argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
TXILETIK BERMEORA
  • Otsolizar, maspila eta hostazuriaren fruituak jaten zituzten antzinako bermeotarrek. Egun, oso gutxi dira errosazeoen familia horrek Euskal Herrian dituen ordezkariak.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Ardiak zakurren bizkarretan eta bekerekeak itsasoan ibiltzen diren herrian izan berria naiz. Pinuaren beltza eta eukaliptoaren urdina dira egun hango mendien soinekoen koloreak.
Duela 34.000 urtetik honuntzako giza aztarnategi pleistozeniko eta holozenikoen ikerketetatik adituek badakite bertako landareen gutxi gora-beherako sekuentziaren berri. Ipuruak, urkiak, haritzak, errosazeoak, zume eta sahatsak, artea, hurritza, ametza, zumarra eta pagoa. Gertuagoko arrasto interesgarriak ere badira Sollubepe horretan. Dorre zaharra adibidez. Hemendik eta antzeko kokapen estratejikoko beste tontor batzuetatik deitzen omen zituzten herrietako ordezkariak Gernikan egiten ziren herrialde batzarretara. Dorrearen hondakinen artean gerra garaiko lubakiak makilatu eta landatu dituzten pinuen artean txonkatilaren parean muarrotutako otsolizar bat topatu genuen. Hara non azaltzen den zehaztu gabeko errosazeoen familia horretako ordezkari ia desagertua. Otsolizarra (Sorbus aucuparia), maspila (Sorbus torminalis) eta hostazuria (Sorbus aria) ia desagerturik daude gure mendietatik eta honelako punta-punta batzuetan besterik ez dira topatzen. Hauen fruituetatik elikatu ziren antzinako bermeotarrak baina gaur, bertako alameda deituriko zuhaizti kosmopolitan, Ameriketara joandako Ertzillatarraren omenez araukaria dago landatua. Araukanoen tankeran bizi ziren bertako haien omenezko arrosazeo horiek falta dira .