Mundakako "itsasederra"
Mendebaldeko kostaldetik Urdaibaiko Erreserbari sarrera ematen dion eta bere barnean hartzen duen lehenbiziko gune garrantzitsua Bermeo da, eta horregatik, Uribealdeko ibilbidearen bukaera izan arren (bertan jorratzen dugu zehazkiago), honako honi ere hasiera emateko egokiena ere bada. Zehazkiago, arrantza portuan eta bere inguruko etxe tipikoetan zehar itzulinguruka ibili ostean, abiapuntu Kasinoa har genezake, errepide ondoan.
Herritik irten eta berehala (1,5 km.), ezkerrera hemendik aurrera ugariak izango diren begiratoki ederren artean lehena izango dugu, hau da, Lamera Puntako Begiratokia. Honek, Bermeo herria, Izaro uhartea, Mundakako itsasadarra, honen osteko Ogoño muturra... elementu polit askok sortutako osotasun ederra behatzeko aukera ematen digu, ibilbide honetan behin baino gehiagotan gertatuko zaigun moduan.
Segituan ezkerrera, Mundaka herri labirintiko atseginean sartzen gara, surf-paradisua den itsas-ibai izugarrira ailegatzeko. Gernikarako errepidea hartu aurretik, herri amaieran bertako hondartzatxoaren ondotik pasako gara.
Errepidean jada, kilometro batera Portuondo begiratoki itzela dugu, Laida hondartzaren itsas gorabehera ikusgarriak behatzeko ezin egokiagoa. Zuzen jarraituz, berehala Sukarrietan sartzen gara. Herri honetan San Andres eta Legendikako Andra Mari parrokiez gain, bere erakarpen handiena Txatxarramendi uhartea da, Ikerketa Ozeanografikoen Institutuaren egoitza idilikoa.
Aipatutako Txatxarramendi irlan zubitxo batetik barnera daiteke, Busturia nekazal herriko Axpe auzoan sartu eta ezkerrera. Zubia amaitu eta ezkerrera hasten den oinezko bidexkari ekinez, irlatxoaren beste aldean dagoen begiratoki ederreraino ailegatuko zarete. Busturia (bista politez gain, Madariaga dorrea, Altamira jauregia eta Andra Mari parrokia gotikoa) zeharkatzen dugun bitartean, tarteka urbazterrera hurbiltzen diren hainbat bidexka ateratzen ikusiko duzue. Edozein hartuta ere, bista atseginak bermaturik daude. Barrualderago ere, paisaia gizatiarragoa da, baserriak eta nekazalguneak nabarmenduz, baina horrek ez dio edertasunik ukatzen inguruari.
Aurreko herriko San Blas eta San Kristobal auzuneak igaro ondoren, Murueta herrian sartzen gara, laster gure ezkerrera Muruetako untzitegiak ikusiko ditugula.
MUNDAKA
Herrialdea:
Bizkaia
Bilbora: :
44 km.
Altitudea: :
5 m.
Biztanleak: :
1.805
Euskaldunak: :
%75
Azalera: :
4 km2
Dentsitatea: :
451 bizt./km2
Jaiak: :
Aratusteak otsailean
San Joan (ekainak 24)
San Pedro (ekainak 29)
Andra Mari (abuztuak 15)
Euskal Jaia (abuztuan)
Munduko Surf Txapelketa (urrian)
Urdaibaiko paradisuaren atean egonik, Mundaka ezin da patuaren kexu izan, amets egin daitekeen lekurik ederrenetakoan kokatzen baita. Ozeano zabalak eta Urdaibaiko (edo Mundakako) itsasadarrak bat egiten duten tokian kokatua, aurrean Izaro uharte bakartia duela, herri osoak izugarrizko begiratokia osatzen du.
Horrez gain, Mundakak arrantzale herri txikien xarma gordetzen jakin izan du, udan igerileku probisionala bihurtzen den portu txikiarekin eta labirinto modukoa eratzen duten kaletxo irregularrekin. Azken hamarkadetan bere izena atzerrian zehar zabaldu bada surfa praktikatzeko Europako lekurik egokienetakoa delako da.
