Ebrotik beherantz oso ur gutxi jaisten da, lehor lehorra dago, kiratsa dario; aspaldi ez duela euririk egin. Txolarrerik ez dabil inguruan, hauek ere desagertu dira herritik. Bizilagunak urduri daude, ez dute ulertzen hegazti alai hauen desagerpena. Herriko zaharrenek diotenez, txolarreek zer edo zer gertatuko denaren abisua ematen dute beren ihesarekin: lurrikarak, ekaitza, kazkabarra... Honela deskribatzen zuten Nafarroako oinetan dagoen Korteseko biztanleek, Arga ibaia zikintzearen ondorioa. Gertaera hau, 1980an kontatutakoa da. Duela 21 urte. Kortesen, ureztapeneko laborantzatik bizi ziren, artoa, barazkiak, zuhaina... ekoizten zuten. Beraz, ez da harritzekoa ura bizirauteko beharrezkoa zuten nekazari hauek Argaren gaixotasunaz konturatzea. Baina zein egoeratan daude gaur egun Euskal Herriko ibaiak? Zeintzuk dira beraien arazo nagusiak?
KUTSADURA
Gizonak eragindako ur kalitatearen aldaketa dela kontuan hartuz, isurketa garrantzitsuenak hiri, industrialde eta nekazal guneetan gertatzen dira. Hiriko gizaki pilaketa dela eta, berak sorturiko hondakinak ere ugaritu egiten dira. Fosfatoz gainezka datozen urak ibai eta erreketan amaitzen dira. Lantegien isurkinak mila motatakoak izan daitezke: organikoak, paper-fabrikek isuritako zelulosa kasu, edo ezorganikoak, altzairugintzan askatutako metal astunak esaterako.
Arabako mendebaldeko bigarren arana itxuratzen du Baias ibaiak. Ibai hau, nekazal ingurune batean dago, industriaren eraginik gabe, uraren kalitatea ona da, baina Rivabellosa hiria zeharkatzen duenean bertako ur hondakinek ibaia kutsatzen dute, arrain motak murriztuz. Bestalde kutsadura hau nabarmendu egiten da uda partean ur emaria gutxitzen delako eta, euri gutxiago egiteaz gain ura desbideratu egiten delako.
Euskal Herrian industrializazioarekin garatu den gunea da, Nerbioi arroa. Azken urteetan Nerbioi ibaiaren ezaugarri bihurtu da kutsadura. Industriaren eraginez ibaiko ur kalitateak behera egin du. Industriako isurketei bertako langileen hiri hondakinak ere gehitu behar dizkiogu. Bertan nahasten dira hondakin organiko eta ezorganikoak. Uraren mineralizazioa altua da, baina ez soilik industriaren erruagatik, bere geologia dela eta gazitasun naturala inguruko ibaietan baino handiagoa da.
Hala ere, uraren kutsadura ez da hiriguneen inguruko arazoa soilik, nekazal jarduerak ere hainbat kutsatzaile sortarazten ditu, herbizida, intsektizida eta ongarriek batez ere. Nekazaritza eta abeltzaintza jarduera nagusienak dituen arro bat aipatzerakoan, Karrantza adibide garbia da. Giza populazio txikia duen arren abere ugariren zama jasaten du ibaiak. Urtean zehar ibaiak naturalki garbitzen ditu soberakin kutsatzaile horiek, baina udako lehorteetan eutrofizazioa agertzen da.
IBAIETAKO HABITATA
Ibaiak oso sistema ezegonkorrak izanik beraien inguruan habitat heterogeneo eta konplexuak eratzen ditu mila motatako animalia eta landareen bizitza baimenduz. Egoera natural hau etengabe suntsitzen ari gara bertako bizidunak akabatuaz. Arriskupeko animalia asko eta asko ibaiko ekosistemari lotuak daude. Esaera zaharrari kasu eginez, alferrikakoa da ura joan eta gero presa egitea. Giza beharrei erantzuteko, historian zehar askotan suntsitutako ekosistema da ibaia, errotez gain XVII. mendean Gipuzkoa eta Bizkaia artean 300 burdinola baino gehiago zenbatu ziren. Gerora, zentral hidroelektrikoak eraiki ziren ibaietan. Gaur egun suntsiketa nagusienak kanalizazio eta urtegiek burutzen dituzte.
1983ko uholdeak sorturiko ikara dela eta Oriako ibaiertzak kanalizatzeari ekin zitzaion. Ustez uholdeak saihesteko, baina kanalizazioaren eraginak ere ez dira urriak, ibai ertzeko landare eta animaliak desagerrarazteaz gain uretako bizia ere kolokan jarri baita. 1999ko udan gertatu zen moduan; eutrofizazioak dakarren oxigeno eskasiari uraren tenperatura altua gehitu zitzaion, zegoen oxigeno apurra galduz. Arrainak hil egin ziren. Ibaiertzetako landarediak erregulatzen du uraren tenperatura.
Ura altxor preziatua izanik geureganatu nahian gabiltza eta urtegiak dira ura maneiatzeko asmatu dugun modu bat. Manipulazioaren adierazle Itoiz. Arroa urperatzearekin ibai eta ibaiertzeko ekosistemak apurtzen dira. Hain zuzen, Urrobi eta Irati ibaiak gaineztatuko dira bertako hiru erreserba naturalak ukituz. Jadanik obrek igaraba kanporatu dute. Honela jarraituz gero muturluze pirinearrari ere beste etxeren bat bilatu beharko diogu.
Esan dugun moduan hiri eta industrializazioa ez dira ibaien etsai bakarrak, nekazaritza intentsiboak ere gogorki zigortzen ditu ibaiak. Inglares arroan, Arabako gainontzeko beste arroetan bezala, nekazaritza intentsiboak ur bazterrak aldatu ditu. Orokorrean uren kalitatea ona izan arren, agorraldietan eutrofizazio arazoak azaltzen dira. Eutrofizazio arazoak gainditzeko ibai ertzeko basoak lagungarri lirateke.
Denok dakigunez izokina arrain migratzailea izaki, ibaian gora eta behera mugitzen da. Baina, zer gertatzen zaio metro askotako horma batekin topo egiten duenean? Hiru metrotako pareta muga gaindiezina da izokinarentzat eta bere moduko arrain migratzaileentzat. Gure ibaiak oztopoz beterik daude, presa, kanalizazio, noria eta errotak ugari dira. Asko eta asko gaur egun erabiltzen ez diren arren uretako faunaren ibilbideak ebakitzen dituzte. Zadorra ibaian, anitzak dira oztopoak eta arrainak mosaiko moduan banaturik daude, Ullibarriko urtegitik behera izokindegiak daude, Gasteizetik behera ziprinidoak Arceko zatian aldiz nahiz uren kalitatea hobetu kanpoko espezie ugari dago. Ebro ibaian dauden presa ugarik eta kanpotik ekarritako karramarro gorri amerikarrak aingira desagerrarazi dute.
Oztoporik gabe, izokina gustura dabil Bidasoan gora eta behera, urak kalitate ekologiko ona du. Izokinez aparte bertan arrain asko daude, amuarrainak, piskardoak, loinak, lasunak eta platusak.
Ura energia iturri eta lehengai garrantzitsua da. Aprobetxatze gune asko dago eta honek inguru batzuetan ur emari eskasia eragiten du. Esate baterako Gipuzkoan kasurik larrienak jauzi hidroelektrikoenak dira, hauek ur emari handiak erabili behar izaten baitituzte. Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldean uraren eskasia ez da larritzekoa, arazo batzuk sortu arren. Baina, Nafarroa eta Araban klima aldaketa dela eta, ura ezinbesteko bilakatzen da, batez ere nekazaritzatik bizi den biztanleentzat. Askotan ibaiak desbideratu egiten dira nekazal lurrak ureztatzeko. Ibaiak arro osoko jarduerak islatzen ditu. Honela, ondoen kontserbatzen den ibaietako bat Lea da, Munitibarretik Lekeitiora doan aranean dago, oso egoera onean. Populazioa urria sakabanatuta dago eta ez dago industriarik. Baina, euri asko egiten duen garaian burdin eta aluminio kontzentrazioak gora egiten dute. Gaur egungo basoen kudeaketak lurrak biluzten ditu eta euriak berarekin lur sailak eramaten ditu, noski hau guztia ibaian garraiatzen da itsasoraino.
Euskal Herriko ibaietan ahalegin handia egin da uren kalitatea hobetzeko, baina ibaiertzetako basoetaz aspaldi ahaztu ginen. Udan gertatzen diren arrainen heriotza masiboei aurre egiteko eta ibaietako bizitza mantentzea nahi badugu, bertako landaredia berresTestua:
kuratu beharko dugu. Berriz ere bisoi europarra, igaraba eta muturluze pirinearra gure artean izango ditugu