argia.eus
INPRIMATU
PARKE TEKNOLOGIKOAK
BILBO, MUNDUKO PARKE TEKNOLOGIKOEN ERAKUSLEIHO
  • Ekainean XVIII. Parke Zientifiko eta Teknologikoen Nazioarteko Konferentzia egingo da Bilbon. Bertan Euskal Herriko ikerketa guneek teknologia berrien eta zientziaren alorrean egin duten eta egiten ari diren lana ezagutarazteko aukera bikaina izango da.
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 23a
Euskal Herria ez da ekonomiaren arloan, teknologia berrietan, ikerketa eta garapenean eta zientzian, gertatzen ari diren aldaketa ugarietatik kanpo geratu, eta aspalditik ari da esparru horiek lantzen. Horren adierazgarri garbia da Euskal Herrian eraikitzen ari diren parke teknologikoen garapena. EAE aitzindaria izan da honelako elkartegien eraikuntzan, Iparraldea oraintxe ari da bide berriak zabaltzen, eta Nafarroa ere ari da bereak prestatzen. Datorren ekainean Bilbon egingo da mundu guztiko 200 parketik gora bilduko dituen XVIII. Parke Zientifiko eta Teknologikoen Nazioarteko Konferentzia, eta horretarako Bilbo aukeratu izana Euskal Herriko aitzindaritzari eta EAEko hainbat euskal erakunde eta herritarrek egindako lanari esker lortutako egoerari egiten zaion aitorpena dela esan genezake.
IASP Parke Zientifiko eta Teknologikoen Nazioarteko Elkartearen XVIII. Nazioarteko Konferentzia ekainaren 10etik 13ra izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. "Parke Zientifiko eta Teknologikoen Ekonomia Digitalaren eta Ezagutzaren Aroan" goiburuarekin, milurteko berriko lehen biltzar honetan, mundu guztitik etorrita, teknologi, unibertsitate, zientzi eta berrikuntzaren esparruko 500 pertsonalitate baino gehiago bilduko dira.
Bilboko goi bilera hau Australiako Perth herrian 1998ko urrian egin zuen bileran erabaki zuen elkarte horrek. EAEko hiru teknologi elkartegiak Elkartegien Nazioarteko Elkarteko kide dira eta, gainera, Zamudioko parke teknologikoak elkartearen sorreran esku hartu zuen duela hamabost urte.
Mundu mailako biltzar hau Euskal Herrian egitea hemengo parke teknologikoek egindako lanaren aitorpena da, inolako zalantzarik gabe, eta, aldi berean, aukera aparta izango da teknologiaren eta berrikuntzaren esparruan Euskal Herriak duen egitura eta, batez ere, gure teknologi elkartegien eduki eta kalitate bikaina ezagutarazteko.
Ekonomia berria eta ekonomia digitala ezagutzearen garrantziak eragin du Bilboko 2001eko Konferentziaren leloari buruzko erabakia. Berez, teknologi arloko aldaketen zorabiozko abiadurak eta etengabeko berrikuntzak etorkizuneko gizartean garrantzi handia izango duen zerbait nabarmentzen dute: pertsonak duen guztiz funtsezko balioa, ikuspegi integraletik begiraturik. Horregatik, Biltzarraren eginkizun nagusietako bat parke zientifiko eta teknologikoek enpresen garapen guneek aro berri honetan bete beharreko zereginari buruz gogoeta sakon bat egitea izango da.
Bilboko Biltzar honetan jorratuko den programan gai ugari sartzen da, eta goi mailako hizlari ospetsuak izango dira bertan. IASPeko lehendakaria, Heidelbergko (Alemania) parke teknologikoko zuzendari nagusi Klaus Plate izango da lehen osoko bilkuraren buru egingo duena. Bilkura horretako gaia "Ekonomia Berria Ezagutzearen Zeregina" izango da. Hasierako ekitaldi honetan esku hartzekoak dira Japoniako Zientzia eta Teknologiako Goi Mailako Institutuko dekano Ikujiro Nonata irakaslea, eta "Kontzeptu berri bat. Unibertsitate Ekintzailea" izeneko hitzaldia eskainiko duen Piero Formica, Boloniako Unibertsitateko irakaslea.
Biltzarreko bigarren bilkuraren izenburu orokorra "Ekonomia Berriaren sarean lan egiten" da. IASPeko zuzendari nagusi Luis Sanzek eta "Berrikuntzarako Baliabideak Sare Globalen Aroan" hitzaldia emango duen Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko Manuel Castell irakasleak hartuko dute parte. Horien saioen ondoren, hiru mintegi izango dira: "Baliabide ukigarriak parke zientifiko batean. Nola finantzatu?"; "Marketinga parke zientifiko batean. Nola erakarri enpresak eta inbertitzaileak?" "Garapen guneak. Nola atzeman garatzeko proiektu onak?"
Bilbo 2001eko hirugarren osoko bilkurak honako izenburua eramango du: "Ekonomia berriaren gakoak jorratzen. Ekintzailetza, arrisku kapitala, negozioak sarean...". Debra Amidon iparramerikarrak "Berrikuntzaren autopista erraldoia. Adimen baliabideak mugiarazten" hitzaldia eskainiko du. Osoko saio horren ondoren, parte hartzaileak egun horretarako aurreikusirik dauden bi lan taldetan aritu daitezke. Lehenengoa "Lana sarean egitea. Nola lagundu parkeetako enpresei kanpoan eragiteko" izango da. Bigarrenak "Elkartegiak eta Garapen guneak. Saio arrakastatsuak" du izenburua eta Euskal Herriko Parke Teknologikoetako lehendakari Mauri Lazkanok bideratuko du.
"Zientzi Elkartegien eta garapen guneen mugimenduaren etorkizuna ekonomia berrian" izango da XVIII. Konferentzia honi amaiera emango dio azken saioaren izenburua. Bertan Javier Etxebarriak, Zientzi Ikerketen Kontseilu Goreneko Zientzia, Teknologia eta Gizarteko irakasleak, esku hartuko du "Ekonomia Berria eta berrasmatzearen artea" ponentzia eskainiz. Jorratuko diren beste gai batzuk "Arrisku kapitala eta Hazi kapitala" eta "Garapen gune eredu berriak: enpresa bizkortzaileak" izango dira.
Azken saio honetan, 2001eko Bilboko Konferentzian ateratako ondorio nagusien laburbiltze bat egingo da, eta Quebecen izango den 2002ko Nazioarteko Konferentzia aurkeztuko da.


