Nekez pentsatuko zuen guraso talde honetako edozeinek noizbait halako egoera batean egon zitezkeela, seme-alabak espetxean, horietako askok tortura eta tratu txar larriak jasan ondoren eta urte luzeko espetxe zigorrarekin. Gauetik egunera bizimodua goitik behera aldatzen duen gertaera bizi izan dute eta egoera berriari elkarrekin egin diote aurre. Mikel Vazquez, Gurasoak elkarteko eledunarekin aritu gara solasean Iruñeko beren bulegoan.
Zein eratako gurasoak biltzen zarete elkartean?Era guztietakoak, adinari zein ideologiari dagokienez, alderdietan militatu izan dutenetatik hasi eta bat-batean halako arazo bat esku artean suertatu zaienera. Hemengo jendea, eta baita Katalunia edo Galiziako jatorrikoa, esate batera. Sarritan talde terapia gisa ere funtzionatzen du elkarteak, guztion arazoak berdintsuak dira eta sarritan gurasoak erabat galduta daudelako egoera berriaren aurrean.
Nola hasi zen zure kasua? 96ko urtarrilean joan ziren etxera semearen bila, orduan 16 urte zituen Aritzek eta autobus bat erre izana leporatu zioten. Lagun bat atxilotu zutela jakin zuen eta alde egina zegoen. Hiruzpalau egun etxetik kanpo egin zuen. 10-12 kaputxadunek etxea hankaz gora jarri zuten, baina ez zuten ezer topatu. Egunetara 20 gaztek beren burua aurkeztu zuten Entzutegi Nazionalean, Ismael Moreno epailearen aurrean. Han, leporatutakoa ukatu zuen eta aske atera zen. Martxoan auziperatze autoaren berri eman zioten, milioi bat pezetako (40.000 libera) bermea jarri eta egunero komisaldegira agertu beharra. Apirilean, sinatzera joan zen egun horietako batean atxilotu egin zuten eta inkomunikatu; handik hiru egunetara egoera tamalgarrian ikusi genuen Madrilen. Valdemoroko espetxean sartu zuten eta ekainaren 10ean aske utzi zuten. Uztailaren 11tik 1998ko urtarrilaren 5a arte egunero sinatu behar izan zuen Iruñeko komisaldegian. Hor egon zen inkomunikatua eta San Gregorio kaletik behin baino gehiagotan egin zidan atzera beldurrak jota. Orain beste 26 gazterekin batera sumario batean dago eta guztientzat 579 urteko gartzela zigorra eskatzen diete -gureari 11-.
Aurretik inguruan bizi ahal izan zenuten halakorik edo dena berria zen zuentzat? Denak bat-batean harrapatzen zaitu: bazkaltzera ez datorrela, bere lagun batzuen atxiloketa ezagutzen duzu, semea ihes egina duzula, polizia etxean, inkomunikazioa, espetxea... Mundua behera datorkizu. Nik militatu izan dut alderdi politikoetan, baina ez duzu inoiz pentsatzen zure semea halako dinamika batean ibili daitekeenik. Hala ere, hasieratik argi ikusi genuen ezin genuela burua makur-makur eginda etxean geratu, bizitzak hau ekarri zigula eta aurre egin behar geniola. Eta horrela hasi ginen astero Madrilera espetxera joanez eta egoerara ahal bezala moldatuz. Guraso asko ikusi dut depresioak jota, psikologoen terapiapean.
Eta norberaren ingurunearen erreakzioa? Familiaren aldetik erabateko laguntza izan dugu, eta lagunen aldetik oro har ere bai. Baina beti nabaritzen duzu zerbait batzuengan, lehen agurtzea eta orain ez eta halakoak. Alderantzizkoak ere bai, lehen bistaz ezagun ziren batzuk hurbildu egiten dira eta semeaz galdetu. Baina beste familia batzuetan apurketa handiak ere ezagutu ditut.
Zer aholkatuko zenioke norbaiti halakorik gertatuz gero? Gurekin kontaktuan jartzea. Inkomunikatua dagoenean, egunero joan behar da dagoen lekura arropekin eta abar, ez dizute kasurik egiten, baina behintzat ikus dezatela badirela seme-alabez arduratzen diren gurasoak. Ez daitezela beren etxean itxi. Eta batez ere ez dezatela seme-alaba beren kasa utzi, halako kasuak ere ezagutu izan ditugu eta.
"Seme-alabek egin dituzte egindakoak, baina gurasoen hezkuntzaren errua da". Zer sentitzen da halakorik entzutean? Duela gutxi "El Mundo" egunkariko artikulu batean, kale istiluetan zerikusirik izan duten seme-alaben gurasoen %50 haiek egindakoarekin ados daudela esaten zen. Hori ez da horrela, gure artean era guztietako ideiak daude eta gure seme-alabei ahalik eta hezkuntza egokiena ematen saiatu izan gara. Gatazka bat dago hemen eta horren alde batek gu ukitu gaitu.
Ba al duzue bi su artean harrapatutakoaren sentipenik? Batzuetan. Kale borroka kontuetan aritzeaz akusatutakoak eta gurasoak babes gutxien izan dugunak izan gara. Su-eten garaian, esate batera, kale borrokarena etengabe egon zen prentsaren lehen lerroan. Ezker abertzale mailan ere, kale borrokan aritutakoak apur bat alde batean utziak izan dira. ETAren biolen-tziaz ari dira beti, gazteenganako Estatuaren biolentziaz gutxi entzuten da.
Zuen seme-alabak manipulatuak izan diren sentimendurik ba al duzue? Ez. Gure seme-alabek zerbait egin badute hala nahi zutelako izan da, ideia batzuengatik. Agian ideia erratuak izango dira edo egindakoa ez da egokiena, ez naiz balorazio horietan sartuko, baina beren borondatez egin dituzte eta sentimendu bati jarraituz.
Gogor kritikatu duzue Adin Txikikoen Legea, aurkako bide juridikorik edo pentsatu al duzue? Oraingoz ez, baina bere 14. artikuluaren aurkakoa delako (legearen aurrean herritar guztiak berdinak direla dioena), Konstituzioaren aurkakotzat jo dugu. Zigor desberdintasunak ikaragarriak dira arazo sozial arrunt bat izan edo kale borrokari lotua izan: inkomunikazioa, helegiteko aukerarik eza, Entzutegi Nazionaleko eremu berezia... Neurri diskriminatzaile mordoa dago.
Legeak ezartzen dituen kartzela zigor gogorrak kontuan hartuta, gazteak uxatu baino ETAn sartzera bultzatzen dituztela aipatu izan da. 97an Mayor Orejarekin izan ginenean hori adierazi genion eta, dirudienez, kasuren batean hala gertatu da. Bi autobus erre dituen gazteari 35 urteko gartzela zigorra ezartzen badiozu, akaso gehiago interesa dakioke alde egitea eta zuzenean ETAn sartzea. Guraso askok dugu gai hori buruan.
Adin Txikikoen Legearekin leku askotara joango zaretela iragarri duzue. Aurretik ere gizarteko eragile askorekin egon zarete. "Hauek? Ezker abertzaleko talde bat gehiago". Sarri entzungo zenuten gisakorik. Bai, baina etengabe saiatzen ari gara erakusten gurea ez dela ezker abertzeko "beste txiringito bat". Edozein jarduera sozial edo errebindikatiboan atxilotuak diren gazteen eskubideak errespetatuak izan daitezela, hori da gure zeregin nagusia. Hori bai, ezker abertzaleko erakundeekin harreman ona dugu, adibidez Amnistiaren Aldeko Batzordeekin edo Senideekin; baina beste erakunde eta elkarte batzuekin ere bai.
Zuek sentitzen al zarete biktima? Bai, eta ez bakarrik gurasook, gure seme-alabak ere biktimak dira, bizi dugun gatazka pairatzen ari gara eta. Zoritxarrez, bai Estatu mailako, bai EAE eta Nafarroako Komunitatean maila instituzionalean ahantziak gaudela uste dugu.