JAURLARITZA JOKOAN

  • Maiatzaren 13ko hauteskundeez, EAEko azken 20 urteotako gogorrenak direla esaten da. Denetarako iritziak izango dira. Hauteskunde kanpaina luzeenaz bai hitz egin daiteke, ordea, iazko urrian Ibarretxe lehendakariari jarritako zentsura mozioarekin hasi zela esan bailiteke. Askatasuna, alternantzia, burujabetza, heriotza, zapalketa, boterea... guztia nahasian eta jira-biran da kanpainaren zurrunbiloan.
Duela 20 urte egin ziren EAEko lehenbiziko hauteskunde autonomikoak eta harrezkero EAEko euskal herritarrek sei bider hautatu dute Eusko Legebiltzarra. Maiatzaren 13an herritarrek zazpigarrengoa hautatuko dute, 84ko legealdikoa bezala hau ere erdibidean geratu dena. Orduan EAJren zatiketa izan zen arrazoia, oraingoan EAJ eta EAren gobernua sostengatzen zuen EHrekiko itunaren apurketa. 1998ko irailean sortutako egoera berriak haize berria sarrarazi zuen euskal politikagintzan eta honen ondorio izan zen hiru indar abertzaleen akordio hura, ETAren su-etenaren apurketaren ondoren bertan behera geratu zena.
Hor hasi zen Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren sufrikarioa, PP-PSE-UA hirukotearen aurrean Legebiltzarrean gutxiengoan geratuz oposizioaren golak bata bestearen atzean etorri ziren. Tamainako blokeoaren aurrean, Ibarretxek blokeoa apurtzeko hauteskundeak deitu zituen maiatzaren 13rako. Inkesta eta analista guztien arabera, ostera, blokeo egoerak hobera baino txarrera egin dezake hauteskundeen ondoren.
Ezpatak goian dira eta lehiakideek inoiz baino gehiago beren indar guztiak erabiliko dituzte aurkariak gailentzeko. 1998, 1999 eta 2.000.eko hauteskunde kanpainen gogortasuna txiki utziko bide du datorren 26an hasiko den kanpainak. Ohiko esamesak dira euskal politikagintzan, baina ez dirudi errealitatetik urruti ibiliko direnik, besteak beste, oraingoetan gatazkaren gordintasuna bere gorenean dagoelako.
Oraingo hauteskundeen ondorioz, gainera, EAJk hogei urtetan gidatu duen Eusko Jaurlaritza galdu dezake eta horrek lehia gori-gori jarri du, EAJ-EAren aldetik espainolismoaren mamua astinduz eta bloke konstituzionalistarenetik alternantziaren aukera akuilatuz. Giltza, aldiz, 98an bezala EHk izan dezake, lortuko dituen eserlekuek bloke abertzaleari nagusitasuna eman diezaioketelako, ia ezinezkoa aurreikusten den adostasun mailaren bat lortuz gero Ezker Batuak (EB-IU) ere izan dezake beste giltza txikiago bat, inkestek aurreikusten duten oreka handi hori benetakoa bada behintzat. Gaur egun bi eserleku dauzka EB-IUk (71.000 botorekin) baina 96ko Espainiako Parlamenturako hauteskundeetan, bere gorenean, 116.000 botu lortu zituen; lortuko al du orduko puskarik berreskuratzea? Galdera ugari egin daiteke maiatzaren 13ko gaueko emaitzei buruz eta guztiak ia erantzunik gabekoak. Inkestek popular eta sozialisten blokea ematen dute garailetzat, eta datuak hotzean aztertuz hori gertatzea oso posible dela aitortu behar da. EH eta EB-IUren klabeak, aldiz, hor dira.
EHk bere prezioa jarri dio EAJ eta EAren Jaurlaritzari sostengua emateari: bi indar hauek Jaurlaritza EHk gaur egun burujabetzaz duen eskeman kokatzea; egungo markotik beste batera pasatzeko trantsizio proposamenean hain zuzen, egungo egoera politikoan EAJk eta EAk jadanik baztertu dutena.
Akordio hori egon ezik -Ezker Batuarena gako txikiagoa da- Jaime Mayor Orejak eta Nicolas Redondo Terrerosek hurrengo lehendakariak bihurtzeko aukera handiak dituzte. Maiatzaren 13tik hilabetera hori esatea ez da inongo mundurik deskubritzea. Abertzale gehienentzat eskandalua da hori, batzuentzat desio eta ez abertzaleentzat pizgarri.
Edozein modutan, bloke batetik zein bestetik ateratako gobernuaren zailtasunak, Ibarretxe lehendakariak mozio zentsura eta guzti eta bonbardaketa mediatikoaren azpian kudeatu duen gobernuaren berdintsuak ala handiagoak izango bide dira.
Datu bitxiak ere atera dira dagoeneko: CIS Espainiako ikerketa soziologikoen zentruak martxoan egin zituen inkestetan datu bitxi eta esanguratsua atera zen: euskal herritarren artean, bost hautagai nagusietatik -Ibarretxe, Otegi, Mayor Oreja, Redondo Terreros eta Madrazo- Mayor Oreja da irudi kaskarrena duena; Espainian baloratuena eta EAEn azkena.
Bitxikeriatik harat joan daitekeena bozkatzeko identifikazio agiriarena da. Izango da euskal nortasun agiriren batekin bozkatu nahiko duen jende multzoa, baina Hauteskunde Batzordeak aukera hori baztertu du eta PPk eta PSOEk halakorik onartzen den mahaietako datuak inpugnatuko dituzte. EAJk eta EAk botorik galtzekotan ez daudela jakinarazi dute. Zalaparta iragarria dago.
Bitartean, ikusi behar gudu kutsuko hautes-lehia egiazko gatazka eszenarioan nola garatzen den; eszenariorik okerren eta desiratu gabekoenean posible baita hautagaietako batzuk edo haien hurbilekoak maiatzaren 13ra bizirik ez iristea; edo, besteak beste, posible delako hautagaietako batzuk espetxean bukatzea (batzuk badira dagoeneko) edota legez kanpoko jardueran. Egunotako zurrumurru eta giro prestatzeak ikusita, oraindik gerta liteke Garzonen batek EH legez kanpo uztea. Kontraesan eta guzti, Espainiako Gobernuak eta Justiziak daramaten bidearen amaieran ondorio hori usaindu liteke. Zoritxarrez, edonork daki egungo egoera ikusita aipatutakoan ez dela esajeraziorik eta egunetik egunera bizi daitezkeen egoera errealak direla, baita hauteskunde giroan ere edo, horrexegatik, akaso gehiago.

