argia.eus
INPRIMATU
IRRATIAK
UHINETAN BARRENA HEGAKA
  • Duela bost hilabetetik hona Andoain eta Legorreta bitarteko herriek Anoetan egoitza duen irratiaren boza entzun dezakete FM-ko 107.5ean. Txolarre irratiak euskararen normalkuntzarako eta herritarren arteko kohesioarako tresna eta hainbat talderen elkargune izan nahi du.
2007ko otsailaren 21
Irratia piztu eta Tolosaldean, 107.5 frekuentzia sintonizatuz gero Txolarre irratiaz goza dezakezu. Ibilbideari abenduaren 26an ekin zion, Andoaindik Legorretara bitarteko 30 herri egunero kantuz eta hitzez alaitzen dituelarik.
Tokian tokiko aldizkarien mugimenduarekin batera, hainbat irrati sortu da, Arrasate irratia, Bergarako Txapa irratia, Getxo Irratia, Irulegiko irratia... udalek lagunduak, edota euskararen inguruko elkarteek sostengaturik.
Txolarrek eta aipatu irrati hauek guztiak badute ezaugarri komunik. Alde batetik, entzulearengandik gertu daude, herritarren arteko komunikazioa sustatzea dutelarik xede nagusi. Bestetik, batik bat jazoera lokaletan oinarritzen dira eta eskualdeko kazetariei beren jakintzan eta ezagutzan hezitzeko aukera eskaintzen die. Dituzten oztopoen artean, aldiz, muga geografikoa aipa genezake.
"Galtzaundi" eta "Aiurri" aldizkariek Tolosaldean zuten abegikortasuna medio, irratia, euskararen normalkuntzarako tresna, euskara talde eta kultur taldeen elkargune, eta herrien arteko kohesioa nahiz ahotsa helarazteko hedabide paregabe legez ikusi zuten euskalgintzako hainbat pertsonek, kazetaritza eremuko eta AEK erakundeko hainbat pertsonek. Dagoeneko desagerturik dagoen Villabonako Loatzo irratiaren lizentzia eta materiala birzikla zitekeela ikusi zutela adierazi digu irratiko esatari den Edurne Ayusok. Eta egun ikus daitekeenez, hiru urte luzeetan eginiko batzarrek beren fruitua eman dute.


SAIO UGARI.

Goizero astelehenetik ostiralera hiru orduko irratsaioak egiten dira, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, aldiz, herriko kolektibo, elkarte eta mikrofono aurrean eseri gura duen pertsona orori irekita dago. Baldintza bakarra irratsaioa euskaraz egitea da. Arratsaldean, beraz, irrati libre baten gisako funtzionamendua du Txolarrek.
Eguraldi iragarpenaren ostean, 12:00ak bitarte, egunero, gai ezberdinak jorratzen dira. Asteko lehen eguna, kirolari eskaintzen diote; "Kiroletan blai" saioarekin. Bertan eskualdeko kirol emaitzak biltzen dituzte. Asteartetan, eskualdeko nekazarien berri izateko parada izaten da, bailarako baserritarrek dituzten arazoez eta nekazal ekimenez mintzatzen dira.
Asteazkenetan, "Kikili saldan" saioan, osasuna izaten da hizpide. Eskualdeko jatetxe eta tabernen laguntzarekin, platera ezberdinak egiten irakasten da ostegunetan. Azkenik, asteburuari aurre harturik, ostiralean agendaren txanda izaten da, herrietan antolatu diren ekintzen berri emateko. 12:30ean elkarrizketak egiten dituzte eta azken ordubetean, Txolarrek bere baitan duen pentsamoldeari atxikirik (herritarren irratia izatea eta jendea hedabidearekin identifikatzea), lehiaketa eta diska eskainien tartea izaten da.
Astelehen arratsaldetan bi irratsaio berri daude, "Ganix" eta "Xangarin", munduko arazoez dihardutenak. Jarraian, "Radio Benba" izeneko irratsaioan hard core musikak 22:00ak bitarte bere lekutxoa izaten du. Asteazkenetan Tolosako hiru gaztek musika talde jakin baten filosofia agertu, beraien letrak aztertu, eta euskaratuko dituzte.
"Asteburuetan euskal musika nahiz atzerrikoa da nagusi, eta etorkizunera so eginik, programazioa zabaltzeko aukerari ez zaio muzin egiten", adierazi digu Edurne Ayusok.


ANTOLAMENDUA.

Astean behin, hamabi bat kidek osaturiko talde eragilea biltzen da alderdi ekonomikoa jorratzeko eta irratiaren edukiak zehazteko. Esatari lanetan, Edurne Ayuso eta Jon Ander Esnaola aritzen dira, eta, gainontzeko laguntzaile guztiak kolaboratzaileak dira. Udalak emaniko diru laguntzatik eta publizitatetik biziraun gura du irratiak. Hamabost udalek eman dute diru laguntza.
Euskarari dagokionez, herritar orok ulertzeko moduko euskara batu baina xume eta arrunta erabiltzearen aldeko da Edurne Ayuso. Izan ere, hedapen geografikoa dela medio, arras hizkera ezberdina mintzatzen da Andoain inguruan edota Goierri aldean.
Txolarreren entzulerik finenak etxeko txikienak direla aintzat harturik, eta helduen erantzuna ere ona dela ikusirik, gazteei bereziki luzatu nahi diete gonbita, etorkizun hurbilera benetako irrati euskaldun eta parte hartzailearen proiektua mamitzen joan dadin.
Irratiari izena jartzeko unea heldu zenean, liburu bat hartu eta irekitzen zuten orrialdeko lehen hitza hartzea erabaki zuten. Zentzua zuela ikusi zuten; txolarrea baratzetan txioka jarduten duen hegaztia izanik, irratiaren nortasunarekin bat egiten baitzuen. Apurka-apurka etxe ugaritako sukaldetara iristen ari da