Langileen eguna oraindik gogoan zeukatelako, edota langile borrokak egunetik egunera gehiago ugaltzen ari zirelako, gauza da Marx eta honen irakaspenak zekartzatela kontura ZERUKO ARGIAren arduradunek asteroko gogoeta eskaintzerakoan. "Nor burgesa?", galdetzen zuten izenburutik. Izan ere, horixe baitzen gakoa!
DENAK ONAREN ETA HOBEAREN BILA
"Iñork ez dio, dakila, bere buruari gaitzik egiten. Ez-eta bere buruari bizia kendu dionak ere", baieztatzen zuten lehenik eta behin. Eta beren baieztapena zalantzan jar zezakeen norbait izan zitekeelakoan edo, esandakoari honakoa gehitzen zioten: "Bere ustetan -hau da, bere buruaz beste egindako pertsona horren iritziz- ez baitu egin ori bere kaltetan. Ark ere zerbait ona nahi du beretzat eta horregatik il du bere burua". Erabat ados egon gintezke iritzi horrekin (idazlantxo hau zirriborratzen ari den hau hala dago behintzat), baina Kaputxinoen ardurapean zegoen aldizkari baten editorialean agertzeko ausart samarra ere bazela ezin ukatu (Aita Santutik hasita, Eliza osoa aurka izango zutela pentsatzerik ere badago). Hala ere, beste bat zen beraiek hizpide zuten auzia: "Alderantziz esanda, denak onaren eta obearen billa gabiltzala. Ori dugu denek motorra: Gure obe-beharra. Zuzenetik edo zeharretik, denek ara iritxi nahi dugu".
Are gehiago ere gertatzen zen, Z. A.ren ustez behintzat: "Ola dijoa aurrera gizadia bere burua gaindituz urtetik urtera. Marx-ek liokena mundua -eta kosmosa zerbait- gero eskuragoiago ari zaio gertatzen gizonari; eta obeki esanda nahi ba-da, ari du egiten. Alde-aldera behintzat, ori ez dago ukatzerik".
Oso garbi zeukatela mezua, bederen, ez, ez dago ukatzerik, nahiz eta artikuluska hau izenpetzen duen honen buruarentzat mezua korapilotsuegia gertatu: pitorik ez diela ulertu, alegia. Inprenta arazoren bat, edo Pilar Iparragirreren adimen kamutsa ote hemen errudun? Auskalo! Dena den, eta irakurle argiaren mesedean, hor doa, testualki, editorial hartan eskaintzen zen mezuaren jarraia: "Komunismoaren aitak arrazoi du, gizonak burruka bat ari duela munduarekin esaten digunean. Eta egi da ere, burruka ortan gizona ari dela gallentzen, alde batera behintzat, berriro esanda. Munduaren sekretoak argitzen ari da gizona eta sekreto oien giltzak pillatzen dijoa, mundua bereago duelarik egunetik egunera eta etekin obea ateratzen diolarik. Eta munduarekiko burruka gozatu aiñean, eskuratzen baitoa lehenago eta etsaiago zuena, gizonaren biziera goxatuz doa. Nork uka dezake ori? Arazo berriak sortzen zaizkiola? Aurrerapenak bere kontribuzioa eskatzen duela? Bai. Eta zer?".
BERDINTASUN EZA
Ziurtasuna ziurtasun, bazen lainorik bestenaz hain argi antzematen zuten zeru horretan ere, antza. "Aberastasun oiek, ordea, ez dira berdin banatzen eta erosotasuna ere etzaie deneri berdin sortzen. Ori da benetan tamalgarria. Eta or horrela gertatzearen errua, mundu guziak daki, kapitalismoak du eta ortaz baliatzen direnak burgesak dira eta oiek ere mundu guziak daki zeintzuk diren".
Mundu guziak jakin? Hori usteko zuen! Ea gure aldizkariak zuzentzen zizkion galderei egoki erantzuteko gai zen! "Baiña, ote daki gero iñork nor den burgesa? Ote daki gero iñork nork alferrik galduko dituen besteek eskas dituztenak? Errez da emen besteri errua botatzen. Errez da esaten alako eta olako dira munduko pobrezari eusten diotenek eta ugariagotzen dutenek; baiña ahal duten guziek ondasunak pillatu ta pillatu ikusten diran bitartean, ez da errez asmatzen zein dan burgesa. Nork ez ditu ezagutzen bat eta bi baiño gehiago pobre izanak, egokiera izan dutenean aberastuak? Nork ez du ezagutzen langilleri eri lapurretan ari dan langillea? Besteri arria bota baiño lehen, bere buruari begiratu behar lioke bakoitzak eta ikusiko luke bera ere nola sartua dagon aberats izateko bidean, benetan izatera iritxi ez ba-da ere. Norbaitek esaten duena, aberats ez direnak ez dira nahi ez dutelako, ezin dutelako baizik. Ez-eta ere ahalegiñak egin ez dituztelako".
Beraz, bokazioz bada ere, denok burgesak!.
ZEIN DA GOGOETALARI?
Gurutz Ansola, 1971-V-09Herritar langille gazte batekin hizketatu berria dut langille eta gogoetalarien arteko arazoa. Goi-mailla batetan, aski garbi agertzen zitzaigun arazoa. Baiña hauzia lurreruntz eta gure herriruntz jeisten eta hurbiltzen hasi zenean, argitatik itzalera, eta, ondoren, ilunpetara jautsi giñan. Ez genekien pausoak nora zuzendu, eta itsumustuka genbiltzela, eten beharrean gertatu giñan hain gogozkoa genduen hizketaldia. Gogoeta egin nahi izan dut, neurekiko, illunean utzi genduen hauziaz. Langille bi eta gogoetalari bi giñan solasean. Langille biek, haatik, txit argiak eta pentsatzailleak dira, eta, nola ez, herri-ekintzetan asmoz eta jakitez dihardutenak. Egiazko gogoetalariak ez dauka beste biderik langilleariaren alde jakitatea eta ahalegiñak eskeintzea baizik. Gisa hontakoa zen, hauzitan genbilkigun arloa. (...) Gaurko gizarteak, estratejia osotua eskatzen dio sindikalismoari, lantegietako hauziez gaiñera ekonomiaren, kulturaren eta politikaren alor eta arlo guziak besarkatu behar bait ditu. Sindikalismoak, halere, nahiz erakunde politikoa ez izan, ez du politika ekintza baztertzen. Aitzitik, oro har, ez dago gaur egun sindikalistarik, aldi berean politiku ere ez denik. Kondizio hauetan, sindikalismoak eskeintzen dio gogoetalariari, herri-ekintzaren alde ahalegintzeko hauta dezakeen biderik egokienetarikoa. Langilleekin berekin ahaleginduko da, langilleen alde eta herriaren alde (...).