Aitak asko markatu du zure bizitza. Pilotarekiko zaletasuna ere sehaskatik al datorkizu?Bai. Aita 9 aldiz txapeldun izan zen profesional mailan, eta gero gurasoek hotela eta trinketa jarri zuten Azkainen. Anaia bat munduko txapeldun izan zen, baina hark ez zuen jarraitu profesional mailan.
Aitari eskainitako kantu batean esaten diot: "kanturako eta pilotarako gogoa zuk eman dizkidazu, eta orain bakarrik gelditzen naiz, baina ni hiltzen naizenean berriz ariko gara elkarrekin".
Aita pilotari izatea zer zen: abantaila, edo presioa... Haren bidetik jarraitu eta izena eraman beharra ez da erraza. Nire semeak golfean jokatzen du, eta nahiago dut horretan segi dezan. Nere kasuan alde batetik ona izan zen, zeren eta aita pilotaria izateaz gain irakasle ona zen. Baina gaztetan, hobe nuen partidak irabazi, zeren bestelaz haserretzen zen eta gaizki bukatzen genuen. Gogoratzen naiz kadetetako final bat irabazi nuenekoa. Aita muxu ematera etorriko zitzaidala espero nuen, eta zartako bat eman zidan! Sufritu egin baitzuen finalean. Erraz irabazi behar nuen, eta fantasia bat egin nuelarik, dejada bat bota eta falta izan zen. Kontrarioak markagailuan asko hurreratu ziren. Halere irabazi egin genuen, 30 eta 27, baina aitak zartakoa eman zidan. Geroztik ikasi dut ez dela oparirik egin behar.
Ikuskizuna eman zale izan zara... Bai, asko, baina gerora gehiago. Hasi nintzenean beti nahi nuen irabazi, baina profesional mailan sartu naizelarik nirea jendea dibertitzea izan da; irabaztea ere bai, baina tanto bat ederra egiteagatik partida arriskuan jarriko nukeen. Eta uste dut akats bat dela hori. Espektakulua maite dut, eta hori norberak eramaten duen zerbait da, onerako eta txarrerako.
Etxeko trinketean, haurra zinela pasa zitzaizun ederra... Haurra nintzenean bizikleta txiki bat, eta pilota ziren nireak. Beti trinketean sartuta nintzen. Aitak trinketa alokatu egiten zuen. Nik ez nuen onartzen jendeak jokatzeko ni trinketetik bidaltzea. Negarrez eta haserre bukatzen nuen askotan. Behin, nire mutur eta negarrekin joan nintzen trinket zolarat. Ezkerreko sarean banku bat bazen, eta han nire bisai txarra egin eta lokartu egin nintzen. Gurasoak non ote nintzen kezkatuta ibili ziren herri osoan bilaka, eta gero aurkitu ninduten trinket zokoan lo.
Trinketean trebatu ostean, Hegoaldeko frontoietarako jauzia nolakoa izan zen? Oso zaila izan zen, baina uste dut lan asko eginda zerbait lortu nuela. Ni 14-15 urterekin hasi banintz frontoian, buruz-burukoan gehiago egingo nukeen, nire jokoa halakoxea baitzen. 21 urterekin hasi nintzen frontoian, eta berandu zen pilotari konpleto bat egiteko. Halarik uste dut asko lortu nuela, hemendik joan bainintzen trinketeko maisu, eta han ere bi txapel jantzi nituen.
Atano X.ak nire aitari esan zion: "hire semeak pilota pisu batekin jokatu behar dik egunero". Atanok berak 200 gramoko pilota bat egin zidan, eta harekin entrenatzen nuen. Trinket eta frontoiko pilotek berdinak dirudite, baina gaua eta eguna dira: nik 30 metroko trinket batean, pilota hartzen nuen ezker edo eskuinez, eta gibeleko zilora eramaten nuen erraz. Eta 30 metroko frontoi batean ez nuen 3. koadroa pasatzen. Hor bazen zerbait, pilota eta posturak, hain zuzen.
Frontoian gerria gehiago sartu behar da, eta ni ez nintzen ohitua. Trinketeko jokoa perfektua nuen, baina frontoikoa ez. Lan asko eginez, jakinda nirea ez zela azpitik jotzea eta errebotea, saiatu nintzen nire jokoa egiten. Bazterretik atakerako jokoa eta gantxoa ona nuen, eta joko alai horrekin pasatu nintzen lehen mailara. Iparraldeko jokalari batentzat hori lorpen handia da.
