Hamarkada bi pasatu dira dagoeneko, lehenengo Korrika Oñatitik abiatu zenetik. Beste hamar Korrika egin dira ordutik eta aurten, Gasteiztik abiatuko dena izango da hamabigarren Korrika. Beste behin ere, Euskal Herri osoa batuko du Korrikak Iparraldearen eta Hegoaldearen bereizketarik egin gabe. Gasteiztik Baionaraino kilometroz kilometro, balizko mugarik barik, lekukoari eutsiz.
Aurtengo korrikak, 2.000 kilometrotik gora egingo ditu, martxoaren 29tik apirilaren 8a arte. Horrek, Xabier Ugalde Korrikako arduradunak, aurkezpenean azaldu zuen bezala, "beronen inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko gizarteak euskara berreskuratzearen alde egiten duen ahaleginaren tamaina adierazten du".
Aurtengo Korrikak, euskararekiko konpromisoekin loturarik galdu gabe, konpromiso berri bat dakarkigu: Nafarroa eta Iparraldeko ikasguak sustatu nahi ditu bereziki eta, horrekin batera, Baionan, euskaltegi eta herrialdeko egitura kokatzeko egoitza zabaltzeko bitartekoak eskuratu.
Urterik urte, lelo berria plazaratu du Korrikak. Aurtengo leloak hauxe dio: "Mundu bat euskarara bildu". Xabier Ugaldek Korrikaren aurkezpenean azaldu zuenez, "XXI. mendearen atarian gauden honetan, badirudi munduko hizkuntza aniztasuna traba bihurtu dela pertsona eta alderdi guztiak merkantzia bihurtu nahi dituen nazioartekotze honetan. Hizkuntza eta kultura asko desagertzeko zorian daude hurrengo urteetan. Euskaldunok ere badugu geure-geurea den hizkuntza. Euskara, euskaldunon hizkuntza, munduko herritar guztion ondarea da, eta, aberastasun horri elkarrekin eutsi behar diogu, hori zabalduz eta gizarteko arlo guztietan erabil dadin beharrezko diren bitartekoak jarriz. Horrek denon ahalegina eskatzen du".
Aurrerantzean, ez da erraza izango nork bereari eustea. Ildo horretan, Korrika bakarra da Europa osoan (baita munduan ere akaso) eta euskaldunontzat beste nazioartekotze eredu baten aldarrikapena egiteko balio lezake.
Kultura guztiek daukate ekarpenen bat edo beste, munduaren egitura globalari ekiteko. Euskal Herriak ere badauka ekarpenak nondik egin. Edurne Brouardek hainbat urte darama Korrikaren antolaketan eta hauxe uste du berak aurtengo mezuaren inguruan: "globalizazio garaian, euskarak munduari egiteko zein ekarpen daukan ikusi behar dogu. Euskal Herriak badauka bere izaera propioa munduari erakusteko".
Omendua. Korrika guztiek izan dute omendua. Aurten, bertsolaritza omendu du Korrikak. Edurne Brouardek azaldu zuen moduan, "bertsolaritzak jakin du aro berrietara moldatzen. Beti ere, sustraiei eta izateko moduari ukapenik egin barik. Bertsolaritzak ondo irudikatzen du aurtengo Korrikaren mezua. Gainera, merezi du bertsolaritzak Euskal Herriaren omenaldia".
Bertsolaritza, berez, euskal kulturaren ezaugarria da. Eta begi bistakoa da, bizirik iraun duen mende horietan guztietan aurrerapausoak eman dituela bertsolaritzak, baina beti izan ditu kontuan sustraiak. Berrikuntza ugari dago egungo bertsogintzan: hiritartu egin da, CD ROM euskarrian sartu da edukia, eta abar.
Gauzak horrela, omenduak berak, bete zuen Korrika kulturaleko ekitaldi zentrala. Martxoaren 10ean izan zen Donostiako Kursaalean. Erdi antzerki, erdi bertso antologia izan zen Donostiako ekitaldia. Zehatz esanda, bertsolaritzaren ibilbideko garairik garrantzitsuenen irudikapena egin zen: pasarte ezagunak, bertso ezagunak...
Koldo Izagirrek osatu zuen gidoia eta berak hautatu zituen bertsoak, pertsonaiak eta bertsolaritzaren aldiak. Eszenografiaren aldetik, eszenen arteko loturak eta girotzea landu ziren batez ere. Eneko Olasagasti izan zen ordu bete eta erdiko antzezlan horren eszena zuzendaria.
Horretaz gain, hainbat bertso trama izan dira eta izango dira Korrika kulturaleko Korrika Trama atalean. Bakoitzean bertsolari bitik laura aritzen dira eta kantari eta tramagileak bideratzen dute saioaren gidoia. Korrikan girotuta egon ohi dira trama guztiak: lekukoa, korrikalariak, petoa, furgoneta, errepidea...
Guztira, sei bertso trama egingo dira sei herri ezberdinetan. Otsailaren hiruko sagardo egunean izan zen lehenengo bertso trama eta azkena, apirilaren zortzian izango da Baionan. Korrikaren amaiera gunean bertan.
Ziber korrika eta ziber lekukoa. Aurtengoa hamabigarren Korrika da dagoeneko eta globalizazioa modan dagoen honetan, mundu osora zabaldu da Korrika. Nola? Ziber Korrikaren bidez. Webgunea dauka Korrikak eta bertatik, mundu osora zabaltzen ari da ziber lekukoa. Euskal Herrikoek kilometroak erosten dituzte Korrika egin ahal izateko eta horrela ibilbidearen mapa osatzen da kilometroz kilometro. Horrela, munduko ibilbide birtuala osatuko da azkenerako. Dagoeneko, EEBBetaraino, Hegoafrikaraino eta Holandaraino heldu da ziber lekukoa. Euskal Herrian izan dituen hainbat eta hainbat erosle ahaztu gabe.
Gainera, ziber lekukoa erosten dutenek, postal formatoan jasotzen dituzte lekukoa eta korrikaren mezua. Horrela, postal hori eurek nahi adina jenderi edo ahal duten jende guztiari zabaltzen diote posta elektroniko bidez. Horrela apurka-apurka mundu guztian zabalduz joango da Korrika. Ziber lekukoaren salneurria 30 euro da, hau da, 5000 pezeta eta 200 libera.
Badauka Korrikak, Internet munduan hain famatuak diren foro horietako bat ere. Bertan, nahi duenak parte har dezake eta norberari egokien iruditzen zaion hizkuntzan idatz dezake bakoitzak bere iritzia.
Abestia eta bideoklipa ere entzun edo ikusi egin daitezke Korrikako webgunean. Aurtengo abestia, Fermin Muguruza eta Dub Manifest taldeak egin dute eta honako izenburua jarri diote: "Big Beñat eta Korrika 2001". Mundu bat euskarara bildu leloari lotuta daude abestiaren hitzak. Mc Donald's-eko hanburgesategietan hainbestetan jandako "Big Mac" aipatzen digu kantuak eta ondoan horren euskal eredua izan daitekeen "Big Beñat" sortzen du. Dudarik gabe hanburgesaz baino zerbait gehiagoz ari da kantua sakonean. Azken finean, nahiz eta modernotasuna aipatu, geurea mantendu beharra aldarrikatzen dute abestiaren hitzek. Gaur egun hainbeste aipatzen den modernotasun hori ez delako bakarrik "macdonalizazioa" kantuan esaten den moduan
KOMUNIKABIDEETAN AGERTZEN EZ DEN EZKUTUKO KORRIKA
Badago, Korrika bat komunikabideetan agertzen ez dena. Herriz herri batzen diren lagun taldeek osatzen duten Korrika. Ez da bestea baino garrantzia gutxiagokoa, baina honegatik edo besteagatik leku gutxiago betetzen du Korrikari buruz idatzitako orrialdeetan. Denetariko jendea biltzen zaio Korrikari eta denetariko jendeak erosten ditu kilometroak. Gero, zapatilak jantzi eta kilometroa abiaduraz, baino, ilusioz betetzeko asmoz.
Edurne Brouardek urteetan ikusitakoaren harira esan zuenez, "denetariko lagun taldeak izaten dira. Herrietan badago jendea, urteetan erosi duena bere kilometroa, baina ibilbide osoan denetarik dago. Aurten, koadrila asko daude. Hala ere, Korrikan denetariko jendea batzen da: zaharrak, elbarriak, gazteak, atletikoak,... Aldi berean, lekukoa eroaten dutenak ere, oso jende ezberdina izaten da".
Bi mila kilometrok bitxikeria askotarako ematen dute eta inoiz gertatu izan da "jendea kilometroan ez egotea", Edurne Brouardek kontatu zigunez. "Hasieran gehiago gertatzen zen, baina orain ia inon ere ez da izaten hutsune nabarmenik. Askotan gainera, arazoak daudenean betetzeko, lekuan lekuko herritarrak, kotxeetan pasatzen dira eta kilometro bakoitzean pertsona bat gutxienez jartzen dute", dio Edurne Brouardek. AEKko kidearen esanetan, "zentzu horretan harro gaude, kilometro guztiak korrikalariekin betetzea lortu dugulako".
Hamar egunetan ibiliko da Korrika Euskal Herrian zehar eta noski, hamar egunek gauak ere beraiekin ekartzen dituzte. Ilargipeko Korrikak, lortu du bai, hamabi edizio hauetan xarma berezia. Edurne Brouardek esandakoaren arabera, "ostiral eta larunbat gauetan dena da juerga. Orduaren arabera, juerga eta gero Korrika egitera joaten da jendea eta txokolatada egin goizaldean eta Korrika".
Hala ere, badago benetako borondatea erakusten duen jendea: "astegunetan, ezberdina izaten da. Jendea ohetik altxatzen da Korrika egiteko eta korrika egin ostean, berriro ohera buelatzen da hurrengo egunean lanera joateko. Jende horren esfortsua bai dala azpimarratzekoa. Ordu horietan denok egoten gara lo: antolatzaileak, kazetariak... eta inor ez da konturatzen, baina jende batek egiten duen esfortzua handia da. Jendea hor egotea, Korrikak etenik barik aurrera jarrai dezan ondo eskertzeko moduko esfortzua da".
Lekua batzutan gehiegi eta beste batzutan, norbere burua ezagutzera eman beharra ere tokatu zaio Korrikari. Hasieran batez ere, hainbeste zonalde erdaldunetan zer zen ere ez zekien jendeak eta anekdota bitxi asko gertatzen ziren orduan. Edurne Brouardek esandakoaren arabera, "behin Erriberako herri batetik pasatu eta furgoneteroetako bat bokatak erostera joan zen. Gero, Korrika aurkitu ezinik zebilen herrian bueltaka eta taberna baten galdetu zuen: '¿oye, ha pasao por aquí la Korrika?' Eta taberneroak erantzun zion: '¿eso que es, alguna moza del pueblo?'".
Zorionez, horrelakoak amaitu dira orain. Edurne Brouarden berbetan, "zonalde erdaldunean bizi arren eta erdaldunak izan arren, jendeak eskertu egiten du Korrika haiekin gogoratzea. Gainera, jai giroan ospatzen da Korrika eta horrek beti batzen du jendea".
Edurne Brouardi dozenaka aldiz galdetu diote nor ikusi gura luken Korrikan eta argi dauka erantzuna: "sekula egon ez dena. Mundu bat bildu nahi dugu Korrikara". Aldi berean ez dago Korrikan ikusi nahi ez lukeen inor: "neuk gustuko ez ditudanak be, etorriko balira, Korrikarentzat hobeto izango litzateke". Beti gertatu ohi den zein ezusteko ez lukeen aurten gertatzerik nahi galdetu diogu Edurne Brouardi eta hauxe erantzun du: "espero dut aurten petoak, garaiz heltzea".
Elurra egiten omen zuen lehenengo Korrika hartan, Oñatitik abiatu zenean, baina herriak hankak bero omen zituen. Aurtengoan, ez dugu oso negu hotza izan, hala ere, izan dira AEKren hankak hotzitzeko ahalegin franko, beraz, ea herriak hankak bero mantentzen dituen eta Korrika Gasteiztik Baionaraino eramaten duen