"BALITEKE HIP-HOP ETA BERTSOEN ARTEAN HIBRIDOA SORTZEA"

  • Negu Gorriak-ek badu zer ospatu hilaren 23, 24 eta 25ean. Donostian eta Baionan hiru kontzertu ezin jendetsuagoak eskainiko ditu eta hara non, Selektah Kolektiboa lagun izanen du oholtza gainean. Aitzakia polita, euskal lehen hip-hop taldearekin hitz zenbait elkar trukatzeko.

2007ko otsailaren 21ean
Mikrofono soil baten babesaz, Daddy Jeff, Molte MC, eta Wanka mezulari aritzen dira kanta zorrotzak eta mezu zuzenak entzun nahi dituen orori helaraziz, ozen eta jarrera gogorra erakutsiz, D.Z. "platoen" gidari delarik, scratch-aren teknika baliatuz unerik egokienean kantuak atontzeko. Ezer gutxi gehiago behar da hip-hop talde bat osatzeko, ahozko komunikazioan oinarritzen baita Estatu Batuetako beltz komunitatea jatorri duen musika genero hau. Esatekoak eta aldarrikatzekoak soberan ditu Selektah Kolektiboak, gure inguru gertuaren aferen karietara aldarrikapenak ahalik eta ozenkien helarazteko bidea aurkitu baitu, errima ausarten baimenaz beti ere. Gorrotoa mikroaren bidez bideratzea erdietsi dute, mezua bitarteko, gizartean topa ditzaketen arerioak zirikatuz, kontzientziak kolpatuz, ele gogorrak askatuz. Inor ez da salbu. Astinaldiak badu izenik: Selektah Kolektiboa, euskal hip-hoparen talde aitzindaria, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik datorrena. Wankarekin hitz egin dugu kontzertuaz -akuilu inportantea izan daiteke etorkizunerako, milaka lagunen aurrean joko baitute-, hip-hopaz eta euren lehen diskoaz, Esan Ozenkiren eskutik iaz argia ikusi zuena.

Nola hartu duzue Negu Gorriak-ekin batera jotzearen notizia? Erronka berezia da zuentzat kontzertuen tamaina ikusita?
Egia erran, potoloa eta interesgarria iruditzen zait, baina ez nago bereziki urduri horregatik. Beste gauza batzuk arduratzen naute gehiago. Gainera, Fermin-eta ezagutzen ditugu eta horien ondoan ibiltzeak ez dit urduritasunik sortzen. Akaso bai hainbertze mila pertsona aurrean izanen dugulako, baina ez dut oraindik horretan pentsatu, ez dudalako inoiz bizi izan.

Zer esan nahi du Selektah Kolektiboa izenak? Nondik dator?
Selektah Kolektiboa sortu zenean artista ezberdinak ginen eta diskoaren proposamena hor egonda, erabaki genuen izen bat bilatzea. Parranda gau batez, solasten eta izenak bilatzen baita ere, hori atera zen. Kolektiboa pertsona ezberdinak ginelako, ez ginelako uztartutako talde bat, eta gero selektah-rena soinu aldetik eta zentzuaren aldetik gustatu zitzaigulako. Reggae munduan, "selektah" edo "selecter" musika jartzen eta aldatzen duena da, DJ-ek bezala. Orduan harremanduta ikusten genuen eta, besterik gabe, izen hori erabaki genuen.

Zuen eskaintza nahikoa berria da Euskal Herrian, hip-hopa ez baita oraino modu puruan jorratu. Frantzian aldiz, urtetako tradizioa dute eta Espainian duela bospasei urte indarrez sartu zen. Zer diozu Euskal Herriari buruz?
Uste dut hasieran gaudela. Duela bost urte bazegoen jendea gauzak egiten, baina atzerago geunden. Orain gauza aitzinera doa, jende gehiago agertzen da, lan gehiago eginez, gero eta gauza hobeagoak eginez... Gu izan gara diskoa ateratzen lehendabizikoak, baina hor badago jendea pil-pilean. Dena dela, zerak kezkatzen nau: pil-pilean dauden horietako batzuk Espainiako Estatuko gorakada horrek bultzatuta daudela eta gehiago kezkatzen nau euskaraz hip-hopa egiten duten taldeak sortzea beste taldeak sortzea baino. Besteak sortzea ere nahi dut, horrek hip-hop kultura ere indartuko duelako eta erdaraz dagoen neurrian, euskaraz ere hori izanen delako. Baina niri gustatuko litzaidakeena da beste euskal taldeak ateratzea.

Ingelesa eta frantsesa ezin hobe moldatu dira hip-hopera eta tradizio luzeko hizkuntzak dira genero honetan. Euskara aldiz, berria da. Mezuak botatzeko baliagarria da?
Nire gorabeherak izan ditut. Depresioa ez dut erranen, baina batzuetan pentsatu dut: "Erdarak baliabide gehiago ditu", baina gero ohartzen zara, azkenean, ez dela hizkuntza kontua, baizik eta norberaren kontua; eta ez nirea bakarrik, baizik eta gizartearen kontua, honek ez duelako erabiltzen euskararen ondasun guztia. Orduan, zuk begibistan ikusten duzuna dela ematen du, baina gero liburuetan hasten zarenean benetan euskararen barnean bilatzen eta sakontzen, nahi adina hitz, esamolde... topatzen dituzu. Uste dut sekretua horretan datzala. Halaber, gizartean dagoen euskararen kalitatea hobetzen den neurrian, musikan ere islatuko da.

Bertsolaritza eta hip-hoparen oinarrietako bat errima da. Genero bien artean harremanik ikusten al duzu?
Bertsolaritza hemengo tradiziozko eta ahozko kultura da eta hip-hopa beste toki batzuetan sortu den bertsolaritzaren pareko kultura eta komunikazio modu modernoa da, modernoa gaur egun sortu den aldetik. Orduan uste dut biak anaiak direla. Baliteke baita ere hibridoa sortzea bien artean. Nik hip-hopa eginen dut, eta bertsolariek bertsolaritza egin dezatela, baina seguruenik hibridoren bat sortuko da biak indartzen diren neurrian, ezta?

Ikasteko balio dezake, esan nahi baita, bertsolaritzatik ikasi eta hip-hopera eraman eta moldatu dezakezu?
Eragina hor dago. Nik jo ohi dut bertsolaritza liburuetara halako komodinak bilatu nahian, gero hip-hopa egiteko. Eta baliteke etorkizunean ere bertsolaritza modernoa sortzea, baina uste dut beren arauak-eta mantenduko dituztela.

Musikaren aldetik, zein eskolakoak zarete? Nondik edaten duzue?
Errealista izanik, nik uste oraino ez dugula gure soinua finkatu. Bigarren diskoa ateratzen bada -ari gara orain baseak egiten- bertan ikusiko da eboluzioa eta zaletasunen gauzatzea. Gerora, uste dut estilo propioa sortuko dugula, baina oraingoz nonahitik jasotzen ditugu influentziak. Adibidez, Daddy Jeff-ek frantziar hip-hopetik nabarmenki, gero Zigorrek gehiago jaso du DJ Premier edo Wu-Tang Clan taldeetatik, hots, Estatu Batuetatik. Nik ez dut erabakirik hartu bataren edo bestearen alde. Eragin guztiak jasotzen ditut eta ikusiko dugu gero garapenean zer sortzen den.

Raperoek beti izan dute halako jarrera harroputza eta adibidez, entzuna dut ondokoaren gisakoak botatzen dituztela: "Mikroaren aitzinean hoberena naiz eta errimak botatzen ez dut parekorik". Zuen letretan ordea, jarrera horrek ez du horrenbesteko islarik.
Bai, txiki-txikia. Ohartu gabe puskatu nahi izan dugu apur bat horrekin. Izan ere, Estatu Batuetan edo Frantzian dagoen harrotasun hori egoeraren ondorio da. Adibidez, hango karriketan gaiztoena ez baldin bazara, ez zaituzte maite. Horretan datza han errespetua. Espainiara etorri delarik, agian estetika moduan hartu dute hori eta hasieran behintzat hartan zentratu dira. Hain potoloa da kontu hori, ez zaigula gustatzen. Gainera, guk beste kezka batzuk genituen eta horregatik ez dugu islatu konpetizio eta lehiaren kontu hori. Dena dela, baditugu letra batzuk ere pixka bat erranez halakoak: "Begira nire eleak zeinen ekartsuak diren" eta abar. Nolanahi ere, uste dut gu nahiko umilak garela, eta, tamalez, ez garela harroputzak. Baina gero eta harroputzagoak gara ikusiz jendeak izaten duen errespetu falta: soinu teknikariek, batzuetan antolatzaileek... Hau kaos hutsa da, eta hemen benetan gaiztoa izan behar duzu. Orduan, baliteke geroago hori izatea. Baina hori fenomeno naturala izanen da: horrelako kolpeak jasotzearen ondorioz, bihurtuko gara harro.

Diskoa atera zenutenean, Nafarroari buruz mintzatu zineten "UPN West" izenburuko abestian, gogor eta zuzen boterean aurkitzen den alderdia astinduz. Ordutik hona ordea, euskararen ingurukoak asko aldatu dira.
Bai, bai, gogorragoa egin behar nuen. Hurrengo diskoa baldin badago, "U.P.N West II" izanen da, eta parentesi artean "apokalipsia"-edo jarriko dugu.

Diskoko letrak zuzen-zuzenak dira, guztietan mezu bat ageri delarik. Esateko gauza anitz omen duzue.
Letra batzuk momentu jakin batean eginak dira eta orain aldatuko nituzke, eta beste batzuk ez. Baina inguruko egoera politikoa isladatzen dute nabarmen. Nire kasuan adibidez, hustu behar bat zen, eta batzuetan erraten dut auskalo letra horiek garatu izan ez banitu, nire gelan hip-hopa egiten, agian amaituko ez ote nukeen gartzelan zerbait erretzeagatik. Gorroto edo ezinegon horretatik zerbait sortu izanari oso positiboa deritzot. Hurrengo diskoa dena dela, ekartsua izanen da baita ere, baina uste dut ezberdina izanen dela. Jende anitzek erraten du oso monolitikoa dela diskoa gaiari dagokionean -beste askori asko gustatu zaio noski.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude