"BEHARBADA GURETAKO GASNA DA LEHEN KARTZELA MENTALA"

  • Gaztaren mitologia ardatz hartuta, 40 narrazioren bidez, euskalduntasunaren estereotipoetatik ihes egin nahia islatu du Itxaro Bordak Susak argitaratu duen "%100 Basque" bere azken lanean. Liburuak lehen aldiz idazle sentiarazi omen du egilea.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskarazko literaturak mende berrian eman duen lehen nobela dugu "100% Basque". Iparraldeko idazleak idatzia, emakumezkoak. Muntazko ote dira bi xehetasunok?
Beharbada ez dute den mendreeneko garrantzirik. Mende eta milenario hastapen honetan, munta zerbait eman nahi diet. Iparraldekoa: liburu honetan agertzen den atzealde geografikoa, ekonomikoa, politikoa eta kulturala hala da, nahiz munduko edozein tokitan, gasna ekoizten eta kasik "adoratzen" den ber funtziona dezakeen. Hizkuntza ere Iparraldekoa da lexikoan, eta Iparraldekoa izanez prekaritate handikoa baina izugarri batua. Hizkuntzaren historia errepasatzen da nobelan Axularretik "Herria" astekariko kronika nekrologikoetaraino. Iparraldekoa da azkenik, euskal mundua inguratzen duen kultura, frantses estatukoa delako, Du Bellaytik hasi "Sud-Ouest" egunkariaren aipamenetaraino. Frantsesez idatzi dialogo zatiak aurkitzen dira. Sartu ditut jakin arren horrela eginez "gabatxo"en lerroan urtzen naizela.

Ene galderaren bigarren partea, alegia, emaztearenari buruz zer diozu?
Liburu hau gehienetan, kapitulu salbuespenak badira non ez den narratzailearen generorik zehazten, emazte idazle eta narratzailearen ikuspuntutik moldatua da. Pertsonaia gehienak gizonezkoak dira, tipikoenak, folklorikoenak, bortitzenak halakoak dira, pixka bat erakusteko beti pairatzen duguna, gutxi salatzen duguna ordea, gure "euskal" mundua, artzainetik terroristara, gizonezkoz osatua dela. Inportantea izan liteke berdinki horren azpimarratzea, liburu hau nekez kokatzen ahal delako "emakume literaturaren" ildoan, etxeko sukalde eta maitale bihotz kontu apurrak ditu; biziki soziala da eta aldi berean arras indibidualista, gizonezkoei ematen zaizkien ezaugarriak.

Adituak mestizajearen aroa aldarrika ari dira. Zuk, aldiz, "100% Basque" ekarri diguzu. Zein duzu intentzioa?
Iparraldeko gasnategi batek AOC labelarekin ekoizten duen gasna ezagun baten lema da"100 % Basque" hori. Eta noizbait gasnarekin hainbeste espantu eta pentsatzen hasi nintzen ez ote genuen larrua mintzen digun gure euskalduntasuna gasna puska bakarrean gatibatzen, aldi berean harroki eta bestean gordeka, nehork deus ez dakiela. Ez du mestizajearekin lotura izpirik: alderantziz, kulturalki, linguistikoki baino gehiago, uste dut prestigio galdua duela euskarak gure artean, finkatu eta zientifikoki frankotan zehaztu dira, abertzalegoak bereak erantsi dizkiola, identitate euskaldunaren seinale corpus bat, ehunez ehun "basque" egiten gaituena.
Nobelan ezaugarri horietaz trufatzen naiz, baina trufatzea ez da garaipen marka bat, erran nahi du narratzaileak ironia erabiltzen duela bere buruaren desagertzetik gerizatzeko. Nobela ehuneko ehunez "basque" da eta beste ehuneko ehunez estereotipo hil eta itogarrietarik askatzeko nahikunde! Estereotipoen, mundua bata bestearen etsai pentsatzera ekartzen gaituzten ideologien, manikeismoen ezabatze saioa egin nahi izan dut, ez dut beti lortu ni ere kondizionatua naizelako, baina lortu dudanean, literaturak irabazi duela uste dut. Nobela hau ihes bat, ehuneko ehunez.

Zergatik gasnaren obsesioa?
Eguneroko bizitza, trufaz edo egiaz serioski agertua, gasnaren mitologiaren ardatzean biribilkatzen da: goizeko berriak irratietan, egunkarietako erreportajeak, kultura gertakariak, auziak eta leize sozialak, politikako eta erlijioko gauzak, denak ardietaz, gasnetaz eta artzainetaz mintzo dira. Haurrak ere gasnatik heldu omen dira Euskal Herrian! Gasnak asetzen, berotzen eta soleitzen gaituela entzuna dugu gutariko gehienek haurtzarotik, bai eta ere gasnak mututzen gintuela. Nobelaren bihotza da gaiaren atsegin-ezatsegin balantza. Kultura aipatzen badugu berezikiago irudi luke guhaurk ez dugula euskarazko eta euskal kultura gasnaren mitologiaren gerizatik atera nahi ere, itxura horrekin asetzen gara eta maite dugu itxura horren kanpotarrei eskaintzea! Beharbada guretako gasna da lehen kartzela mentala. Behialako ihesera itzultzen gara.

Nobela delakoan hartuko du anitzek. Aitzitik, 40 narrazioz osaturiko liburua da, nahiz eta loturarik baduten. Zein dugu lotura gorde hori?
Berrogei bizitza zati dauzka nobela honek, zenbaitetan gasna zatiak bezain meheak, besteetan gotorragoak, diot bizitza zatiak direla. Berrogei ere, agian, desertuko egonaldi biblikoa berrogei gau eta egunekoa izan zelako, berrogei urtetan idatzia delako ote? Lotura lana egiten daude narratzailea, gauak eta autozko bidaiak; erran behar dut gaua nobela honen pertsonaia nagusietarik dela, Prousten madalenaren funtzioa betetzen duen gasnarekin batera hor da gaua, jasaten, pairatzen eta hil gaitzakeen ilunbearen sinbolo gisa. Gaien aldetikako lotura segur aski dolorez plegarazten gaituen euskaldunarekiko ironiak du josten. Gainerakoak bizitza puskak dira. Puskatuak. Saiakera kutsua edonork hartzen badio ere, nobela da. Nobela guztiak saiakerak dira, ez, munduari esplikazio bat bilatzen eta proposatzen baldin badute.

Lehen eta azken atalak zutabe ditugu. Zergatik egin duzu horrela?
Bi atal horiek bereziak dira, liburuaren doinua, abiadura, koadro geografikoa, politikoa eta erreferentziak finkatzen dituztelakoan. Batean hasten da liburua, delirio erraldoia bezala eta bestean, Euskal Herritik eta mundutik ihes egiteko amets gutiziatsua egiaztatzean "happyend" bati buruz ari garela ematen du, eta hondarrean katastrofea da, ezin erranezko desesperantza: hemen bizitzera kondenatuak gara. Lizarazuk dio Euskal Herria berarentzat paradisua dela; nobelako narratzailearentzat arras ifernua dela ematen du. Kondena hori. Ihesik ez dago gehiago.
Liburua irri eta trufa egiteko idatzia da, ez da zuzena ez politikoki ez eta linguistikoki, baina dolorezko bizipen sailak dira kontatzen hemen. Gero aipatzen ahal dira ere, bost kapitulu bakoitz agertzen diren Joanes izeneko pertsonaiak: kultura munduko estereotipoak dira, denek izen berdina dute, klonak balira bezala. Pertsonaia horiek ukaten dituzte ehortzeta ederrak, omenaldiak, ikerketa saioak eta abar. Gure bizitza kulturalaz burlatzeko aukera da narratzailearentzat eta egiaz idazlearentzat. Bi emazte badira, klonak hauek ere, Maddalenak, bata azken euskalduna eta bestea Ivrykoa, hiltzen dena elurte batez. Bi atal hauen artean, zedarriak zehaztu ondoan, mundu bat garatzen ahal da eta naski egin da.

Zergatik tartekatu dituzu narrazioen artean Zen filosofiazko aipuak?
Hor nituen aspaldian, euskaraz emanak. Liburua idazten hasi nintzenean ez nuen hauen beharrik, baina gero oroitu nintzen, zainetan eta duntzetarik ateratzear dauden kapituluen artean hatsa hartzekoa zela, distantzia atxiki, ez da hainbesterako errateko molde batean. Hala sartu ditut, ironiaren ironiaz, dolorezko itsasoan, bake uharte gisa. Eta kontrastea ikaragarria da.

Gure egoera mingarria zaizulakoan sortu ote dituzu testuok?
Amaia Ezpeldoiren garaitik badut sail hori baino literatura bortitzagoaren idazteko gogoa, gaiztakeria, trufa merkea, kontzientziarik gabeko salaketa hutsa paperean sartzeko; ez bai ez bada "etsaiarekiko" gaiztakeria, erraza da hau guretzat, nobela honetan "etsaiak" ohikoan baino normalago daude beharbada, baina euskaldunki jarduteko sortzen ditugun itxura eta estereotipoetaz zuzenki hauetan ziria sartuz: deus ez da libratu, egia da, baina deusek ez gaitu libratzen ere. Euskararen eta euskaltzaleen munduaz desesperatzekoa baliteke liburu hau irakurtzean: zinez bada desesperatzekoa hainbat autosatisfakzio eta espanturekin. Gero ikusten da anitzetan erregea biluzirik dabilela eta kanpoko jendeetan gureetako frankotan baino konfiantza gehiago ukan dezakegula.

Sexu kontuak ere bai. Haurraren sortzea "Euskal Kamasutra"n sartzeko moduko pasartea dukegu.
Ez dut nehoiz liburu bat idatzi sexu harremanik deskribatu gabe, eta sexua bururaino eramana, izan heterosexual, izan homosexual, izan oraino beste, nobelan bezala. Hizkuntza batek harreman sexualak hitzez agertzeko gai izan behar luke bizitzekotan, jujamendu moral ahal bezain gutxirekin. Ez dut ikusten zergatik harritzen den jendea! Euskara gelditzen baldin bada artzainen kulturaren errateko eta ekintza militarren errebindikatzeko hizkuntza gisa, ez du balio honen salbatzen saiatzeko denborarik gal dezagun. Sexu mailan ez naiz obsesionatuetarik... alta!

Lehen aldiz idazle sentitzen zarela esan zenuen aurkezterakoan...
1974an "Herria" astekarian publikatu nuen lehen olerki adolezenteaz geroztik idazten dut, egun guztiez zerbait, eta kopuruari begira nekez uka dezaket idazle izana. Egia da hala ere nobela honetan bizitzen, pairatzen eta erabiltzen dudan libertateaz naizela idazle sentitzen eta hori nahi nuela erran. Beti izan naiz idazle eta beste zerbait: ikastolako lehendakari, Seaskako kide, idazkari edo lehendakari, eta beti halako geriza batekin idatzi dut. Anitzetan ere idazle izateaz gain, Iparraldeko euskara, literatura, politika aipatu dut ene literatura baino gehiago, sakonkiago, idazten nuena inutilkeria hutsa bailitzan, aipatzea balio ez duen zerbait. "%100 Basque"ekin literaturaz mintzatzeko gogoa dut, politikaz ez dut deus erratekorik, euskararen geroaz are gutxiago, idazle gisa ez da ene arazoa, nik literatura mailako proposamen bat egiten dut, libertatea hartuz eta nork zer erranen duenarekiko beldurra haizatuz eta alde horretarik idazlea naizela diot. Pretenziosoa da, baina horrela nahi dut.

Azalak ere badu funtsa. Zertan da?
Azalean agertzen diren tatxa urdinak ez dira kromosomak; kobalta kolorez tindatu emazte gorputzen hatzak dira oihal zuriaren gainean etzanak, Yves Kleinen eskutik, haren eromenetik, haren eskizofreniatik. Hauek egin eta bi urtera bere buruaz beste egin zuen Kleinek. Gustatzen zait biziki pintura garaikidea eta partikulazki Klein; Parisera noan aldi oroz Beaubourg zentroko taula urdinaren aitzinean orenak gelditzen ahal naiz. Liburuan sartu ditut maiteen ditudan idazle, ikerlari edo jendeen erreferentziak, azaletik haste.


Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon

Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]


Eguneraketa berriak daude