argia.eus
INPRIMATU
Energia
JARULARITZA ALDE, HERRITARRAK KONTRA
  • Aurreko orrietan aipaturiko energia proiektu erraldoiek Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren onespena eta babes ekonomikoa dute. EAEko energia premiak ahalik eta neurririk andienean bertan asetzea du helburu. Herritarrek, ordea, ez dute horren garbi ikusten eta mobilizazioak abian daude.
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Eusko Jaurlaritzak eta, zehazki, bere Industria Sailak, ekimen pribatuarekiko lankidetzak babesten ditu, eta horien artean sartzen dira aurreko orrietan aipatu diren energiaren esparruko proiektu elektrikoak, hau da, Bizkaiko Badia, Petronorren IGCC planta eta ziklo konbinatuko Santurtziko zentrala. Halaber, Irlandako ESB enpresa publikoak 2001. urterako Zornotzan eraiki nahi duen ziklo konbinatuko planta elektrikoaren ahalegina ere bultzatuko du.
Eusko Jaurlaritzak oso garbi du proiektu horiek bultzatzeko asmoa, eta, Iberdrolak Bizkaiko Badia Gasa eta Bizkaiko Badia Elektrizitatea proiektuak utziko balitu ere, dagokien ekimen pribatuei bere laguntza eta babesa eskaintzen jarraituko luke. Horrela, Endesak eta Iberdrolak bat egiteko asmoa iragarri ondoren, Iberdrola proiektu horietatik atera zitekeela jakin zenean, Industria sailburu Josu Jon Imazek garbi adierazi zuen gorabeherak gorabehera, proiektu horiek aurrera egingo dutela. Nolanahi ere, Imazek argitu zuenez, Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Aldundiarekin eta Endesa-Iberdrolarekin harreman estu eta zuzenean jarraituko du proiektu hauen inguruko lanetan, talde honen jardueren garapenak "Euskadin finkatutako ahalik eta negozio eta jarduera gehienak" ahalbidetu ditzan.
Jakina denez, Iberdrolak %25eko partaidetza du Bizkaiko Badia Gasa eta Bizkaia Badia Elektrizitatea bi konpainia hauen kapitalean. Era berean, euskal enpresa elektriko honek, Petronorrekin batera, bakoitzak %50 jarriz, Piemsa enpresa eratu zuen 1998. urtean, IGCC izenez ezagutzen den plantaren bideragarritasuna eta industri proiektua aztertzeko.


ENERGIA PREMIAK BERTAN ASETZEA.

Aipatu diren proiektu horiei Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dien laguntzaren helburu nagusia, Industria sailburuak adierazitakoaren ildotik, EAEk dituen energi premien %82 hemen bertan ekoiztea lortzea da. Horretarako, gaur egun erabiltzen den bertako eta kanpoko ekoizpen kopurua irauli egin beharko litzateke, sei urteko epean. Beti gerta ohi zaigunez, oraingo honetan ere ezin dugu Euskal Herria bere osotasunean hartuz aztertu, zeren Nafarroa eta Iparraldea EAEko gobernuaz kanpoko beste erakunde batzuen menpe baitaude.
Eusko Jaurlaritzak 415.000 milioi pezetako (16.600 milioi libera) kopurua aurreikusten du 3E-2005 Plana berraztertu ondorengo energiaren garapenerako helburuak lortzeko behar diren inbertsioetan. Inbertsio horren zati nagusia energia elektrikoaren esparrurako xedatuko litzateke, 166.000 milioi pezetatik (6.640 milioi libera) gorako inbertsioak beharko baititu.
EAEko energia esparruaren egoerari dagokionez, 1999ko eta aurreko urteetako datu ofizialak ditugu soilik, 2000ko datuak urte honetan emango baitituzte. EAEko energia eskaera 6.067 Ktep.koa izan zen 1999an (tep bat petrolio tona bat da), beraz, 1998an baino %7 gehiago. Eskaeran sartzen diren energia mota ezberdinen artean, erregai solidoen gorakada da nabarmenena, iaz %95an igo baitziren. Gehikuntza horren funtsezko arrazoia Pasaiako zentral termikoaren jarduera handian aurkituko genuke, %246an igo baitu aurreko urteko jarduera eskaera.
Bestalde, petrolioaren deribatuek %5 egin zuten gora, eta gas naturalak %12. Energia elektrikoarena, berriz, kasu berezia da eskaeraren ikuspegitik. Emaitzek, bere horretan, hotz-hotzean, %13ko murrizpena adierazten dute; baina, benetako premia elektrikoa, hau da, azken kontsumitzaileek duten premia, eskaera baino askoz handiagoa da. Horrela nabarmentzen du Energiaren Euskal Erakundearen 1999ko Memoriak. Energiaren ekoizpenak, 1999an zehar, 1998ko bidetik jarraitu zuen, 300 ktep-eko igoera txikia izan zuen.
Benetako egoera hori izanik ere, 1999an zehar energiaren sektorearen jarduerak %2 egin du behera EAEn. Fintzearen azpisektoreak, eraldatutako energiari dagokionez EAEko garrantzitsuenak, %5eko jaitsiera izan zuen bere jardueran. Elektrizitatea sortzeko esparruan erregai solidoen eta gas naturalaren erabilera nabarmendu zen 1999an, %135 eta %14 igoz, hurrenez hurren. EAEn 1999an egin zen energia erabilera, guztira, 4.353 ktep-koa izan zen, hots, 1998an baino %4 gehiago, eta bertan amaierako jarduerako sektore guztiak sartu dira.
Azkenik, ezin da ahaztu energia berriztagarriek EAEn hartu duten garrantzi aipagarria. Eusko Jaurlaritzak lehentasunik handieneko helburu gisa bultzatu eta garatu nahi izan ditu. Energia berriztagarrien ekoizpenak nabarmen egin du gora 1990etik aurrera, nahiz eta 1999an ez zen 1998koa gainditu. Beraz, guztiaren %4an jarraitzen du, 228 ktep-ko azken eskaera bereganatuz. Horietako 28 energia hidroelektrikoari dagozkio eta euskal lurraldeetan sakabanatutako 100 zentral txikien artean ekoizten dira.

LEMOIZ, HERRIAK GELDIARAZITAKO PROIEKTUA
Proiektu energetikoez hitz egiten denean, Euskal Herrian bizi eta urte batzuk jada ditugunoi, indarrean ezarri nahi izan zen Lemoizko proiektuaren historia guztia datorkigu gogora. Proiektu hura, azkenik, herriak geldiarazi egin zuen bere mobilizazioekin eta hainbat ekintzekin, armatuak barne. Zentral nuklearraren jabetza eta Basordas kalako eraikuntzaren zuzendaritza Iberduerori zegokion, orain Iberdrola denari. Iberduerok nahi zuen guztia egin zuen, era guztietako euskarriak erabiliz, politikoak, foralak eta are legez kanpokoak ere.
PSOEren Gobernuak plan nuklearrak urte luzez geldirik eduki ondoren (luzamendu nuklear ospetsua) Lemoizko bi erreaktoreek (I eta II) luzamendu horren eragina jasan zuten. Luzamendu nuklear horren aurretik eta ondoren, euskal herritarren multzo garrantzitsuek borroka luze, tinko, iraunkor eta larria burutu zuten euskal itsasertz ez-nuklearraren eta Lemoizko zentral nuklearra desagertaraztearen alde. ETA ere sartu zen borroka horretan, hainbat ekintza armaturen bidez. Horrek guztiak pertsona batzuren heriotza eragin zuen, nola Iberdueroko langileen artean, hala euskal erakunde armatuko militanteen artean. Azkenerako, Lemoizko obrak erabat geldiarazi ziren, eta Iberduerori 400.000 milioi pezetako kalte ordaina eman zitzaion, gure argiaren ordainketaren bidez. Gaur egun, 2001. urtean, bertako instalazioak oraindik ez dira eraitsi eta zutik diraute, borrokan hartan esku hartu zutenen nahiari jaramonik egin gabe.

PROIEKTUEN AURKAKO HERRITARREN MOBILIZAZIOAK GOGORTU EGINGO DIRA
Energi proiektu horiek jakitera eman ziren une beretik hasi ziren instalazio horien aurkako herri mobilizazioak, batez ere, eragindako lurraldeetan. Mobilizazio horien barruan sartzen dira Zabalgarbiko (Bilbo eta Enkarterriak) errauskailuaren eta Zornotzako Boroako zentralaren aurkakoak ere. Egia da, orain arte, Zornotzako zentralari dagokionean izan ezik, beste inguruetako mobilizazioak ez direla iritsi Lemoizko zentral nuklearrak eragin zituen mobilizazioen mailara. Baina, nolanahi ere, egia da baita ere, oinarriak jartzen ari direla herri mobilizazio hauek areagotzen, zabaltzen eta gogortzen joateko. Hainbat herritan, hitzaldiak eta eztabaidak antolatzen ari dira instalazio horiek izango dituzten ondorioak eta ingurumenean eragin ditzaketen kalteak ezagutzera emateko.Halaber, herri plataformak osatu dira, eta mobilizazio batzuk eginak dira Jaurlaritzaren menpekoa den Energiaren Euskal Erakundearen aurrean edota Petronorrek Muskizen duen findegiaren aurrean. Azken kasu honetan, Greenpeaceko ekintzaileek itxialdia egin zuten azaroan findegi horren barruan, enpresa horrek aurreikusten duen IGCC proiektuaren aurkako jarrera erakusteko. Petronorren jabetza duen Repsolek eta Iberdrolak beren hondakinak erretzeko eraiki nahi dutela salatu nahi zuten. Espainiako Estatuan proiektaturik dauden berrogei zentralen artean CO2 gehien botako duen zentral termikoa izango da. Nolanahi ere, Muskizeko enpresak ukatu egin zuen salaketa horien funtsa, eta IGCC proiektuak Kyotoko Gailurrean hartutako konpromisoei erantzuten lagunduko duela adierazi zuen.Plataforma hauetako batek, Abra Kolektiboak, Ezkerralde eta Mehatzetako herri mugimenduak biltzen ditu, beren inguruetarako aurreikusten diren energi proiektu guztiak geldiarazteko asmoz. Bertako bozeramaileek proiektu hauen eragin kaltegarriak salatu dituzte. Horrela, zentral termiko horietan egingo diren erreketek sortu eta aireratuko dituzten gas kopuru handiek eragingo dituzten gaixotasunak aipatu zituzten. Gas horiek sistema inmunologikoa hausten dute, biriketako gaixotasunak eta alergiak areagotuz. Zentzu honetan, Ezkerraldean haurren %38k nolabaiteko alergia arazoak dituztela ziurtatu zuten. Horrez gain, ozono geruzaren zuloari eragiten dioten erasoak daude, negutegi efektua eta klima aldaketa areagotzen dutenak.
Kanpoaldeko Abraren inguruan jarri nahi den energi indarra, plataforma honek dioenez, hiru zentral nuklearren parekoa da, Zornotzan jarri nahi den Boroako zentrala kontuan hartu gabe. Birgasifikazio plantan erabiliko den gasaren leherketa-indarra, diotenez, Hiroshiman bota zirenak bezalako 66 lehergailu atomikoren parekoa da.
Proiektu hauen sustatzaileek ahalik eta eragin txikiena ziurtatzeko erabiltzen dituzten argudioak sinestarazten saiatzea ulertzekoa iruditzen zaio plataformari, energiaren esparruko multinazional handien helburuak guztiz komertzialak eta ekonomikoak direlako eta beren produktuak ondo saldu behar dituztelako, milaka milioi baitituzte une honetan jokoan.