DIGITALIZAZIOAK LAN ARAZO BERRIAK ERAGITEN DITU


2021eko uztailaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Digitalizazio prozesua gaur egungo legerian jasotzen ez diren arazoak edo lan-gatazka berriak ari da sortzen enpresetan. Lantegietako hitzarmenetan ere ez dira kontuan hartu izan orain artean. Espainiako Estatuan bi epai eman dira enpresetako langileek beren komunikazioetarako posta elektronikoa erabili izanagatik jarritako salaketen ondorioz; baina bietako inork ez dio gaiari bere sakontasun osoan erantzun. Espainiako Entzutegi Nazionalak joan den otsailean eman zuen bere iritzia Banco Bilbao Vizcaya Argentaria BBVA-ko zuzendaritzaren eta CCOO sindikatuaren artean lantokian posta elektronikoa erabiltzearen inguruan sortutako auzi batean. Sindikatu honek 1999az geroztik «e-maila» erabiltzen zuen bere komunikaziorako, baina bankuak filtro bat jarri zuen, sistema informatikoa gaindituta utzi zuelako. Entzutegiak erabaki zuenaren arabera «enpresak badu eskubidea sindikatuari e-mailaren erabilera kaltegarririk ez egiteko eskatzeko», baina ez du sindikatuaren eskubidea aitortzen; eskubideak indarrean jarraitzen duela eta muga batzuk dituela egiaztatzen du, aldiz.

Bada beste epai bat Epaitegi Gorenak emana 1995ko urrian. IBMko sindikatu batek bere komunikazioetarako e-maila erabiltzen uzteko eta bere WEB orrian leku bat emateko eskatu zion zuzendaritzari. Auzian aritu ondoren, Epaitegi Gorenak ez zuen onartu sindikatuak horretarako eskubiderik zuenik eta gaur egungo legeriak horrelakorik aurreikusten ez zuela esan zuen. Beraz, langileek enpresako e-maila erabiltzeko eskubideari dagokionez, arau-hutsune baten aurrean gaude, eta ez dago horri buruzko nahiko jurisprudentzia.

POSTA ELEKTRONIKOAREN ARAZOAK.

Enpresen digitalizazioak arazo berriak sortzen ditu langileen komunikazioan. Arazo gehienak lau esparrutan biltzen dira eta honako galderei erantzungo liekete: enpresariak ba al du eskubiderik langile baten e-maila irekitzeko? Enpresariak ba al du eskubiderik langile baten ordenagailuan sartzeko? Enpresak ba al du eskubiderik langile batek egiten duen Interneten erabilera kontrolatzeko? Sindikatuek bere komunikazioak egiteko e-maila erabiltzeko eskubiderik ba al dute?
Gai hauek orain artean ez dira ia batere aztertu izan. Nolanahi ere, martxoan E-labor izeneko topaketa batzuk izan ziren Cuatrecasas.com enpresak antolaturik. Arazo horiek landu dituzten topaketa horren berri luze eta zabal eman dute ekonomiako gaiei buruzko «Expansión»egunkari madrildarrean. Bertako hizlarietako bat Pompeu Fabra Unibertsitateko Lan Zuzenbide eta Gizarte Segurantzako katedraduna eta Cuatrecasas.com-eko aholkulari Salvador Del Rey izan zen, eta «komunikazio telematikoen erabateko iraultza» azpimarratu zuen. Bere iritziz, orain artean jende gutxik erabiltzen zuen telefonoa lanerako tresna gisa, baina orain PCa, hardwarea eta softwarea edozeinek erabiltzen ditu bere lanerako. Erabateko «jauzi kualitatiboa» egin da.
Enpresatan gertatzen den e-mailari buruzko arazoa aztertzeko garaian, Del Rey-ren ustetan, e-maila irakurtzen eman daitekeen denbora da benetako arazoa. Katedradunak emandako datuen arabera, langile batek hogeita hamar e-mail inguru jaso ditzake egun batean, eta bi ordu behar ditu horiek irakurtzeko, bideratzeko eta erantzuteko. Bide horretatik jarraituz gero, 2002. urterako lau ordu beharko ditu.


Erantzun legalik gabeko galderak.