SOBERANISMOA GARA LITEKE EAJ INDARTSU ETA BORONDATETSU DEN NEURRIAN
Datozen Autonomi hauteskundeak plebiszito baten bigarren round-a dira, seguruenik ez azkena. Plebiszito honek 1993an izan zuen hasiera, PP eta PSOEren arteko polarizazioak ordurarteko gure alderdi sistema berezi eta autonomoan eragin izugarria izan zuenean eta, ondorioz, erkidegoan abertzaletasunak lehenengoz galdu zuen partidu estatalen aurrean. Dinamika sakondu egin zen 1996an, PPk irabaziz eta EAJ, beronekin paktua egin arren, preszindible bilakatu zenean eta ETAk, Ermuako hilketarekin, nazionalismoa ordezkagarria zen ideiari sinesgarritasuna eskaini zionean.
Panorama honekin lehen round-era abiatu ginen. 1998ko datuek abertzaletasunaren gainbehera iragartzen zuten eta, hemeroteketara joz, argi ikus liteke nola espainolzaleek, hala alderdiak nola analistek, hautesleen %70a helduta euskal nazionalismoak galdu egingo zuela iragarri zuten, eta konfidantza horrekin jokatu ere. Azken mementoan, ezusteko hiru gertakariren poderioz ez zen horrelakorik gertatu: EHren sigla berriak, Lizarrako ituna eta ETAren su-etenaren iragarpena. Ondoren, PP-ren jokamoldea, su-etenaren haustura eta, bereziki, alderdi abertzaleek Lizarra kudeatzeko era negargarria etorri ziren.
Eta hemen gaude: PP eta PSOE biolentzia eta nazionalismoa kidetzen, ETA EAJri ausardia eskatzen, ETA gizartea beldurtzen, EAJk ETAri honek nahi ez duen elkarrizketa eskaintzen, gizartea erdibitzen, askatasun eza ez abertzaleentzako, abertzale eta espainiarzaleen arteko kontsentsu inplizitoak apurtzen, alderdi ezberdinen anarkia instituzionala... Hau nahastea! Zer konpondu dezake round berri honek? Ezer gutxi! Jorratu ditzagun zenbait gobernu hipotesi:
1. EAJ-EA eta IUk gutxiengo haundienarekin gobernua osatzen dute. Kasu honetan, seguruenik Estatuko alderdiek, hedabide eta analistek ez demokratikotzat joko dituzte hauteskundeak, nazionalismoa deslegitimatzen jarraituko dute eta, ondorioz eta ETAren laguntza erabakiorrarekin, erosio prozesu bat jasango du euskal nazionalismoak.
2. EAJ-EA eta IUk gutxiengo haundiena ez lortu, EAJk boterea galdu gura ez eta EHri laguntza eskatu. Kasu honetan, aurreko prozesu berbera biziko luke euskal nazionalismoak. Zer egingo luke ETAk? Seguruenik bere ekintzekin jarraitu, zeren jokoan badago ere nazionalismoaren baitako hegemonia eta honelako gobernu batean zer galdu gehiago du EAJk EHk baino.
3. PP eta PSOEk gobernua osatzeko gutxiengo haundiena eskuratu. Honen aurrean, EHk Euskal Legebiltzarrean gobernu honen bidegarritasuna guztiz oztopatuko luke. Bide batez, ETAk uste du honelako egoera batek EAJ erradikalizatu egingo lukeela eta euren dinamika soberanistara joko lukeela, baina ene ustetan euskal nazionalismoaren erabateko gainbeheraren lehen urratsaren aurrean geundeke.
4. EAJ-EA eta PSOEren arteko gobernua. Egun ez dut aukera hau ikusten, besteak beste, aspaldiko partez euren arteko komunikazio eta feeling pertsonal guztia ezabatua dagoelako, PSOEkoak EAJkoekin oso minduak baitaude eta, gainera, PSOEk Estatu mailan ere bere posizioa kaltetuko lukeelako, hori baita bere eremua.
Lehenengo eta hirugarren hipotesiak seguruenetzat jota eta edozein gobernuren osaketa zaila denez, uste dut beste urte edo urte biko desestabilizazio prozesu bat biziko dugula eta fase horretan agian, EAJ eta PSOEren arteko zubiak berezarri egingo direla, horixe da eta egungo Erkidegoak eta etorkizuneko Euskal Herriak eduki lezakeen gobernurik onena.
Gauza ororen gainetik okertzea gustatuko litzaidake eta amestuko nukeen panorama honakoa da: ETAk betiereko su-etena iragartzea; hala nazionalistek nola espainolistek argi eduki dezatela ezin daitekeela populazioaren erdiaren kontrako proiekturik muntatu -hala Lizarra nola Terrorismoaren kontrako Ituna-; partiduek euren artean ados ez dagozela esateko ezpada ere hitzegin dezatela; gure gizarte ezintasunak ezabatzeko hiritartasunaren zentzu murrizturik ez dadila abertzaleongan ezarri; gizarteari so eginda leialtasun nazionalak oso erdibituak daudela onartu, eta... itun transbersalak.
Azkenik, baitara eta etorkizunera begiratuz, abertzaleok honetaz ohartu behar dugu: soberanismoa bakarrik gara liteke EAJ indartsu eta gero borondatetsu den neurrian, ez alderantziz. Bestela, gurea bezalako nazionalismo ahul batentzat, soberanismoa aberatsen luxu fribolo bat baino ez da.
Beraz, maiatzaren 13an suertea eta 14an -jainkoari?- argitasuna.

EAEko POLITIKAREN ZENBAKI PERFEKTUA 33 IZAN DAITEKE MAIATZAREN 13an
EAEko politikaren zenbaki perfektua 33 izan daiteke maiatzaren 13an
Bere zatitzaile diren zenbakien baturaren balioa duena da zenbaki perfektua matematikan; 6 izan ohi da adibidea, definizio-baldintza betetzen duen txikiena delako. Politikan ere zilegi litzateke antzeko zerbait, zenbaki perfektua eta gehiengoa baliokidetzat har daitezkeen neurrian, aurkari guztien baturak gainditzen ez dueneko egoerari deitzen baitzaio zorionezko hitz horrekin.
Gehiengorik ezean, haatik, aurkarien konbinazio logikoek menderatu ezingo duteneko hura har liteke zenbaki perfektutzat politikan, eta tenore honetakoa da egun Euskal Herrian itxaron daitekeen perfektutasun bakarra. Baina ez da erraza berau ere. Gehiengo absolutuen erraztasuna ia inoiz ere hobetsi ez duen herri honetan, gehiengo nahikoa ere gero eta zailagoa bihurtzen ari da ia maila guztietan, gehiengoak hobesten dituen hauteskunde legearen isekarako.
EAEko politikaren zenbaki perfektua 33 izan daiteke maiatzaren 13an; gaindituz gero, hobetu baino ez da egiten perfektutasuna politikan, jakina. Ez da, noski, zenbaki aleatorioa hiru hamaikako horiek osatzen dutena: bakarka edota konfiantzazko lagunekin diputatu kopuru hori lortzen duenak, gobernua bere esku izateko aukera handienak izango ditu. Aurkariak, bakarka nahiz lagunartean, gutxiago izango dituelako.
Ezker abertzaleak lor ditzakeen emaitzak (duela 30 hilabete eskuratu zituenak baino okerragoak izango direla segurutzat jotzen bada ere) inkognita argigaitzenetako bat diren arren, demoskopiaren aztiek segurutzat jotzen dute EHren emaitzek 12 (gehienera) eta 9 (gutxienera) artean ibili behar dutela. Bidenabar, beste lehiakide guztientzat 63-66 bitartean geratzen dira banaketarako.
Azken hilabete/urte hauetan bi bloke politiko nahiko simetriko antolatu direnez, zatiketa operazio sinpleena egitea nahikoa da haietako bakoitzaren garaipen/porrotaren neurria 32-33 biltzarkide zehazteko. Hortik gorako guztia garaipen argi litzateke, beherako guztia porrota izango den bezalaxe. Esan gabe doa, ekipoak EAJ-EAk (+IU-EB) eta PP-PSEk osatzen dituztela.
Ezker abertzalearen inhibizioa edota anulazioa finkotzat ematen duen aritmetika hau dena, ordea, erabat alda daiteke kalkulu hori erabat betetzen ez den adinean, eta legeak ezarritako 37raino joan daiteke Gasteizko Legebiltzarraren zenbaki perfektua. Ezusteko ikusgarririk ezean, argi dago lehian dauden blokeetako ezein ez dela horrenbesteraino iritsiko Mikel Garikoitzen egunean.
Aurrekontuak eta gertaerak batera joango direla segurtatzeko zenbaitzuk sumatzen duten tentaldi bortitzaren garaian gaude, beraz, orain. Izan ere, hain kontu nekosoak berregin beharra oso astun egingo litzaieke.

Ramon Zallo, EHUko irakaslea:
Ramon Zallo, EHUko irakaslea:
Zein testuinguruan kokatzen dituzu maiatzaren 13ko hauteskundeak? Nola aurreikusten dituzu berauek?
Oso hauteskunde garrantzitsuak dira, burujabetasunaren norabidea eztabaidatzen baita beraietan, hau da, subiranotasunerantz doan bidea zabaltzea edo autonomiaren bidea murriztea dago jokoan. Bi joera kontrajarriok topo egiten duten aldetik hauteskundeok osagai plebiszitarioa daukate.

Garai berri bateko aurretrantsizioan kokatuko al zenituzke berauek?
Nik bigarren trantsizio batean gaudela diot, trantsizioa hortxe dagoela. Ordea, trantsizio batek aurrera edo atzera egin dezake. Batasunaren esperientziak huts egin duenez, ez litzateke ezinezkoa urrats bat aurrera eman beharrean atzera ematea. Ez dut ziurtzat jotzen, gertagarria dela diot. Kinka horretan gaude nolabait.

Kinka honetatik ateratzeko erreferenduma planteatu liteke hauteskundeen ostean?
Bi aukera aurreikusten ditut. Demagun EAJ-EA koalizioak irabatzen duela eta gehiengo erlatiboko gobernu bat osatzen duela IU-EBrekin. Baldintza horretan subiranotasunerantz doan bidea zabal liteke. Osterantzean, PP-PSOE izatezko koalizioak gehiengoa lortuko balu euskal arazoa ez dela existitzen esango luke. Hauek arazoa Konstituzioa eta Estatuaren baitan kokatzen dutenez, ez litzateke erreferendum posiblerik.

Berdinketa kasuan zein izan liteke EHren zeregina?
EHk blokeo egoera gauza lezake, alde batek nahiz besteak irabazten duen kasuetan. Hala ere, giroa oso bestelakoa izango da EAJ-EAk eta IU-EBk PP-PSE-EEk baino pare bat aulki gehiago lortzen badute. Nahiz aldeak deus gutxi balio izan, bi aulki horien balio moralak berealdiko balioa izango du.

Zertan datza euskal alderdi nazionalisten arteko desakordioa?
EAJ eta EA autodeterminazio prozesu bat artikulatzen saiatzen ari diren bitartean, erreferendum bidez, kasu -Ibarretxeren proposamenean bi erreferemdum posible ikusten ditut, autodeterminazioaren eskubideari buruz bat eta estatu ereduari buruz bestea-, EHren proposamenean ez dut autodeterminaziori buruzko erreferendum posiblerik ikusten. EHrentzat eskubide hori erabili da jada, eta orain batzar konstituzioegile bat osatu beharko litzateke berau osatu nahi dutenekin, nazionalista direnekin eta euskal nazionalista ez direnak bazter utziz. Bi eredu arras ezberdinak dira.

Zer suposatuko luke EH legez kanpo uzteak?
Korronte sozial bat legez kanpo uztea. Zuzenbidezko estatu autoritario baten praktika litzateke, estatu ez demokratiko batean ginateke. Tentsio egoera artifizial bat sortu liteke, sakoneko arazo honetaz eztabaidatzeari uko eginez; arazo politikoak bideratzeko modu inkisizional bat garatuko litzateke.

Zer kanpaina mota aurreikusten duzu konstituzionalisten aldetik?
Hauteskunde oso tentsoak aurreikusten ditut; tamaina handiko mezuak erabiliko dira. Jendea hunkitzeko eta biktimismoa bilatzen duten mezuak erabiliko dira, mezuak ez dira egoera argitzeko xedez egingo, iluntzeko asmoz baizik. Mezuok ez dute sakoneko prozesua bilatzen lagunduko, PP eta PSEk euskal arazoa bidera dezakeen prozesua estaltzeko mezuak erabiliko dituzte. Hots, irabazten badute askatasuna berreskuratuko dela esango dute, osterantzean, ez dela askatasunik izango. Beraz, hauteskunde tranpa batzuen aurrean gaude, alternantzia politiko bat bilatzeaz gain inflexio puntu bat bilatzeko erabiliak, ez herri honen arazoak konpontzeko.


Azkenak
2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Eguneraketa berriak daude