PISTAK AL DA BIDEA?

  • Aralarko artzainek beren lana egiteko erraztasunak eskatzen dituzte, txabola guztietara zuzen eta azkar iritsi ahal izateko pistak, hain zuzen. Hori dela-eta, azkenaldian artzainen kopurua eta euren lanaren eragina atera dira argitara eta ondorioz baita bideak egiteko proposamen desberdinak ere.

2007ko otsailaren 21ean
Aralar eta artzaintza mendetan zehar loturik izan diren bi hitz dira. Gipuzkoako Aralar, hein handi batean bederen, artzainen emaitza da. Kontuan izan behar da, Aralar Izadi Taldeak emandako datuen arabera, 1784an Aralar ia osoa basoa zela, %91 pagoa eta %9 haritza, eta bi mende beranduago, 1982an, bere bihotzaren (Enirio-Aralar) lur-zoruaren %30 harkaitz bizia edo lurrik gabekoa, %26 larre egokiak, %20 basoak eta %24 arazo arin edo larriak izan zitzaketen larreek osatzen zutela. Hau da, antzinako basoaren bostena gordetzen da, herena harriak betetzen du, eta gainontzekoa larreek. Hemen ez dago artzainei erru osoa botatzerik, kontrolatu gabeko basogintza eta ikazkintzak ere erantzukizun handia izan dutelako prozesuan; are gehiago, artzainen lanik gabe gaur egun ikusgai ditugun larre ederrak galdu egingo lirateke, sasien eta bestelakoen inbasiopean. Baina artzaintzaren eragina, onerako zein txarrerako, hortxe dago, eta artzainik gabe ez dago gaur egungo Aralar ulertzerik.
Hementxe dago koska: eta orain zer? Aralar artzaintza da, bai, baina baita mendizaletasuna, aire garbia, paisaia, ihes egitea, historia, kultura, tradizioa... eta 1994tik parke naturala. Horregatik, bertan geratzen diren 41 artzainek euren txaboletara iristeko pistak eraikitzea eskatu dutenean Txindokin haizeak mugitzen duena baino hauts gehiago harrotu da Gipuzkoan.
Hasieran artzainek 20 kilometro eta erdi pista egitea eskatzen zuten, txabola guztietara iristeko modu zuzena, alegia; "Lanbide honetan ezin dugu Neolitikoan bezala lanean jarraitu, butanoa edo beste edozer garraiatzeko oinez edo mandoz ordu eta erdiko ibilerak eginez; ez dugu Aralar pistez jostea eskatzen, guri ere ez zaigulako interesatzen mendia jendez gainezka egotea, baina bai pista nagusi batzuk" zioten, eta ordura arte ahotsik entzun ez zitzaien artzainak hori lortzeko protestan hasi ziren, Ordiziako Gazta Txapelketa izan zenean, adibidez. Artzainek EHNE sindikatuaren laguntza eta babesa dute, zeren Gipuzkoako idazkari nagusia den Marta Agirrezabalak dioen bezala, "abiapuntua ezin da gaur egungo artzainen kopurua izan, Aralarren artzaintzarik behar dugun ala ez baizik; mendiaren zainketa eta sostengu sozio-ekonomikotik so, herri honek mendiko artzaintza behar al du? Artzaintza mota honek mendiari onura ala kalte egiten dio? Gehiegitan arazo hauek ikuspuntu ekologista edo naturalista soil batetik ikusten dira, eta guk Aralarko ikerketa guztietan ikuspegi globalaren falta nabaritzen dugu; azken finean arazoa ez da pistak egitea ala ez, mendiaren erabilpen egokia edo desegokia baizik".
Talde ekologistak lehen unetik pisten aurka jarri dira eta behin eta berriz parke natural batetaz ari garela gogorarazten dute: "Ez gaude ados klientelismo horrekin; mendi oso bat ezin da utzi 10-12 lagunen interesen esku" diote Aralar Izadi taldetik. Eta iritzi berdintsukoak dira Gipuzkoako Mendi Federazioan, Aralarko txabola guztietara pistak iristea astakeriatzat jotzen baitute: "Horrek ez du esan nahi pista bat bera ere ez denik egin behar, baina ondo aztertu behar da lehenago zenbat artzain bizi diren benetan lanbidetik, eta egitekotan bideen erabilera oso zorrotz kontrolatu beharko da. Batzuetan, langa jartzen da, gero puskatu egiten da eta inork ez du gero hori kontrolatzen".


PISTAK EGITEKO PROPOSAMEN DESBERDINAK.