Itsasoari loturiko historia luzea
Tradizioaren arabera Mundakako Elizatea Bizkaiko zaharrena da, Gernikako Juntetxean lehenbiziko aulkia zegokiela (ohore honengatik ere Bermeorekin eztabaida dute). Kondairaren arabera, Eskoziako errege baten alaba-printzesa kostalde honetaraino ailegatu zen. Bertan geratu, eta 880. urtean Bizkaiko lehen Jauna izango zen Jaun Zuria mitikoa ekarri zuen mundura.
Ordudanik herriak beti itsasoarekin lotura oso zuzena izan du. Izan ere, proportzioan itsasgizon gehien eman duen herri bizkaitarra da. Bestalde, bitxikeria gisa, Izaro uhartea bereganatzeko Bermeo eta Mundakaren arteko estropada ospetsuaz, mundakarrek beste bertsio bat dute. Luis Pedro Peña Santiagok jasotako istorioaren arabera, estropada aurreko egunean bermeotarrek, adiskide plantak eginez, mundakarrak mozkorrarazi eta horrela hurrengo eguneko garaipena ziurtatu zuten.
Ikustekoak
Aipatu dugun moduan, Mundaka batik bat begiratoki pribilejiatua izateagatik nabarmentzen da, eta beraz, lehenbizi herriaren inguruko itsasaldean zehar paseatzea aholkatzen dizuegu, ez zarete damutuko-eta. Horrenbestez, erdialdean dagoen talaiako pasealeku zoragarrian hasi gaitezke.
Itsasadarrari aho zabalik begira gaudela (itsasgoran oso ederra bada ere itsasbeherako ikuskizuna izugarria da), eskuinerantz joanez Ondartzape kalatxo ezkutua eta Txorrokopunta ikusgarria igaroz Laidatxu hondartza txiki eta atsegineraino ailegatu gaitezke. Begiratokiak ibilbide ederra eskaintzen du. Agian ez zarete asetuta geratu eta bide labur hau errepikatzeko gogoa duzue; hala bada, beste aldera errepikatu, merezi du-eta. Bestela, Lorategi eta Goiko kaleetatik erdiguneko kale labirintoan sartu gaitezke, hasierako talaira iritsi asmoz.
Kale hauetan zehar onena norabiderik gabe ibiltzea da (herria txikia da eta ez zarete galduko), bertako bitxikeriekin topo eginez. Esaterako, portuaren amaieratik gertu dagoen Kurtzio kalean izen bereko Kalbario edo Gurutzeria gotikoa aurkitzeko parada izango duzue, 1611koa. Honen atzean Simitur etxea dugu, herriko zaharrenetakoa. Azkenik, lehenago edo geroago berriz ere talaiaren ondoan dagoen Jose Antonio Agirre Enparantzara ailegatuko gara. Bertan dago Udaletxea, arkupe zabalekin. Kasinoa ere bere leiho begiratoki zabalengatik nabarmentzen da.
Gure abiapuntuan lehen jaramon handirik egin ez diogun baina kanpotik Mundakako zilueta markatzen duen eraikin erlijiosoa dago: Andra Mari eliza. Bizkaiko zaharrenetakoa, 1050ean jada parrokia zen. Gaur egun ikus dezakeguna, berriz, 1635ekoa da, geroagoko dorre neogotikoarekin batera. Berpizkundeko jainkotegi ederra, bere elizpeak Bizkaiko Berpizkundeko atalderik bikainenetako bat erakusten digu.
Orain, ondo babestutako portu txikia inguratuz, gaur egun batipat kirol portu funtzioa duena, herriaren beste aldea eta batez ere izen bereko bidea hartuz Santa Katalina ermita dagoen lur muturrera hurbilduko gara. 1879an eroria, ermita beranduago berreraikia izan zen. Bere inguruan Karlistadetako gotorleku baten hondakin batzuk geratzen dira.
Baina batez ere, lur mutur honetan aurrekoan bezala, onena itsas gainean paseatzea da, alde guztietako itzelezko bistetaz gozatuz. Gainera, hemen inguruan hain ospetsua den "Mundakako Olatua" sortzen da, mundu osoko surflariek hain gustuko dutena. Olatu hau Mundakako barran jaio eta Laidako hondartzan hiltzen da, tartean Europako ezker olaturik onena omen dena sortuz. Ondorioz, Mundaka surflarientzako ere paradisu bihurtu da.