Segituan datozen burutazioak ez dira atzokoak, azken emaitzek gizenduak izan arren. Neureak dira, neure pentsakeran landuak. Eta aitor dut: ez ditut erakunde armatuaren agiri guztiak, eta ordenean, irakurri; horregatik, beharbada, diseinaturiko prozesu politikoa behar den modura ulertu ez izana ez da nire gogoetaren abiapuntu egokia. Baina nirea da.
Ezker abertzalea aipatzen denean niri ezker abertzale bi datozkit burura. Bata, Euskal Herria burujabe eta balore jatorretan eraikia ikusi gura duten gizabanakoek saretutako giza espektro zabala. Eta bestea, ezkerreko abertzale politikoan eratua, HB orokorrean esateko. Nik inoiz baino zabal eta sakonagoa ikusten dut bi eremuon arteko zuloa. Zelan azaldu?
LIZARRATIK abiatu trenak itzelezko aldaketa ekarri zuen euskal gizartean, gatazkaren konponbideko edukietan baino, horretan ere, jakina, jendearen gogoan. Eta ez dezagun ahaztu, sarri ahazten bada ere, politikak, zentzurik jatorrenean, sentimendua, eskuhartzea eta gozamena izan beharko lukeela. Lizarrak inflexio puntua ipini zuen, ezker abertzalearen giza espektroan ere, eta horretan batez ere esango nuke nik. Horra hor ezker abertzale eratuak orduko hauteskundeetan izandako emaitzak; eta boto-emaileak ditut orain buruan, gizabanako sakabanatuak, ez botoak berak. Konturatu gabe, Lizarrak mugarria ekarri zion ezker abertzaleari: haren ostekoa ez da inoiz aurrekoa bezala izango.
Baina Lizarratik abiatu eta abiadura handiko abangoardia bihurtu zen ezker abertzalearen zuzendaritza, badena izanda ere. Baten batzuek laborategi itxian diseinatutako ereduari eutsi zaio, itsu eta arin, gizartearen atxekimendua bazter utziz. Nonbait atxekimendua geroko faseetan izango da beharrezko, ez abiapuntuan! Eskubide historikoak dira gureak! Gehiengo soziala dago marko-aldaketaren alde, zertarako horrekin kontatu? Eta jakina, ereduak lar zurruna denean huts egiten du, malguak apurtuta. Batasuna prozesua ere zurrunegia ez ote den beldur naiz. Zergatik ez zen prozesua su-etenaldian bultzatu? Diseinu kontua omen.
Zuribeltzeko politika egin da zuzendaritzatik: hirugarren biderik ez da! Jakina helburuan ez dela holakorik, autonomismoa edo burujabetza; baina burujabetzarako bidean hiru ez hamaika bide eta ibilera ere izan daitezke, eta etengabeko konfrontazio politikoan gainera, eta horiek uztartzea dugu benetako erronka. Zuzendaritzak nahiago izan du itzain arinarena egin: ibilera arindu idi-parearena arinduko zuelakoan, baina idi-parea hortxe geratu da, bazter, itzaina neurriko distantziara noiz hurreratuko zain. Zuritik beltzera joan beharrak grisetan barrena pasatzea dakar, halabeharrez. Larria izango zen grisetara moldatzea, baina helburua argi izanda grisa, zimurra bezala, polita izan daiteke. Jakina, horretarako batzuek betaurrekoak aldatu behar dituzte.
INERTZIA asko behar da gainditu, mito asko, biolentzia politikoarena batez ere, gaur honetan ere batzuek duten zuribeltzeko ikuspegia zama bihurtu delako, idi-pareak ezin eroana. Gatazka luze honetan era askotako biolentzia izan badela justifikazio huts modura ipintzea penagarria egiten zait oso. Jo ta ke, bai, mito guztiak apurtu arte. Baina mitoak bere horretan dirauen bitartean, kontuan hartu dezatela horren eragin politikoa koiuntura analisietan; ez al da politikoa erakunde armatua?
Zuribeltzeko seinalea ere oraingoan joandako botoak izuak eroan dituela esatea. Zergatik ez onartu boto asko zigor modura ez direla etxean geratu?. Zergatik behar dute beti izan besteek mezua ulertzen ez dutenak? Eta ondo ulertu badute ez al du horrek merezi errotiko hainbat aldaketa bide edota ibileratan? Maileguan hartu dituzte jelkideek ezker abertzale askoren botoak, baino boto-emaileak hortxe dira, esperoan seguruenik, atxekitzeko prest, beti ere neurriko abiaduran doan eta sartzeko behar besteko ate zabalak dituen trenaren esperoan. Abiadura handian ez trenik ez abangoardiarik. Bertsolariak bota moduan: sutan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea. Eltzea da orain kontua, ez giltza .