Ni piska bat demokrata izan banaiz", esatea, ez dut uste inoren burutan sartzen denik. Demokrata zara, edo ez zara, eta kito. Demokrazia erabat praktikatzen duzu, edota ez da demokrazia. Halako zentzugabekeriarik entzun, oraindik ez dut entzun, baina zenbait ekimen eta esparrutan praktika horixe izaten da. Gizarte zibila eta administrazio publikoen arteko harremana -edota harreman eza- aztertzen jarrita paradigma absurdo horrekin egiten dugu topo sarritan. Eta hortxe dago mendebaldeko gizarteek une honetan esku artean duten arazo nagusienetako bat, urteak aurrera gero eta sakonago eta begibistako gertatzen ari dena. Nola har lezake parte gizarte zibilak res publika deitzen den horretan? Zer bide geratzen zaio boterearen gehiegikerien aurrean? Nola kontrola ditzake administrazioen politika eta kudeaketa lanak? Nola uztartu daitezke gizarte zibila eta administrazio publikoak? Hauxe da demokrazia (ustez) garatuen arazo funtsezkoenetako bat, besteak beste gizarte zibilaren parte hartze errealik gabe ez dagoelako demokraziarik.
GURERA etorrita, gizarte zibila jartzen duen lekuan jarri gazteak, gazte sortzaileak, eta arazoa begi bistan agertzen zaigu. Egia da, gazteak ez dira bat, ez dira berdinak; joera askotarikoak dira, eta beraz gazte kulturaz baino gazte kulturez hitzegitea da egokiagoa. Gazteak eta administrazioaren gaiaren inguruan asko idatzi da, eta agian gutxitxo aplikatu gurean, hogei urteko demokrazia batek eman beharko lukeena baino askoz gutxiago ziurrenik. Eta baliabideak egon, egon dira, baina ez da ausardiarik izan benetako politika demokratikoak abian jartzeko agintari politikoen aldetik. Zer egin dute boterean diren alderdiek hogei urte hauetan gazteen esparruan? Zer egin beharko zukeen asmatzea ez da batere zaila. Demokraziaren zentzua gurean baino askozaz garatuagoa duten Europako beste herrialde askotan egin dutena ikustea besterik ez dago. Herrialde horietako azken urtetako esperientziak erakutsi du administrazio publikoak politika afirmatiboak aplikatu behar dituela, gazteen eremuan sortzen den orori sentsible izan behar duela. Begiak zabalik eta belarriak erne izan, gazteek euren kabuz sortutako dinamikak gutxien gutxienez ezagutu egin behar dituela, eta gainera sostengatu. Hori nola lortzen da? Gazteak ezagutuz, gazteen jardueren inguruan interesa izanez, gazteekin etenik eta mugarik gabeko elkarrizketa bideak zabalduz, nork bere eremuan, bere herrian, auzoan, postuan. Ideia horretan laburbiltzen da, kasik, benetako demokraziaren aplikazioaren giltza. Ausartuko nintzateke esaten elkarrizketa hitza bera hain baldintzatua, masiatua, baliogabetua dagoen herri honetan, funtsezko lan tresna dela gazteekin harremanetan jartzeko, eta are gizarte zibil osoarekin. Elkarrizketarik edo negoziaziorik gabe ez dago demokraziarik.
AZKEN hamarkadetako historiak erakusten digu elkarrizketa eza nagusi izan dela gazteak eta administrazioaren artean, oro har. Egia da, gutxienik bik izan behar dute hitzegiteko gogoa elkarrizketa sortuko bada, eta gurean administrazioak oro har ez du horretarako jarrerarik izan, ez eta sistematik at kokatu diren gazte askok ere. Aitortu behar da, azken urtetan administrazioaren, edota administrazioan gazte kulturaz zuzenkiago arduratzen diren teknikari askoren jarrera bestelakoa dela, eta mende berriko atari honetan, orain hamarkada bat arte agintari politikoek erakutsi kultura demokratiko falta, baretzen ari dela. Elkarrizketa gero eta gehiago ematen da herrietan, baina ez behar adina sarri, eta behar adina zintzotasunarekin, eta aurrejuzku eta beldurrik ez da falta izaten bi aldeen partetik.
Hitz egin bai, baina zertarako? Noraino? Galde lezake norbaitek. Har dezagun ekipamendu publiko bat: azken aldian hainbeste ugaritu diren gazteleku horietako bat. Nola bermatu gazteleku bat gazteentzat izango dela? Erabilera publikoa izango duela? Gutxien gutxienik lokalaren kudeaketa lanak gazteen eta administrazioaren artean banatuz. Gazteak ezin dira bezero huts izan; kudeatzaile, antolatzaile eta erabiltzaile izan behar dute gazte leku bat izango bada, bestela apenas gazterik joango den, lokal dotore bat baino ez da izango. Horrelako kasuak gurean ezagutzen ditugu. Benetan publiko diren Gaztelekuak ere badira, martxa onean funtzionatzen dutenak. Baina argi dago, Gazteleku baten martxa ona eta publikotasun erabatekoa ezin da lokalaren arduradunaren gaitasun pertsonalen baitan egon. Politika jakinak, berdinak eta adostuak aplikatu behar dira guztietan. Alegia, ekimenak gazteek proposatu behar dituzte, eztabaidatu, administrazioarekin negoziatu eta, azkenik gazteek eurek jarri beharko dute martxan.
Hitzak erraz esaten dira, eta azken finean arazoa praktikan sortzen da. Administrazioak noraino egokitu behar du gazteen errealitate eta nahietara? Galde lezake norbaitek, galdera alderantziz ere planteatu daitekeela pentsatu gabe. Demokrazia beldurrik gabe aplikatzean datza gakoa. Hain sinple, eta hain gaitz.