SARRASKI BIHURTU ZUTEN LANGILE GREBA

  • Aste honetan bertan, martxoaren 3an, betetzen dira 25 urte Gasteizko sarraskia izan zenetik. Galiziako Presidente den Fraga Iribarneren agindupean ari zen Espainiako poliziak bost langile erail eta hainbat langile zauritu zituen bala bidez. Ondorio lazgarri horiek eragin zituen eraso basatiak langile batzuen aurka jo zuen, hain zuzen ere, lan arloko aldarrikapenen alde deituriko greba orokorrarekin bat eginez Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzar orokorra egin nahi zuten Gasteizko langile babesgabeen aurka. Erreportaje honetan, gasteiztar batek poliziari grabatutako elkarrizketaren trankripzioa eskaintzen dizuegu. Halaber, greban parte hartu zuen Imanol Olabarriari egin diogu elkarrizketa.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martxoaren 3an 25 urte beteko dira Gasteizko langileen greba orokorra eta poliziaren eskutik eragindako sarraskia gertatu zenetik. Garai hartan Barne Ministroa eta gaur egun, PPren ordezkari gisa, Galiziako Xuntako lehendakaria den Fraga Iribarneren agindupean poliziak benetako balak erabili zituen inolako babesik gabeko langileen aurka, eta bost langile erail eta ehundik gora zauritu zituen. Gasteizko langileek, beren batzorde ordezkarien bidez, greba orokorrerako deialdia egin zuten laneko aldarrikapen jakin batzuen alde, eta langileek nahiz hiritarrek orokorrean guztiz modu zabalean egin zuten bat deialdiarekin.
1976ko martxoaren 3ko arratsalde hartan batzar orokorra egitekoak ziren Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan, grebaren ondorioak aztertzeko. Batzarra hasi baino minutu batzuk lehenago, eliza guztiz jendez beterik zegoela, poliziak inguratu egin zuen eta bere armak erabili zituen jendea sakabanatzeko. Poliziak berak aitortutakoaren arabera, 1.000 tiro baino gehiago egin zituzten. Onartu egin zuten ekintza hura erabateko sarraskia izan zela. Horrela ageri da Gasteizko hiritar batek poliziaren uhinetan sartuz lortutako grabaketa batean. Grabaketan, sarraski aurretik, bitartean eta ondoren polizien artean izandako elkarrizketa entzun daiteke. Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda izan ziren erail zituzten langileak.
Irakurleak, erreportaje honen beste zati batean, polizien arteko elkarrizketa hori irakur dezake. Erabateko agiri historikoa bihurtu den zinta horretako grabazioa transkribatua baitago.


GREBA.

Grebaren jatorria lan-hitzarmenen negoziaketarako plataforma izan zen. Hiru oinarri nagusi zituen: 5.000 eta 6.000 pezeta (200 eta 240 libera) bitarteko soldata igoera, denentzat berdina; astean 40 edo 42 orduko lanaldia, hilabeteko oporrak, zubiak eta ogitartekoa jateko ordu erdia; gizarte arloko hainbat hobekuntza, hala nola erretiroa 60 urterekin edo %100eko ordainketa, istripu edo gaixotasunak izanez gero. Plataforma hau ia Gasteizko enpresa guztietan eratu zen Gasteizko enpresa guztietan, nahiz eta modu uniformean ez izan. Plataforma aurrera eramateko Gasteizko langileen koordinadora bat eratu zen, lantegietako batzordeetako ordezkariekin osaturik, hainbat talde politikoetako ordezkariak eta bestelako independente batzuk bilduz. Batzarra (langileena, bateratua, herritarra, langabezian zeuden langileen emazteena, auzoetakoa) izan zen borroka aurrera eramatea ahalbidetu zuen bidea.
Gatazka urtarrilaren 9an sortu zen Forjas Alavesasen, eta gero Mevosa, Aranzabal, Gabilondo, Ugo, Apellaniz, Areitio, Orbegozo, Cablenor, Talleres Velasco eta Industrias Galicasen jarraitu zuen, ondoren beste batzuk gehitu zitzaizkien, egun batzutan lanik egin gabe eta beste batzutan lanean arituz. Gatazka zortzi astez luzatu zen. Lehenengo astean Sindikatu Bertikalaren aurkako borroka izan zen, eta hango zinpekoen eta bitartekoen dimisioak eragin zituen. Batzar orokorrak batzorde ordezkaria eratu eta izendatu zuen bere bozeramaile gisa aritzeko. Bigarren astean batzar guztiek erabat onartutako borrokarako kontsignak bateratu ziren: soldaten izotzaldia haustea; sindikatu bertikalaren aurka, langileen benetako ordezkariek negoziatzea; inolako kanporaketarik, atxiloketarik edo aurkako neurririk ez izatea.
Hirugarren astean patronala eta polizia gogor saiatu ziren langileen batzorde ordezkariaren izen ona galarazteko ahaleginetan. Laugarren astea, legezkotasunaren aurkako astea izan zen. Enpresek uko egin zioten langileek aukeratutako ordezkariekin hitz egiteari, legalak ez zirelako, eta eskaintza berriak egin zizkieten dagoeneko langileek arbuiatuak zituzten sindikatu bertikaleko ordezkariei. Bosgarren astean lehen erasoaldi garrantzitsua egin zuen patronalak, hainbat langileren atxiloketa eraginez. Larunbatean eta igandean egin ziren bi agerraldi handirekin erantzun zioten langileek erasoaldiari. Poliziarekin liskarrak izan ziren eta hurrengo egunean atxilotuak askatzeko greba orokorra deitu zuten.
Seigarren astean atxilotuak askatu zituzten eta langileriaren borrokaren garaipen handitzat hartu zen. Zazpigarren astean egoera aztertu eta hainbat akats onartu ziren, aurreko asteko grebak porrot egin zuelako, guztiz maila orokorrean gauzatu ez izanagatik eta Gasteizko herriak berak ere esku hartu ez izanagatik. Horregatik, zortzigarren astean, egindako akatsez jabeturik, beste greba orokor baterako deialdia zabaldu zen martxoaren 3rako. Gatazkaren garai honetan -bi hilabete greban eman ondoren- eta erakunde guztiak aurka izanik (patronala, udala, diputazioa, sindikatuak, polizia, prentsa eta legeak), dagoeneko helburua ez zen soldata, baizik eta "langileen indarra burgesen indarraren aurka neurtzea". Testuinguru horretan gauzatu zen martxoaren 3ko greba orokorra, langileek, ikasleek eta dendariek denek bat eginik, eta horren emaitza gisa etorri zen Zaramagako elizako operazio tamalgarrian gertaturiko bost langileren hilketa eta balaz zauritutako ehundik gora langileren ezbeharra.


BATZARRA, BORROKARAKO BALIABIDEA.

"Langileen indar guztia Batzarrari". Horixe izan zen duela 25 urteko Gasteizko grebaren giltzarria. Batzarra izan zen oinarrizko baliabide nagusia, eta horri esker lortu zen ezerezetik abiatuz halako borroka gogor eta mamitsua gauzatzea. Horrela batzar ezberdinak eratu ziren borrokaren premietara egokiturik, lantegietan eta auzoetan, eta, geldialdi partzialez eta agerraldiz beteriko zortzi asteren ondoren, 1976ko martxoaren 3ko greba orokor nagusira iritsi ahal izan zen, eta Gasteizko lantegiak ez ezik, merkataritza eta ostalaritza ere gerarazi ziren.
Egunero batzar berriemaileak egiten ziren lantegietan, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko. Boto-ematea eskua altxatuz egiten zen, sindikatu bertikalak eta patronalak bultzatu nahi zuen ezkutuko boto bidez egin ordez. Lantegi guztien arteko batzarrak ere egiten ziren astean bitan, borroka aztertzeko eta irizpideak bateratzeko. Langabezian zeuden langileen emazteek ere batzarrak egiten zituzten. Gainera, batzarrak egin ohi ziren lanean ari ziren langileekin ere, greba zabaltzeko eta greba orokorra prestatzeko. Azkenik, auzoetako batzarrak egiten ziren sektore guztietara iristeko eta sentiberatzeko.

"HAU SARRASKI BAT IZAN DA", AITORTU ZUEN POLIZIAK
Batzarrek berretsi ondoren, greba erabaki zen 1976ko martxoaren 3rako. Goizean goizetik lan-uztea erabatekoa izan zen Gasteizen. Prentsa ofizialak berak onartu zuen lan-uzteak lantegien %80an izan zuela eragina, eta ikasleek eta merkatariek ere deialdiarekin bat egin zuten. Poliziak gogor eraso zien goiz-goizetik edozein eratako manifestaldiei. Arratseko bostetan Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzar nagusia egiteko deialdia zegoen. Eliza, ordu hori baino askoz lehenagotik, erabat gainezka bete zen, eta poliziak bortizki inguratu zuen eliza guztia 16:55ean, eta gero langileen irteera oztopatu zuen sarraskia gauzatzeko. Ondoren etorriko zen errepresioaren iragarpena zen. Errepresioaren ondorioz ehundik gora zauritu eta bost langile arabar erailda gertatu ziren: Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Pedro Martinez Ocio, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda. Lehenengoa metrailatua izan zen leiho batetik atera nahian ari zela. Bigarrenak bala bat jaso zuen buruan, lasterka joan zen elizatik urruntzeko, eta metro batzuetara zerraldo erori zen. Antzeko zerbait gertatu zen hirugarrenarekin. Beste biak handik egun batzuetara hil ziren poliziak elizan eragindako zaurien ondorioz.
Espainiako Gobernuak ez zuen denborarik galdu sarraskiaren azalpen ofiziala emateko. Garai hartako Segurtasunaren zuzendari nagusiak, Victor Castro San Martinek, honela zioen Bilbon egindako prentsaurreko batean: "Gasteizen gertatu dena jende andana batek hiriaz jabetzeko egindako ahalegina izan da. Goizean goizetik hasi ziren kaleak mozten, argiak lurrera botatzen eta ordena publikoko indarrak oso estualdi larrietan jartzen. Une jakin batean, ordena publikoko indarrek, ia gainezkaturik zeudela, suzko armak erabili behar izan zituzten, beren buruak babesteko bidezko defentsan".
Azalpen ofizial hori guztiz gezurtaturik geratu zen, Gasteizko hiritar batek, sarraskia gertatzen ari zen bitarte horretan, poliziaren irratiari egindako grabaketa batean. Grabaketa hau erabateko agiri historikoa bihurtu da, eta gaur egungo gazteek ez dute ezagutzen. Zinta horren zati garrantzitsuenak eskaintzen dizkizuegu, hitzez hitz jasota.


"JENDEA BALDIN BADAGO, ERASO GOGOR"

- Dirudienez, San Frantzisko inguruan, jende gehiago dago, zer egingo dugu? Txanda.
- Jendea baldin badago, eraso gogor. Txanda.
- Baina kontuan izan, sakristian sartuko direla. Txanda.
- Noski, gertatzen dena da oraindik ez ditugula agindu horiek; edozein modutan, gauzak dauden bezala, sar daiteke. Txanda.
- Beno, zuk hala badiozu, ados?
- Ados. Txanda.
- (...) Goazen erasora... Charlyk Charly 1-i. Txanda.
- Alde eginarazi jendeari ahal duzuen leku guztietatik. Txanda.
- Jakinaraztera noa. Txanda.
- Aurrera Charly. Txanda.
- Elizan sartzera noa. Txanda.
- Ondo da. Txanda. Jakinaren gainean geratzen naiz.
- Aurrera J.2. Txanda.
- Ez gara sartu uste genuen lekutik, sarrera faltsua delako. Txanda.
- Beste gauza bat, Charly, eskatu ezazu zuk dakizun baimen hori, ze orain, ziurrenik, ezkutatu egingo baitzaizkigu, ez digute ezer botako, eliza barruan sartuko dira harririk bota gabe.
- Ondo da. Baina, zenbat jende dago? Txanda.
- Ez dakit, oraindik ez dakit, ez dut ikusi: baina orain beraiek inguratzen ari naiz. Txanda.
- Beno, nolanahi ere, itxaron pixka bat, buruarekin egon behar dut, eta ikus dezagun zer esaten duen. Txanda.
- Tira J.2. hitz egin esandakoa. Txanda.
- (...) Lau automobil jarri dituzte hor erdian, eta kendu egin beharko direla uste dut; edozein modutan, hemendik joaten bagara alde egingo dute elizatik. Txanda.
- Entzun J.1., ez da komeni Charlyk dagoen lekutik alde egitea, bestela jendeak ihes egingo die elizatik. Txanda.


"SUZKO ARMAK ERABILI BEHARKO DITUGU"

- Begira Charly; elizako atean dago jendeari alde eginarazteko agindua; zu horretarako moduan bazaude, hurbildu zaitez jendearekin eta hustu eliza beste ezer baino lehen. Txanda.
- J.2 eta J.3 J.1entzat, atera jende hori elizatik. Txanda.
- Oraintxe ekingo diogu J.2 eta J.3ren artean. Txanda.
- Begira Charly, prest zaudenean, eman egurra eta hustu dena. Txanda.
- Koronazioko apaiz bat etorri da eta Altunarekin sartu da beste apaizarekin egoteko, lehen ez zeudela esan digute; ikusiko dugu zer gertatzen den.
- Onean alde egiten badute, ondo; bestela, eman egurra beldurrik gabe. Txanda.
- Ondo da.
- Etor zaitezte hona; bestela, ezin dugu ezer egin San Frantziskon; bidali indar gehiago, bestela, ezin dugu ezer egin. Bestela, alde egingo dugu hemendik. Apaiz batekin atera da, baina ez da bertako parrokoa, barruan egon gara, baina hau oso gaizki dago; bestela, suzko armak erabili beharko ditugu. Txanda.
- Beno, hemendik Charly bat bidaliko dut. Orduan, hor dagoen Charlya eta J.2 eta J.3k hustu eliza, nola edo hala. Txanda.
- Ezin da hustu. Jendez betea dago erabat. Orduan, kanpoko aldetik erabat inguratuta ditugu, armak erabili beharrean izango gara. Txanda.


"GASEZTATU ELIZA"

- Gaseztatu eliza . Txanda.
- Ondo da.
- Aurrera J.2. Txanda.
- Charly batzuk hona etortzea komeni da, hemen jendez inguratuta gaude, eta elizatik ateratzean, hau sekulako istilua izango da, armak erabili beharko ditugu, ziur gainera.
- Donostiatik Gasteizera datorren konpainia baten zain gaude, e; hor duzue Charly 3. Ekin hirurok batera, atera itzazue nola edo hala. Txanda.
- Ondo da. Jakinaren gainean.
- Denak eliza barruan egongo dira, eraso bizian beldurrik gabe. Txanda.
- Aurrera, aurrera V.47, esadazu zein unitaterekin zaudeten hor eta zer iskanbila duzuen hor. Txanda.
- Hemen denak kanpora aterarazten ari dira une honetan.
- Baina, zertan ari zarete, erasoan ari zarete edo zer? Txanda.
- Bete-betean, denak emanda!
- Ondo da, ondo da. Txanda.


"2.000 TIROTIK GORA BOTA DITUGU"

- Esaiozu V-Ori hau erabateko gerra dela, jakin dezala berak. Txanda (metraileta tiroak entzuten dira, oihuak, autoetako klaxonak).
- Bidal dezatela indar gehiago hona, 2.000 tirotik gora bota ditugu-eta. Txanda.
- Su hori, zer izan da? Airera izan al da? Txanda.
- Istiluaren barruan al zaude? Hor tiroka ari dira eta denetik dago. Txanda.
- Aurrera Charly 3 J.1-entzat. Txanda.
- Hau erabateko gerra da, munizioa eta granadak bukatzen ari zaizkigu, eta harrika ari zaizkigu; ezinezkoa da defendatzea; hemen gaude, San Frantzisko elizan.
- Valladolideko beste sekzio bat iristear dago horra eta uste dut Charly 1 eta Charly 2rekin.... Esan nahi dut ea horko San Frantzisko elizako gunean dagoen, sekulako borroka dagoela uste baitut. Txanda.
- Hainbat automobil ikusi dut zapi zuriekin, zauritu pila dagoela esan nahi du horrek, ulertzen?
- Tira, ea nolabait iristeko modua egiten duzun, han gauzak oso gaizki egon behar dute-eta.
- Ondo da. Ondo da.
- (...) Zauriturik dagoen galdetzen ari nintzen. Txanda.
- Oraingoz, gure artean ez dago zauriturik. Txanda.
- Beno, ondo da, ondo da. Zer moduz daude gauzak hor? Txanda.
- Pentsa dezakezu, 1.000 tirotik gora bota eta San Frantzisko eliza guztia txikitu ondoren, esango didazu nola dagoen kale guztia eta bazter guztiak. Txanda.
- Baina, zer, une honetan erasoan jarraitzen al duzue eta istiluekin al zabiltzate?
- Ez, une honetan ez. Txanda.
- Eskerrik asko! E, lan ona egin duzue!
- Esaiozu Salinasi, historiako jipoirik handiena eman diegula. Txanda.
- Esadazu nolako munizioa behar duzun. Txanda.
- Kartutxoak behar ditut, poteak behar ditut, pilotak behar ditut. Txanda.
- Baina, izan ere, munizio guztia Valladolidekoek dute, eta ez dira hona hurbildu ere egin.


