argia.eus
INPRIMATU
Eguzki energiaz baliatzen diren hainbat instalazio
2007ko otsailaren 21
INSTALAZIO TERMIKOA ETXEBIZITZA FAMILIABAKARRETAN. Eguzki instalazio termikoaz baliatzen da irudian agertzen den Oiartzungo etxebizitza familiabakar hau. Sistema honen bitartez, ur sanitarioa eta berokun-tza bermatzen dira hein batean. Etxe berriek askotan energia sistema ezberdinak konbinatzen dituzte, elektrizitatea, gasa eta instalazio termikoa esaterako. Agian termikoak ez dituelako beti gure behar guztiak asetuko, eta bestelako iturriak edukitzea lagungarria delako eskasia garaietarako. Etxe berri batean, horrelako instalazio termiko batek ez du etxebizitzaren prezioa igotzen, %1 garestiagoa izango litzateke bakarrik eta dirua aurrezten lagun-tzen du, ingurugiroa zaintzen laguntzearekin batera. 4-6 metro koadroko instalazio batek batez besteko familia baten ur bero sanitario beharraren %60-75a asetuko luke. Halako instalazioa ezartzeak 500.000-600.000 pezeta balio du.

ARGIA LORTZEKO PLAKA FOTOVOLTAIKOAK. Eguzki instalazio fotovoltaikoak oso egokiak dira sare elektrikoa urrun dagoen lekuetarako. Pasaiako portuan badira hainbat adibide. Askotan errentagarriagoa da eguzki plaka fotovoltaikoak ezartzea itsasgaineko objekturen bat argiztatzeko, elektrizitate sarea urazpitik edo leku zailetatik pasatzea baino. Antzera gertatzen da bide seinaleen kasuan, sare elektrikoa errepideetara hurbiltzea baino errazagoa da eguzki plaka seinalearen goiko aldean jartzea. Gainera, kontuan hartu beharra dago eguzki energia energia berriztagarria dela eta ez duela elektrizitateak bezainbeste kutsadura sortzen. Euskal Autonomia Erkidegoan 350etik gora instalazio fotovoltaiko dago, horietako gehienak sistema autonomoak dira, ez daude sare elektrikoari konektatuak.
USURBILEKO KIROLDEGIA. 1999an jarri zuten instalazio termikoa martxan Usurbilen. Instalazioa finantzatu ahal izateko Madrilgo Gobernutik eta Energiaren Euskal Erakundetik (EEE) laguntzak jaso zituzten. Hamar bat urtetan amortizatuko dute 48 kW-ko potentziako instalazioa ipintzeko eginiko inbertsioa, baina gasoilaren prezioak gora egin duenez, badirudi lehenago emango diotela buelta. Kiroldegian ur bero ugari behar zen (igerileku klimatizatua, dutxetako ura) eta eguzki energia termikoaren alde egin zuten. Arrazoi ekologikoek ere izan zuten bere pisua. Kiroldegia abuztuan itxia izaten da, energia gehien ekoizten den sasoian hain zuzen. Etenaldi hori igerilekua hustu eta plaken bitartez lortutako ur beroarekin betetzeko baliatzen dute.

UGARO HERRI ESKOLA. 2001eko otsailaz geroztik daude martxan plaka fotovoltaikoak Legorretako eskolan. 10 plaka daude eta urteko kilowatt bat erdiestea espero dute. Kasu honetan, eguzki energiaren erabilpenak helburu didaktiko bat du. Duela hiru urtetik Ugaro herri eskola Europako ekoeskola kanpainan murgilduta dabil. Hiru urteko kanpaina honen baitan, aurtengoa energia jorratzeko urtea zen. Hori dela-eta energi berriztagarriak aukeratu zituzten, eta horien artean eguzki energia. Greenpeacek Eguzki Eskolen Sarea proiektua zuen, eguzki energia ustiatuko duen ikastetxe sarea osatzea helburu izanik, eta horri jarriki, sareari konektaturiko instalakuntza fotovoltaikoa ezarri zuten. Instalazioa ezartzeko arazorik handiena finantziazioa zen, instalazioak milioi eta erdi pezetako kostua zuen-eta. Hori ordaindu ahal izateko, Eredu enpresaren eta EEEren laguntza jaso zuen. Greenpeaceren proposamena plakak teilatuan ezartzea zen, baina beraiei komenigarrriagoa iruditu zitzaien eraikinaren aurrealdean jartzea, ikasleek prozesua ondo ikus zezaten. Oraindik ez dute Iberdrolarekin kontraturik sinatu, elektrizitatearen trukeko dirua jasotzeko