"AIMAR PILOTARI JAIOA DA, NI BERRIZ, EGINDAKOA"

  • PERFILA. Gerrikoa baino estuago zilborrestea, anai jokatzen dute beste ezeren gainetik. Baina partidak ezin 22na berdinduta utzi! Jokoan bezala, izakeraz ere gazteenak berezkoa du gauzak datozen bezala botatzea. Erantzun hotz eta hausnartuagoak ditu zaharrenak. Egindakoa omen da, baina ikasi adina erakutsi du dagoeneko txapelketan. Dena aurka bazuen ere, enpresari jo zion bere ezker kolperik onena. Anaia beti ondoan izan du esku bat botatzeko, kailoak lehertuta bada ere. Elkarren botilero onenak dira, nola frontoian, hala garaipenak festan ospatzerakoan...
Nola gogoratzen dituzue txikitan, txaparen altuera ere ez zenutenean frontoian sartutako orduak?
AIMAR.
Goizuetan ume denak ibiltzen dira orain ere pilotan, futbolerako ez baitago tokirik.

ASIER.
. Goizuetak 900 biztanle inguru ditu eta hiru frontoi. Futbolariak ere atera izan dira (Bakero anaiak eta Etxeberria), baina hemengo umeak beti frontoian sartuta daude, eta telebistan hainbeste ematen duten honetan, gehiago.

Zuek pilotari ateratzeko amak eragin handia izan omen du...
AIMAR.
9 urterekin hasi eta 18 urterekin kotxeko gidabaimena atera arte partida asko jokatzen genituen. Amak atera zuen gidabaimena eta berak eramaten gintuen batetik bestera. Asko mugitu zen, gure partidetara bakarrik ez, besteetara ere laguntzeko.

ASIER.
. Gainera, egunero kirola egiten aritzen gara, eta arropa garbitzen nahikoa lana izaten du!

Berezkoa duzue edo landua?
ASIER.
. Aimar da "pilotari jaioa" esaten dena. Txikitatik zituen izugarrizko kualitateak. Ni, berriz, egindakoa naiz. Orain arte egin ditudan gauza denak izan dira orduak sartuta eta ikasita. Batzuek berezkoarekin jaiotzen dira, eta beste batzuek lan gehiago egin beharra dute horien mailara iristeko. Gimnasioan eta mantentzeko ordu berak sartzen ditugu, baina teknika hartzea gehiago kostatzen zait. Entrenamendu bereziagoak behar ditut.

Bakoitzaren jokoa nolakoa da?
ASIER.
. Nik landu beharrekoa aurreko jokoa da: gantxoak... Eta dudan gauzarik onena eskuin kolpea da.

AIMAR.
Nik hartu behar dudana, berriz, anaiak asko duen hori da: kolpea. Aurrean nahiko ongi ibiltzen naiz, baina indarra hartzea falta zaidala nabaritzen dut. Ezker gantxoa gustatzen zait gehien.

Elkarren aurka jokatzea ez omen zaizue gustatzen. Nola uztartzen da hori frontoian behar den lehiarekin?
ASIER.
. Behin frontoira aterata berdin da zein dagoen kontra, eta anaia zaren ahaztu egiten da. Kontua aurkakoari irabaztea da. Baina aukeran nahiago dut ez anaiaren aurka jokatzea. Arraroa egiten zait, beti elkarrekin entrenatu eta aurka jokatu beharra.

Ikusle artetik nola bizi duzue partida?
ASIER.
. Jokatzen baino okerrago. Sarri urduriago egoten naiz, jokatzen ari naizenean baino.

AIMAR.
Ni ere bai. Partidak jokatzen ohituta gaude, eta behin frontoira zuriz jantzita ateratakoan partidan sartu eta lasai jokatzen dut. Kanpotik begira ari bazara, eta anaia justu samar edo galtzen ikusiz gero, urduri jartzen naiz.

Gazteak zarete. Zer ikasi duzue lehenengo mailan hasi zinetenetik?
AIMAR.
Asko nabaritzen da maila batetik besterako aldea. Bigarren mailan partidak motzagoak izaten dira askotan. Atzelariek pilota gehiago entregatzen dute eta huts egin ere bai. Bigarren mailako aurrelariek, berriz, normalean ongi jotzen dute, baina tantoa bukatzea kostatzen zaie. Behin lehenengo mailara pasaz gero, partidak ordubetetik gorakoak izaten dira, besteri tantoa egitea gehiago kostatzen da eta zuri lehen baino gehiago egiten dizkizute.

ASIER.
. Nik ikasi dudana lasai jokatzea da. Buru askorekin jokatu behar dela. Frontoian lasai egotea eta une bakoitzean zer egin behar den jakitea oso garrantzitsua da.

Belaunaldi gazteak zaharragoarekiko zer alde du?
ASIER.
. Esaten da fisikoki oraingo pilotariak lehengoak baino hobekiago prestatuta heldu direla. Kolpe gehiagoko pilotariak direla.

Gazte bezala zer beldur dituzue pilota munduan aurrera egiteko?
AIMAR.
Zortea izatea da garrantzitsuena. Nahikoa da hanka edo behatzen bat haustea aurrera egin ezin ahal izateko. Eskua sendatzen da denborarekin. Baina edozein istripu edo aberia nahikoa da aurrera ez jarraitzeko.

Oraintxe sartu zarete pilota munduan. Zein da lehen inpresioa?
ASIER.
. Orain dela gutxi osatu da "Eskutik" pilotarien sindikatua, eta hori oso garrantzitsua da. Orain arte ez zen horrelako ezer, bakoitza bere aldetik zebilen. Debutatzen duen gazteak gutxieneko soldata bat ezartzea eta gizarte segurantza lortzea ditu helburuen artean "Eskutik"ek.

Fisikoaz gain psikologikoak zer eragin du?
AIMAR.
Badira pilotari batzuk, nahiz eta abildadea izan, psikologikoki ahulagoak direnak, eta segituan etsia hartzen dutelako berea ematen ez dutenak. Azken aldian ikusten da gero eta pilotari gehiago direla laguntza hartzen ari direnak. Beharra dutenentzat ongi ikusten dut hori. Ni nahiz eta atzetik joan ez dut etsia hartzen, eta lasaia naizenez uste dut alde horretatik nahiko ongi moldatzen naizela.

ASIER.
. Lasaiegi ateratzea txarra da. Tentsio puntu batekin jokatzea da ona.

Elkarren botilero zarete.
AIMAR.
Nahiago dut jokatzen aritu botilero baino. Bestela ere elkarrekin entrenatu eta bizi garenez, beste edozein baino nahiago dut anaia botilero eduki. Berarekin dudalako konfiantzarik gehiena.

Biak orain "Maesku 2.000" enpresan zaudete, eta biak zatozte Aspetik. Nolakoa izan da bakoitzaren esperientzia?
AIMAR.
Nik Aspen hiru urte egin ditut eta oso gustura geratu naiz. Urtebete baino lehen eman zidaten aukera lehenengo mailan jokatzeko. Nik ere erantzun dut, baina partida asko jarri dizkidate eta torneo garrantzitsuak ere bai.

ASIER.
. Nik hiru urte horietan denetatik izan dut. Hasi oso gustura egin nintzen, baina Espainiako Txapelketa irabazi nuen lehen urtean eta pixkanaka gauzak okertzen joan ziren. Lehengo urtea oso txarra izan nuen, udan, partida gehien jokatzen diren garaian oso partida gutxi jarri baitzizkidaten. Txapela irabazi nuen, eta hurrengo urtean, txapeldunak bere txapela defendatzeko aukera izan behar duenean, ez ninduten jarri. Baina bukatu behintzat ongi egin dut, txapela batekin, eta horrekin geratu beharko.

Motibazio berezirik, txapela baino zerbait gehiago zenuen jokoan?
ASIER.
. Urte eta erdian oso partida gutxi jokatu nituen, eta txapelketara atera nintzenean amorru hori nuen. Banekien oso zaila zela irabaztea, baina enpresari erakutsi nahi nion ni ere gai nintzela hor egoteko.

Zer eman dizu txapel horrek?
ASIER.
. Nire buruarengan konfiantza handia. Moral aldetik ez nengoen hain gaizki, nahiz eta enpresa aurka jarri, ni enpresari aurre egiteko jarrita nengoen. Txapela irabaztea oso ongi etorri zait jendeak ikus dezan zer gertatu den, eta nire morala altxatzeko.

Enpresek zer eragin dute pilotari bat aurrera ateratzeko orduan?
ASIER.
. Enpresa batek pilotari bat aurrera ateratzeko nik uste %80a bere esku duela. Enpresak pilotaria lagundu behar du eta gero pilotariak erantzun, noski. Bakoitzak du bere lana. Baina enpresa batek ez badu nahi pilotari bat ateratzea, lasai asko du ez ateratzea.

Zer moduz dituzue kailuak?
AIMAR.
Anaia ongi ibiltzen da, baina nik bi hilabete daramatzat nahiko gaizki. Niri zaina lehertu zitzaidan eta dena hazia izan nuen. Berbena belarrekin enplastuak jartzen nizkion, anti inflamatorioak hartu eta ultrasonidoak. Odolbildua eta tendoi arazoak direnean astean bitan masajistarengana joaten gara. Behatzak gogor sartuz sendatzen digu. Ez dira gustuko masajeak, sufritu ederrak hartzen ditugu!

Ehiztari amorratuak omen zarete...
ASIER.
. Aimar usotan aritzen da eta ni oilagorretan, gehiena. Gure aita ehiztaria izan da beti, eta nik txikitatik izan dut zakurrekiko zaletasuna. Aimar nirekin hasi zen oilagorretan, baina aitak ez du sekula oilagorretarako zakurrik eduki. Gu hezten hasi ginen eta 10-12 zakur baditugu.

Aurrera begira zer helburu duzue?
ASIER.
. Helburua ahal bada beti lehen mailan jokatzeari eustea da. Bi txapel irabazteko aukera izan dut, eta ahal balitz besteren bat irabaztea dut helburu. Errekorrik hautsi nahi izan gabe, baina ahal den gehienak irabaztea.

Buruz buruko txapelketak garratz gustua utzi al dizue?
AIMAR.
Pilotarientzat garrantzitsuena da. Aurten partida bat irabazi, eta bigarrengoan biok kanpoan geratu gara. Nire ametsa litzateke buruz burukoan txapeldun izatea.

ASIER.
. Buruz buru ongi aritzeko horretara jarri beharra dago. Nik aurten ez dut aukerarik izan binakako txapelketagatik, eta Aimar eskutatik gaizki ibili delako. Buruz burukoa oso polita da, nahiz eta zaila izan eta aurretik 2-3 hilabete eman behar dira prestatzen.

AIMAR.
Biok nola aurrelariak garen, urte osoa pasatzen dugu 4tik eta 4 eta erditik pilota jotzen. Buruz buruko lehen mailan asko peloteatu behar da 7tik eta 8tik. Sake errestoak ere bai. Horregatik behar izaten dugu hilabete pare bat entrenatzeko. Zaila da, baina uste dut gaia badugula, eta saiatuko gara.

CURRICULUMA
AIMAR OLAIZOLA
- Jaio:
Goizuetan, 1975ean.

- Pilotaria.
- Irabazitako txapelketak:
- Eskuz-binakakoa: 1999. eta 2.001. urteetan.
- Eskuz-binakako munduko txapeldun: 1995ean.
- Nafarroako txapeldun afizionatu mailan 1995ean.
- Elgetako txapeldun afizionatu mailan, 1995ean.

- Neurriak:
Pisua: 84 kilo. Altuera: 1'84 metro

- Debuta:
1996ko Apirilaren 13an, Elizondon.

- Enpresak:
Alti, Aspe eta egun Maesku 2.000an dago.

ASIER OLAIZOLAZ
- Jaio:
Goizuetan, 1979an.

- Pilotaria.
- Irabazitako txapelketak:
-Asperen bigarren mailako buruz buruko txapelduna.
- Donostiako torneoa Elkororekin, 1999an.
- Naxerako torneoa Zezeagarekin, 1999an.
- Elgetako txapeldun kadete mailan, 1994an

Neurriak:
Pisua: 83 kilo. Altuera: 1'83 metro

Debuta:
1998an Lekunberrin. Asegarcerekin

-Enpresak:
Aspe eta egun Maesku 2.000an.

BERTSOA
Doinua: Aita izena
Igelak printze, zapoei nonbait
ez zaie hori tokatzen
beren aldeko ez zaiela inoiz
garatxorik ateratzen
bi anai eta bi pilotari
sufritu eta gozatzen
umiltasunak eta dizdirak
ez dute elkar ukatzen
elkar hartuta dira onenak
ezker-eskubi jokatzen

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
"Elgetako txapelketa. Urte berean Aimar kadete mailan eta ni afizio- natuetan, biak iritsi ginen finalera eta biok geratu ginen txapeldun. Goizuetarako gauza handia izan zen. Jende asko joan zen herritik ikustera. Afizionatutan izan dudan egunik politena izan zen."

BERE HITZETAN
Asier Olaizola
"Orain arte Espainiako Selekzioa ordezkatzen aritu gara, obligazioz. Nazioartean Espainia dela indartsuena uste da, eta Euskal Selekzioa egongo balitz denek jakingo lukete non dagoen pilotaren indarra". (Euskaldunon Egunkaria, 2000-06-22)

Aimar Olaizola
"Enpresak iaz baino partidu gutxiago jarri dizkit, bai, baina nik esan nien ez nuela erre nahi, gaztea naizela eta asko nabaritzen dudala lehen mailan jokatzea. Eskuak ere justu izan ditut zenbaitetan eta bertan behera utzi dut pare bat partidu". (Euskaldunon Egunkaria, 1999-08-28)

Asier Olaizola
"Buruz buru jokatzeko gaia badaukadala uste dut, nahiz eta oraindik ezkerrarekin asko ikasi beharra dagoen sakeak errestatzen-eta". (Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-16)

Aimar Olaizola
"Herrian ere beti konparatu izan gaituzte biok, baina ihes egiten diogu guk horri." (Euskaldunon Egunkaria, 1999-08-28)

Aimar Olaizola
"Ez da erraza txapeldunaren ordez jokatu beharra. Etxeko guztiok eman genion gure babesa. Bera nahiko lasai zegoen, hortik aurrerakoa kantxan zeukan demostratu beharra eta egin du".
(Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-07)

ARGAZKI ZAHARRA
Olaizola anaiak. Asier (ezkerrean), Ander (eskuinean) eta Aimar (tartean).


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude