SGAEk otsailean argitaratu zuen musika klasikoari buruzko datuak biltzen zituen txosten bat. Bertan jasotakoak Espainiari dagozkio ordea, eta ez dago jakiterik Euskal Herrian zein den zenbateko zehatza. Horregatik, zifra hauek aintzakotzat hartu gabe, bakoitza bere txostenei atxikitzen da. Hegoaldeko musika elkarte eta orkestren iritziz, Euskal Herriko musika klasikoaren munduak errealitate oparoa bizi du eta etorkizunera begira baikorrak dira.
Bilboko Orkestra Sinfonikoko (BOS) Iñigo Zubizarreta komunikazio arduradunaren esanetan, "duela urte batzuk kontzertuetara zazpirehun pertsona etortzen baziren, orain bi milatik gora datoz". Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta Pablo Sarasate Orkestrak, berriz, abonatu egiteko zain daudenen zerrendak prest dituzte. Publikoaren igoera hau, jakina, hein batean eskaintzaren areagotzeari zor zaio. Duela bi urte, adibidez, Hego Euskal Herriko 469 aretotan eskainitako 1.533 kontzertuetan 525.857 ikusle izan ziren; 1997an, aldiz, 1.316 emanaldi izan ziren eta 412.214 lagun bertaratu ziren. Bestalde, eta gezurra badirudi ere, 1999an 1997an baino 6.503.382 pezeta gutxiago bildu zen. Seguruenik, sarreren merketzearen edota diru-laguntzen handitzearen ondorioz. Hala ere, Hego Euskal Herrian Espainiako beste lurraldeetan baino sesio gehiagotan ordaindu behar izaten da sarrera, erakundeetatik diru-laguntza dezente jasotzen badira ere. Musika estiloak konparatuz, adibidez, 1999an izan ziren 4.599 kontzertu modernoetatik 325 dira rock gogor edota heavy motakoak, klasikoak baino askoz gutxiago. Dena dela, diferentzia ez zen hain nabarmena izango rock emanaldi gehienek SGAEn partea eman izan balute.
AUDITORIO BERRIAREN EKARPENA.
Musika klasikoaren munduan entzun, ikusi eta interpretatzeko auditorioek baldintza zehatz batzuk izan behar dituzte. Noski, ezberdintasun nabarmenak izanen dituzte solista, trio, kamara talde, musika banda edota orkestren kontzertu aretoek. Hala ere, guztiek beharko dute akustika berezia. Rock edo pop emanaldiekin erkatuz, adibidez, ez baitute soinua anplifikatzeko aparaturik erabiltzen. "Artistak edo musikariak abestu edota musika tresna erabili behar duenean, egokitasuna behar du soinua erraz pasa dadin eszenatokitik jendea dagoen tokira", dio Zubizarretak. Aukera eta baldintza hauek guztiak, besteak beste, orain gutxi sortu diren Kursaaleko eta Euskalduna Jauregiko auditorioek ahalbidetzen dituzte. Eta noski, jendeak erosotasun eta aukera horiek guztiak ongi baino hobeto aprobetxatzen jakin du. Dudarik gabe, abantaila hauetaz ohartuta jende gehiagok jo baitu musika klasikoko kontzertuetara. Horrela, Euskal Herriko orkestrek ahotsentzako prestatuago dagoen Arriaga batetik eszenatoki eta aforo handiagoko aretoetara egin dute jauzi. Donostiako Kursaaleko auditorioak, kasurako, 1.806 pertsona esertzeko lekua du eta 350 m2ko eszenatokia dauka. Horrekin batera, artista eta musikariak aldatzeko hamabost kamerino ditu. Ikusentzunezko baliabiderik ez da falta: soinua kontrolatzeko kabina, megafonia, mikrofonia finko eta haririk gabea, erreprodukzio/grabazio sistema (audio, kaset, CD, DAT, Mini-Disk)... Dena den, hau ez da Kursaalak duen areto bakarra: 120 m2ko eszenatokia eta 624 lagun esertzeko aukera ematen duen Ganbera eta Batzarrerako Aretoa, erakusketa guneak eta bilera gelak osatzen dute Donostiako auditorio garrantzitsuena.
Kursaalaren baliabide eta erosotasunek Donostia eta inguruetako hainbat musikazale erakarri duen bezala, efektu berdina eragin du Bilboko Euskalduna Jauregiak Bizkaian. Bertako auditorio nagusiak 2.200 pertsona biltzeko aukera ematen du, antzoki aretoan 615 lagun sartzen diren bitartean. Horrez gain, Kursaalak bezala, baliabide teknikoak eta maila txikiagoko hainbat areto ditu. Gipuzkoako eta Bilboko hiriburuetan kokatu auditorio hauek Euskal Herrian dauden garrantzitsuenetakoak dira, baina ez bakarrak. Donostiako Egia auzoko Gazteszenan (antzinako Jareño), adibidez, musika moderno zein klasikoko kontzertu ugari eskaintzen da, formato txikiagoan bada ere. Iruñean, berriz, gaur egun Pablo Sarasate Orkestraren areto nagusia Gayarre antzokia bada ere, bi edo hiru urte barru Baluarte auditorioa izango dute martxan. Honela, nafarrek Kursaalak eta Euskalduna Jauregiak eskaintzen dituen antzeko erosotasunez gozatzeko parada izanen dute. Gasteizen Printzipal Antzokian eskaintzen dira emanaldi gehienak. Bestalde, profesionalek ez ezik ikasleek eta herrietako musika bandek ere protagonismo handia dute Euskal Herrian. Honela, udal bandek normalki hilero eta gaztetxoek Gabonetan eta ikasturte amaieran eskaintzen dituzte kontzertuak. Hortaz, auditorio, antzoki zein areto txikietan ez da falta izaten musika klasikoko saiorik.
ABONUEN SISTEMA.
Musika klasikoaren munduan hedatuen dagoen sarrera sistema da abonuena. Horrela, kurtso hasieran zenbateko bat ordainduz, denboraldi osoan orkestraren kontzertuak ikusteko aukera dago. Dena den, bada honek entzuleak uxatzen dituela esaten duenik ere. Hauen iritziz, jendeak ez du azken orduan sarrerarik erosten denak abonu bidez salduak egongo direlakoan. Hala ere, beti egon ohi da sarrera kopuru solte bat abonatuak ez diren musika zaleentzat. Donostiako Musika Hamabostaldiko Luis Fernando Rupérezek futbol munduarekin egiten du konparaketa: "Hori Anoetan ere gertatzen da, Villareal taldea etortzen bada, ziurrenik sarrerak geldituko dira. Baina Bartzelona badator zailagoa izango da sarrera lortzea eta abonatuek soilik izango dute partidara joango diren segurtasun osoa".
Zenbait kasutan abonu bereziak ere izaten dira. Oinarrian adinaren kezka zuela, EOSek aparteko eskaintza egin zien musika eskoletako ikasleei duela zenbait urte. Gaur egun, egitasmo honen bidez, Iparraldeko eta Gipuzkoako musika ikasleek Donostiako kontzertuetan sarrera merkeagoa dute. Gauza bera Bizkaikoek Bilbon, arabarrek Gasteizen eta nafarrek Iruñean. Donostiako hamaika kontzertuetarako abonua, kasurako, bost mila pezeta (200 libera) ingurukoa da. EOSeko German Ormazabal zuzendari nagusiaren arabera bi helburu ditu proiektu honek: "Batetik, gazte jendearengana zuzentzea; eta bestetik, teorikoki gerora musikara dedikatu daitekeen jendeari EOSen kontzertuetara joan ahal izatea erraztea". Ormazabalen ustez, musika klasikoa "elitetzat" jotzen da sarri eta ideia hori apurtzen saiatu dira.
ESTEREOTIPORIK EZ.
Gizarteak beti lotu izan du musika klasikoa eliteko jendearekin. Janzkera, hitzegiteko era, dirua... zinean, adibidez, askotan ikusi ditugun ezaugarriak dira. Guztiak, ordea, bat datoz garestia ez dela esaterakoan. Ez omen dira futbol partida bat edo rock kontzertu bat baino garestiagoak. "Elitetzat diru asko edukitzea ulertzen badugu, ez da elite handikoa, bostehun eta seiehun pezetako kontzertuak baitaude", dio Musika Hamabostaldiko Luis Fernando Ruperezek. Zubizarretaren hitzetan, "urtean hogei kontzertu baditugu, gazteentzako abonorik garestienak 16.000 pezeta balio du". Zinemara joatea baino "merkeagoa" ei da. Orkestretako arduradunen arabera, musika klasikoko kontzertuak ez dira klub sozial bat bezala ulertu behar. Florentino Briones Pablo Sarasate Orkestrako gerentearen iritziz, kontzertuak jendeak musikaz goza dezan antolatzen dira. "Hamar kontzertutarako abonu batek 19.500 pezeta balio ditu gurean; ez dut uste hori elitista denik".
Gakoa hezkuntzan dago askorentzat eta hori bultzatzeko beharra ikusten da. Hala eta guztiz ere, Pablo Sarasate Orkestrako Brionesen aburuz, irtenbidea ez da musika ikasketa berezituak indartzea: "Musika zaleak egoteko jendeak ez du zertan musika eskola batean ikasi behar, hori musikariak sortzeko da garrantzitsua". Bere ustez, funtsezkoena jendeak musika ezagutzeko, entzuteko eta kontzertuetara joateko aukera izatea da.
Hedabideek, besteak beste, paper garrantzitsua betetzen dute esparru honetan. Nahitanahiez, ikusi, entzun edota irakurtzen denak eragina baitu hartzailearengan. Euskal Herriko orkestrak bat datoz komunikabideek musika klasikoa bultzatzen dutela esaterakoan. Kontzertuak prentsan edo ikusentzunezkoetan iragartzen direnean ikusle kopurua asko igotzen dela dio Florentino Brionesek. Egunkarien eta orkestren arteko akordiorik ere izan da. Pablo Sarasate Orkestrak, esaterako, "Diario de Navarra" egunkariko harpidedunentzat eskaintza berezia egin zuen. Horren truke, noski, orkestra debalde iragarri zen. Akordio honen ondorioz orkestraren abonatu kopurua izugarri igo zen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari German Ormazabalen ustez, oro har, kulturari tarte txikia eskaintzen zaio hedabideetan; baina ez du uste musika klasikoa gaizki tratatua dagoenik. Guztiek aho batez hedabideen interes eta jarrera positiboa azpimarratu dute. Gaur egun, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Nacional de Españak emititzen dituzte. Horrez gain, akordio batera helduz gero, Radio Catalunyan ere.
KONTZERTU DIDAKTIKOAK.
Haurrak, gazteak eta gizartea, oro har, musika klasikoaren mundura hurbiltzeko asmoz orkestrek antolatzen dituzten ekitaldiak ezagun egin dira azkenaldian. Bilboko Orkestra Sinfonikoa izan zen Espainian kontzertu didaktikoak antolatzen hasi zen estraineko orkestra. Aurtengoa hamalaugarren edizioa dute. Iñigo Zubizarretak azpimarratu duenez, hasieratik bi esparru izan dira kontuan: "Alde batetik, musika klasikoaren mundua ezagutzeko modurik egokiena orkestra ezagutzea zela pentsatu genuen; eta bestetik, musika eskoletako neska-mutikoek orkestra profesional bat ikusteko aukera gehiegirik ez zutela ikusi genuen". BOSen musika ekimen hauek bederatzi urte arteko eta bederatzi urtetik gorako haurrentzat antolatzen dira. Eskola egun hauetan umeek, noski, ez dute piperrik egiten. "Arazoa aretoa jendez gainezka egoten dela da, baina musika klasikoaren munduan lehen aldiz sartzeko ezinbestekoa da", dio Zubizarretak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzak, berriz, eskolentzako bost musika ziklo antolatzen ditu; Pablo Sarasate Orkestrak hiru ziklotan hartzen du parte. Orkestrako gerente Florentino Brionesek "oinarrizkotzat" jotzen du honelako kontzertuak antolatzea: "Ekitaldi hauek garrantzitsuak dira umeek musika aspergarria beharrean, dibertigarria eta entretenigarria dela ikus dezaten". Kontzertu didaktikoez gain, EOSek "Miramoneko Eguerdiak" deritzon egitasmoa jarri du martxan. Bertan bikoteak, laukoteak, kamara taldeak... ikusteko aukera dago. Gasteizen, berriz, Vital Kutxa Fundazioak antolatutako Astearte Musikalak ditugu Printzipal Antzokian. Bestalde, datorren urterako Euskalduna Jauregian Maratoi Klasikoa antolatzeko asmoa ere bada. Egitasmoa Naoneten (Bretainian) azken zazpi urtetan egiten den "La Folle Journee" jaialdiaren antzeko zerbait da. Guztira, 60 kontzertu inguru, adituen hitzaldiak eta mahainguruak .