Euskal Herrian izotz-hockey modalitatean goi mailan diharduten hiru talde garrantzitsu daude: Espainiako Senior Ligaren Anecso Txuri-Urdin (Donostia) eta C.H. Gasteiz-ek jokatzen dute, eta Angeluko Hormadi taldea Frantziako Elite profesionalen mailan lehiatzen da. Nahiz eta hiru taldeak goi mailan aritu Espainiako Senior Ligaren eta Frantziako Elite edo maila profesionalaren artean alde handia dago. Hiru taldeek dute historia luzea, baina zaharrena Angeluko Hormadi da, 1969. urtean jaio baitzen. Hiru urte geroago, 1972.ean, talde donostiarra sortu zen eta ondoren Gasteizkoa.
Urteen poderioz taldeek indarra hartzeaz gain egiturak zaharkitu egiten dira eta horixe gertatu zaio Donostiako Txuri Urdin izotz pistari. Egokitza lanak egin behar izan dituzte eta 1998tik 2000. urte bitartean itxita egon da izotz pista.
Donostiarrek etxeko partidak Angelun jokatzen zituzten eta beraz, norgehiagoka guztiak etxetik kanpora. Hala ere, kirol emaitzak ezinhobeak izan dira, bi denboralditan Espainiako Liga irabazi baitute eta iaz baita Kopa ere. Orain Donostiako izotz pista eraberrituan 720 ikusle eseri daitezke. Angeluko Hormadin 1.200 ikusle sartzen dira eta Gasteizen 800 inguru.
DENBORALDIA LUZEA ETA KONPLEXUA.
Frantzia eta Espainiako Ligak desberdinak direla esan berri dugu; beste hainbeste gertatzen da urtez urteko denboraldietan ere.
Espainiako Senior Ligan abuztuaren bukaera aldera hasten dute aurre denboraldia. Sei taldek osatzen duten Liga Erregularra urrian hasten da eta otsailean bukatu. Baina, sailkapeneko lehenengo lauek Play Off-eko finalerdiak hiru partidatara jokatzen dituzte. Bi onenek finala jokatuko dute bost partidatara. Bitarte horretan, Kopa ere jokatzen dute eta apirila aldean Munduko Txapelketa ere bai. Selekzioen partidek etenalditxoa izaten dute garai honetan. Txuri Urdin taldea Play Off-eko finalerdietan kanporatu zuten eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Gasteiz, berriz, aurretik geratu da, hirugarren alegia.
Frantzian, aurre denboraldia abuztuaren 1ean hasi zuten eta beraz, baita Hormadik ere. Zortzi talde indartsu lehiatuko ziren denboraldia irailean hasi zuten eta martxoan bukatu. Aurten txapela kentzeko moduko denboraldia egin du Hormadik. Play Off-etan finalera heldu eta gero, Elite mailan zilarrezko domina lortu du Rouen taldearen atzetik geratuz.
ATZERRITAR UGARI.
Kirol honetako taldeetan jokalari nola entrenatzaile atzerritar ugari dago. Txuri Urdinen bi kanadiar, Darryl Sinclair eta Patrick Barton, eta italiar atezain gaztea daude, Federico Bobba. Atzerritarraren tokia betetzen duena, baina Txuri Urdin taldeak atzerritartzat hartzen ez duena Pierre Vachere Baionako jokalaria da. Honek 3-4 urte daramatza Donostian jokatzen. Azken urteotan entrenatzaile lanetan aritu da Iñaki Bolea eta azken denboraldi honetan Espainiako Ligan etxeko entrenatzailea duen talde bakarra izan da Txuri Urdin. Ligako beste talde guztiek entrenatzaile atzerritarra dute.
Zaila da honelako talde handietan jokalari guztiei ordaintzea eta arazoak hor sortzen dira. Nori ordaindu eta nori ez? Atzerritarrek pribilegio hori hartuz gero etxekoek urte osoan esfortzu berdina eginez ez al dute ezer merezi? Txuri Urdinekoen helburua ez da taldea profesionalizatzea, gakoa harrobitik ateratzen den taldea da. Jokalariak gazte direnetik prestatuko dituzte eta horiek mantentzen saiatuko dira. Denboraldiz denboraldi dirua ateratzen bada atzerritar gutxi batzuk hartuko lituzkete, baina ez bada dirurik akabo ametsak.
Gasteiz taldearen kasua zeharo desberdina da. Talde txikia izan da beti, baina bazirudien azken urteetan taldea handitzen ari zela eta era berean etxeko jende gaztea bazetorrela. Joan den denboraldian, ordea, taldea profesionalizatzeko apustu gogorra egitea erabaki zuten. Fitxaketa ugari egin zuten, gehienak atzerritarrak eta beraien helburua Ligan lehenengo bi postuen artean geratzea zen. Zortzi atzerritar berri ekarri dituzte: entrenatzailetik hasita, Adam Wronka poloniarra, bi atezain eta bost jokalari atzerritar dituzte, hiru poloniar, jugoslaviar bat eta suediar bat. Ez dirudi denboraldi honetan Gasteiz taldearen helburuak eta nahiak lortu direnik, ezta arazoak gehitu ez zaizkionik ere.
ESPAINIAKO ETA FRANTZIAKO LIGAK.
Bi liga hauen arteko desberdintasun nabarmenena izotz pistetan dago. Frantzian guztira 180 izotz pista badaude Espainian 9-10 besterik ez daude. Bestalde, Frantziako Ligan lau maila daude: Elitea edo profesionala, lehen, bigarren eta hirugarren maila. Espainian, berriz, Senior Liga da gorenena, Txuri Urdin eta Gasteizko taldea aritzen diren maila, eta hortik behera adinen araberako mailaketa dago.
Angeluko Hormadi Elite edo goi mailako Ligan dago eta talde zeharo profesionala du. Orain Liga horretan 8 talde daude eta aurrekontuak ez dira nolanahikoak. Hormadik dio 3 milioi libera inguruko (80 milioi pezeta) aurrekontua duela. Hormadiren aurka jokatzen duen zenbait taldek 12 milioi pezetatik gorako aurrekontuak dituzte. Taldeotako jokalariak profesionalak dira eta atzerritar ugari dute. Hormadin, adibidez, zazpi atzerritar daude: bi kanadiar, bi finlandiar, txekiar bat, eslovakiar bat eta donostiar bat, (gipuzkoarrak atzerritarraren fitxa du, noski).
Frantziako lehenengo mailan talde gehiago daude, baina hau ere Espainiako Senior Liga baino indartsuagoa da, 1,6-2 milioi liberako (40-50 milioi pezeta) aurrekontuekin. Beraz, Anecso Txuri Urdin eta Gasteiz Frantziako Ligako bigarren eta hirugarren mailen artean egongo lirateke. Espainiako Senior Ligan 18-25 milioi pezetako aurrekontuak dituzte.
Talde euskaldunen harremanak. Orokorrean hiru talde euskaldunen erlazioa ona da. Anecso Txuri Urdin eta Hormadik oso harreman onak dituzte eta horren froga garbia da akordioak sinatzera ere heldu direla. Gainera, Txuri Urdineko haurrek Angeluri esker Akitaniako Liga jokatu ahal izan dute eta Hegoaldean ez baitago haurren arteko txapelketarik. Bi talde hauen arteko harremana jokalariekin areagotzen da, izan ere, Txuri Urdinek Angeluko jokalariak izan ditu eta orain Hormadik jokalari donostiarrak ere baditu. Euskal Selekzioa osatu zutenean ere Donostian partida bat jokatu zuten eta beste bat Angelun izan zen. Bestalde, azken bi urte hauetan Txuri Urdin itxita egon denean, talde donostiarrari etxeko partidak Angelun jokatzen utzi diete eta hori ez da lortzen taldeen artean tira-birak baldin badaude.
Gasteizekin aurten harremanak zertxobait okertu egin dira beharbada taldeen helburuak bat ez datozelako. Txuri Urdinen helburu nagusia izotz-hockeya mantentzea eta haurren mailetatik talde profesionala ateratzea baldin bada, Gasteizek aurten eta berehala taldea profesionalizatu nahi izan du jokalari atzerritar berri ugari fitxatuz.