argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
PISUAK EZ DITU ARDURATZEN
  • Euskal Herriko emakumeen %72 ez da bere pisuaz arduratzen eta gutxi dira kirola egiten dutenak. Menopausia duten emakumeengan garrantzitsua da oso osasuna zaintzea.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Euskal emakumeak gehiagotan joaten dira beren ginekologoarengana Estatuko gainerako autonomia erkidegoetako emakumeekin konparatuz gero, baina hala ere menopausia garaian dauden euskal emakumeen (45 urtetik gorakoen, orokorrean hitz egiteko) %72 ez da bere pisuaz arduratzen, %30ek ez du ariketa fisikorik egiten, eta ehunetik hamabik erre egiten du normalean. Eta ondotxo dakigun bezala hiru faktore horiek (gainpisua, sedentarismoa eta erretzeko aztura) ezin kaltegarriagoak dira, hainbat gaixotasunen agerpena errazten dutelako.
Datu horiek Gasteizen eman ziren ezagutzera, Menopausiaren Informazioko Zentroak (MIZ) Espainia osoan abiatu duen kanpainaren barruan. Izan ere, "Menopausia: jakin eta bete" lelopean laugarren urtez jarraian martxan jarri den ekimen honek emakumearengan epe ertain eta luzera ager daitezkeen arriskuak eman nahi ditu ezagutzera, eta asmo horrekin hiri desberdinetara karabana bat joango da, informazio nagusia zabaltzera, eta hiri horretako emakumeen zalantzak argitzera.
Aurreko edizioan egin ziren inkesten arabera, emakumeen % 88k zioen baietz, urtean behin gutxienez joaten zela bere ginekologoarengana, eta ondorengoak ziren beraientzat osasun-kezka nagusienak: osteoporosia (%62arentzat), Alzheimer-en gaitza (%61), bularreko minbizia (%49) eta gaixotasun kardiobaskularrak (% 47) .