BILTZARRAREN HELBURUAK.

EAEko hiru parke teknologikoek eta Industri Sustapenerako eta Birmoldaketarako Sozietateak, SPRIk, antolatu duten 2001eko Bilboko Biltzarrak helburu bat baino gehiago ditu. Batetik, IASPentzat, bertako partaideek etorkizunari begira duten egoera estrategikoari buruzko gogoeta bateratu bat egiteko aukera izango da -elkarte honek mundu guztiko 200 elkartegi eta 40.000 enpresa baino gehiago biltzen ditu- eta, aldi berean, bere partaideen arteko esperientzia eta ezagutza trukaketa erraztuko du.
Euskal Herriko parkeentzat aukera ezin hobea izango da beren gaur egungo errealitate garrantzitsua ezagutarazteko eta, etorkizunerako, kanpora begira indartzeko. EAEk, orokorrean, Konferentzia honi esker, Euskal Herriko alderdi honetan duela hainbat urtez geroztik berrikuntzaren eta kalitatearen alde egiten ari den teknologi garapenaren maila eta etorkizunerako duen erronka nazioarteko teknologi arloko aitzindaritzan dabiltzan pertsonen aurrean azaltzeko aukera izango du.
Azken urteotan izugarri hazi dira EAEko parke teknologikoak, eta horrela erakusten dute bertako datu garrantzitsuenek, hau da, fakturazioek, sortutako lanpostuek, barnebiltzen dituzten enpresa kopuruek, hartzen duten azalera eta abarrek. Sortu zen lehenengoa Zamudiokoa izan zen 1985ean, gero Arabakoa 1995ean eta azkenik Donostiakoa 1997an.
Izan duten bilakaera ona kontuan izanik, EAEko parkeen lehendakari den Mauri Lazkanok dioenez, azken hiru urteotan hiru Teknologi Elkartegiek izan duten "bilakaera apartari esker" beren ahaleginak geroz eta gehiago zentratzen dira ingurune aurreratu hauetan bereziki garatzen diren arlo eta eginkizunetan, hau da, "enpresei balio erantsiko zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea, enpresa arteko lankidetza bultzatzea, unibertsitateekiko lankidetza, teknologiaren eta berrikuntzen transferentzia eta hedapena bultzatzea, eta etorkizunerako beste hainbat proiektu garatzea".