Gipuzkoako Diputazioak artzainen eskaera jaso eta konponbidea eman nahian Ekos enpresari ekimenaren bideragarritasunari buruzko ikerketa egitea eskatu zion. Horrela, Ekosek aurkeztutako konponbideak kilometroak murrizten zituen, 15ean utziz, eta zonalde sentikorrenetariko batzuk saihesten zituen, baina ez zuen pisten beharra zalantzan jartzen, hau da, "pistok era egokienean nola egin?" galderari erantzuten zion, pistak egitea edo ez egitea hausnartu gabe.
Istorioa gehiago zailtzeko, Gipuzkoako Aralarko bihotza Enirio-Aralar Mankomunitatearen jabegoa da, hots, XV. mendearen hasieran lurrok erosi zituzten inguruko 15 udalerriena. Bertan edozein erabaki hartzeko udalerri gehienen adostasuna behar da, eta Aralarko etorkizunean garrantzi handia izan dezakeen gai baten aurrean egonik eta beraien artean dagoen iritzi-desberdintasunak kontutan hartuta, mankomunitateak beste ikerketa bat egitea eskatu zion Aranzadi Zientzi Elkarteari, bere lehen kontraproposamena -artzainen txabolak beheragoko bost gunetan elkartzea- artaldeak nahas zitezkeela-eta atzera bota ondoren.
Aranzadi aspaldi hasi zen Aralarren ikerketak egiten, 1947rako jadanik Joxe Miel Barandiaran bertako trikuharrien inguruko txostena prestatzen ari baitzen. Oraingo honetan, Aranzadiri iraganaz baino etorkizunaz ikertzea suertatu zaio, eta Juantxo Agirre idazkari nagusiak adierazi digun bezala, ondorioak argiak dira. Aralarren geratzen diren 41 artzainetatik 10 jubilatzear daude, beste 18k epe erdian gauza bera egingo dute, eta beraz, etorkizuna duten eta osasun-neurri guztiak betetzen dituzten 13 artzain geratzen zaizkigu. Hori artzainei dagokienez, baina bestalde, Aralar inguru oso karstikoa (harritsu eta zuloduna) da, eta bere gainean eroritako edozer segituan lurpera igaro eta Tolosaldeko edo Goierriko edozein iturritik atera daiteke; gero eta gehiago ukitu parajea, uren kutsadura handiagoa izango da. Gainera erosioaren arazoa dugu, Aralar oso aldapatsua eta lur azal eskasekoa delako (30-35 zm.) eta edozein lur mugimenduk lurra harkaitz bihurtzea ekar dezakeelako. Hau guztia kontutan hartuta, Aranzadiren ondorioa gauzak dauden bezala utzi behar direla da, naturaren eta artzaintzaren arteko oreka bilatu behar dela: "Pistak eginez gero, pagadi garrantzitsuei eragingo zaie, ezpondak egin beharko dira, induskagailuak sartu, harkaitza dinamitatu, paisaian eragin... hori naturgune babestu batean egitea astakeria da, onartezina".
Aranzadik beste konponbide mota bat proposatzen du: egungo bideak konpondu, parkearen erdigunea edo bihotza txabolez hustu eta artzainak beherago birkokatu, egungo pisten bukaeretatik hurbil baina barreiaturik, txabola berrietara (azpiegitura eta erosotasun guztiekin, hots, bi logela, sukalde osoa, gaztandegia behar badute, dutxa eta komuna, argindarra, antena parabolikoa, eguzki-plaka, telefono mugikorra...) iristeko dohaineko traktore zerbitzua, artzainen eta beren gauzen zainketaz arduratuko den pertsona batekin... Zerbait gertatuz gero orain ere baduten helikopteroaren laguntza izaten jarraituko dute. Ekonomikoki ere, Juantxo Agirrek dio Aranzadiren proposamena aurrekoak baino askoz merkeagoa dela, 75 milioi pezeta (3 milioi libera) 150-200 milioi pezeten (6-8 milioi libera) aldean. "Azken finean, proposamena naturgune babestu honen zein artzainen onerako dela uste dugu, beraz onartua izango dela espero dugu".
Onarpen edo errefusapen horretan zer esan handia izango duena Enirio-Aralar Mankomunitatea da, baina gai honek Gipuzkoa osoan izan duen oihartzuna eta bere inguruan mugitzen diren interes anitzak ikusirik, erabakia ez da erraza izango. Ez da pistak bai ala ez bakarrik, beste gai askorekin batera jomugan dagoena etorkizuneko Aralar delako.


Azkenak
2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten

Ez dut sekula pelikulekin negar egiten. Pelikula gogorrak ikusi ditut, istorio tristeak, heriotzaz beteak, gizakiaren alderik zatarrena erakusten dutenak? Barkamenik eskatu gabe, gainera? Pelikula ederrak ikusi ditut, dotoreak, monumentalak, mirarien gainean hitz egiten dutenak,... [+]


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Eguneraketa berriak daude