IZARRAK ETA LANPERNAK MAREARTEAN DANTZAN

  • Itsasbeheretan itsaslabarren oinarrietan agerian gelditzen diren marearteko urradura plataformak izango ditugu hizpide. Itsas mareen gorabeherak azaleratu eta estaltzen dituzten inguru lau horiek itsas bizitza ezagutzeko benetako leiho naturalak dira.

2007ko otsailaren 21ean
Euskal Herriko kostaldearen ezaugarririk aipagarriena adin eta konposaketa desberdineko itsaslabarrek osatuta egotea da. Gure kostaldeko itsaslabarretara eta arroketara hurbiltzeak, Lurraren azala moldeatzen duten indarrak imajinatzeko eta Euskal Herria noiz eta nola eratu zen ulertzeko aukera eskaintzeaz gain, biologia eta ekologia ikuspegietatik, ingurune paregabeak ezagutzea ahalbidetzen du. Izan ere, itsasoaren eta lehorraren arteko alderdi horietan nagusi diren bizi baldintza gogorretan bizi ahal izateko, bertako bizidunek moldaera morfologiko eta fisiologiko harrigarriak eta interesgarriak garatu behar izan dituzte.
Askotan, itsas biologiara hurbiltzeko modu bakarra urpekaritza dela uste dugu. Urpekaritzak itsas ingurunearen ikuspegi orokorragoa eskaintzen duela ez dago zalantzarik, baina ez dago guztien eskura. Urradura plataformek, nahi duen orori edo itsasoko bizitza eta ekosistemak aztertzen ari diren ikasleei, mundu harrigarri eta zoragarri honetara, arrisku eta kostorik gabe hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen die, itsas fauna eta floraren benetako erakusleihoak baitira.


URRADURA PLATAFORMEN JATORRIA.

Urradura plataformen jatorria tirainak itsaslabarren oinarriaren aurka eragiten duen etengabeko higaduran bilatu behar da. Tirainaren ondorioz, ekaitz egunetan bereziki, tamaina desberdineko harriek itsaslabarretako oinarrien aurka jotzen dute behin eta berriro eta bertan, denbora igaro ahala, zulo handiak irekitzen dira. Zulo horien eraginez, oinarria itsaslabarra eusteko gai ez denean, itsaslabarra erori egiten da eta kostaldeak atzera egiten du. Horrez gain, erorketetan itsaslabar berriaren oinarrian harri eta harkaitz gehiago metatzen da, higadura areagotzen delarik. Fenomeno hau dela eta, kostaldeak, poliki baina etengabe, atzera egiten du eta lehen itsaslabar harritsu zenaren lekuko modura, itsasbeheretan azaleratzen diren harrizko plataforma lauak gelditzen dira: urradura plataformak.
Urradura plataformak sortzen dituen higadura-prozesu honetan zehar, tirainak inguruko materialak baino gogorragoak diren itsaslabar-zatiak aurkitzen baditu, hauek motelago higatuko ditu eta horren ondorioz, urradura plataformen gainean lurmuturrak, harri irlak eta itsas harkaitzak agertuko dira.
Itsaslabarren atzerapenarekin eta urradura plataformekin erlazionatutako beste fenomeno geologiko interesgarria haran zintzilikatuak dira. Normalean, tirainak itsaslabarretan eragiten duen higadura errekek sortzen dutena baino azkarragoa denez, fenomeno hau oso nabaria den lekuetan, hainbat erreka ur jauzien bidez itsasoratzen da, erreka horien harana itsaslabarrean "zintzilik" gelditzen baita.
Urradura plataformen atzean itsaslabar harritsua altxatzen da. Horietan, nekaezineko tirainak eta beste zenbait faktorek eragiten duten higadurak, uhinen zipriztinek eta hormen bertikaltasunak ikaragarri zailtzen dute bizidun komunitateen garapena. Hala ere, badira muturreko baldintza horietan ere, bizitzera moldatu diren animalia eta landare espezieak, baina hauek beste artikulu baterako utziko ditugu eta orain urradura plataformetako bizitzaz arduratuko gara.


UHINEN ZABUEK

baldintzatutako bizitza. Milioika urtetan higadura-agenteek zizelatutako inguru harrigarri hauetan bizi baldintzak muturrekoak dira, izan ere mareen gorabeherek eta uhinen zabuek bizidunengan eragina duten faktoreak oso aldakorrak izatea eragiten dute. Mareen eraginez, urradura plataformak egunean bi alditan azaleratzen eta urperatzen dira. Oztopo handia da hori, itsas animalia eta landareek uretatik kanpo geratuta ura galdu eta deshidratazioz hiltzeko arriskua baitute.
Aldi berean, itsas ingurua oso egonkorra da, bertan tenperatura, gazitasuna edo oxigeno kontzentrazioa bezalako faktoreek oso gutxi aldatzen dute. Lehorrean edo urradura plataformetan itsas beheran gelditzen diren putzuetan faktore horiek bat-batean nabarmen alda daitezke. Eguraldia eguzkitsua denean, putzuetako tenperatura eta gazitasuna asko igo daiteke; eguraldi euritsuak bestalde, kontrako efektua sor dezake. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, uhinen etengabeko hausturak, batez ere ekaitz egunetan, eragin zuzena duela bertako bizidunengan.
Faktore horiek guztiek muturreko bizi baldintzak ezartzen dizkiete bertako bizidunei. Horiei aurre egin ahal izateko, eboluzioan zehar aipatu bizidunek moldaera fisiologiko eta morfologiko bereziak garatu dituzte eta horren ondorioz, ekosistema horien aniztasun eta originaltasun biologikoak kontuan hartzekoak dira.
Nolanahi ere, aipatu faktoreek ez dute eragin bera urradura plataforma osoan. Itsasgoraren mailatik hurbilen dagoen aldeak ordu gutxi batzuetan baino ez ditu ematen urak estalirik, baina itsasbeheraren mailatik zenbat eta gertuago egon, orduan eta ordu gehiago egoten dira ur azpian. Horrek, urradura plataformetan bizidunak urik gabe bizi ahal izateko jasankortasunaren arabera egituratzea ekartzen du.


BIZIA URRADURA PLATAFORMETAN.

Plataformaren goialdean, hau da, urak denbora laburrez estaltzen duen aldean alga berdeak nagusi dira. Horien artean ugarienak aingira-belarra eta itsas urraza dira, beren labainkortasuna dela eta, horrelako inguruetara hurbiltzen direnentzat nahiko ezagunak. Algekin batera, itsas tirainari eta ordu luzez uretatik kanpo egoteari ongi moldatutako zenbait animalia dago, hala nola, lapak, magurio nanoak, itsas arkakusoak, itsas kukurutxak edo itsasgoraren mailan harriak ia osorik estaltzen dituzten itsas ezkurrak. Plataformaren goialde honetan ere, erraza izaten da karramarro berdeak eta beltzak haitzetatik sekulako abiaduran mugitzen ikustea.
Beherago, ura zeharkatu ondoren ahulduak iristen diren eguzki-izpiak erabili ahal izateko, klorofilaz gain, karoteno eta xantofila pigmentuak izateagatik bereizten diren alga arreak eta gorriak agertzen dira. Bi alga mota hauen artean gradienteen eragina antzematea zailagoa bada ere, arretaz begiratuz gero, arreak gorriak baino gorago bizi direla ikusi ahal izango dugu. Alga arreen artean, aipagarriak dira uraren azpian dagoenean kolore irisatua duen Cystoseira tamaristifolia edo ugal-gorputzak adarkaduren muturretan loditasun batzuetan gorderik dituzten Fucus generokoak.
Hala ere, algen artean aniztasunik handiena alga gorrietan dago. Alga gorriak, batez ere urradura plataformaren behealdean eta mareek plataformaren zuloetan utzitako putzuetan agertzen dira. Horietan, aipamen berezia merezi dute ehunetan kaltzio karbonatoa izateagatik, harri-itxura duten alga zoldagileak, sarritan substratu zabalera handia estaltzen baitute. Urradura plataformara lehenengo aldiz hurbiltzen denari, hasieran kosta egingo zaio alga berezi hauek aurkitzea, baina arretaz begiratzen badu, arrosa koloreko "harriak" aurkituko ditu. Horiek dira alga zoldagileak. Aurrekoak bezala, ehunetan kaltzio karbonatoa duten Corallina generoko alga gorriak ere, nahiko ikusgarriak dira, arrosa koloreko hosto gogorrek zuri koloreko mutur deigarriak baitituzte.
Ezin aipatu gabe utzi azken boladan hainbat arrantzalerentzat udazkeneko diru iturria bilakatu den Gelidium sesquipedale alga gorria. Gure kai eta itsaslabarretan geroz eta gehiago ikusten den alga honetatik etekin handia ateratzen da gaur egun. Elikagaiak, lurrinak, kosmetikako produktuak, jelatinak... dira, besteak beste, alga gorri horretatik ateratzen diren produktu batzuk.
Algekin gertatzen den moduan, animaliekin ere, itsasgoraren mailatik urruntzen garen heinean, aniztasuna handituz doa. Erraza izaten da harrien artean karrakela mota desberdinak, bere gorputz biguna babesteko barraskilo hilen maskorraz baliatzen diren karramarro ermitariak edo txangarrak ikustea. Harrien azpian, ordea, itsas zizare desberdinen hodiak; itsasbeheraldietan, sabelaldean duen bentosa indartsuari esker, harrietan itsatsita irauten duen itsas lapatia arraina edo molusku primitiboak diren kitoiak aurkituko ditugu.
Plataforman zenbat eta beherago joan, alga eta itsas animalien aniztasun handiagoa aurkituko dugu, izan ere, itsasbeheraren mailatik hurbil agertzen diren bizidunak nahiko denbora laburra iragaiten dute uretatik kanpo. Uhinekin kontuz ibiliz gero, plataformaren behealde horretatik ibiltzeak ezuste atseginak ekarriko dizkizue seguruenik, batez ere, normalean uretatik kanpo gelditzen ez diren inguruak behatzeko aukera eskaintzen duten marea hiletako egunetan.
Egun horietan, ez da zaila izaten plataformaren behealdean itsas izarrak, itsas luzokerrak edo ofiodermak bezalako ekinodermatuak ikustea. Erraza izaten da ere, kausi grisa moduko karramarroak aurkitzea edo gastronomikoki hain preziatuak diren lanpernen koloniak deskubritzea.
Hala ere, zalantzarik gabe, aniztasunik handiena, marea jaisterakoan urradura plataformaren zuloetan gelditzen diren putzuetan aurkituko duzue, bertan uraren ezaz babesten baitira plataformetako animalia gehienak. Benetako akuario naturalak kontsidera daitezkeen putzu horietan alga zein itsas animalia ugari ezkutatzen da hurrengo itsasgorak plataforma berriro estali bitartean. Tentakulu pozoitsuei esker harrapakinak harrapatzen dituzten aktiniak eta anemonak; kolore urdin eta hori deigarriengatik erraz bereizten diren itsas bareak; gorputzen gardentasuna dela eta, ia ikusezinak diren izkirak; harri eta algen artean ezkutatzen diren kabuxak eta zarboak; kolonia handiak eratzen dituzten itsas trikuak; olagarroak... dira, besteak beste, plataformetako putzuetan beha daitezkeen animaliak.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, ekosistema aberats hauek eskaintzen dituzten elikadura baliabideak ustiatzen dituen hainbat hegazti. Gure kostaldean naroak diren kaioak eta antxetak sarritan hurbiltzen diren urradura plataformetara euren dietak osatzeko oso baliagarriak zaizkien karramarroak, karrakelak, arraintxoak... harrapatzera. Harrien azpian babesten diren ornogabeez elikatzen den harri iraulia da maiz bertan ikus daitekeen beste hegaztia eta berarekin batera, itsas mikak, txirri ilunak, kuliska txikiak edo kurlinta bekaindunak bezalako beste limikoloak ere, tarteka-tarteka leku hauetara hurbiltzen dira.


EUSKAL HERRIKO URRADURA PLATAFORMAK.

Atturriren bokaletik Miarritzeko San Martin lurmuturreraino doan kostalde hareatsua izan ezik, Euskal Herriko kostaldea adin eta konposaketa desberdineko itsaslabarrez osatuta dago. Itsaslabar horien gehienen oinarrietan urradura plataformak daude, baina ez guztietan.
Urradura plataformarik zabalenak kare-harrizko itsaslabarren oinarrietan daude. Adibiderik esanguratsuena Gipuzkoan, Zumaia eta Deba artean, aurkitzen dugu. Gipuzkoako kostalde zati horretan, materialen hauskortasun handia eta estratuen lerrokadura direla eta, itsaslabarrek nabarmen egin dute atzera eta itsasbeheraldietan hedadura handiko urradura plataforma zabaltzen da.
Urradura plataforma zabalak eta interesgarriak daude ere, Lapurdin, Donibane Lohizunetik Getariarainoko kostalde zatian eta Txingudi badiaren ekialdeko muturrean dagoen Abadia ingurune natural babestuan. Bizkaiari dagokionez, aipatzeko modukoak dira Galea lurmuturretik Barrikaraino agertzen diren plataformak, Bakio eta Bermeo artean dagoen Gaztelugatxe Biotopo babestuan ikus daitezkeenak ahaztu gabe.
Zoritxarrez, ingurune horien guztien balio biologikoa, ekologikoa eta geologikoa oso altua bada ere, gehienek inongo babespenik gabe aurre egin behar diote gure kostaldea ezagutzen ari den hazkunde demografiko handiari. Aipatutako Abadia eta Gaztelugatxe alderdiak izan ezik, gainontzeko urradura plataforma eta itsaslabar guztiek, udan batez ere, gizakiaren aldetik iristen zaizkien kalteak jasan behar dituzte. Ez dugu ahaztu behar bertako animaliak eta landareak benetako bitxi naturalak izateaz gain, itsasbeheraldietan oso sentikorrak direla giza presioaren aurrean. Ibai, erreka eta itsasoko kutsadura, itsaski biltzaile ilegalen emendioa, udako giza presentzia handia... dira, besteak beste, urradura plataformak kaltetzen ari diren faktoreak.
Egoera honen aurrean, eta ingurune hauen balioa kontuan hartuz, Administrazioek leku paregabe hauek babestu eta mantentzeko neurriak hartu beharko lituzkete. Baina hori ez da nahikoa, gutako bakoitzak ere, lagundu behar du zeregin horretan. Horretarako ezinbestekoa da ingurune pribilegiatu horien balioak ezagutzea eta ulertzea.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude