NIRE ISILTASUN HAU HITZETAN JARRIKO DUT

  • Ustegabe handia izan genuen Bitoriano Gandiagaren heriotza. Poetaren heriotzak, hark jendaurrean goraipatu zuen fraidearen aztarna bila jarri gintuen: Dionisio Arruti. Hogeika urte egin zituzten batera Arantzazun. Arrutik idazkari lanak egin zizkion poetari 1968tik 1991ra.

2021eko uztailaren 20an
Hiru gizon bakarka"ri egin zion hitzaurrean Mikel Lasak idatzi zuenez, "'Elorri' idatzi ondoren Gandiaga mututu egin zen eta urteetan gelako ondorik gabeko saski aho-zabal nihilistak irentsi izan ditu hainbat eta hainbat bertso jaio berri hil urren (León Felipek haizearen besoetan noraezean zabal eta gal zitezen abandonaturik uzten zituen poemak, Gandiagak alderantziz, zakarretara bota ditu, patu txar batez joak jaioak bait liran):
Nik ez dut orain idazten/ paper-saskirako baizen/ agian, noizbait, zeozer./ Zer paper-saski ta sasko?/ Euskalerri ez al dago/ paper-saski, hutsik asko?".
"Hiru gizon bakarka"ri Joxe Azurmendik Gandiaga beraren barrutik eginiko epilogoan ageri da garbi: "'Elorri' frakasu bat izan bazen, 'Hiru gizon bakarka' arrakasta hutsa. Urtea baino lehenago agortu zen, kantari guztiek kantatu zuten hemengo fruituetatik. Arrakasta, ordea, administrazio frankistan ere izan zuen nolabaitekoa". Eta Bilboko Justizia Jauregiko pasadizo guztiz jakingarria deskribatzen du atzetik.
Epilogo horretan berean, halaxe dio Azurmendik, Gandiagaren barru-barrutik: "Behin 'Elorri'z gero ezagutu nuen nik poesia soziala. Esan beharra dago: 'Elorri'k ez zuen norbaitzuengan estimazio handiegirik izan. Sinbolista, intimista eta horrelakoa omen zelako. Modan zegoen modua, ni 'Elorri' egin eta gero enteratu nintzen bazenik ere, baina soziala zela. 'Elorri'ko poesia zaharkitua zela, pasea. Baina nik neuk beste ibilbiderik ez nion ikusten poesiari. Guk ikasitako ereduak, ziren bezalakoxeak ziren, figura literarioen landuzaleak eta klasikoak, eredu horiek edukitzen genituen begi-bistan, eta haiei jarraituz bezala bakarrik uste nuen ibil zitekeela poesia".
"Elorri" porrot izan balitz bezala bizi izan zuen Bitoriano Gandiagak, nahiz eta gaur egun denek aitortu lehen liburu horretan dela Gandiagarik lirikoena. Lan horri buruz mintzo eta behin eta berriz erabili izan zuen porrot hitza poetak. "Momentu txarrean jaio zen. Desgaraian. Esan zidaten, ordurako poesiaren beste kontzeptu bat zegoela erabat. Arras bestelako poesia bat sorturik zela jada. Gizonari begira eta gizarte-arazoari begira". Eta utzi egin zion idazteari. Bitoriano Gandiagak ez zuen aldi batez idatzi. "Pixka bat minez, pixka bat ezinez. Zer idatzi behar nuen? Gizarte-arazoa zeritzona, ez dakit nongo mundu ezezagun estrainoa zela, pentsatzen nuen".


OTEIZA ARANTZAZUN.

Harrezkero, idatzitako asko eta asko paperontzira bota zuen Gandiagak, berak aitortu arau. Dionisio Arruti aldi berriaren lekuko izan zen. "1968. urte ingurua zen. Oteiza ere Arantzazun zen. Hango ikasle eta irakasleekin hainbatetan hitz egiten zuen. Ikasleek mirespen handia zioten eta haren lantokira joaten ziren. Oteizak entzuna zuen Gandik idatzi egiten zuela, baina honek esan zion idatzitakoa paperontzira botatzen zuela. Orduan, Oteizak Gandi behartu zuen idatzi eta idatzitakoa berari eramatera". Oteizak esan eta Gandiagak egin, nahiz eta ez aurrenekoan. Hamaikatan ukatu zion Gandiagak, eta hamaikatan ekin Oteizak, idazteko eta idazteko. Azkenean, oso azkenean, amore eman zuen Bitorianok, bakean egoteagatik, eta Oteizarekin egoteagatik. Ondorioz, idatzitakoa zakarretara bota beharrean Oteizaren lantegira eramaten zuen. Han, irakurri egiten zizkion: "Gauean ohera baino lehen, 'bihar zer eramango diot Oteizari? Hauxe', eta bi hizkuntzatan egiten nuen, ezer kosta gabe, lehenengo euskaraz idatzi eta gero dena gaztelaniaz jarri. Irakurri, alderantziz: irakurtzen nion lehenengo gazteleraz eta segituan euskaraz irakur arazten zidan; gazteleraz behin irakurritakoa, euskaraz hiruzpalau aldiz". "Hiru gizon bakarka"n aitortzen du asmo zintzoa Orbelaungo poetak: "Tailer batean nengoan,/ Oteitza baten ondoan./ Hitzak apalki entzun nizkion/ ta asmo bat hartu beroan:/ Agintzen dizut, egia,/ idazten dudan guztia/ tailer hontara jasoko dizut./ Gaurtik hemen dut saskia".
Olerkariak idatzia Dionisio Arrutik biltzen zuen txukun-txukun paperean. Gandiagak kopiatzailea behar zuen eta, tarteka-tarteka, Arruti hasi zen haren lanak makinaz kopiatzen. Lagunarteko harremana sortu zen horrela bien artean. Estua. "Gandiri, idatzitakoa altuan irakurtzea gustatzen zitzaion, eta horrelaxe egiten genuen, biok bakarrik geundela. Ez zuen irakurtzen nik entzun niezaion
-nahiz eta nik oso gustura entzun, oso atsegina egiten baitzitzaidan-, baina berak entzun nahi zuelako. Berak irakurri eta berak entzun. Berak nahiko presaka idazten zuen, eta ez zuen letra irakurterraza. Esaten nion: 'Utzi niri eta kopiatuko dizut'. Eta idazmakinaz pasata kopiaturik ematen nion, kopia bat niretzat gordeta. Kalkoz egiten genituen kopiak orduan, fotokopiagailurik ez zen- eta. Gaur egun, interesgarria litzateke Gandiren orijinalak izatea. Ez dakit gordeta edo botata izango diren".
1968tik 1991 arte izan ziren elkarrekin Arantzazun Bitoriano Gandiaga eta Dionisio Arruti. Honen kopiatzaile lana areagotu egin zen urteekin, "Hiru gizon bakarka" bukaturik idazten segitu baitzuen Gandiagak. Dionisio Arruti zirikatzen ere hasi zitzaion: "Esaten nion: 'Etzi halakoren urtebetetzea da eta zertxobait egingo duzu'. Ez nion esaten: 'Egingo al duzu?', 'egingo duzu' baizik. Haserretu egiten zen, baina beti egiten zuen. 'Denbora galdu alde'n dagoen bertso sorta asko horrela idatzita dago, asko landu gabe... Tira, Gandik idazten zuen dena landuta zegoen, paperera pasa aurretik barruan ongi landuta baitzeukan".


JUAN ARRIOLAREN TXIRIMIAK.

