joan nahian-edo. Mozorro beltzaren urratuak saihesteko berriz, baselina igurzten dute gorputzean. Noizbait gehiegitxo ere eman dute. Eskoziako lakuan ura 5 gradutan zegoen eta egunetan iletik baselina kendu ezinik egon ziren.
Buzoa, hegatsak, palak, baselina... mapa falta da. Bai, mapa. Uretara sartu aurretik mapari begirada bota ohi diote, gutxi gora-behera non dabiltzan jakiteko. Iñaki Peñak aitortu digu mapan ikusitakoarekin konformatu behar izaten dutela uretara sartu aurretik, ez dute bazterrak ezagutzeko espediziorik muntatzen. «Mapatxo baten laguntzaz eta atzeraka igerian eginez, ez dituzue ibai bazterrak jotzen?». «Buruz behera hasi ginen igerian. Ur garbian hainbestean moldatzen ginen, baina ur zikinetan norabidea galtzen genuen». Beraz, hobe ahoz gora. Mendi tontor edo antzerakoren bat erreferentzia puntu gisa hartu eta aurrera!
Aurrera bai baina, igerian bizkarka eginez hasi zuten Logroño eta Zaragoza bitarteko Ebro ibaiaren zatia. 1989ko abenduaren 26tik 31ra bitartean 200 kilometro egin zituzten sei egunetan. Lehen saiakera izan zen hau, «esperientzia pilotua». Egunean 42-45 bat kilometro ibaian behera. Korronte gutxi zegoen eta ondo moldatu ziren.
Hurrengo urtean Miño osoa egitera Galiziara abiatu ziren. 340 kilometro 14 egunetan, Meiratik Laguardiara. Momentu onak baino txarrak gehiago izan omen ziren. Kristoren hotza pasa zuten, baina ibaia oso garbia denez eta urtegi asko dituenez, piszinan bezala egin zuten igeri. Egunean 40 kilometro egiteko kalkulua egiten zuten, baina abiadura kalkuluak ez zuen balio hainbeste urtegi zegoen tokian. Ez zuten arazo larririk izan. Hala ere, Iñakik adibidez, 10 kilo galdu zituen. Laguntzaileak eraman zituzten: furgoneta bat eta mendiko bizikletan lagun bat. Baina ibai ertzetara beti gerturatzerik ez zegoen. Mendia, mendia eta mendia zegoen. Egarria zutenean, nola edo hala edan egin behar eta inguruko baserrietara ere joan izan ziren ur eske.
Bai Miñon eta baita beste igeri saioetan ere, biak batera egiten zuten ibilbidea, bakarrik egitea arriskutsuegia zelako. Behin, zubi azpi batera heldu behar zuten eta zubi hori ez zen agertzen. Urtegi batera heldu eta iluntzen ari zela konturatu ziren. Uretatik atera eta inguruko harri artean lo egin beharko zutelakoan zeuden. Azkenean aurrera jarraitzea erabaki eta zubiraino heldu ziren, ilunpean eta han ziren laguntzaileak beren zain. Ordurako laguntzaileek Guardia Zibilari deitu zioten. Hurrengo egunean 8:00etan uretan ziren berriz.
340 kilometro nahikoa ez nonbait eta Sil eta Miño ibaietan sartu ziren 1991n 400 kilometro 17 egunetan egiteko asmoz.
Aurrekoaren antzekoa izan zen esperientzia. Bidaia honetan ibaiak ur gutxi zeraman eta urtegietatik ateratzeko nahiko komeri ibili zuten ibai bazterretako lokatza zela-eta. Adar jotze moduan galdetu diot Iñakiri ea badaezpada helikopteroa jakinaren gainean zegoen, eta erantzuna serio-serio: "Bai, helikopteroa tartean zen". Zer egin behar zuten bi igerilariek gizakia oinez iritsi ezin zen ibai zati batean nekatuta aurrera segi ezinik geratuko balira? Bada, azken espedizio honetan helikopteroari deitu zioten esanez helmugara heltzen ez baziren bila joateko uretatik ateratzera. Zorionez ez zen horren beharrik izan.
Bustialdiak eta hoztu aldiak ez dituzte ibaietan soilik jasan. Lehenago esan dugu ibaiez gain lakuak, urtegiak eta itsasoa bera ere gogoko dutela atzeraka igeri egiteko.
1993ko abuztuan Eskoziako Ness laku famatura joan ziren. Lakuak berak igeri egiteko ezustekorik ez omen zuen: 42 kilometro luzeran, 2 eguneko lana, abuztuan, ura bost gradutan eta haizearen eraginez ia itsasoan bezalako olatuak. Ezinegona bizidun batek piztu zieten bi anaiei eta beraiekin joan zen taldeari: munstroak. "Agertuko al da, ala ez?". Lehen aldiz uretan sartu zirenean horixe pentsatu omen zuten Peñatarrek, baina nekatzen eta hozten hasi zirenean munstroaren kezka azkar uxatu zuten. Hori bai, munstroa inguruan ibili bazen ere, ikusteko nahikoa lan izango zuten, lakuko urak kolore iluna baitu. Nonbait, bertako zuhaitzek substantzia bereziren bat botatzen dute eta urak Coca Cola kolorea hartzen du. Ibaietako uretan konformatu ez eta Coca-Colatan plisti-plasta...