Kalifornian sortu, Parisko unibertsitatean ere ikasia, Baionan bizi... Nongoak dira zure sustraiak?Pixka bat konplikatua da. Nire aita Azerbaijanekoa da, horregatik dut hangoen aurpegia, baina nire gurasoak banandu egin ziren nik 9 hilabete baino ez nituela. Nire ama berriz ezkondu zen, eta aita ordearen abizena hartu nuen (Phillips). Niretzako aita bigarren hau izan da. Amaren ama, berriz, erdi Greziakoa eta Kanadakoa da eta amaren aita erdi Eskoziakoa eta Alemaniakoa zen. Beraz, erabateko nahasketa bat naiz. Nik bizi on bat izan dut EEBBetan, ez ginen pobreak baina ezta oso aberatsak ere. Nire amona lizeoko irakasle zen, eta aita-amak psikologoak ziren. Gurasoak oso aktiboak ziren politikoki, eta lau urterekin Amerikako 68-ak harrapatu ninduen. Emakumeen eskubide aldarrikapenak, Vietnamgo gerraren aurkakoak... garai hartan beti ari ginen oihukatzen zerbaiten aurka edo zerbaiten alde.
EEBBetan denak zarete jatorri arrotzekoak, bertako sustrairik gabeak.Bai eta ez. Nire ustez EEBBetan kultura oso erregionala da. Ez naiz inoiz amerikar sentitu, beti kaliforniar sentitu naiz. Washingtonera noanean, beste herri bat dela eta jendea ere ezberdina dela nabaritzen dut. Baina gero egia da Amerikarekiko identifikazioa sartzen asko saiatzen direla. Txikia nintzenean, estatu batuar banderaren aurrean himnoa abestu behar izaten genuen (eta nik beti besoa altxatzen nuen, parodia egiteko). Baina "amerikarrak" esatea, "europarrak" esatea bezalaxe, hitz zabalegia da.
Amerikako Euskal Etxeetan Euskal Herriaren zein irudi dute? Nik nire senarraren bitartez deskubritu dut Euskal Herria. Hona etorri ginen bizitzera, eta Amerikara joan ginenean, Euskal Etxe bat zer den ikusi nahi izan genuen. San Franciscokora sartu, eta jendea lauburuz josita zebilen; desfile bat zirudien. Ulertzen dut, nostalgia dute, eta beti entzun nahi dituzte euskal kantu zaharrak... Ni ez naiz horrelakoa amerikar kulturarekin; badut nostalgi bat bistan dena, baina hori ez da arrazoi bat gauza modernoak ez deskubritzeko. Amerikan Euskal Diasporarekin egiazko blokeo bat egiten dute zaharrenek, gauza garrantzitsuena haientzako klika (musika banda), musa eta kantu zaharrak dira. Hori larria da, horrela euskal kultura hil egingo baita segurki.
Zer jarrera dugu euskaldunok amerikarrekiko? Ni amerikarra naizela jakinda, jendeak ez du amerikarren aurkako gauza handirik esaten. Askotan entzuten dut, adibidez, euskaldunak oso hertsiak direla. Baina nire esperientzia ez da hori. Nik ahalegina egin dut euskal hizkuntza ikasteko, eta inoiz ez naiz hemen kanpotar sentitu. Kanpotar sentitzen naiz, euskal hizkuntza menperatzen ez duen jendearekin. Iparraldean jende hori jeloskor nabaritzen dut, "zer egiten du euskaraz ikasi duen kanpotar horrek hemen" esanaz. Etorri nintzenean, bi aukera nituen: edo espainola edo euskara ikastea, eta nire senarra eta bere adiskide guztiak euskaldunak zirenez, euskara ikastea erabaki nuen. Eta euskara ikasi ondoren, hau da nire bigarren herria orain.
Mixel Ducau eta biek bost urte daramatzazue folk egiten. Zuen estiloan bilakaera bat egon da... Gure estiloan folka da sustraia, Arabiako aire pixka bat ere bada, eta euskalduna ere bai (kantu batzuk zortzikoaren erritmoarekin egiten baititugu, edo fandangoa, arin arina). Niretzat, gaurko folka munduko folka da "World Music" esaten dena. Ezin dugu folk tradizionala bakarrik egiten jardun, zerbait desberdina egin behar dugu. Gure kultura beste kulturetara ireki behar dugu eta baita beste kulturetatik hartu ere. Gure estilo berria ez da hain folk, baina folkaren musika instrumentu zaharrak erabiltzen ditugu (zarrabetea, esaterako, oso folk eta barrokoa da). Mixelek orain alboka jotzen du, eta ttunttuna ere erabiltzen dugu, baina gure musika egiten dugu. Gure estiloa bilatzen ari ginen eta orain aurkitu dugu.