Enpresariak langilearen e-maila irekitzeko zenbaterainoko eskubidea duen zalantzan jartzen duen lehenengo galderari dagokionez, Del Rey-k dioenez, Justiziako Epaitegi Gorenen hainbat epaitan onartu egiten da eskubide hori. Posta elektronikoa enpresarena denez, enpresariaren esku dago hor sartzea. Nolanahi ere, katedradunaren esanetan, enpresak gutxieneko interes bat bederen behar du e-mail horietan begiratzeko, baldin eta delitu zantzurik ez badago. Del Rey-k gomendatzen duenez, enpresak jokabide-arauak eduki behar ditu, eta arau horien artean garbi adierazi behar du e-maila lantokiaren tresna bat dela eta bertako gai profesionaletarako soilik erabil daitekeela.
Langilearen ordenagailuan sar daitekeen galderari dagokionez, Langileen Estatutuak langileen armairu pertsonalari buruz ezarritakoak balio dezake Del Rey-ren ustetan. Enpresako titularrak badu horretarako eskubidea, baina baldintza jakin batzuk betetzea ziurtatu beharko du beti, esate baterako langilearen duintasunarekiko begirune osoa eta sindikatuen ordezkari bat aurrean egotea.
Hirugarren galdera Interneten erabilerari buruzko enpresaren kontrolari dagokio. Langileak Interneten egiten duen ibilbidea eta bisitatzen dituen web orriak enpresariak kontrola ditzakeen jartzen da zalantzan. Katedradunaren ustez, Internet norberaren gauzetarako erabiltzea zigortzeko moduko jokabidea da, nahiz eta, bere iritziz, enpresak argi adierazi beharko lukeen Interneten erabilerak beti laneko gaiei loturik egon behar duela. Enpresariak ez badu aurrez adierazpen argi bat egiten, pribatutasun irudipen bat sor daiteke langileen artean, eta horiek esan dezakete inork ez diela inoiz jakinarazi ezin zutela Internet bere gauzetarako erabili. Aurrez adieraziz gero berriz, nahiz eta legezko arau garbirik ez egon, enpresariak, enpresaren ikuspegitik nolabaiteko interesen bat baduela frogatuz gero, aukera izango luke e-mailak begiratzeko eta Interneteko ibilerak kontrolatzeko, betiere langilearen duintasuna errespetatzen duela ziurtatuz.
Laugarren galdera sindikatuek beren komunikazioetarako posta elektronikoa erabiltzearen eskubideari atxikita dago. Del Rey katedradunak erreportaje honen hasieran aipatu ditugun BBVA eta IBMren epaiak aipatzen ditu. Bere ustez, bi epai horiek ez diote sindikatuen eskubide horri buruzko arazoari irtenbide garbirik eman. Hala ere, bere iritziz, epai horiek adierazten dutenaren arabera, sindikatuek e-maila erabiltzen dutenean muga nabarmen bat izango dute: konpainiaren zerbitzariak gainezka egin ez dezan saiatu beharra daukate.
Ikusten denez, enpresen digitalizazioak, lan arazo berriak eragiteaz gainera, zalantza ugari sortzen du. Eta horrek, batetik, arautze bat eskatzen du enpresaren aldetik eta, bestetik, hitzarmen kolektiboetan horrelako egoerak aurreikustea.


INKESTA BAT.

Azken asteotan ezagutu da Kataluniako Domeus.es enpresak egindako inkestaren emaitza. Horren arabera, langileen %74k bere betebehar pertsonaletarako erabiltzen du posta elektronikoa, eta %95ek telefonoa erabiltzen du zentzu berean. Inkestari erantzun diotenen %59k, bere mezu pribatuetarako eta sarean nabigatzeko, astean 30 minutu inguru erabiltzen duela aitortzen du; %37,1ek 30 minututik ordubetera bitartean; eta %4,8k astean bi ordutaraino.
Inkestari erantzun dioten gehienen ustez, enpresak ez luke langileen posta elektronikoa begiratu behar. Enpresa askoren ustetan, ezinbestekoa da posta elektronikoaren erabilera arautzea, eta sindikatuek, berriz, hortaz baliatzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Hainbat elkartek horri buruzko kode etikoa bultzatu nahi du

Ekonomia berriak lan antolamendua irauli du
Ekonomia berriak informazioaren autobideekin, sare globalekin eta sareetako teknologiarekin erabateko iraultza ekarri du lanaren antolamenduan, eta hainbat sindikatu hasiak dira baliabide hauek guztiek lan munduan izan dezaketen eragina aztertzen eta horri buruzko gogoeta egiten. Iraultza honen eraginik handienetakoa, inolako zalantzarik gabe, orain arte enpresek zekarten langileen kontzentrazio handi horiek hautsi eta langileen sakabanaketa eta isolamendua ekartzean datza. Lehenengo industri iraultzak sakabanaturik zeuden langileak lantegi handietan biltzea eragin zuen, eta orain, atzera, aurkako bideari ekin zaio lanaren antolamendua hankaz gora jarriz.

Enpresarientzat antolamendu berri hau askoz errentagarriagoa da, lantegi handi batean biltzen aritu gabe, bulego txikietan sakabanatuz; norberaren etxebizitzetan isolatzeraino ere hel daiteke. Horrela, lehen telelangileak sortu dira. Hori dela eta lan arloko gatazka berriak sor daitezke, baina askoz ere banakakoagoak izango dira, eta gatazka kolektiboak desager daitezke. Gainera, horrelako lan antolamendu batean sindikatuen lana ere zailagoa gertatzen da, eta pixkanaka desagertu egingo litzateke enpresetako sindikatuen burokrazia, gaur egun zenbait ordezkari sindikalek duten ia erabateko liberazio egoera ere desagertaraziz.
Lan antolamendu hori langileen arteko elkartasunerako ere kaltegarri izango litzateke. Langile bat bere testuingurutik ateratzen denean, isolamendurako eta bakardaderako bidean jartzen da. Etxetik lanean aritzen den langileak gizartearekiko loturak galtzen ditu, eta, horren ondorioz, gaitasuna galtzen du behar lukeen garaian bere aldarrikapenak modu kolektiboan bideratzeko. Testuinguru horretan askoz zailago gertatuko lirateke langileen edo sindikatuen edozein eratako mobilizazioak. Hala, enpresariek gizartearen presio txikiagoa erdiesten dute


Azkenak
Hezkuntzaren merkantilizazioa eta noraezaren aurrean, HezkuntzArtea sortu da!

Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


Zilbor-hestea

Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.

Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]


Kaleratzeak Stop-ek PSE-EEri leporatu dio EAJren Etxebizitza Legea “puntuz puntu” betetzea

Plataformak "atzerapausotzat" hartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri agendako sailburu Denis Itxasok berriki iragarri izana lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaistea. Pradales agintera iritsi zenetik alokairu soziala eskatzen... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


Haur eskoletan euskarazko ehun plaza gehiago eskainiko ditu Iruñeko Udalak hurrengo ikasturtean

Euskarazko eskaintza handitzeko akordioa erdietsi dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak


2025-03-10 | Behe Banda
Kartoizko eta prezintuzko eskultura, ama, ni eta pailazo bat

Behe bandako zutabea bezain erlojuaren aurka prestatzen ditut mozorroak, korrika, aztoratuta, zalantzaz, erretxin, estropezuka eta sarri arrakasta ez erabatekoarekin; adibidez, zutabe hau eta biharko mozorroa. Oraindik ez dakit bietako zein bukatuko dudan lehenago. Baina... [+]


Alemaniako poliziak istiluak eragin ditu M8ko manifestazioan, Palestinaren aldeko mezuengatik

Berlinen martxoaren 8an izandako manifestazioa gogorki erreprimitu du Poliziak. Palestinaren aldeko aldarriak zeramatzaten manifestariek. Agintariek Alemanian arabierazko abestiak eta diskurtsoak debekatu dituzte manifestazioetan, "segurtasun publikoko" arrazoiak direla... [+]


Israelek Gazari argindarra moztu dio Hamas estutzeko, Netanyahuren hitzetan

Israelek Gazarako su-etenaren urraketa ugari egin ditu urtarrilaz geroztik: zerrendako palestinarrak oinarrizko laguntzarik jaso gabe egon dira ia astebetez, eta Netanyahuk azken egunetan mehatxu egin ondoren, argindarrik gabe utzi ditu orain. Dohan ordezkari estatubatuarrekin... [+]


Gasteizko greben bideo ezezagunak aurkitu ditu Martxoak 3 elkarteak Erresuma Batuko artxibo batean

Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak... [+]


85 urteko espetxe zigorra eskatu dute Hondarribiko surf irakasle erasotzailearentzat

11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.


Al-Assaden ehunka jarraitzaile eta zibil hil ditu Siriako armadak, “mendeku gisa”

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak salatu du gobernuko indarrek gutxienez 800 zibil hil dituztela Latakia probintzian, "odol hotzean". Ahmed al Sharaa Siriako behin-behineko presidenteak iragarri du "batzorde independente" bat eratuko dutela gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude