"BERDINAK IZATEN JARRAITZEN DUGU"

  • Kasik hamabost urtetik gorako ibilbidearen buruan, Su ta Gar taldeak tenore egokia ikusi du lehen zuzeneko lana, "Jo ta Ke", argitaratzeko; 23 kantuz osatutako CD bikoitza, heavy euskaldunaren aitzindari izan den taldearen bilduma indartsua, Gor etxearen eskutik.

2007ko otsailaren 21ean
Euskal "metalgintzan" aitzindari, Eibarren oso bestelako armak egin zitezkeela esatera etorri zitzaizkigun 1987an Su ta Gar izenaren atzean gordetzen ziren lau gazteak, tresneri anplifikatuen bidez doinu eta nota gogorrak jaurtikitzen zituzten armak. Ordutik, euri, horma eta elurra dezente bota du, baina eibartarrek bere horretan jarraitzen dute, "Jo ta ke" zazpigarren diskoa besapean dakartela, negu aldean Amurrion, Berriozarren eta euren jaioterrian zuzenean grabaturikoa. Taldearen betiko kantak entzungo ditugu bertan eta sorpresa parea. Soinu trinkoa eta gogorra, heavyan ardazten dena, baina zenbaitetan punka ere besarkatu dezakeena. Xabi Bastida gitarrajolea gurekin mintzatu zen Su ta Garrek estudiotik at grabatutako lehen diskoaz.
Zer dela eta argitaratu duzue orain zuzeneko diskoa, hamar urtetik gorako ibilbidearen ondoren?
Galderari buelta eman daiteke: "Zergatik ez orain?" ere izan liteke. Normalean zuzeneko disko bat argitaratzeko, lehenengo estudioko batzuk ateratzen dira. Guk jada hiru genituenean, printzipioz buruan genuen estudioko laugarrena ateratzea eta gero zuzenekoa grabatzea. Baina Borxaren istripua gertatu zen eta orduan zuzeneko planteamendua alde batera utzi eta gure ibilbidea hartzen saiatu ginen bateria berriarekin. Horrela ibili ginen eta azkenean atera genituen laugarrena -Borxak istripua izan zuen laugarrena atera aurretik-, bosgarrena eta seigarrena ere. Epe nahiko luze bat beteta -ez ziren bakarrik hiruzpalau disko, sei ziren kalean, abesti sorta luzeegia agian, aukeratzeko gero eta zailagoa baita ere- eta ikusiz taldeak zuzenean izan duen indarra, jendearen erantzuna aprobetxatzeko aukera eta mementoa ikusi genuen.

Nola egin duzue abestien hautaketa? Zein irizpide erabili duzue?
Oso zaila izan da. Iaz hasi ginen pentsatzen, uda aurretik. Sailkapen antzeko bat egitea nahi genuen. Alde batetik, Interneteko gure web orrian zabaldu genuen horrelako bozketa antzeko bat eta orrian sartzen zen jendeak aukera zuen bere hiru, lau edo bost kanta gustukoenak han jartzeko. Baina, azken finean, jendearen iritzia eta gurea nahiko antzekoa izan da eta gehienbat urte hauetan zehar erantzun ona izan duten abestiak, guri asko gustatzen zaizkigunak, hautatu genituen. Gero, diskoak kolorea har dezan, euren artean desberdinak diren kantak hartu behar dira kontuan. Disko guztietatik apur bat agertzea nahi genuen baita ere. Gauza horiek guztiak kontuan izanda, lehenengo aukeraketa bat egin genuen: 45 abesti atera ziren. Konturatu ginen gehiegizkoa zela eta hortik 23ra heltzea asko kostatu zitzaigun. Estudiora 25 edo 26 abesti grabatuta heldu ginen nahita, jakinda larri ibiliko ginela. Segituan hasi ginen ikusten bakoitzaren denbora eta baita zenbat sartuko ziren ere, eta bakarrik 23 horiek landu genituen.

