Hizkuntzen psikopedagogia bigarren zikloko lizentziatura ezarri du aurtengo ikasturtean Mondragon Unibertsitateak Humanitate eta Hizkuntza Zientzien fakultatean. Euskal Herrian eta inguruan ez dago horrelako ikasketarik, bera da aitzindari. Helburua euskal gizarteak bizi duen eleaniztasun egoera, erabilera soziala eta etorkizun hurbilera aurreikusten diren migrazio, globalizazio prozesuek eta teknologia berriek hizkuntzengan eragingo dituzten aldaketei erantzun egokia ematen dakiten profesionalak prestatzea da.
Lizentziaturak euskararen erabilpen eta normalizazio bidean lagundu gura du, esparru anitzetan (administrazioan, hezkuntza arloan, lan munduan, aisialdian) lan proiektu zehatzak ezarriz. Lizentziaturako zuzendari eta irakasle den Matilde Sainzen ustetan, "hizkuntzen psikopedagogoaren profila interesgarria da normalizaziorako; izan ere, ibilbide horretan gizartean elkar ulertzea, hitz egitea, proiektuak eta pertsonak kudeatzen jakitea beharrezkoa delako".
Etorkizuneko profesional hauek hizkuntzen kudeaketaz arduratuko dira, beraz, komunikatzen trebeak izan behar dute. Gizarte taldeen arteko ezberdintasunak ikertzeko eta erabakitzeko gaitasuna eta etorkizunera egokitzeko malgutasuna izan, hizkuntzak menperatu eta ikerketarako metodologia eta tresneria ezagutu beharko dituzte, besteak beste.
Hizkuntzen psikopedagogia lizentziaturak bi ikasketa eredu eskaintzen ditu. A eredukoek hamabost orduko eskolak izaten dituzte astean eta bi ikasturtetan burutzen dute lizentziatura. B eredua, ostera, hiru urtekoa da eta bederatzi orduko eskola presentzialak izaten dituzte astero. Bigarren erritmoa bereziki lan egiten duen eta birziklatzeko beharra eta gogoa duen sektore bati dago zuzendua. Izan ere, lanean diharduen jendearentzat eredu bakarra egongo balitz ia ezinezkoa izango litzateke bi jarduerak bateratzea.
Egun, ikasle kopurua hogeita hamahirukoa da eta gehiengoa lehenengo erritmokoa da, zazpi soilik dira B eredukoak. Hala ere, aipatu, lizentziatura hau burutzeko baldintza bat bete beharra dagoela. Hartzailea modu jakin batekoa izatea ezinbestekoa da. Horregatik, pedagogia edo psikologiako lehenengo zikloa egin dutenentzat eta irakasletza edo gizarte hezkuntzan diplomatu direnentzat bakarrik dago pentsatua. Aitzitik, lizentziatura honetako irakasle den Nekane Arratibelen ustez, "badago beste kolektibo bat oso interesatua horrelako ikasketa batzuetan, euskal filologoak esaterako, eta, lizentziatu modura sartzeko aukerarik ez dagoenez, irtenbidetzat gradu ondoko masterren bat antolatzea planteatu beharko genuke".
Lan eremuari dagokionez, hizkuntzen psikopedagogoa ondorengo esparrutan ariko da lanean: irakaskuntzan helduekin, eskolan haurrekin, gizarte mailan, lan munduan, teknologia berrien esparruan... Beraz, alor horietan hizkuntzaren kudeaketan ariko da, irakasle, aholkulari, planifikatzaile eta ikertzaile modura. Alabaina, Sainzen iritziz bi motatako lan esparruak bereizten dira. Batetik, izendatu berriak, dagoeneko sortuak eta ezagunak direnak, eta bestetik, gaurdaino sortzeke daudenak. Honela, irakaskuntzan irakasleez gain beste figura batzuk sor daitezke, eleaniztasunaren inguruan irtenbide eta diagnostiko egokia ematen dakien teknikaria, adibidez.
IKASLEA ORIENTATZAILE.
Lizentziatura berriaren helburu metodologikoa ikaslea bere ikasketen subjektu eta orientatzaile bihurtzean datza. Horretarako, taldeko lana, elkarlana bultzatuko da, eta, ikasleen eta ideien aniztasuna dela medio, errealitatea ulertzeko modu eta ikuspuntu ezberdinak garatuko dira. Nekane Arratibel irakasleak irakasgaiak nolakoak diren azaldu digu: "Denetarik dago, batzuk teorikoagoak eta beste batzuk praktikoagoak dira. Disziplina askotakoak dira: psikologia, soziologia, hezkuntzaren arloa, teknologia berriak... Nik uste dut disziplina horiek guztiak bat egiten dutela hizkuntzen psikopedagogian". Ikasleek lan praktiko ugari egiten dituzte eskola orduetan, eta eskola orduetatik at unibertsitateak eskaintzen dituen praktikak egiten dute.
Karrera amaitzeko proiektu bat egin behar dute, eta norberak bere ikuspuntu eta interesen arabera bidera dezake. A ereduko ikasle Itsaso Errartek bere proiektuaren gaia azaldu digu: "Aisialdia eta euskararen arteko korrelazioren inguruan egingo dut proiektua".
Azken finean, hizkuntzen psikopedagogoak formazio sendo eta malgua behar du gizartean ematen diren aldaketei zuzen erantzuteko. Baloreak etengabe aldatzen direnez horiei aurre egiteko aukera berriak eta metodologia anitza jorratzea ezinbestekoa da.