Eta Gandiagaren eta Dionisioren harreman estu horren ondorioz, Orbelaungo gizonaren lana ongi ulertzeko nahitaezko dugun hitza sortu zen: "txirimia", poema askoren oinarrizko abiapuntua. Arantzazun bertan egin zuen bidea "txirimia" hitzak. Juan Arriola fraideak plastika-arloa erakusten zuen. Zernahi gauza -aulki apurtua, esaterako-, jartzen omen zuen ikasleek landu eta artelan egiteko. Arriolari ikasi zion hitza Dionisio Arrutik: "Gauza horiei 'txirimia' esaten zien, garrantzi gutxiko gauzak. Eta hitza jaso nuen. Gandiagari esaten nion: 'Txirimiarik ba al duzu?' Izan ere, Gandik, mendira joaten zenean eta, 'txirimiak' ekartzen zituen. 'Sustraietan' liburuan ageri da, adibidez: 'Ez gara ohartzen pagoak bezala gutxitzen ari garela Euskal Herrian'. Horiek ziren 'txirimiak' Gandiagarentzat. Txirimia bakoitza bitxi bat zen. Hortik dator txirimia hitza. Arriolak asmatua, nik jasoa, eta Gandik bereganatua, edo elkarbanatua". Horrela, mendira joaten zenetan, Gandiagak beti eramango zituen papera eta boligrafoa. Itzuli orduko, berriz, esaten omen zion Arrutiri: "Dioni, hemen dakarzut 'zertxo' hau!". Eta Dionisiok "zertxo" hura kopiatu. "Ni kopista hutsa nintzen. Eta bultzatzaile, galdetzen bainion: 'Gandiaga, ez al dago txirimiarik-edo? Ez al dago ezer?' Eta berak: 'Bada ni... badauzkat baina... ez dakit nondik heldu... gai horri beldurra diot...'". Dionisio Arrutiri harrigarri egiten zaio Gandiagak gai jakin bati buruz izan zuen jarrera. Inondik ere, kezka handia zuen San Frantziskori buruz idazten: "'Errespetoa, beldurra daukat horri buruz ezer idazteko'. Gandi zena izanik, ezer gutxi du gai horri buruz idatzirik. Auskalo!". Dionisiok auskalo!, baina horren ordez beste hitz bat zuen maite Gandiagak: Allas!. "Nik hauxe egin dut eta allas!".
Dionisio Arruti, kopiatzaile. Kopiatzaile zaildu zen Arruti, alditan lan handia eginez, alditan errazago jardunez. "Behin garbira pasaz gero, ez zuen asko zuzendu behar izaten. Dena dela, liburutik liburura asko aldatzen da kontu hori. Ez dut 'Elorri'ren berririk, ni joaterako argitaratuta zeukan-eta. Ni ikasle nintzela, oso lagun zuen Joxe Azurmendi, oso maite zuen, eta Joxe Antonio Astigarraga ere bai. Uste dut honek 'Sorginpikoeta' ezizenez sinatzen zituela lanak. Gandik horixe zeukan olerkari onentsuentzat. Adin batekoak ziren, eta maila beretsukoak".
Kopiatzaile lanak egin zizkion aldetik, hurre-hurretik bizi izan zuen Dionisiok Gandiagaren lana. "'Hiru gizon bakarka' besteak baino askoz gehiago landu zuen. Nik uste hiru-lau aldiz kopiatu genuela. 'Denbora galdu alde', berriz, behin bakarrik. Ni ez naiz literatur-kritikoa baina, nire ustez, liburu hori literatura aldetik gutxien landu duenetakoa izan liteke. Aldiz, Gandiaga nor den, bere bizitzako gorabeherak, izaera, sentimenduak, min, asmo, euskara, herria eta bestelako kontuak ezagutzeko, aberatsenetakoa". Beste liburu bat ere ondu zuten bi lagunek: "Gabon dut anuntzio". "Zorion agurrak idazten hasi zen aurrena. Halako adiskideari, senideari, pare bat bertso idatzi eta niri ekartzen zizkidan. Nik beti ere kopia bat berari eman eta beste bat neuk gordetzen nion. Berak bazekien, eta eskertzen zuen jasotzea, berari horrelako gauzak galdu egiten baitzitzaizkion. Lehena, 1970ean-edo idatziko zuen, eta liburua argitaratu arte, 80ko hamarkadan, bildu zena eta pilatu zena, argitaratu egin zen. Ez da liburu asko landua bere aldetik, baina gogoan hartu lehen ere esandakoa: Gandiagak idazten zuena, paperera aurretik ere landua zen".
Eta "Uda batez Madrilen", eta "Ahotsik behartu gabe"... Gandiagak osatu zuen azken liburua, poema antologia CD-an bildurik. "Poema horiek orain hamar-hamabost urte kopiatuak dira. Tartean, 'Olerti' aldizkarian agertutakoak". Gaitz erdi, bere ahotsean jaso genituen orain lau bat urte.
"Bitoriano nolakoa zen? Sentibera, oso sentibera. Eta leiala, ez zizun sekulatraiziorik egingo". Ikasleak estu hartu ohi zituen laguna, "Denbora galdu alde"n bere burua biluztu zuenean bezala: bere buruari ari zaio eta, aldi berean, psikiatra du gogoan: "Eskolako programak kurtsoa bukatu baino askoz lehenago sar eraziko dizkiezu mutikoei. Letra txikian datorrena bera ere. Eta horrela ihardungo duzu estu eta estugarri. Baina nagusiek ondo begiratuko zaituzte eta horien begi oneko izango zara beti eta beti. Horrelatsuko burlak egin zizkidan. Jaunak barka diezaiola. Ederki, psikiatra jauna. Arrazoi faltarik ez duzu, baina horrenbestetan jendea lotsarazteko arrazoibiderik ere ez. Gauzak lasaiago hartu behar ditudala zuk esatea, ez dut nahikoa, ordea. Nire estu-izate hori da zuk sendatu behar duzuna, eta horretan duzu giltza eta gakoa. Jaio egiten gara estu, ala hezkuntzak bihurtzen ote gaitu horrelako?".

Gandiagaren isiltasuna
Gandiagaren isiltasuna
Nire isiltasun hau
hitzetan jarriko dut.
Ebakita dago
nire isiltasun hau,
odoletan dago.
Hitzen beldurra du
isiltasun honek
Haragi bizitan
uluka bizi dudan
isiltasun honek
hitzen ukituei
beldur latza die.
Baina neri pena
demait isiltasun hau
bertan behera hil dadin,
gorputz gabe, inork
ezagutzeke ta
inoren laguntzarik
inoiz hartu gabe.

Nire isiltasunak
zazpi giltza ditu,
zazpiak giltza handi.
Nire isiltasunak
munduko dolorea
dolore bizi du
erremediorik
ez duen dolorezko
dolore mortala.

Nire isiltasunak
ezin konponduzko
harreman gaiztoen
ezinbestea bizi du
inolako arreglu-
-biderik bistan ez duen
errealitate inutil
ezin konponduzko.

Lotsa bizi du nire
isiltasun honek
gertatzen ari den
ezbehar ororen
gaizkide nolabaiteko
naizela bait daki,
norberaren bekatu
ezin-ukatua,
ager nahi ez lukeen
aurpegian duela.

Itxura batean ezer
egin ezina du
isiltasun honek
ihardun alferriko.

ESTIBALIZKO HARRIA
Hara "Denbora galdu alde"tik hona aldatu dugun pasartea. Mendian hiru aste eginik, Arantzazura itzuli da Bitoriano. Txangoaren berri eman digu: "Larrakolako txabola txukuntzen, harako bideak pittin bat atontzen, mantzanila biltzen, pagadi-inguruko astailarrak mozten, noizbaitzutan perretxiko bila, egun batzutan zeramika-lanean, Lasturrek labea egin eta buztina ekarri zigunez gero; Aguraina ostera batzu, Gasteiza ere bai bakarren bat, Gazeoko eliza erromanikoa eta Estibalizko eliza ikustera beste txango bat eta kito". Estibalizko fraide Emiliano Ozaetak gogoan du Gandiaga eliza ikusten beste zenbait lagunekin. Orbelaungoak poema ere ondu zuen bisitaldi horren ondorio. Horretarako, sasoi batean aldarearen azpian aurkituriko harria erabili zuen gai eta "Denbora galdu alde" liburuaren kontrazalean ezarri:

Estibalizko harrirako

Harrikera zainduz dirau
oinarritan, harriak
askotariko ta aratz.
Herrikera zainduz birau
oinerritan, Herriak,
askotariko ta maratz.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Gorka Bereziartua
#3
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Behe Banda
Azoka
Azkenak
Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


‘Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara’ leloa erabiliko du Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko kanpainan

Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]


Txatbot hoberenaren bila

Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]


2025-02-11 | Sustatu
Metak Libgen pirateatu badu, zuk zergatik ez?

AEBetako auzi judizialen batengatik jakin denez, Metak (Facebook-eko jabeak) Libgen sareko liburutegia masiboki pirateatu du BitTorrent protokoloak erabiliz. 81.7 terabyte gutxienez lortu zituzten horrela, beren adimen artifizialeko sistemak elikatzeko. Saiakera eta zientzia... [+]


Akordioa erdietsi dute haur eskoletako langileen baldintzak hobetzeko, bi greba deialdien atarian

16 urteren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak akordioa erdietsi dute astelehen iluntzean lan-hitzarmena berritzeko. Greba deituta zegoen asteazken eta ostegun honetarako, eta LABek eta Steilasek indarrik gabe utzi dituzte bi deialdiak. Asteartean mintzatuko... [+]


Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

AEB inportatzen dituen altzairu eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri du Donald Trumpek. Ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikot eguna antolatu du larunbaterako BDZk

Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Eguneraketa berriak daude