Epe laburrean Udal Hauteskundeak izango ziren, horrelako gauzak Pirinioz harantz, hain urrun ikusten zen Europa "demokratiko" hartako lurraldeetan egin ohi ziren eran, eta ZERUKO ARGIA ezin, bada, hartaz hitz egin gabe gelditu. Izan ere, Francoren menpe bizi zen orok inbidia sanoa zion Suezia, Ingalaterra edota Alemaniako hiritar arruntari, besterik ez bazen ere, goizeko zortziak baino lehen bere etxeko txirrina jotzen zuena esne-saltzailea zela jakin bazekielako (hala zioten, eta esango nuke uste horretan bizi ginela gehientsuenok).
Halere, bazen alde honetan europar horiei inbidia izateko beste arrazoirik ere: adibidez, hautesle bezala bere iritzia libreki emateko eskubidea zeukatela!
HERRIA, EGIN BEDI ZURE NAHIA
Izan ere, garai hartan, Espainiako Estatuan askatasunez bozka zezakeen bakarra "Movimiento" delakoarekin erabat ados zegoena zenez, hauteskunde arrunt batzuek nolakoak izan zitezkeen amestuz bizi zen jendea. Z. ARGIA ere bai, dirudienez, Frantziako Estatuan Udal Hauteskundeak egitekotan zirela eta, "Herri-demokrazia" baitzekarren kontura.
"Duela gutxi lurralde hauetan izan ditugun bezala, laster, helduko den hilean, Frantzian herriko-etxetarako kontzejalak edo kontseilariak aukeratzeko auteskundeak izango dira", adierazten zuen Juan Elustondok, jadanik berea zela ematen zuen aldizkariaren lehen orrialdetik bertatik. Laster batean, baina, hauxe zehazten zion gure gizonak aurreko konparaketarekin bere onetik aterata somatzen zuen irakurleari: "Ondo dakit, han eta hemengo auteskundeak ezin ditezkeala berdin jo".
Behin puntu hori garbi utzi eta gero, ordea, berearekin jarraitzen zuen artikulugileak. "Hala ta guztiz ere, hiri batek dituen arazoen muina ikutu nahi baldin badugu, badute, ta asko gainera, zer ikusirik", baieztatzen zion balizko kontrarioari, hura egiteko zeuzkan arrazoiak argi eta garbi azalduz: "Nik hemen batipat Frantziako auteskundeak aipatzen baldin baditut, guri zer erakutsirik dutelako ta gure arazoak obeto aztertzen lagunduko digutelako da". Ixo, bada! Denok berdinak bagina, zeharo aspergarria litzateke mundu hau, eta Elustondok ere bazekien hori, hau da, bere gustuko izan edo ez, hauteskunde kontu horiek asko maite ez zituen jenderik ere bazela Euskal Herrian. Horregatik idatziko zuen: "Ba dira gure artean, Frantzian bezala, herriko-etxetarako auteskundeetan esku hartzea merezi ez duela diotenak, herriko-etxeetan sartuta politikoki bai ekonomikoki egoera bati irauten laguntzen zaiolako edo benetako arazoak maila horretan planteatzen ez diralako, lantegietan baizik".
Arrazoiak arrazoi, Elustondo ez zetorren haiekin bat, eta CFDT sindikatuak bere "Sindicalisme" aldizkarian argitaratutakoa erabiltzen zuen bere alde: "Langilea ez dago lantegian bakarrik zapalduta, lantegitik at hiri mailan ere bai zapaldurik dago. Kapitalismoak lantegitik aparte edo at eskeintzen dion bizitza langilearen aurka dijoana da. Hiri mailako zapalketa lantegiko zapalketari loturik dago. Ezin daitezke zatitu". Beraz, "lantegietan bakarrik lana egitea merezi duela diotenak ikas bezate gu baino haundiagoa duten erakundeetatik, ba dugu zer ikasirik eta", zioen Elustondok. Testualki kopiatua dagoen arren, esaera ez da oso ulergarria. Zer ote erakunde horiek "gu baino haundiagoa duten" hori? Ardura, agian?
IPARRALDEA BIHOTZEAN
Gure artikulugileak, baina, puntu gehiago ere mahaigaineratzen zituen "herri-demokrazia" gorpuztu nahi hartan: urbanismoa, irakaskuntza... Gai hortara iritsiz gero, bihotzean zeukan zauria agerian uzten zuen.
"Ikastetxe bikainak jaso bai, baina zer mailatakoak eta zer motatakoak ere ikusi behar da. Zer motatakoak esaterakoan ikastolak datozkigu burura. Herriko-etxekoak herriko semeak badira, pundu honetan beste joko bat erakutsi beharko lutekelakoan gaude".
Oro har mintzo zen, etorkizuneko Euskal Herria osoan pentsatuz, ziur aski. Industriaren arazoa ukitzerakoan bezala. "Edozer motatako industria komeni al zaio hiri bati?" galdetzen zuenean. Edota, azken batean, honako hau baieztatzen zuenean ere: "Industria bat izan daiteke herri batentzat kaltegarri. Zer egin dezake ordea herrikoetxe batek, berriro ere? Nik dakidana, duela gutxi Gipuzkoako hiri batean industria bat jasotzen ez dutela utzi, kaltegarritzat jota, da. Beraz zerbait egin daiteke". Hots, edozein motatako industria ezin zitekeela onartu... Haatik, gero, Iparraldeko egoerari heltzen zionean zuzen, industrizale arima ateratzen zitzaion gizonari: "Arazo hau aipatzerakoan ezin genezake ahaz, Ipar-aldean gertatzen zaiguna: industri berriak jasotzen gehiago egin behar luketelakoan gaude, hango herri-etxeko zuzendariek. Egiten ez baldin badute, turismo txepel bati itsasiak daudelako da. Bitartean, herria odoluzten" zioen testualki. Industri kaltegarriak ere
onak bilakatuko al ziren, bada, Iparraldean?