200.000 MILIOITIK GORA FAKTURATU ZUTEN 2000. URTEAN.

Hiru parke teknologikoetan ari diren enpresek 2000. urtean sortutako lanpostuen kopurua %25 igo da, 1999ko 6.187 lanpostuetatik 2000ko 7.716 lanpostura igaroz. Parke hauetako langileen %42k goi mailako titulua dute, eta horien arteko %25 I+Gn aritzen da.
Elkartegien sarean kokatutako enpresen kopurua 185ekoa da, beraz, 1999. urtearen amaierako kopurua %19 igo da, 156 enpresa baitzituen orduan.
Horri guztiari esker parke teknologikoen sareak berriro ere gainditu egin zituen 2000. urte osorako ezarritako helburuak.
Parkeen jabetzako eraikinetan enpresak jartzeko xedea duten lokalen okupazioa, batez beste, %90 ingurukoa da, nahiz eta Arabako eta Donostiako Elkartegietan bi eraikuntza berri bukatu izan. Eta hiru parkeen lurren okupazioa, berriz, 2000. urtearen lehen seihilekoan %56 ingurukoa zen, urte horren amaierako aurreikuspena %54 ingurukoa bazen ere.
Bilakaera onuragarri hori elkartegien sarean kokatutako enpresen urteko fakturazioan ere nabarmendu zen. 1999. urtean 158.000 milioi pezeta (6.320 milioi libera) fakturatu ziren, eta 2000. urteko lehen seihilekoaren amaieran, arduradunek iragarria zuten 2000ko negozio kopurua erraz iritsiko zela ekitaldi horretarako aurreikusitako 182.000 milioi pezetako (7.280 milioi libera) kopurura. Eta ez zeuden oker, hiru elkartegien artean 210.000 milioi pezetako (8.400 milioi libera) fakturazioa izan baitzuten 2000. urtean, eta horrela egiaztatu du ofizialki sareko zuzendaritzak.
2000. urtean zehar, EAEko Teknologi Elkartegien Sareak 27.000 milioi pezeta xedatu zituen Ikerketa eta Garapena I+G arlorako, hau da, aurreko ekitaldian baino 10.000 milioi pezeta gehiago.


IPARRALDEAN ERE IKERKETA ETA GARAPENA AURRERA DOA.

Iparraldeak ere, duela urte batzuetatik hona, badu bere parke teknologikoa eta pixkanaka handitzen ari da bertan garatzen diren jardueren kopurua. Nafarroa, bestalde, hasia da horrelako gune bat prestatzen. Gauzak horrela izanik, Euskal Herriak lau teknologi elkartegi dituela esan genezake, hiru EAEn eta bat Iparraldean, eta laster bost izango dira, Nafarroan berea burutzen dutenean.
Izarbel, Iparraldeko parke teknologiko edo baliabide gunea Bidarten dago kokaturik, Miarritzeko aireportutik oso hurbil, beraz, oso ondo komunikaturik dago autopistaz nahiz hegazkinez. Sektoreari dagozkion jarduera ugari garatzen ditu, eta azpimarratzekoa da mugaren bi aldeetako enpresaburu eta irakasleen topagune bihurtzearen zeregina betetzen ari dela. Iparraldean eta Landetan -hauek ere gune hau erabiltzen baitute- honako industriak nagusitzen dira: larrua eta oinetakoak, siderurgia, bulegoetarako materiala, modako ehungintza, logistika eta grafismoa. Azken hiru urteotan honelako 25 enpresa sortu dira eta, horretarako, oso eginkizun garrantzitsua bete du parkean dagoen eta ikerketa eta garapena bultzatzen duen ESTIA ingeniaritza eskolak.
Eskola honekin batera, Izarbelek bestelako zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu: lekualdaketa teknologikoa bi erakunderen bidez, CRT eta ILS (Innovation Logiciel Systeme). Industria Ministerioak sortutako "label" moduko zerbait dira, eta enpresen kalitate teknologikoa ziurtatzeko aukera eskaintzen dute.
Gaur egun dituzten jarduerak handitu eta hobetzeko asmoa iragarri dute azken asteotan. Horretarako, 19 milioi liberako inbertsioak egingo dituzte, bertako 65.000 metro koadro libreei dagokien erabilera emateko eta elkartegia benetako berrikuntza eta sormenerako gune bihurtzeko. Bere handitze lanen barruan 540 metro koadro eskainiko dituen bulegoetarako leku berri bat eraikitzea aurreikusten dute. Halaber, parke teknologiko guztian segundoko 155 megabiteko sare moderno bat jartzeko proiektua dute.
Beraz, asmo hauek guztiak burutzerakoan, gaur egun Maison de Parc, Maison de Entreprises eta ESTIA ingeniaritza eskolak osatzen duten multzoaz gainera, bestelako instalazio batzuk izango dira Izarbelen.
Nafarroa, bestalde, bere parkerako prestaketetan ari da. Helburu hori 2003. urterako I+G arloko inbertsioak bikoizteko asmoz egindako Teknologi Planean jasota dago. Hain zuzen ere, data horretan egongo da prest parkea, eta, dagoeneko, 50 enpresak eskatua dute bertan egotea.
Nafarroak, gaur egun, BPGren %0,9 erabiltzen du I+G arloan, eta 2003. urterako kopuru hori %1,6ra igotzeko asmoa du. Horretarako 20.000 milioi pezetako inbertsioa egin beharko du, eta horren finantzaketan kapital pribatua ere erabiliko da.
Planak hiru alderdi nagusi hartzen ditu kontuan. Enpresa txiki eta ertainak jabearaztea beren enpresetan berrikuntza sartzeko premiaz, teknologi elkartegiak eta enpresak premiazko baliabideen ingeniaritzaz hornitzea eta ikerketa sarituko duen araudi bat osatzearen komenigarritasuna. Jardueren helburua Nafarroako ekonomian funtsezkoak diren sektoreetan I+G arloa indartzea izango da, esate baterako Erkidegoaren esportazioen erdia baino gehiago bereganatzen duen automobilgintzan eta nekazaritzako gaien elikaduraren arloan. Etorkizun handiko beste sektore batzuk ere bultzatu nahi dira, esaterako energia berriztagarriak -Nafarroak dauka Espainiako Estatuko parke eolikorik handiena-, biomedikuntza, informatika edota teleko- munikazioak..


TEKNOLOGI IKERKETA ETA BERRIKUNTZARAKO EGOITZAK.

Euskal Herriko parke teknologikoak ikerketa eta berrikuntzarako egoitza ezin egokiagoak bihurtu dira, ikerketa eta garapenerako jarduera gehienak gune horietan biltzen baitira. Horrela, EAEren kasuan, erabat ari dira betetzen Eusko Jaurlaritzaren helburuak, hau da, "zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruko erreferentzi bihurtzea", Donostiako Miramon Parke Teknologikoko Inasmet enpresaren eraikuntza berria inauguratzerakoan Jaurlaritzako bozeramaileak esandakoaren arabera.
Testuinguru horretan, esan beharra dago EAEn handitu egin dela I+G arloan egiten den gastua, 2000. urtean BPGren %1,3koa izan zelarik. Eusko Jaurlaritzaren asmoa 2004. urterako kopuru hori %1,8koa izatea da, eta enpresetan gastu hori %1,1ekoa izatea, horrela Europaren pare jartzeko. Parekatze hori lortzeko bide bezala, Zientzia eta Teknologiaren Planaren garapena aipatzen da, enpresen eta parke teknologikoen ahaleginarekin batera.
Beste datu ofizialik ezean, 1998koak dauzkagu eta horietan oinarritu gaitezke ikuspegi orokor bat lortzeko. EAEk, 1998an, 65.930 milioi pezeta, BPGaren %1,19, xedatu zuen I+G arlorako. Euskal enpresek 38.200 milioi pezeta erabili zituzten horrelako jardueretan. EAEko hiru parke teknologikoek EAEko I+G arloko gastu guztiaren %23 eta euskal enpresek horrelako xedez erabili zuten aurrekontuaren %35 inguru bereganatu zuten. Hego Euskal Herriari dagozkion 1999ko azken datu orokorren arabera, urte horretan 84.063 milioi pezeta inbertitu ziren, eta horietako 68.931 milioi pezeta EAEri dagozkio, eta gainerakoa Nafarroari.
Hiru parkeek, 2000ko hasieran, I+G arloko 240 proiektu biltzen zituzten programa ofizialetan, eta beste 24 teknologi proiektu unibertsitatearekiko lankidetzan. Zehazki, parkeen barruan, 17.000 milioi pezeta erabiltzen dira I+G gastuetarako. Jarduera esparruen arabera, informaziorako teknologiek kopuru horren %22 bereganatzen dute, aeronautikak eta telekomunikazioek %21 bakoitzak, elektronikak %9, ingeniaritzak %8, medikuntzak eta bioteknologiak %5, I+G zentroek %5, energia eta ingurumenak %4, eta beste batzuen artean %4.
EAEko teknologi elkartegiak, bestalde, bere baitan dauden teknologi zentroen egoitza dira: Ceit, Gaiker, Ikerlan, Inasmet, Labein, Leia, Robotiker, Tecniker, European Sofware Institute, Cidetec, Centro Tecnológico Aeronáutico, Centro Tecnológico Energético eta Imbiomed enpresena, hain zuzen ere.
Zentro horiek gaur egun Espainiako Estatuan dauden I+G proiektu guztien ia erdia biltzen dute, eta horiei esker EAE, I+G ahaleginean, Estatuko bigarren Autonomi Erkidegoa da Madrilgoaren ondoren, eta Europako batez bestekoaren oso hurbil dauden kopuruak erabiltzen dira. Halaber, enpresa horien bidez, 1998an, 206 patente eta 106 erabilgarritasun eredu erregistratu zituzten EAEko enpresek eta partikularrek

