Bougainvillea ondo izen zaila izanagatik, erraz asko ikasia du, dagoeneko, lorazale jendeak. Bougainville abizeneko Louis Antoineri (Paris, 1729 - 1811) zor diogu. Matematikari, zientzialari, legegizon, gudari eta esploratzaile, 1767 eta 1769 artean munduari bira jo eta idatzi eta Itsaso Bareko zoko ugaritan izen-arrastoa, ezagunena Papua Ginea Berrian, utzi zuen marinel honen ohorez darama landare-genero batek izen korapilatsu gogaikagarri hau.
Hego Ameriketako lur tropikaletakoa bada ere, egun mundu osoko lurralde epeletan landare apaingarrietan erabilienetakoa dela esan daiteke; Nairobiko aireportutik hiribururainoko kilometro eta kilometro autopistan, Dubrovnikeko jauregi edo txabola, etxe gehienetan, itsasoko haize-punttua duten euskal herrietan... turismoak eragindako kolonizazio bizian ari da Bougainvillea mundu osoan. Epelaren bila joan eta txoratu antza dabilen egun apur horietan bere loraldiaren onenean ikusten du eta etxera nahi eta nahiez ekarri egin behar. Hogeita bost metro arte hazita, lore more, larrosa, laranja edo zuriz lepo, espektakulu txoragarria da bai, baina han. Landareak ekarri eta orduantxe hasten dira komeriak: ez da hazten, berdea zena ihartze-aldera makurtzen da, soildu eta laster batez! Bougainvillea ohaide garesti horietakoa da: lur asko eta gozoa, ura ugari baina ito gabe, lasai hazteko hesi, horma edo abar eskuera, egutera-egutera, neguan berokia eta abar dira lorea oparo ematea nahi baduzu ezkontza kontratuan jarriko dizkizun oinarrizko eskaerak. Hortik aurrerakoak zerorren abilidadea, bakoitzak bere artea...