Sarasola. Xaxola gure artekoan. 1968. Uda bero hartan ezagutu genuen elkar, komisaldegi eta kuartelillo osteko opor haietan. Estatuak guretzat propio jarri osaetxean kirofanotik igarotako eriak baiginen joan ginen berdintzen, Joxe Kruxen adarjotzeak, istorioak kontatzea eta bertso zaharrak kantatzea sendagai. Hura izan genuen guk ekaitz bortitzenetan ere tapaki. Ordurako ia berrogei urteko gizasemeak ez zigun inoiz sentiarazi hogei urteko gazteak ginenik, eta geroztik ere orain artean ez nion inoiz bere adinari erreparatu, berrikitan telebistan guardia zibilak bisaiak kaputxaz estalirik eskuak lotuta etxetik Intxaurrondora zeramatela ikusi arte. Hirurogeita hamaika urte gainean eta Intxaurrondora preso. Hau kuxidadea !! Alabak ekarrita gordeta daukat Errioxako ardoa. Gran Reserva. Otxentai otxokoa. Ea horrek lagunduta elkarrekin kantatzen dugun ereski hura: Txikito Niño Hermoso jangoiko haundiya, han bixto los pastores jaizkibel mendiyan; todos asustaturik novedadearekin, a ver ke kristos hazen nahi genduke jakin. Hau da gabaren zoragarriya, jesus jayo da fanflonan; etxe honetan sartu ote dan, billa gabiltza lesakan, riau riau .