Folkean ere gero eta gehiago erabiltzen dira tresna teknologikoak. Zer deritzozu? Bai, teknologia moldaketak egiteko, txukuntzeko erabiltzen dugu, baina gure musika tresnekin jotzen dugu. Tira, egia esan, badut pianoaren sintetizadore bat, egiazko pianoa astuna delako, baina pianoaren soinua ateratzen du. Niretzat teknologia ona da, baina musika hori ez da egun osoan entzutekoa, dantzatzekoa da. Teknoa berriz, gustatzen zait eta ez zait gustatzen. Bistan dena, gure lanean bezeroentzat musika teknoa egiten dugu web-orrietarako. Baina musika bakoitzak badu bere lekua, eta kalitatea antzeman egiten da. Teknologikoki tresnarik onenak izanda ere, zure melodia pitoa bada, pitoa entzuten da; baina zure melodia ona bada, edozein tresnarekin ondo entzun liteke.
Musikari bati zer iruditzen zaio Internetez bere diskak pirateatzea? Nire ustez musikarientzat bide bat da. Musikariak aieneka aritu daitezke "ai, Internetetik nire musika hartzen ari dira..." edo bidea jarri, esanez "nik pentsatuko dut nire musika nola promozionatu". Badakizu jendeak trukatu egiten duela (Napsterraren bidez). Interneta erabiltzen dutenen artean ez dut ezagutzen pertsona bat ere, Napsterra erabiltzen ez duenik. Beraz, ezin duzu eragotzi. Jendeak trukatu izan du Internetik gabe, eta trukatzen jarraituko du.
Internetek dirurik ematen al du? Ezin duzu dena espero Interneteko web orri batetik, eta hori oso zaila da bezeroei ulertaraztea. Jendeak pentsatzen du diru asko irabaziko duela, baina pentsatu behar da "beno, eta zure plaketarekin zenbat diru irabazi duzu? Eta zure publizitatearekin zenbat diru irabazi duzu?". Eta zuk ez baduzu ematen zure plaketa edo zure publizitatea nehork ez du ikusiko. Esportatzen duen enpresa batek gaur egunean ez badu Interneten gune bat, jadanik galdu ditu merkatu batzuk. Internetaren inguruan egiazko komunikazio plan bat egin behar da, bestela nehork ez zaitu ezagutzen. Plan estrategiko bat planteatu behar duzu zure web orriaren proiektuaren inguruan. Ez bakarrik publizitatea, jadanik denbora hartu behar duzu e-maila erantzuten, eta baita ere prospekzioa egiteko, baina plaketa batekin ere egiten duzu hori dena, eta zergatik ez Internetekin? Jendeak uste du aski dela Interneten eta bilatzaile batean egotea, baina ez du ulertzen zenbat denbora pasatu behar den bilatzailean ongi egoteko, egunak eta egunak dira.
Zu emakume eta zuzendaria zara, enpresa askotan gertatzen ez den bezala. Interneten emakumeek errazago dute al dute sarrera? Orain agian emazte gehiago daude gure sektorean. Baina emazte batek, hasten denean, gizonak baino hobea izan behar du, eta onena. Eta hori oso zaila da. Zenbat aldiz entzun dudan " eta zure senarrarekin lan egiten duzu?", eta "ez" erantzuten diedanean, "a ez? Bakarrik moldatzen zara?". Ba bai, handia naiz, egin ditzaket gauza batzuk nik bakarrik... Orain hemengo jendeak badaki nor naizen, eta ez dut egin dudan lanaz azalpenik eman beharrik. Baina hasieran oso zaila izan da. Ez ninduten seriosatzat hartzen, gainera musikaria... Baina orain kanpoko bezero asko egin ditugu, Amerikan bezero handi bat dugu, Parisko Ucenor burdingintza enpresa ere bai... eta hemengo jendea kanpotar bezeroak genituela ikusi duenean gerturatu da.
Internetek globalizazioa dakar, edo txikiei ateak zabaltzen dizkie? Arrai handiak txikia jango du, edo arrai guztiak egongo dira sarean? Pentsatzen dut enpresa eta elkarteetan txikia eta handiaren arteko ezberdintasuna handitu egingo dela. Txikia bazara eta ez baduzu gestio on bat, ezingo duzu jarraitu, eta beste enpresa handi batekin elkartu beharko duzu. Kultur elkarte txikiek gero eta arazo gehiago izango dituzte web orriak prezio baxuan egin eta mantenduko dizkien hornitzailea aurkitzen. Guk, adibidez, badugu gure gutxieneko prezioa, eta agian elkarte txikientzat garestia da.
"Lehen mundu" eta "hirugarrena"ren artean desberdintasuna handituko du Internetak? Interneta beste komunikabide bat gehiago da, eta bere sustraiak ekonomiaren munduan ditu. Zoritxarrez ekonomian beti jarraitzen dugu amerikar eredua. Eta tristea da, gaurkoa ez da ezagutu nuen Kalifornia hura: orain kate handiek hartu dituzte dendak, eta jendea berdin jantzita doa. Eta ez dakit europarrek atxiki dezaketen euren nortasuna, ez naiz segur. Londresera joan naiz duela hilabete batzuk, eta Londres Amerika bezalakoa da dagoeneko. Betiko gerra dago estatu batuarren eta ingelesen artean, eta esaten didate "A, amerikar zira!", jakina, baina haiek amerikar eredutik dena hartzen dute. Eta Frantziak esaten duenean "McDonald's eta horiekin aski dugu", bai, baina frantsesek onartua dute. Amerikarrak ez dira etorri hona esanez "hemen izan nahi dugu", frantsesek onartu dute.
Hori bada sistema ekonomikoa, Interneten ere nork du denbora eta dirua web orria promozionatzeko?
Europak EEBBak dituela eredu esan duzu, eta Londres Amerikaren oso berdina dela dagoeneko. Hemendik urte batzura zerk ezberdinduko du Kaliforniar edo euskaldun izatea? Euskara menperatzen duen euskaldunak, badu komunitateko partaide sentimendu egiazkoa. Eta hori oso garrantzitsua da. EEBBetan gazteek ez dute pertenentzia sentimendu hori, eta eduki nahi dutenez lizeoan arazo asko izaten dira. Adibidez ni antzerki taldean nengoen, eta antzerkia egiten nuelako ez nintzen ongi ikusia, animatzaile izatea ongi zen, kirolari izatea ongi zen, baina artistak-eta ez. Amerika, Ingalaterra bezala, klasetan oso banatua dago. Euskal Herria ez da hainbeste hala. Nik baditut lagun batzuk oso pobreak, beste batzuk oso aberatsak, besteak erdikoak, eta batzutan elkarrekin bazkal dezakegu. Baina Amerikan hori ez da posible. Nik Amerikan ez dut ezagutu ere egiten pertsona pobre bat. Euskal Herrian gaztea oso orekatua dago, batetik komunitateko partaide sentimenduagatik, eta bigarrenik hemen familia oso garrantzitsua delako. Ameriketan galdu dugu hori zoritxarrez (ez nire familian). Baina arazo handi bat ikusten dut Euskal Herrian, gazteentzat oso zaila dela lana aurkitzea, eta bestalde gazteak ez direla ezkontzen, eta ez dituzte haurrak egiten. Hori Euskal Herriarentzat hondamendia da. Amerikan ezkontzen dira, eta oso gazterik joaten dira etxetik.
Internet nork kontrolatzen du? Ez du jaberik. Gobernu bakoitzak badu Agency bat eta gobernuaren araberakoa da kontrola. Adibidez, Txinan oso kontrolatua dago, eta Frantzian, berriz, pixka bat. Entzun dut Amerikan langile pila hartu dituztela CIAn, Internet kontrolatzeko. Beraz, nork kontrolatzen duen baino, galdetu behar dena da nor dabilen espioitzan. Guk ez dakigu, behar bada zure e-mailak norbaitek begiratzen ditu egunero.
Zer bizimodu estilo ekarriko du Internetek? Niretzat Internet dena izanen da. Suedian ezartzen ari diren sistema edukiko dugu: pantailak izango ditugu etxeko horma ezberdinetan (sukaldean, logelan, egongelan...) eta bertan egonen dira telebista, irratia eta baita Internet ere. Behatzekin "klikatuz" edo ahotsarekin maneiatuko duzu. 50 urtean zer aurrerapen egin dugun ikusita, hemendik 20 urtera izugarria izanen da.
Badirudi aldaketak geroz eta azkarrago etorriko direla. Trenera igotzen ez dena atzera geldituko ote da... Niretzat oso argia da. Edo orain onartzen duzu gure mundua aldatzen ari dela eta behar bada parte har dezakezula tren honetan, edo progresua pasatzen da zu gabe. Progresua ez da txarra, baina begiratu behar dena da nola erabiltzen den. Arazoak beti datoz erabilera okerretatik.
Zer egin behar du Euskal Herria bezalako kultura txiki batek, globalizazioarekin biziraun nahi badu? Jendeak beti esaten dit "oso hertsiak dira euskaldunak" baina nik esaten dut "hala behar dute", bestela ezin baitute euren kultura eta hizkuntza atxiki. Baina euskaldunok kanpora ireki behar dugu, zer garen erakusteko. Nik uste ez dugula asko ireki gure kultura. Onartu behar da nahastea, baina ez euskal nortasuna galtzeko. Pentsatzen dut globalizazioan posible dela zure nortasuna gordetzea. Alferrik da globalizaziorik ez dugula nahi esatea, badatorrelako. Beraz orain pentsatu behar duguna da nola integratu dezakegun gure kultura eta gure bizian.