"MAROKOREN TRAPU GORRIA HAN DAGOEN BITARTEAN, EZ NAIZ SAHARARA ITZULIKO"

  • PERFILA. "Zer egiten du kristau honek basamortuan?" pentsatu zuen saharar batek, begi urdin hilegorri hura lehenengoz ikusi zuenean. Oso gutxira denek ezagutzen zuten Fatimetu. Errefuxiatuen kanpamenduan erizain, behin marokoar armadako militar bat heriotzetik atera zuen. Gaur militar hura kanpamenduan bizi da, hormarik gabeko basamortu zabalean "preso", baina beretzat desio duen askatasuna ez die sahararrei opa. Malkoak eta barre algarak eragin dizkigu Gurutzek, eta bitartean semeak hiru te prestatu ditu, sahararrek bizitzari hartzen dizkioten zaporetakoak: lehenengoa bizitza bezalakoxe garratza. Bigarrena suabea, heriotza bezala. Hirugarrena maitasuna bezain gozoa.
Ormaiztegin jaio, Iruñean erizaintza ikasi, Madrilen lan egin... Zerk eraman zintuen Saharara?
Nik sahararrak Tenerifera lanera joan nintzenean ezagutu nituen, 1973an. Momentu hura haientzat oso berezia zen, Fronte Polisarioa sortu berria zen eta independentziaren aldarrikapenak pil-pilean zeuden. Marokoarren inbasioa gertatu zenean ni oso inplikatua nengoen sahararrekin eta ez nuen ia pentsatu ere egin, iruditzen zitzaidan joan egin behar nuela laguntzera. 1975eko abenduaren 1ean abiatu nintzen, Franco hil eta hamar egunetara.
Gaur kanpamenduak dauden tokira joan nintzen. Orduan ez zegoen kanpamendurik, jendea irteten ari zen, eta inbasioko garai gogor hura zen. Han gertatu ziren astakeria denak bizitzea tokatu zitzaidan.

Zein izan zen herri hark eman zizun lehen inpresioa?
Ni ez naiz oso konszientea, inbasio egoera hartan astirik ere ez nuen kultura eta paisaia hark sortu zidan inpresioaz jabetzeko. Zu inbasio bat bizitzen ari zarenean eta egunero bonbardatzen zaituztenean napalm eta fosforo zuriarekin, eta jendea euliak bezala hiltzen ari denean, eta ikusten duzunean Marokoren helburu bakarra dela herri hori desagertaraztea... astirik ere ez inpresioak barneratzeko! Jateko ia ez genuen ezer ere, urik ere ez... baina hori dena ez duzu nabaritu ere egiten, zeren gauero oheratzen zara pentsatuz "beno, gaur ez naiz hil, bihar ea zer gertatzen den". Halako egoera gogorrean esaten duzu "beno, baina zer kristo egiten dut nik hemen? Zer obligazio daukat nik hemen egoteko?" baina bestetik: "hau dena gertatu eta nik nola egingo dut hemendik alde?"

Marokoarren inbasioa lehertzean, Tinduffetik gertu (Aljeriako hiria), Saharako mugatik hurbil dauden kanpamenduak eraikitzen hasi ziren...
Oso latza izan zen, inbasioa lehertzean herria bera ez baitzegoen horri aurre egiteko antolatua: inbasioa gertatu baino hilabete lehenago, gaur errege den Espainiako Juan Carlos printzea Espainiako tropak lasaitzen aritu zen, esanez ez zela ezer gertatuko, zurrumurruak besterik ez zirela... bere ageriko zurikeriatan. Eta Fronte Polisariokoek ez zekiten seguru zer gertatuko zen, gainera eurak lau katu ziren eta ez zeukaten herriko azpiegitura dena antolatzeko modurik, klandestinitatean bizi baitziren mendian. Orduan, hegoaldetik mauritaniarrak eta iparraldetik marokoarrak sartu zirenean, batetik jendea babestu beharra zegoen, bestetik gizonezkoak frontera joaten hasi ziren eta hori dena antolatu beharra zegoen, jendeak janaria behar zuen, kotxeak, gasolina... Garbi zegoen sahararrak desagertarazi egin nahi zituztela, eta guk ez genien erraztasun gehiegi eman: eurentzat aproposena izango zen jende guztia hartu, konboi handi bat egin eta muga pasatzea, baina hori estrategikoki ez zen komenigarria. Horregatik kanpamendu txiki batzuk egin ziren, pixkanaka jendea pilatzen joateko, eta gero aldiko taldetxo batzuek mugatik ateratzen joateko. Egia dena da ez zegoela ezer ere: zerua goian eta lurra behean. Gerora mundua ohartu zen gertatzen zenaz eta laguntzak bidali ziren, baina hasierako hilabeteak desastre hutsa izan ziren.

Hezkuntzari garrantzia handia ematen omen zaio errefuxiatuen kanpamenduetan...
Hasiera hasieratik, bai osasuna eta bai hezkuntza izan dira Fronte Polisarioak oso garbi eduki dituen bi helburuak. Ume denak, %100 eskolarizatuta daude. Hori Afrikan pentsaezina da, eta eurak dauden egoeran (erbesteratuak) oraindik zailagoa. Eskolan arabieraz ikasten dute, gaztelera berriz bigarren hizkuntza bezala. Kalean hassaniera hitz egiten da (arabieraren dialekto bat da). Eskolan helduek ere programa batzuk dituzte. Badira emakume helduentzat eskolak, eta urtebetez irakurtzen eta ikasten aritzen dira bertan, eta aldi berean makinarekin josten, edo idazkaritza edo haurzaintza ikasten dute.
Kanpamenduetan lortu den beste gauza bat, eta niretzat oso garrantzitsua dena, izan da herri bat osatu dutela, oso antolatua, nahiz eta bizimodu zeharo ezberdinetako jendea heldu den bertara. Batzuek ordura arte bizimodu oso okzidentalizatua zeramaten (etxe onetan bizi ziren, lanpostu bat zuten hirian, Kaukason oporrak pasatzen zituzten...). Eta gero badago basamortuan nomada gisa bizi izan den jende asko. Jende horrek denak kanpamenduan bizitza berri bati ekin dio, denek arau batzuk errespetatuz. Umeei txertoa jarri behar zaie derrigor eta eskolara bidali behar dira. Hori asko kosta da, nomadek toki finko batean bizitzera ohitu behar izan baitute haurrak eskolara bidali eta eritetxea eskura eduki ahal izateko. Bizitza okzidentalizatua zutenek, berriz, baliabide gutxiagorekin moldatzen ikasi behar izan dute. Egoera berria izan da denentzat, eta bakoitzak utzi behar izan du partetxo bat beste denen hoberako.

Bertan erizain lanetan aritua zara. Zein dira bertako gaitz larrienak?
Hasierako garaitan jendea euren etxeetatik oinez joaten zen kanpamenduraino, soinean zeukanarekin basamortuan barrena; pentsa ze egoeratan iristen ziren. Geroztik gauzak aldatzen joan dira, baina sekula aldatzen ez dena da han udan 40°tik gorako beroa dagoela, neguan berriz hotza, hondar ekaitzak etortzean airean hondar asko egoten dela... Udan sabeleko gaitzak izaten dira, beherakoak eta halakoak. Neguan bronkitisak eta katarroak. Jendearen osasuna nahiko ona da egoera horretan bizi direla kontuan hartuta. Han goserik ez dago, baina gabeziak bai. Badira gauza batzuek apenas jaten direnak: arrain freskoa eta barazki freskoa esaterako. Beraz bitamina aldetik-eta gabezia batzuek badituzte. Gainera emakumeak haurdun daudenean anemiak-eta izaten dira. Gaur egun Espainiatik espezialitate ezberdinetako mediku talde asko joaten dira bertara, eta egoera ez da amestu daitekeen onena, baina tira.