Ipar eta Hegoaldeko pilota giroa hain ezberdinak dira? Ni gaztetan trinketetik ez nintzen ateratzen, hori zen niretzat gauzarik ederrena. Baina gero ikusi nuelarik zein giro zen Hegoaldean, frontoia nahi nuen, Hegoaldea beste mundu bat baitzen. Pilotaren inguruko giroa ez da hain ezberdina: jendearekiko tratua berdintsua da, partida ostean afaldu eta kantu saioa egiten da bietan, eta hori Iparraldean gehiago Hegoaldean baino. Baina hemen jende gutxi eta diru gutxiago dago, eta Hegoaldean profesionalak dira.
Nola dago osasunez Iparraldeko pilota? Ez dago hainbesterako zaletasunik hemen, kirol asko badirenez. Hegoaldean futbolak du indarra, baina hemen errugbiak. Errugbia eta pilota eskuko lana dira, eta futbola berriz zangoena. Gazte batek ez badu zangoarekin lotutako kirolik nahi, hor du errugbia. Gainera errugbian taldean jokatzen da, telebistatik ikusten dute... horregatik ez da erraza gazteak pilotaren munduan atxikitzea. Nik ere egin izan nuen aukera hori, baina aita ondoan nuen, eta hark zartako batekin berriz ere pilotara ekarri ninduen. 20 urterekin soldadu nintzela, Frantziako errugbi taldean hartu nahi ninduten. Nire gorputza ere aproposa zen errugbirako, azkarra nintzen eta artexa, eta pilotak ere asko lagundu ninduen horretan.
Zer moduzko azpiegitura eta pilota eskolak daude Iparraldean? Maisu eta pilotari gutxi dago. Irakasleak oso saiatuak dira, baina ez dira bereziak horretarako. Uste dut, lan guztietan bezala, momentu batean behar direla maisu on batzuk ikasteko. Gainera, hemen pilota ikusten da baina "Gure Kintzea" telebista saioan bakarrik. Hemengo prentsa ez da Hegoaldean bezala ondoan ibiltzen, ez delako errentagarria...
Iparraldeko pilotari gazteen erreferentziak ere Hegoaldekoak dira? Hemengo pilotariak hara begiratzen du. Nik badauzkat 10 mutiko on, trinketeko onenak, eta ez dituzte aipatzen ez Biscouby ez Karrikart, baizik eta "Titinek zer jokoa duen!" diote. Horren aurka joatea zaila da, zeren pilotak duen erakargarritasuna hango giroa da, profesionalismoa. Hemen ezin da hainbeste diru irabazi, eta beraz, hemengo onenak ere Hegoaldera joango dira. Nik ulertzen ditut. Nire kasuan, ez zen hain erraza izan. Orain hor gaude gu enpresarekin mintzatzeko. Ni Hegoaldean jokatzen lehen Iparraldekoa izan nintzen, eta oso zaila egin zitzaidan: enpresek ez ninduten begiratu ere egiten, "frantxute!" deituz baztertzen ninduten... Eskerrak euskaraz mintzatzen nuen, eta pilotariekin anaitasun handia nuen (Maiz eta Tolosarekin, batez ere). Horrek lagundu ninduen, bestela hona itzuliko nintzen.
Zure unerik onenak, trinketean ala frontoian bizi izan dituzu? Frontoiak poz gehiago eman dit. Hain zen zaila niretzat! Gauza zail bat lortzen duzularik, horrek ematen dizu benetako poza. Denentzat zen zaila trinketean jokatzea, niretzat ere bai, baina etxean nuen eta hainbeste entrenatuta, prozesu natural bat izan da niretzat. Orain ikusten dudalarik nire bizia konturatzen naiz prozesu natural horretan, hain errazak ez diren gauzak ere egin ditudala: 17 urterekin profesionalei irabazi nien finala, eta berez ez da hain normala, baina niretzat hala zen. Ikusten nuen bikote bat, eta "hauei ere irabaziko diet, noski" pentsatzen nuen; jokatu eta irabazi. Aldiz, frontoikoa askoz gogorragoa izan da, hor ikusi dut zer den berriz ere putzura erortzea, berriz hastea azpi-azpitik... Hegoaldean lehen mailako txapela lortzea bezalako pozik ez dago.
Pilotariak izaeraz izan behar du irabazteko kaskagogorkeria? Bai, txapelduna izateko, behar da urguilu zozo bat. Ez urguilu arro bat esateko "ni nauk hemen on bakarra", baizik eta "ni ailegatuko nauk horra" pentsatzea. Ikusi onenak jokatzen, eta iritsiko zarenik ez pentsatzea, ez da pilotari izatea. Txapel bat lortzeko dena ematea, hori da urguilu zozoa, ez txapela lortu ondorengo fanfarroikeria.
Kantuzale amorratua ere bazara. Egunero abesten zen gure etxean. Pilotaren inguruko giro bat bazen han, dena bazkari eta dena afari eta aitaren koadrila biltzen zen, boza ikaragarriarekin gainera. Trinketa, hotela eta jatetxea genituen eta nik ez nuen urtean egun bat ere pasatzen kanturik entzun gabe. Zer nolako kantuak gainera! 3, 4, 5, 6 bozetan, xuxenak... egiazko kantariak ziren Senperen eta Azkainen. Txikitatik horiekin ikasi genituen kantuak, eta gero jendea deitzen hasi zitzaigun, euren afariak girotzera joateko. Aitaren koadrilak musika gabe abesten zuen, baina gu nola gazte ginen musika instrumentuekin kantatzen hasi ginen. Pilotan jokatzen nuen garaian ez nintzen ibiltzen ahal hainbeste. Baina duela 5 urte jokatzeari utzi niolarik, nire izena Iparraldean ezaguna izan da, eta orain bizpahiru kantaldi egiten ditut astean. Badut 200 abestiko errepertorioa eta oraintxe Paristik heldu berria naiz, Frantziako errugbi selekzioarekin izan bainaiz. Gauero 1.200 lagun biltzen zen afaritarako eta abestu egiten nuen haientzat.
EEBBetan ere kantatzen omen duzu sarri, telefonoz... Horregatik heldu naiz berandu elkarrizketara! Egia da, Mike Bidartek deitu dit, kantu bat ikasi nahi zuen, eta horretantxe luzatu gara. Astean behin edo bitan egoten gara telefonoan ordubete pasa, kantuan: berak akordeoia jotzen du, eta bi ahotsetan abesten dugu. Izugarri ondo da telefonoa bi ahotsetan abesteko: zure ahotsa entzuteaz gain, bestearena belarrian duzu.
Mike anaia dut. Abokatua da Kalifornian. Bere aita Donibane Garazitik joan zen, eta bera euskaraz, kantuz eta pilotan ongi moldatzen da.
Nola bizi duzu euskarak Iparraldean duen egoera? Hori ere pilota bezala dago hemen. Gutxiengo bat da euskaraz egiten duena, eta penagarri da. Nire seme-alabek ikastolan ikasi dute, eta orain kalean ez dute euskaraz egiten. Nire semea Kalifornian da ikasten, eta han berriz ikasi du euskara. Alaba gurekin ari da, baina inguruan ez da euskaraz egiten, eta giro hori etxera eramaten da.
Zerk indartu dezake euskara? Gau eskolak, Korrika, Senpereko Herri Urrats... eskolaren alde egiten diren gauza horiek guztiak onak dira. Baina penagarria da hemen haizea kontra dugula: Ikastolan dabiltzanek ere, ikasi eta kantuan euskaraz egingo dute, baina ikastolatik irten eta etxera frantsesez hizketan joaten dira.
Golf zalea ere bazara... Bai, banaiz. Ez dut denbora askorik aritzeko, eta orain pixka bat utzia dut. Pilotari nintzen garaian, atseden egunetan golfean aritzen nintzen. Sei hilabetean jarri nintzen golfean ondo jokatzen, pilotaren ondoan delako golfaren jokoa ere: pilotari asko ezagutzen dut, golfean ondo moldatzen dena.
Nire semea Kalifornian ikasten ari da golflari profesional izateko. Eta uste dut lortuko duela, zeren eta pilotako esentzia hori du, eta erraztasunak baditu.
Zer moduz Aspe enpresan gazteak entrenatzen? Irakasten ikaragarri gozatzen dut. Gazteek teknika aldetik hainbeste dute ikasteko, eta hain dira mutiko goxoak! Nahiz Etxaniz bat, edo Elkoro bat izan: ikusten da pilotari eginak direla, baina beraiek entrenatzeko beharra ikusten dute, eta sentitzen badut zerbait ematen diedala, ni zoratzen egoten naiz.
Hemendik eraman dudan gaztea, Xala, gazterik joana da Hegoaldera, eta horrek tiratzen nau gehiago. Nola nire semea ez dudan hemen, Xala hartzen dut semetzat. Buruz-burukoan orain artean ongi ari da, eta agian nik nahi dudan aurrelaria izango da, atakean ibiltzen dena, ez jo eta jo.
Zuen garaiko pilotatik egungora zer alde dago? Pilotarien egoera asko hobetu da. Alboan beti dute laguntzarik, prestatzaileak, antolatzaileak... gu bakarrik ibiltzen ginen, enpresekin ez genuen mintzatzen ere. Gaur bideoa asko erabiltzen dugu entrenamenduetarako. Partidak grabatu, eta egindako hutsak ikusten ditugu. Gauza horiek laguntza handia ematen dute. Baina jokoa bera, ez dut uste asko hobetu edo aldatu denik. Nik esatea ez da ongi, baina duela 20 urte nik egiten nituen gaur Titinek egiten dituen tantu bertsuak. Zuriz jokatzen genuen, hori behintzat aldatu da. Pilotak ere orain oso bote handikoak dira.