argia.eus
INPRIMATU
ALDIZKARIAK
HAURREK BI ALDIZKARI BERRI DITUZTE ZAIN
  • Haurtxoen komunikazioa batez ere bideojoko eta telebistaren inguruan ematen dela entzuten dugu sarritan. Arazo horretaz arduratuta eta haurrentzako aldizkarietan dagoen hutsuneaz ohartuta datozkigu "Nanai" eta "Pika" haur aldizkariak.
2007ko otsailaren 21
Iaz Durangoko Azoka haur eta gazte literaturaz gainezka etorri zitzaigun, baina haurren irakurzaletasuna gero eta eskasagoa dela azpimarratu du zenbait idazle eta ilustratzailek. Haurrak liburuetara erakartzeko helburuarekin sortu zen iaz Galtzagorri elkartearen ekimenez guraso eta hezitzaileei zuzendutako "Behinola" aldizkaria, baina liburuek egin al diezaiekete lehiarik telebista, ordenagailu eta bideojokoei? "Nanai" eta "Pika" aldizkariek horren aldeko apustua egin dute.
Azenarioak jaten dituzten haur-jaleak, zerrikumeak zaintzen dituzten otsoak, eta beste hamaika kontu aurkitu ahal izango dituzte bost eta zortzi urteko haurrek iazko abenduaren 28an Baionan aurkeztu zen "Nanai" haur aldizkarian. Kolorez beterik dator Nanai, jolasak, ipuinak, komikiak, pegatinak, irakurleentzako txokoa eta abestiak deskubritzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Horretaz gain haurrek gurasoak ederki erotuko dituzte aldizkarian proposatzen diren errezetekin.
Aldizkaria Euskal Herriko ume guztiei dago zuzendua eta erabilitako euskara denok ulertzeko modukoa izan dadin saiatu dira. Ikas Bi-ko kide den Thierry Dolebelen esanetan, "euskara batuak gaztelera kutsua du eta denongana iristeko asmoz euskara asko zaindu dugu. Sinonimoak erabili ditugu, honela haurrek euskalki ezberdinak ezagutuko dituzte".
Urtean hamar ale kaleratuko dira, hilabete bakoitzean bat oporretan izan ezik, eta dagoeneko bi ale atera dira. "Nanai" bakoitzean gai ezberdinak landuko dira: urtarrilekoan gabonak eta negua izan baziren hizpide, otsailekoan inauteri festa izan da.
"Nanai" aldizkaria, Ikas Bi elkartearen (Ipar Euskal Herriko ikastetxe publikoetako gurasoen elkartea) ekimenez eta Hegoaldeko guraso elkarteen laguntzaz (Bige, Baikara, Denon Eskola) sortu da. Aldizkariaren diru sustengua Eusko Jaurlaritza eta Akitaniako Lurralde Kontseiluaren laguntzan eta irakurleen harpidetzan oinarritzen da. "Zailena haurren irakurzaletasuna bultzatzea da haurren aisialdian telebista eta bideojokoak nagusi direnean. Aldizkaria hedatzeko ikastolen giroan sartzea erabaki genuen eta horregatik Hegoaldeko gurasoen elkarteetara jo genuen", adierazi digu Thierry Dolebelek.
Eusko Jaurlaritzak haurren komunikazioa sustatu nahi zuen eta haurrentzako euskarazko testu liburuak egiten dituen Ikas Bik "Nanai" proiektua aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari. Milan argitaletxeak kaleratzen duen Frantziako "Tobbogan" aldizkarian oinarrituta dago "Nanai", garai batean dagoeneko desagertua dagoen "Xirrista" haur aldizkariak egiten zuen bezala.
Sei mila ale zabaltzeko erronka dute, horietatik bost mila Hegoaldean. Thierry Dolebelen aburuz, "lehenengo aleetan espero baina arrakasta gehiago izan du 'Nanai'-k. Aldizkari bat arrakasatsu den ala ez irakurleek epaitzen dute, aldizkari bat ezin da subentzioetatik soilik bizi".
PIKA, HERRIALDE EZBERDINAK EZAGUTZEN. "Xirrista" haur aldizkaria desagertu zenetik, "Pika" hilabetekaria aurrera ateratzeaz arduratu den Zuberoako Mendizolan elkarteak ere faltan botatzen zuen haurren aisialdia aberastuko zuen aldizkaririk. Gainera, "Pika"n lan egiten ari den Maddi Oihenart abeslari zuberotarraren esanetan, "'Xirrista' aldizkaria batuaz zegoen idatzia eta Iparraldeko zenbait umek ezin zuten ondo ulertu. Baxenafarrera eta zubereran idatzitako argitalpenen beharra somatzen genuen".
Biarnon okzitanieraz idazten den "Plumayou" izeneko haur aldizkaria kaleratzen da duela bost urtetik eta argitalpen horretan oinarrituko dira Mendizolanekoak. Euskal Herrian ezezik, bai Korsikan eta bai Bretainian ere gauza bera egiteko asmoa dute. Aldizkariaren Korsikako aldaerak "Aio" izena hartuko du eta bretainiarrak "Luarning". Herrialde ezberdin horietako kulturak islatuko dira aldizkarian eta haurrek horiek guztiak ezagutzeko aukera izango dute, jolasten duten bitartean.
Zazpi eta hamalau urte bitarteko haurrek "Pika" hilabetekariaren azala zabaldu orduko, jolasak, fantasiazko nahiz aipatu herrialdeetako usadioekin zer ikusia duten ipuinak, errezetak, esku lanak eta gai ezberdinak aurkitu ahal izango dituzte, denak kolore eta marrazki bizi-biziekin.
"Izen sinple eta labur bat nahi genuen aldizkarirako, eta 'Pika' oso kuriosoa den txori baten izena da", esan digu Maddi Oihenartek. Urtean hamaika ale aterako dira (udaran ale bat bi hilabeterako) eta aldizkaria harpidetza bitartez zabaltzea gustatuko litzaieke.
Departamentuko Kontseiluaren, Frantziako Kultur Ministerioaren, Europako Batasunaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzea espero dute aldizkaria aurrera ateratzeaz arduratzen diren euskal, korsikar, okzitaniar eta bretoi taldeak. Guztiak batera Koopelingua elkartea osatu dute eta dagoeneko harremanetan jarri dira Frantziako Kultur Ministerioarekin