Zeuen berezko potentzia eta zuzeneko soinua islatu duzuela uste duzue?
Gu oso gustura irten gara estudiotik maila guztietan. Pozik gelditu gara abestiak zelan gelditu diren. Zuzeneko bat da eta beti daukazu zera hori: "Hobeto jo izan banu...". Baina orokorrean soinua, kontzertu ezberdinak izanda, uste dut nahiko dezente gelditu dela. Publikoaren erantzuna ere nahiko ondo dago. Gainera, uste dut bi diskoen ordena kurioso dagoela, polita dela. Maketazioarekin ere oso gustura gelditu gara.

Nonbait presionatuta sentitu zineten kontzertuok zuzenean grabatzen ari zinetelako? Horrek aldatzen du kontzertu bat emateko modua, edo beti bezala aritu zineten?
Beti berdin ez dago ezer. Zu saiatzen zara gauzak ondo egiten, baina beti berdin ez duzu inoiz egiten. Guk pentsatuta genuen hasiera batean hiru emanaldi grabatzea, baina azkenengo orduan laugarren bat sartu genuen. Lehenengo bietara nahiko lasai joan ginen, pentsatzen beste pare bat genituela eta oso inportantea zela publikoarekin kontaktua, hau da, ez joatea bakarrik ondo jotzera eta puntu, publikoa ahaztuz. Konexio hori lortu nahi genuen eta nahiko gustura egin genituen kontzertuak. Baina gero, segituan, entzutean beldurtzen hasi ginen, zeren, esaterako, diskoan joan behar zuen abesti bat ez zegoen ondo. Orduan azkenengo bi kontzertuak egin genituen apur bat ikusiz zein abesti jo behar ziren berriz... Azkenengo kontzertura apur bat presionatuta heldu ginen. Bagenekien Eibarkoak izan beharko zirela sei-zazpi abestiren bertsio onak, ez zeudelako bertsio onak eginda. Azkenean Eibarren salbatu ziren eta gainera Eibarko kontzertua kristorena izan zen. Apur bat presionatuta sentitzen ginen, baina hasieratik publikoa oso ondo egon zen, harrera oso ona izan genuen.

"No somos nada", La Pollaren bertsioa sartu duzue, bertsiozaleak ez zaretela aitortuta ere.
"No somos nada" Eibarko kontzertura arte ez genuen jo. Azkenengo kontzertua zenez, zerbait kuriosoa sartzeaz -bertsioren bat edo- hitz egin genuen gure artean. Ez gara bertsio asko jo dugun taldea. Orain dela pare bat urte, Jarraik 20. urtemuga betetzen zuen egunean bertsio batzuk egin genituen talde originalen abeslariekin batera, Deliriumena bat, Eskixurena beste bat, Kortaturena, Barricadaren pare bat, La Pollarena hau... eta horrela. Guri beti gustatu zaigu La Polla eta eurei baimena eskatu, eurak ere gustura, eta aurrera.

Zuen lan luzeetan agertzen ez den "Eromena" izenburuko kantua ere jaso duzue. Hitz egin iezaguzu kantu hau sartzeko arrazoiaz.
"Eromena" Iparraldeko jende batek atera zuen bilduma baterako grabatu genuen. Talde bakoitzak abesti berri bat egin behar zuen eta hitzak euskal presoek idatzitakoak ziren. Guk noizean behin zuzenean jotzen genuen, guretzat oso abesti indartsua da, "Suta total", eta letra nahiko kuriosoa dauka. Bitxikeri bat zen apur batean. Abesti hori ezagutu ez eta agian gure disko guztiak dituen jende askori zuzenekoaren bitartez ezagutzera emateko aukera bat zen.

Jabetzen al zarete euskal musikan izan duzuen pisuaz, eraginaz? Gogoeta egiten duzue horren inguruan, kontziente zarete zuen ekarpenaz?
Ez dakit zein punturaino gauzak horrela planteatzen dituzun. Nik gauzak sumatzen ditut, konturatzen naiz urte asko daramatzagula hemen, urteak pasatu direla eta diskoak egiten jarraitzen dugula eta zaleek hor jarraitzen dutela. Azken finean, nahi barik gustura egiten duzun eguneroko lan bat da, egunero lanean gabiltza eta gero urteak pasatzen diren moduan konturatzen zara gauza ugari egin dugula, dezente, nahiz eta dena perfektua egin ez. Azkenean, nahi barik, hori planteatu baino gehiago, zu gustura zaude eta pentsatzen duzu: Zer egin behar dut orain?

Hasi zinetenetik ia 15 urte pasa dira. Nola aldatzen da musika ikusteko modua, lan egiteko modua, merkatuan mugitzekoa?
Eboluzioa badago. Maila guztietan. Nire ustez, guk berdinak izaten jarraitzen dugu. Gehienetan orain kontzienteago egiten duzu egiten duzuna, baina azken finean, lana, entseatzearena, abesti berriak prestatzearena, estudiora joatearena, diskoa kaleratu arte hor ibiltzea, hori guztia antzekoa da. Gertatzen dena da orain ez dela zure lehenengo aldia. Gauza batzuk aldez aurretik badakizkizu. Dena den, musikan inork ez ditu oso urrutira gauzak garbi. Ikusten duzu etorkizuna, baina etorkizun hori zer izaten da? Hiru hilabete, sei hilabete, zortzi hilabete, hamabi hilabete asko jota? Zuk ez duzu planteatzen hiru urteko etorkizun bat, horretarako beste talde maila batera joan behar duzu.

Zein izan da zuen ibilbide osoan gogoratzen duzun kontzerturik gogoangarriena?
Larregi pentsatu gabe, Bilboko festa batzuetan egin genuen bat, sinestezina izan zen. Jendearen erantzuna... Ni oso gustura egon nintzen jotzeko orduan, denbora guztian zirrara bat barruan neukala. Eibarko azken azkenengoaz ere oso oroitzapen ona dut. Asko daude. Ez daude bi kontzertu berdin.

Nola aurkezten da zuzeneko disko bat?
Prentsaurrekoak egiten, uste dut. Horrek ez du esan nahi jotzeari utzi behar diogunik ere. Gero zer gertatzen da? Bada, beti bezala, diskoa atera eta hurbilen dauden kontzertuek beste roilotxo bat daukatela, baina azken finean gu ez gatoz abesti berriekin.

Kanta berririk prestatzen ari zarete?
Lokalean ez. Ez dakit Aitorrek bere kabuz zer edo zer duen ala ez. Ez gara hasi. Azkenengo kontzertua jo genuenetik estudioan ibili gara gehiago, azala dela eta ez dela... Gero oporraldi txiki bat hartu dugu eta orain berriz sartu gara entseatzera. Hemendik hilabete batzuetara ziur hasiko garela gauza berriak lantzen

IBILBIDE BASATIA
1987an hasi zen Su ta Garren ibilbidea. Heavy musika izan zuten oinarri eta hala izan da egundaino, ibilbide luze eta arrakastatsuan eboluziorik ezagutu badute ere. Taldeko bilakaera diskoz disko hezurmamituz joan da: 1991n "Jaiotze Basatia" lanarekin estreinatu ziren IZ zigilupean. Handik urte batera "Hortzak estuturik" bigarren diskoa kaleratu zuten Esan Ozenki sortu berriarekin. 1993a "Munstro hilak"en urtea izan zen eta 1995a "Sentimenak jarraituz" lanarena, biak Irungo etxearen eskutik argitaratutakoak, "Agur jauna gizon txuriari" (1997) bezalaxe. 1999an, zigilu aldaketarekin batera (Gor), disko berria ekarri ziguten eibartarrek, "Homo sapiens?". Guztira sei lan luzez osatutako ibilbide oparoa, zeina "Jo ta Ke" zuzeneko CD bikoitza osatzera etorri dena, besteak beste, "Rotaflexa garraxika", "Arbasoen mendekua", "Itxaropena", "Agur jauna", "Jo ta ke" eta "Jaiotze Basatia" kantuak bilduta.


Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude