GIZARTE SEGURANTZAK EMAKUMEAK BAZTERTU DITU

  • Martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da mundu guztian eta baita Euskal Herrian ere. Baina ezin esan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna hurbil dagoenik, eta horren adierazgarri garbiak dira Espainiako Gizarte Segurantzaren hainbat alderdi.

2007ko otsailaren 21ean
Irakurleak aldizkari hau eskuratzen duenerako, burutuak izango dira martxoaren 8ko Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldi, ospakizun eta mobilizazioak Euskal Herrian eta mundu osoan zehar. Emakumeen egoera eta bizi-baldintzak hobetzearen alde ari diren munduko mugimendu feminista guztien helburu nagusietakoa gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea da. Hala ere, asko aurreratu den arren, bizitzako arlo guztietan berdintasun hori utopia da oraindik.
Ale honetan, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun horren alderdietako bat aztertuko dugu, hain zuzen ere Gizarte Segurantzari dagokiona. Espainian ezarrita dagoen eredua -Hego Euskal Herriko gizon eta emakumeek, subiranotasunik ezean, nahitaez horren barruan egon gauden eredua- kaltegarria eta baztertzailea da emakumeentzat.
Horixe da Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak (CES) duela gutxi egindako txosten baten emaitzak agertzen duena. Txostenak dioenez, Gizarte Segurantzak egokitu beharra dauka Espainiako Estatuko gizartean azken bi hamarkadetan izan diren aldaketetara.
Gizarte Segurantza ez zegoen prestaturik emakumea lan esparruan sartu den neurri garrantzitsuan sartzeko, eta, 60ko hamarkadako Espainiako Estatuaren gizarte egiturari atxikita geratu da. CESek dioenez, nahiz eta emakumeek lortzen duten estaldura esparrua, sistemaren babes maila eta prestazio kopurua, azken urteotako arau aldaketei esker, zertxobait hobetu den, "oraindik ez da lortu gaur egungo gizarte eta lan arloko egiturari behar bezala egokitzerik". Prestazioak eskuratzeko ezaugarriak eta baldintzak, txostenak dioenez, gaur egungo gizartearen eta ekonomiaren egiturari baino 60ko hamarkadako Espainiako gizarteari lotuagoak daude.
Horrela, ondorio orokor gisa, emakumeak sistemaren prestazioak jasotzea eta bereganatzea eragozten duen arau baztertzaile orokorrik ez dagoela adierazten du azterketak. Baina, hainbat erregimen berezik ematen dioten babesaren ezaugarri batzuk mantentzeak "zeharkako bazterketa egoerak" sor ditzakeela eransten du, batez ere emakumeek presentzia nabarmena duten jardueretan.
CESeko sindikatuek diotenez, bi urteko azterketaren ondoren, landa esparruko emakumearen bazterketa maila bereziaz jabetu dira. Izan ere, ustiapen familiarretan ari direnek ezin baitute nekazaritzako erregimen berezian sartu, familiaren ekonomi iturri nagusitzat jotzen ez direlako, eta horrek "gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun nabarmenak" eragiten ditu.
CESek dio, etxeko lanen banaketa desorekatuak ondorio kaltegarriak dituela emakumeen gizarte eta lan arloko integrazioan, beren lan profesionala familia giroko premien arabera egokitu beharrean aurkitzen direlako sarritan, eta horrek bere eragina du gizarte babesaren mailan.
Txosten horretan jasotzen denez, arauen hobekuntza ez da beti erraza gertatzen eguneroko bizimoduan txertatzea. Horrela, lanaldia murrizteko aukerak berekin dakar soldata murriztea eta kotizazioa gutxitzea, eta eszedentziek, berriz, eten egiten dute kotizazioaren haria. CESek dio ezinbestekoa dela hutsune horiei aurre egitea eta eskubide horiek "familiaren eta lan profesionalaren arloak bateragarriak izateko balio dezaten" lortzea.
Nolanahi ere, aipatzen dugun txostenak azaltzen duenez, lan esparrua eta familiako bizitza bateratu ahal izateko, ikuspegi zabalagoa erabili beharra dago, Gizarte Segurantzari eta lan esparruari soilik begiratu gabe. Beraz, politika osagarriak egituratu eta ezarri beharko dira, esate baterako, arreta soziosanitarioa eta gizarte zerbitzuen garapena areagotuz, Zentro Publikoetan eskaintzen den borondatezko eskolaratzearen adina bizitzako lehen hilabeteetaraino luzatuz, laneko eta eskoletako ordutegiak hobeto egokituz eta abar.
Azkenik, CESen iritziz, honelako egoeretan dauden emakumeak langileak diren ala ez bereiztu beharko litzateke, batzuen eta besteen babesa egituratzeko garaian. Lehenengo kasuan, CESen proposamenaren arabera, Gizarte Segurantzari legokioke haren ondorioak konpentsatzea, eta bigarren kasuan, berriz, hainbat arreta mota familiaren ingurunean eskaintzeak eragiten duen baliabide publikoen aurrezkia kontuan izanik, bestelako zerbitzu publikoen kontura estali beharko litzateke, fiskaliate orokorrari atxikitako baliabideen bidez konpentsaturik.


PENTSIO KASKARRAK ALARGUNENTZAT.

Hego Euskal Herriko alargunek, Espainiako Estatukoek bezalaxe, oraindik Gizarte Segurantza Sistema berberaren mende dauden heinean, pentsioetan oinarriturik bizi behar baldin badute, miseria gorrian bizi beharko dute. Horrela erakusten dute Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (INSSk), alargunen pentsioei buruz emandako datu ofizialek. Pentsio horiek %5,3ko igoera izan zuten azaroan, eta, batez beste, 55.353 pezetakoak dira (2.214 libera). Erretiroko pentsioa %5 igo zen, eta zurztasunarena ere neurri berean, gaur egun 33.278 pezetakoa izanik (1.331 libera).
INSSren datuek adierazitakoaren arabera, azaroan 598.010 milioi pezeta (305.356 libera) xedatu ziren 7.633.902 pentsio ordaintzeko, eta horietako 2.023.255 alargunenak ziren.
1983tik aurrera, Espainiako Epaitegi Konstituzionalak gizonek nahiz emakumeek alarguntzaren pentsioa jasotzeko eskubidea dutela onartu zuen. Ordura arte emakumeek eta ezintasuna zuten gizonezkoek soilik zuten diru hori jasotzeko eskubidea. Baina, keinu honek, nahiz eta gizon eta emakumeen berdintasunerako bidean lortutako aurrerapausoa dirudien, emakumeak nabarmen baztertzen ditu. Senarrak jasotzen zuen pentsioaren %45 jasoko du emakumeak hura hildakoan, eta, aldiz, gizonek emazteak zuen pentsioaren %100 jasotzen jarraitzen dute.
Senarra hil ondorengo murrizpen horrek pobretze nabarmena eragiten du, eta, sarritan, miseria gorrian murgiltzen ditu emakumeak. Etxe guztiek dituzten gastu finkoek (argindarra, gasa, alokairua, telefonoa, eta abar.) bere horretan jarraitzen dute, nahiz eta bat gutxiago izan familian. Hala ere, alargunen diru sarrerak erdia baino gehiago murrizten dira. Eta inork ez dezan demagogia egiten ari garenik esan, egiazko datu zehatzak besterik ez ditugu jasotzen. Euskal Herriari zehazki dagokion datu estatistikorik ez dugunez, Espainiako erakunde ofizialek egindakoak soilik erabil ditzakegu.
Horrela, alarguntza pentsioen %25 hilean 35.000 pezetatik beherakoak dira. Milioi erdi bat pertsona 25.000 pezetatik 45.000 pezetara bitarteko soldata batez bizi da. Batez besteko pentsioa 42.080 pezetakoa da, familiako kargarik gabeko 60 urtetik beherakoetan; 52.735 pezetakoa 65 urtetik beherakoetan edo familiako kargak dituzten 60 urtetik gorakoetan; eta 59.990 pezetakoa 65 urtetik gorakoetan. Kontuak eginez gero, garbi ikus daiteke behartsuen %70 senarrik gabeko emakumeak direla

POBREZIA HANDIAGOA DA EMAKUMEENGAN
EAEn 2000. urtean egindako Pobreziaren eta Gizarteko Ezberdintasunaren gaineko inkestan ageri denez, pobreziak askoz eragin handiagoa du emakumeengan. Egoera ezberdinetan dagoen txirotasun arriskua kontuan hartzen badugu, zera aurkituko dugu: pobreziak eraginda daude emakume langabetuen %60, 65 urtetik beherako emakume ez aktiboen %18 eta 65 urtetik gorako emakumeen %12. Gizonei dagokienez, berriz, langabetuen %29, 65 urtetik beherako gizon ez aktiboen %9ri eta 65 urtetik gorako gizonen %5,6ri eragiten die. Inkesta beronen arabera, EAEn 65 urtetik gorako 43.332 pertsona daude pobrezian, eta horietako 28.321 emakumeak dira.
Eragin handiago horren zergatia bi multzotan sailka daiteke: batetik, emakumea lan esparruan sartzearen dinamika eta, bestetik, gizarte babesaren estaldura mota. Emakumeek askoz jarduera tasa txikiagoa dute. Zehazki esanda, Europako batez bestekoa baino zazpi puntu gutxiago, eta gizonezkoen tasa baino hogei puntu gutxiago. Gainera, lan merkatuan ere baldintza okerragoetan daude.
Gizarte babesaren sistema, eredu kontributiboan oinarritzen da, hau da, prestazioak Gizarte Segurantzara egindako kotizazioen epe eta kopuruen arabera erabakitzen dira. Horrez gainera, bada beste laguntza sistema ez kontributibo bat, baina, ez da inondik ere nahikoa. Emakumearen egoera dela medio, eta etxeko lanak kotizatzen ez duenez, azkenerako emakume gehienek ez dute beren eskubide propiorik, baizik eta senarraren bidez lortutakoak. Horregatik, oso erraza da ulertzen emakumeak izatea laguntzarako erregimenaren prestazio gehien jasotzen dutenak. Horrela, emakumeak dira alarguntza pentsioaren onuradunen %92, pentsio ez kontributiboen %77 eta Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen dutenen %63


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude