argia.eus
INPRIMATU
Arabar Errioxa. Ardoaren lurraldea (I)
ANTZINAKOEK BAZEKITEN NON BIZI...
  • Arabar Errioxa ondo mugatutako hegoko eskualdea da, iparraldean Toloño-Kantauri mendikatearen harresi naturala eta hegoaldean "beste" Errioxarekin muga markatzen duen Ebro ibaiaren artean kokatua. Antzinatik populatua, hemen Euskal Herriko trikuharririk interesgarrienetako batzuk aurkituko ditugu, ("Chabola de la Hechicera" izenekoa kasu), edota historiaurreko herrixka oso baten hondarrak (La Hoya aztarnategian). Bertako klima leunak eta orografia lau samarrak, erromatarrak bizitzeko konbentzitu zituen. Horren ondorio dira esaterako, Mantibleko zubi ikusgarriak, beste aztarna askorekin batera. Baina batez ere, monumentu gehien Erdi Arokoak ikusiko ditugu, garai horretan zonaldea Gaztela eta Nafarroa borrokatzeko aitzakia baitzen: Biasteri, Bastida, Buradon-Gatzaga, Urizaharra... denak gotorleku garrantzitsuak ziren. Izan ere, zalantzarik gabeko kokapen estrategikoaz gain, ziur gaude bertan sortzen den primerako ardoaren ekoizpena kontrolatzea ere, orduko jauntxo eta erregeen gogoan zegoela. Kontuan izan behar da Arabar Errioxak betetzen dituen 316 km2-etatik 80 km2 inguru bertako mahasti ospetsuez estalirik daudela, urtero 30 milioi litro ardo bikain sortuz. Berau dastatzea nahi baduzue, herri gehienetan upeltegi edo bodegak aurkituko dituzue.
2007ko otsailaren 21a
Urizaharra ibilbide honetarako abiapunturik egokiena izan daiteke, oraindik Errioxaren eraginpean ez badago ere (arabar mendialdean kokatzen da) bertaratzeko "ate" nagusia delako. Atetaz ari garenez, Gaztela eta Nafarroako erresumen artean zegoelako harresiz inguratu zen herri honetan, gauzarik erakargarriena gotorlekuaren sarrera nagusia da: bi dorreen arteko harresi zati estua, goian balkoi moduko batekin eta behealdean arku bakarrarekin. Honez gain, Jasokundeko Ama Birjinaren eliza gotiko berantiarra (erretaula platereskoduna) ere aipa dezakegu.

Errioxako balkoi naturala
Biasterirako bidean, Toloño mendilerroa zeharkatzen dugun bitartean, laster panoramika politak ikusten hasten gara, 8. kilometroan Herrera mendatea harrapatzen dugun arte. Mendate honetxek hain zuzen banatzen (edo lotzen) ditu Arabako mendialdea eta Errioxa, paisaiaren aldaketa erradikalaz konturatzeko beste kilometro bat besterik egin beharko ez dugularik.
Puntu horretan (eskuinean) gure geografiak eskaini dezakeen begiratokirik bikain eta harrigarrienetakoa kokatzen da: Errioxako Balkoia. Gure aurrean, behean, lur koloreko gaztelar lautada amaitezina, tarteka ikusten diren mendiska-herriek soilik haustua. Biasterirantzako jaitsieran, atzean uzten ari garen Toloño mendizerra arrokatsuak agurtzen gaitu; are gehiago laster ezkerrerantz hartu behar eta bere ondotik goazenean.

Biasteri inguruko trikuharriak
16,5. kilometroan El Sotillo trikuharri neolitikora hurbiltzeko bidegurutzea ageri zaigu eskuinean. Beste bi aldiz eskuinerantz, laster ikusiko dugu. Errepidean berriro, 20. kilometrorako Biasteriko sarreraren aurrean gaude. Bertan ezkerrera, geroago hartuko dugun La Hoya-Elvillar errepidea irteten da. Gu momentuz errioxar eskualdeko buruaren erdigune harresitsuan sartuko gara, ondare historiko-artistiko bikaina bisitatu asmoz.
Aipatu berri dugun bidegurutzera itzuli eta eskuineko errepidea hartuz, ondo seinalizatutako bidetxoari jarraikiz aurrehistoriako La Hoya hiriskara iritsiko gara; gure arbasoen bizimodua ikusteko gune interesgarria.
Berriz ere hasierako bidegurutzean bertan, ezkerrera Elvillarrera joko dugu, baina 500 metro lehenago ezkerrera desbideratuko gara, seinaleei jarraikiz "La Hechicera" trikuharri ikusgarrira heldu asmoz. Elvillar herrian bertan Jasokundeko eliza ikusgarria (XVI.ekoa, elementu erromanikoduna) eta Indianoaren etxe barrokoa bisitatu ostean, hegorantz Asa-Logroñora zuzenduko gara, eremu hauetan eredu diren mahastien artean.


BIASTERI

Biasteri Arabar Errioxako ardo eremuaren hiriburua da, eta gotorlekuaren itxura du, ondo kontserbatutako harresi, dorre eta sarrera-arkuak. Musulmanei aurre egiteko X. mendeko gaztelu batetik sortu zen, eta Nafarroako erreinuaren defentsatokia eta errege-erreginen egoitza izan zen.

Ikustekoak
Erdi Aroko hirigune osoa Monumentu Nazionala da, monumentu eta bitxikeriz gainezka dagoelako. Ibilbidea XV. mendeko Harategi edo Sarrera Berritik hasiko dugu. Bertan turismo bulegoa dugu. Aurrean XVI.eko antzinako Udaletxea dugu, Carlos V.aren armarri inperialarekin. Arkuaren ondoan makila, makila erdia, teila eta adreiluaren neurriak markatuta daude, merkatarien gehiegikeriak kontrolatu asmoz.
Eskuinera joz, Santa Engracia kalean zehar jadanik lehenbiziko monumentu eta jauretxeak ikusten hasiko gara. Amaieran, ezkerrera Biasteriko perla dugu: errege-erreginen Santa Maria eliza. Hondakin erromanikoen gainean, Berpizkundeko elementuak dituen tenplu gotikoa dugu. Batez ere, Ama Birjinaren irudia duen XIV. mendeko atalde polikromatu gotikoa nabarmendu behar dugu, estatu espainiarrean geratzen den bakarra (horretarako kanpoaldean XVI. mendean egindako beste atalde batek lagundu dio) baita. Barruan Berpizkunde-barroko garaiko erretaula nagusia eta gurutzeriako beste bi erretaula barroko ditugu.
Tenplu aurreko Kale Nagusia hiria bisitatzeko bigarren arrazoi nagusia izan daiteke, jauregi eta monumentuz josita dagoelako. Kale honetan edozein etxek dauka erakusteko moduko bitxikeriaren bat. Bereziki ohar zaitezte 28. zenbakian, bertan Samaniego fabulista jaio baitzen, baina esan bezala denek daukate zer erakutsia.
Eskuineko Paganuen kaletik itzuliko gara. 36. zenbakian XIV.eko "Casa de la Primicia" aurkituko duzue, hiriko eraikinik zaharrena. Bertan zergak biltzen ziren. Eliza inguratuz Santa Engraziko sarreratik irten eta harresiak kanpoaldetik ikusteko aukera izango dugu, "Paseo del Collado" delakotik. Honen amaieran Samaniegori eskainitako monumentua dago. Azkenik, ardoaz arduratzen den inguru honetan hainbat upeltegi bisita daitezke. Turismo bulegoan galdetu.

La Hoya Herrixka
Historiaurreko aztarnategi hau (iristeko ikus ibilbidea) 1935ean aurkitu zuten, eta gaur oraindik aztertzen ari dira, garrantzi handiko herrixka baten aztarnak agerian utziz. 40.000 m2 ingurukoa eta K.a. 1.500 urte ingurukoa da. Bertan herrixkaren maketa eta museoa ditugu. Ordutegiak: maiatzetik urrira arte, asteartetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta larunbatean 11:00etatik 15:00etara (igande eta jaietan 10:00etatik 14:00etara).

La Hechicera Trikuharria
Elvillar inguruan (ikus ibilbidea) Euskal Herriko trikuharririk garrantzitsuenetako hau dugu. Ganbara zortzi harlauza handik (batek altueran hiru metro, zabaleran bi eta lodieran 40 cm. neurtzen du) osatzen dute, eta hauei estalkiarenak eta iraganbidea markatzen dutenak gehitu behar dizkiegu.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
BIASTERI

Turismo Bulegoa:
941- 60 08 45.

Ertzaintza:
941- 12 11 25.

Jan eta lo egiteko:
*Hotel Marixa-

Santxo Abarka Pasiale-kua.
941- 60 01 65.
Logela 8.950.

*Hostal Pachico Martinez
Santxo Abarka 20.
941- 60 00 09.
Logela bikoitza 6.500-7.350 pzta.

Lo egiteko:
Erletxe Nekazal Etxea
Rúa Mayor de Peralta 24-26.
941- 12 10 15.
Logela 7.000 pzta.

Larretxori Nekazal Etxea
Portal de Paganos.
941- 60 07 63.
Logela bikoitza 5.500 pzta.