Munduan hiesaren gaitza garatu dezakeen GIB birusaz kutsatutako 30 milioi gaixotatik 25 milioi Saharatik beherako Afrikan bizi da. Saharan bertan hiesa zenbateraino hedatu da?
Saharan ez dago hiesa duenik. Gaixotasun hori ez da orain arte bertara iritsi, eta gainera promiskuitaterik ez dute onartzen. Basamortua oso toki berezia da, naturak gaixotasunei jarritako muga bat da: Inguruko herri guztietan kolera da gaitz endemikoa, eta Saharan ez dago. Ez dakigu beroak birusak akabatzen dituen, edo zergatik den. Hezetasuna %0 da, eta agian horrek izango du eraginik. Gerran balekin zaurituei tetanosa ez zaie jartzen, eta inoiz ez da tetanosik egon.

Kanpamenduetan erbesteratuta bizi den jendeak nola bizi du egoera politikoa?
Ni azkenekoz, urrian egon nintzenean jendea oso erreta aurkitu nuen, nahiz eta pazientzia handikoak diren sahararrak. Nazio Batuek erreferenduma ez dakit zenbat aldiz atzeratu duten, eta egin duten azkenengoa izan da "Hirugarren Bidea" aurkeztea, alegia Marokoren barnean autonomia bat proposatzea. Eta sahararrak ez daude hori onartzeko, ez dituzte 25 urte erbestean eman autonomia bat lortzeko, haiek oso garbi daukate independentzia dela nahi dutena. Gainera autonomia bat proposatzen zaie, zeinekin eta Marokorekin! Autonomia hori hutsaren hurrengo litzateke. Sahararrak konturatu dira Nazio Batuek egin dutela beste denek egiten duten gauza bera, alegia handien interesak defendatzea: Marokok Frantzia du bere atzetik, eta interes ekonomikoak besterik ez ditu, baina hori nahikoa izaten da herri bati askatasuna kentzeko. Sahararrek garbi esaten dute: hemen irtenbide bakarra tiroak botatzea da. Gertatzen dena da gerrara itzultzea oso gogorra dela, eta eurek inork baino hobeto dakite, baina nik uste momentu honetan ez zaiela beste irtenbiderik gelditzen, zoritxarrez. Zentzu horretan haserretuta daude, baina itxaropena galduta ez, inola ere. Eurek garbi esaten dute: gu itzuliko gara, onean edo txarrean, baina itzuliko gara.

Saharar haurrak Euskal Herrira etortzen dira uda pasatzera. Ez al da krudela udan hemengo bizitza erraza erakutsi eta gero euren errealitatera bueltan bidaltzea?
Ez zait hala iruditzen, inola ere. Ume horiek oso garbi daukate itzuli egingo direla, hangoak direlako. Eta gainera ilusioa egiten die itzultzeak, euren senideei opariak eraman eta dena kontatzeko. Oporraldi hauek hezkuntza aldetik ere badute bere garrantzia. Badira gauza batzuk saharar umeek ulertu ezin dituztenak hona etorrita ikusi ezean: hango eskoletan nola esplikatzen diezu umeei itsasoa zer den, edo hegazkina, inoiz halakorik ikusi ez badute? Eta beste pertsona batzuk nola bizi diren ikusteak, nik uste indarra ematen dietela euren independentzia lortzean nola bizi nahi duten imaginatzeko.
Hemengo familiek kontatzen didatenez bertako umeek asko ikasten dute hangoengandik: guk umeak oso berekoiak egin ditugu, eta hangoek ez dute ezer, baina duten apurra banatu egiten dute. Gainera familien artean oso harreman politak sortzen dira, iraun egiten dutenak (gutunak, deiak, euren etxeetara joatea) eta horrek hemengo jendearen sentsibilitatea pizten du, zeren zuk ume saharar bat eduki baduzu etxean, telebistan Sahara entzun orduko azken berria entzutera jartzen zara.

Nola bizi izan du Islama hemendik joandako emakume batek?
Sahararrak islamiarrak dira, baina tolerantzia handikoak. Euren artean badago Islamaz paso egiten duenik, eta horregatik ez die inork ezer esaten. Emakumeak ere nahiko bereziak dira, aljeriar eta marokoarrekin konparatuta. Hemengo etxeko andreen parekoak dira nolabait: kanpora begira gizonezkoak agintzen du, baina etxeko negozioa emakumeak antolatzen du, garai bateko baserrietan gertatzen zen bezala. Eta azkeneko 25 urteotan gizonezkoak egon ez diren heinean, emakumeek hartu behar izan dute kanpamenduetako antolamendu guztia. Ez daude gure parean ere, baina islamiar denak ez dira talibanak. Guk daukagun irudia eta hango emakumeen errealitatea ez da bera, betitik izan dira ezberdinak eta orain tokatu zaien egoeragatik are gehiago.

Bertako kulturan ahozkotasunak indar handia omen du, eta bertsolari modukoak ere ba omen dira...
Te baten bueltan orduak ematen dira hizketan, istorioak kontatzen, bertsotan... Han denboraren neurria ez da hemengo bera: gu erlojuari lotuta bizi gara, han lasaitasunari bere denbora ematen zaio. Oso poetikoak dira, eta metaforekin hitz egiten dute asko. Badira erraztasuna dutenak, eta gitarra jotzen duen bat inguratzen bazaie, berotuta, bertso gisakoak kantatzen dituzte bat-batean.
Ahozko tradizioak beste funtzio garrantzitsu bat ere betetzen du, horrela pasatzen baitiete informazioa zaharrek gazteei. Han zaharrak oso estimatuak dira, basamortuko sekretuak zaharrek baitakizkite. Zaharrak familian oso sartuta egoten dira, eta baita lan munduan ere: esaterako armadan zaharrak asko dira gidari lana egiten dutenak, eta haien jakinduria gazteek zurgatu egiten dute. Gainera armadetan oso bertsolari onak daude.

Basamortuak zein inpresio egin zizun lehen aldiz ikusi zenuenean?
Basamortuak ez zaitu inoiz uzten. Bi aukera daude, edo lotu egiten zaitu, baina gainera modu txarrean, edo sekula ez itzultzeko moduko inpresioa egiten dizu. Basamortuko inpresioa oso pertsonala da. Gainera oso ezberdina da basamortua lehen aldiz neguan edo udan ikusi, egunez edo gauez... Bertan bizi izaten bazara baditu momentu nazkagarriak (hilekoa etorritakoan Valium bat hartu eta pare bat egun ohean egotea onena); orain, baditu isiltasuna, argitasuna, egunsentiak, ilunabarrak... Gauetan zerura begiratuta badirudi izar den-denak hor daudela, eta han etzanda te bat hartzea lagunarteko hizketan, paradisua da.

Garazi eta Beñat dira zure seme-alabak. Nolatan jarri zenizkien izen euskaldunak?
Nik izen euskaldunak jarri nizkien eta gainera betitik euskaraz egin izan diet, ez zait beste modu batera ateratzen. Umeok nahasketa baten ondorio dira, eta bi kulturak mantendu behar dituzte. Ez du zentzurik bat bestearen gainetik jartzeak.

Zuk ikasi al duzu arabiera?
Bai, derrigorrez gainera: nire lanean zuzeneko tratua nuen bertako jendearekin eta halaxe ikasi nuen, hassanieraren klaserik hartu gabe. Ez zitzaidan bereziki kostatu. Nik ez dut erridikuluaren zentzurik batere, eta nahiz eta nik esandakoekin jendeak barre egin horrek ez ninduen lotsatzen. Horrek frogatzen du hizkuntza bat ikasi nahi duenak lortu dezakeela. Jarrera kontua da: bertan bizi nahi baduzu bertakotu egin behar duzu, eta haien hizkuntza ikasi, ez zeurea inposatu.

Bete-betean integratu zinen beraz...
Noski. Herri hura den bezalakoa da, nahi baduzu hartu edo bestela utzi dagoen bezala, baina nor da nor haiei esateko zer den egin behar dutena? Baziren gauza batzuk nik ulertzen ez nituenak, edo niretzat zentzurik ez zutenak, baina ez nintzen horretan sartzen eta kito.
Eurak bezalaxe bizi nahi nuen, ez nuen inolako pribilegiorik nahi. Ez nintzen haiei lana ematera joan, ez ezer irakastera. Laguntzera joan nintzen, eta han beste bat gehiago nintzen. Egia da abegi onekoak direla, eta gainera horrelako egoera zail batean inor laguntzera joaten baldin bada, eta eurak bizitzen ari diren momentu txarrak bizitzen baditu eurek bezalaxe, hori dena apreziatzen badakitela.

Zertan dira ezberdinak hemendik joan zen Gurutze eta itzuli den Fatimetu?
Buruko txipa aldatu egiten dizu. Ni konturatzen naiz hemen jendea huskeria batengatik itotzen dela askotan. Ni ere itotzen naiz, noski, baina inbasio bat eta bere ondorioak zer diren ikusi eta gero, oso gauza potoloa behar du ni itotzeko! Balore eskala aldatu egiten da. Hemengo ametsak handikeriak dira askotan: kotxe handia, etxea ahalik eta handiena, oporrak ere kristorenak egin behar dira. Eta hori lortzeko urte osoan estututa bizi zara, eta txikikeria bat gertatzen zaizunean goitik behera erortzen zaizkizu ilusio guztiak. Horretan aldatzen zaitu, eguneroko bizimodua lasaiago hartzen, lagunekin disfrutatzen, garrantzia duten gauzak ez gerorako uzten... bizimodua beste apaltasun batekin hartzen irakasten dizu, eta hori basamortuak egiten du: basamortuan konturatzen zara txindurria baino txikiagoa zarela, eta zure arazoak ez direla hain handiak.

Inoiz pentsatu duzu Saharara bizitzera itzultzea?
Ez dugu ezer garbi erabakita, azken 25 urteotan halaxe gabiltza: bihar eta etziko planak eginak ditugu, baina etzidamukoak... Beñat jaio baino hilabete pare bat lehenago itzuli nintzen Ormaiztegira; lehendik han garaiz aurreko erditzea izan nuen eta ez nuen esperientzia hura berriz ere pasa nahi. Gainera Garazik 12 urte zituen eta kanpora atera beharko zuen ikastera (Kubara beharbada). "Bake Plana" orduantxe sinatu zen, eta erabaki genuen Ormaiztegira etorri, eta han gauzak egonkortzen zirenean itzultzea. Momentuz 12 urte pasa dira, eta nik gauza bat oso garbi daukat: Marokoren trapu gorria han dagoen bitartean, ni ez naiz Saharara itzuliko. Independentzia lortzen bada, agian bai

CURRICULUMA
- Jaio:
Ormaiztegin, 1951n.

- 1975ean Mendebaldeko Saharara joan zen egun bere senarra denarekin. 14 urtez bizi izan da bertan erizain lanetan, eta marokoarren inbasioa, gerra eta herriaren erbesteratzea ezagutu ditu.
- 1989an itzuli zen Euskal Herrira, eta ordutik Ormaiztegin bizi da Garazi eta Beñat seme-alabekin. Mohamed Salem, senarra, Fronte Polisarioko kidea da eta saharar herriaren enbaxadore izan da iaz arte.
- Berari buruzko "Fatimetu" dokumentala atera du "Orio Produkzioak" ek.

BERTSOA
Doinua: Mundua ez da nehoiz izaten
Basamortuko bizitza zer den ez liteke iruditu
idea bati laguntzera joan
eta bihotz bat aurkitu
hondarra leka, hondarra leka
askatasuna handitu
trapu gorria kendu artean
zuk nahio hemen gelditu
Marokorena ta Espainikoa
gauz berak kenduko ditu

Jexux Mari Irazu
ARGAZKIA
Mohamed Embarek Fakal-La (Gurutzeren laguna): "Nik gordetzen dudan Fatimeturen oroitza nirekin joango da hilobira, eta hilezkorra izango da, bere laguntzagatik eta gure kausan izan duen sinesmenagatik. Badakit saharar herriak
ez duela inoiz ahaztuko."
("Fatimetu" dokumentaletik ateratako zatia)

BIZITZAREN PASARTEA
Mohamed Embarek Fakal-La oso maitea nuen. Sahararrek beste izen bat erabiltzen dute bera izendatzeko, "Dah", eta herri osoaren aita esan nahi du. Oso pertsona berezia zen: abertzalea, langilea. Triste zeundenean beti zerbait egiten zuen zu gustura sentiarazteko. Nik Saharara iritsi eta ezagutu nuen lehenengo pertsona bera izan zen. Eta berarekin oso gertutik lan egin nuen, bera ere osasun langilea baitzen. Niretzat nire beste aita zen. Orain gutxi hil da. Hutsune handia utzi dit.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari exijituko dio Barajasko errefuxiatu sahararren deportazioak eteteko

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren batzordeak Munduko Medikuak erakundearen eskaera onetsi du, PSNk aurka bozkatu duen arren. Irailean zehar 40 bat lagunek Mendebaldeko Saharatik Madrilera bidaiatu zuten nazioarteko babes eske eta dagoeneko haietatik hamasei... [+]


Frantziak Marokorekin bat egin eta Mendebaldeko Sahararen gaineko soberania aitortu dio

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokoko Mohamed VI erregeari gutuna bidali dio babesa adierazteko.


Hamalau egun atxikita egon den saharar ekintzaile politikoa libre utzi dute

Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia... [+]


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Loiuko aireportuan ekintzaile saharar bat atxikita daukate duela 10 egunetik

Gizona Marokotik zetorren hegaldi batetik iritsi zen eta asiloa eskatu zuen, jazarritako ekintzaile politikoa zelako. Ukatu egin zioten eta gaur deportatu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezturiko “erreguzko... [+]


2024-03-20 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
“Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?”

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


‘Saharari kantari’ diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Ez da amnesia, monarkia da

Espainiako Kanpo Arazoetarako ministroak ukatu egin du Espainia Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzailea dela. Baina bada.

Urteetan, Espainiak Sahararen gaian neutrala zela zioen, nahiz eta gezurra izan: partziala zen, oso. Marokoren alde. Palestinako Aginte... [+]


2023-01-20 | ARGIA
Fronte Polisarioak Marokoren aurkako borroka armatua indartzea erabaki du bere kongresuan

Marokok 2020an ia hiru hamarkadatako su etena hautsi zuenetik, gerra berrabiarazi dute Rabatek eta Mendebaldeko Saharako askapen mugimendu nazionalak. Polisarioa XVI. Kongresua egiten ari da egunotan, eta estrategia berria eztabaidatzen ari dira. Buruzagitzan Brahim Galik... [+]


Loueila Sid Ahmed Ndiaye. Justizia eskubide
“Migratzaileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dira”

Azaroko igande eguzkitsu bat da eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministara joan naiz, erresistentzia istorioen Hariak zinemaldia antolatu dutela eta. Bertan parte hartu du, besteak beste, Loueila Sid Ahmed Ndiaye abokatua sahararrak, zeina Kanaria Uharteetan bizi baita... [+]


Eguneraketa berriak daude