ZAMUDIOKO PARKE TEKNOLOGIKOA
Bizkaiko parke teknologikoan kokatutako enpresek sortutako lanpostu kopurua %12,7 igo da 2000. urtearen lehen seihilekoan. Gaur egun 91 enpresa ari dira bertan, eta 4.000 lanpostu daude. Aurreko ekitaldian 3.550 lanpostu zituen. Gaur egun Zamudion ari diren enpresek gainditu egin dute 2000. urterako egindako 118.000 milioi pezetako fakturazioa (4.720 milioi libera), %17an igoz 1999ko 101.000 milioi pezetako zenbatekoa (4.040 milioi libera).
Parkearen jabetzako eraikuntzetan enpresentzako jarritako lokalen okupazioa %99koa da, eta lurren okupazioa, berriz, %74koa, kalkulu horren barruan sartuz hedapen fasea sartuz. Azkenik, azpimarratzekoa da 2000ko lehen sei hilabeteetan 605 mintegi eta jardunaldi burutu zirela eta 15.733 lagunek esku hartu zutela

MIÑAOKO PARKE TEKNOLOGIKOA
Arabako teknologi elkartegian 46 enpresa ari dira gaur egun. Horrek esan nahi du %7 igo dela 1999ko kopurua. Enpleguak, 2000ko lehen seihilekoan, %5,5 egin du gora, 1.800 lanpostutara helduz.
Elkartegi honetan kokatzen diren enpresetako fakturazioaren inguruko kalkuluen arabera, gainditu egingo da aurreikusitako 45.000 milioi pezetako kopurua (1.800 milioi libera). Lokalen okupazio maila %92koa (98koa eraikuntza berrirako dauden konpromiso guztiak barnebilduz) da. Lurren okupazioa %37koa da, eta hori, parkearen azalera handia kontuan izanik, oso datu esanguratsua gertatzen da, are gehiago benetako jardunean 5 urte besterik ez daramatzala ohartuz gero.
Elkartegi honetan, 2000ko lehen seihilekoan 358 mintegi eta jardunaldi burutu ziren, eta 6.157 lagunek esku hartu zuten

MIRAMONGO PARKEA
Donostiako teknologi elkartegian 2000ko lehen sei hilabeteetan %28an gehitu zen enplegua, 1.200 lanpostutara iritsiz. Bertan 31 enpresa kokatu dira dagoeneko, hau da, 1999. urtearen amaieran baino %24 gehiago. 2000. urterako aurreikusten zen 19.000 milioi pezetako (760 milioi libera) fakturazioa ere nabarmen gaindituko da.
Lokalen okupazio maila %66koa da -amaitu berria duten eraikuntza berri bat ere kontuan hartuz-. Lurren okupazioa, berriz, %42koa da. Parke honetako instalazioetan 95 ekitaldi egin dira, mintegi eta jardunaldiak kontuan hartuz, eta 6.122 partaidek esku hartu dute

MAURI LAZKANO: "BEGIRUNE HANDIA ZAIO EUSKAL EREDUAREN ARRAKASTARI"
Zergatik erabaki da Parke Zientifiko eta Teknologikoen XVIII. Mundu Kongresua Bilbon egitea?
Erabaki honen oinarrian zenbait faktore dago. Hasteko, ezin ukatu Guggenheim Museoaren erakarpen indarra dela eta, nazioarte mailako horrelako ospakizunetarako Bilbo egoitza aproposa bihurtu dela. Baina, eta hau azpimarratu beharrekoa da, Zientzi eta Teknologi Parkeen nazioarteko esparruan begirune handia zaio euskal ereduak ezagutu duen arrakastari, hiru elkartegien jarduera bateratuari esker.

Euskal Herriko parke teknologikoak munduko beste parkeei ekarpenik egiteko baldintza egokietan al daude?
Denok dugu besteengandik zer ikasi. Hortaz, gure parkeek industri dibertsifikazio eta teknologi garapen eta berrikuntzaren bidean dauden beste toki batzuetarako eredu gisa balio dezakete (dagoeneko horrela da). Esaterako, Hego Amerikan badira arlo honetan Euskadik ezaugarri duen "egiten jakin" hori oinarritzat hartuta garatu diren industri ekimen batzuk.

Eta zer jaso dezakete Euskal Herriko parke teknologikoek munduko beste parkeetatik?
Badira geureak baino eskarmentu askoz ere handiagoa duten parkeak, esparru desberdinetan bide berri eta interesgarriak erakutsi diezazkiguketenak. Horretaz gain, eurek eginiko hankasartzeez ere ohartarazi gaitzakete. Hala ere, zerbaiti etekina ateratzekotan, parke guztietako enpresa eta teknoguneek informazio eta lankidetza bideak landu eta egituratzearekin irtengo dira garaile. Une honetan, lankidetza bideak errazteko datu base zabala duen barne sare erraldoi bat abian da.

Zein da Euskal Herriko teknologi parkeen egoera ekonomiko-finantzarioa?
2000ko amaierako egoerak milioi bat eurotako emaitza positiboa aurkezten du, 4,5 milioi eurotako cash-flow positibo batez lagunduta, teknologi parkeak sortu zenetik lehenbiziko aldiz. Baina, emaitzak alde batera utzita, garrantzitsuena cash-flow positiboa lortu izana eta autofinantzaketaren bidean kokatu izana izan da. Zamudioko parkeak hasitako, eta beste biek, Miñaokoak eta Donostiakoak, jarraitutako garapen ereduak autofinantzaketaren helbururantz bideratzen gaitu.

Zeintzuk dira 2001 urterako aurreikuspenak?
Aurreikuspenak baikorrak dira, zalantzarik gabe. Hiru parkeek hazkundea ezagutuko dute bertan ezarritako enpresa kopuru, sortutako lanpostu zuzenak eta fakturazioaren esparruetan, eta baita I+G eta teknologi hedapenarekin lotutako jarduerei dagokienez ere.

Parkeetan enplegua egun baino erritmo bizkorragoan haziko dela aurreikus daiteke?
Dagoeneko esan daiteke gure parkeetan enpleguaren hazkunde erritmoa nahiko bizia dela. Aurrerantzean, epe laburrean behinik behin, hazkunde honi eutsiko diogula uste dugu. Baina parkeak ez dira lanpostu ugari sortzeko bereziki egokitu diren industri eta teknologi politikaren tresna bat, enplegu mota zehatz bat sortzeko baizik. Egun dauden lanpostu guztien (7.716 langile) erdia inguru goi mailako tituludunak dira.

Ba al daude parkeetan egon behar luketen enpresak eta oraindik ez daudenak?
Nire ustez, hemen daude. Baina erabaki hori enpresei dagokie, parke teknologiko batean egoteak ekar liezazkiekeen onurak neurtu eta baloratzea, alegia.

Zein eragin izango du EAEko 2001-2004 Plan Teknologikoaren ezarpenak parkeengan?
Zientzi, Teknologia eta Berrikuntza Plangintza berriak, Sistemako Eragileen artean sailkatzen ditu parke teknologikoak, berrikuntza bultzatzeko euskarri gisa. Oinarri teknologikoa duten enpresa berrien sorrera eta garapenaren esparruan eginbehar eta funtzio bereziak aitortzen dizkigu, enpresa, unibertsitate eta teknoguneen arteko lankidetzaren sustapen aktiboan bete behar dugun papera ere azpimarratzen du... Plangintza berri honen ezarpenaren ondorioak, zalantzarik gabe, positiboak izango dira.

Ba al duzue Iparraldeko Bidarteko zentro teknologikoarekin harremanik?
Orain arte ez dugu hartuemanik izan. Baiona inguruko (Izarbel) ekimen teknologiko batekin izan dugu noizbehinka hartuemanik, baina bere egungo egoera ez dugu ezagutzen. Dena den, ekimen horiek ez dute parte hartzen Parkeen Nazioarteko Elkartean.

Nafarroako parke teknologikoa eratzen denean, zure iritziz komenigarria al litzateke Euskal Herriko Parke Teknologiko guztien arteko kolaborazio edo koordinaziorik egotea?
Argi dago parkeen arteko lankidetza bilatzea ondo ikusia dagoela, hortik berauek biltzen dituzten enpresen arteko ezagutza aukerak eratortzen baitira. Ondorioz, gure helburuen artean munduko gainontzeko parkeekin elkarlanean aritzea dago eta are gehiago Nafarroako Elkartegiarekin. Hala ere, koordinazioari dagokionez, horrek zailtasun edo eragozpen gehiago aurkezten ditu, Erakunde, Plangintza eta Politika desberdinak barnehartzen baititu

HEGO EUSKAL HERRIKO 2001-2004 TEKNOLOGI PLANAK
EAEn eta Nafarroan teknologi plan berriak prestatu dituzte 2001-2004 epealdirako. Dagoeneko indarrean jarria behar lukeen EAEko 2001-2004 Teknologi Planaren helburua teknologi arloko berrikuntza bultzatzea eta eragile guztien finantzaketa orekatu bat lortzea da, enpresen lehiakortasuna indartzeko. Estrategien bideratze berri bat egin nahi dute, teknologiaren alderdiari lehentasun gehiago emanez, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sare bat sendotuz eta unibertsitatearen eta enpresen arteko hurbiltasun handiagoa lortuz. Zerbitzu eta produktu berriak, teknologi berrikuntzarako jarduerak eta teknologian oinarritutako enpresa berriak agertzea ere plan horren helburuen artean sartzen da.
Planak 51.600 milioi pezetako (2.064 milioi libera) hornidura izango du, eta honela banatuko da: 17.600 milioi Teknologiaren Euskal Sarerako, 11.300 milioi Intek programarako; 18.000 milioi Berrikuntzen Fondorako; 2.000 milioi teknologi elkartegietarako; 255 milioi unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetzarako; 125 milioi beketarako; eta 500 milioi teknologi arloko bereizkuntza zabaltzeko. Gainerako kopurua, beste 1.600 milioi pezeta, azpiegitura gastuetarako izango da, besteak beste teknologi esparruko langileentzat eta kudeaketarako.
Nafarroako 2000-2003 Teknologi Planaren helburua, bestalde, 2003rako I+G gastuen aurrekontua bikoiztea da. Enpresa txiki eta ertainak ez daude oso jabeturik arlo honen premiaz, eta multinazionaletako lantegiek ez dute ikerketarik egiten. Horren ondorioz Nafarroak %0,9 besterik ez du inbertitzen I+G arloan. Nolanahi ere kopuru hori Espainiako Estatuko batez bestekoaren gainetik dago, baina, hala ere, Europako beste herrialde batzuetan erabiltzen diren kopuruen azpitik dago. Plan honen bidez zenbateko hori %1,6koa izan dadin lortu nahi da. Plan hau administrazioaren, unibertsitatearen, enpresa txiki eta ertainen eta multinazionalen lankidetzaren bidez sortu da eta 20.000 milioi pezetako inbertsioa eskatzen du. Zifra hori finantzatzeko kapital publikoa eta pribatua erabiliko da