"HAU SARRASKI BAT IZAN DA"

- Bi sekzio eta erdi geldiarazita dauzkat, beste erdiak bakar batzuk ditu oraindik... hau sarraski bat izan da. Txanda.
- Ondo da, ondo da. Txanda.
- Oso ondo... baina, benetan, sarraskia.
- J.2 San Frantzisko elizara doa, eta J.1ek dioenez pilotak eta granadak eman behar dizkio Charlyri. Txanda.
- Munizioen bi kamioi ditugu e... beraz, beldurrik gabe erabili dezakegu eta bazterrak garbitu, armak guk ditugunez, erruz eta inolako gupidarik gabe.

FRAGA BARNE MINISTROA ZEN ORDUAN
Manuel Fraga, gaur egungo Galiziako Xuntako lehendakaria, PPren izenean, eta gaur egungo Espainiako Gobernuko alderdiaren funtsezko partaidea, Espainiako Gobernuko Barne ministroa zen 1976an, Gasteizko sarraskiaren garaian, eta, beraz, hilketa horien guztien erabateko erantzule politikoa. Berarekin batera, Arias Navarroren gobernu berean, gaurko PPko beste gizon bat ere bazegoen, Martin Villa, egungo Endesako lehendakaria, une hartan Sindikatuekiko Harremanetarako ministro zena. Fragak honela zuritu zuen sarraski hura kazetarien aurrean: "Noski, esan beharra daukat Gasteizen bizi izan ditugun gertakari eta ondorio larrien erantzukizun guzti-guztia era bateko eta besteko mezuak zabalduz jendea kalera ateratzen jarraitzen duten horiena dela. Eredu tamalgarri hau herriarentzako ikasbidea izan dadila datozen hilabeteotan".

GASTEIZKO BIKTIMEK SUMARIOA BERRIRO IREKITZEKO ESKATU DUTE
Martxoaren 3ko Biktimen eta Biktimen Senitartekoen Elkarteak duela 25 urte Gasteizen eragindako gertakarien inguruko sumarioa berriro irekitzeko eskaria egin du. Halaber, Espainiako Gobernuak "terrorismoaren biktima" gisako kalte-ordaina ez emateko hartu duen erabakiaren aurkako errekurtsoa jarriko dute.
Sumario hori bertan behera utzi zuen epaitegi militar batek 1977an, hau da, gertakarien ondorengo urtean. Baina Gasteizko biktimen senitartekoek eta lagunek asmo tinkoa dute justizia gauzatu dadin eta sarraski haren erantzuleei ordainarazten ahalegintzeko. Zentzu honetan Fraga Iribarne eta Martin Villaren erantzukizunak gogorarazi dituzte, hain zuzen ere garai hartan Barne Ministerioko arduradun nagusi eta gaur egun PPko pertsonalitate publiko direnen erantzukizun nabarmenak.
Gasteizko biktimek eta senitartekoek prozesu honen inguruko iluntasuna eta ezkutukeria salatu dute, eta sumarioaren osatu gabeko kopia eskuratzeko izan dituzten zailtasunak eta Espainiako agintariek gertakari haiek argitzeko inolako asmorik eza agerian utzi dute. Halaber, salaketa partikularrari ekin nahi diote eta Gasteizko Udalak ere hala egitea espero dute. Eusko Jaurlaritza, joan den hilean iragarri zuenez, edozein eratako onarpen edo kalte-ordain bultzatzeko prest dago.


Azkenak
Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude