Duela urtebete inguru, oraindik atentatuak hasi gabe zirenean, su-eten garaiko lorpenak blindatu behar zirela esan zenuen. Oraindik mantentzen da zerbait blindaturik?Orduan Lizarra, Udalbiltza eta halakoez ari nintzen. Zoritxarrez EAJk eta EAk izozte politika bati ekin diote. Blindaje kontuak aipatu genituen EAJk bere garaiko apustua borondate onez egin zuelakoan. Udalbiltza behar objektibo bat da herri honetan eta ez dago martxan jarri beharrik ezeren truke. Gaur egun ezin da politika abertzalerik egin Lizarra-Garazi eta Udalbiltza erreferente politiko gisa izan gabe, eta alde horretatik, gutxienez eskema politikotan hori blindatua dago. Bi arrazoirengatik: batetik, jendearentzat erreferentzia direlako eta, bestetik, edozein akordio abertzale berritzeko Udalbil-tza eta Lizarraren emaitzetatik hasi beharko dugulako berriz lanean.
Lizarra-Garazi eta Udalbiltzako eduki politikoak blindatuak daudela diozu. Lizarrakoen arteko elkarrizketak ere bai, edo jadanik ez dago elkarrizketa normal edo iraunkorrik?Komunikazio kanalak irekita daude, nahiz eta azken hilabeteetan kanal horiek ez duten funtzionatzen garai bateko maiztasunarekin eta harremanak hoztu egin diren. Abertzaleen arteko komunikazioak etengabekoa izan behar du eta ideia horrek ere blindatua jarraitu behar du. Prozesu hau hauteskunde eta interes elektoraletik kanpo utzi behar genuela esan dugu beti, baina EAJ kanpainan dabil aspalditik; apustu bat egin du, ezker abertzalea desgastatu eta min egitearena, baina horrekin bere buruari iruzur egiten dio, lehia elektorala unean unekoa delako eta ez duelako benetako eztabaida ezkutatu: marko autonomista edo burujabetza marko bat?.
Azken hilabeteetan EAJk PSE-EErekin gobernatu behar zuela errepikatu duzue behin eta berriz. Orain, PPren eta PSOEren itunak halako aukerari ateak ixten dizkiola dirudi. Guk ez dugu hori horrela ikusten. EAJk hilabeteak pasatu ditu PSOErekin harremanetan akordio bat bilatzeko, eta guk hori salatu dugu. Joseba Egibarrek erantzun izan digu batez ere, "ez dago ezer PSOErekin"; eta guk beti esan diogu, "ez dago ezer ez EAJk ez duelako nahi, PSOEk une honetan ezin duelako baizik". Datu objektiboa da EAJ aliantza horren atzetik ibili dela, eta hori nahiko lukeela. PPk eta PSOEk une honetan itun bat egin dute, baina guk ez dugu albora-tzen hauteskunde ostean EAJk berriz PSOErekin egitea. Gure ustez, EAJk PPk eta PSOEk sinatutako itun horren puntu guztiak sinatuko lituzke. Itunaren hamar puntuak dira eskandaluzkoak, ez sarreran egindako aipamenak.
Zein da aipatzen duzun datu objektiboa? Felipe Gonzalezekin harreman zuzenak izan dituzte, Bizkaian beraien arteko bilerak egin dira eta hainbat burukidek arlo pribatuetan hala adierazi digu, hauteskunde ostean ituna PSOErekin egingo da. Jeltzaleen borondatea halakorik ez bada, alderdi abertzaleek egin dezagun ariketa praktiko bat: esan dezagun hauteskunde aurretik norekin egingo genukeen itunik eta norekin ez. Esan dezala EAk ez duela PSOErekin akordiorik egingo honek autodeterminazio eskubidea onartu ezik? Ezetz egin?
Bakea bakearen truke ezetz, aipatu zenuen duela gutxi Gernikan. Bakea zeren truke? Ibarretxek egiten duen planteamendua guztiz ankerra da. Su-eten garaian nork hitz egin zuen etengabe "bakea, bakea eta bakea"? Bada, Jose Maria Aznarrek. Ibarretxe ere horretan ari da gaur egun. Jar diezagula mahaiaren gainean planteamendu horrekin konpondu den mundu mailako gatazkarik; ez dago bat bera ere. Gaur egun, guretzat, zer da bakea aldarrikatzea Euskal Herrian? Euskal Herriari bere erabakiak hartzen uztea, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzen uztea. Azken 150 urteetan horregatik sortu dira gerrak hemen, erabakitzeko tarterik uzten ez duten ordenamendu juridikoak inposatu direlako. Gatazkak hortik sortzen badira, hori konpondu arte gatazkak jarraituko du.
Dena den, arazoetako bat da zuk aipatzen duzuna modu desberdinetan konpondu daitekeela. Hori garbi dago, baina Ibarretxek biolentziari buruz hitz egiten duenean beti ETAri begiratzen dio, Estatuari sekula ez, eta hori ez da juxtua. Gernikako Estatutuaren 21 urteetan 16.000 atxilotu egon dira, 5.000 kartzelaratu, milaka torturatu... datu hauek erakusten dute benetako azterketa egiteko kontuan hartu behar direla. EAJk Estatutu berri bat eta lurralde zatiketaren aldeko apustua egiten badu, ez dabil bakearen alde, horrela gatazka beste 30 urtez luzatzeko baldin-tza sozialak birsortzen direlako. Zer bidetik etorri zen su-etena Euskal Herrira? Burujabetzaren aldeko itun abertzale batetik, Lizarra eta Udalbiltzatik. Beraz, zergatik aldatu behar dugu bide hori?
Zenbat denbora behar da bide horrek fruiturik eman dezakeen jakiteko? Hori zaila da esatea. EAJ eta ezker abertzalearen artean erritmo eta denbora arazo bat izan dela esateko ohitura bat dago, eta guk hori ukatu egiten dugu. Hori gauzatu arte marko demokratiko-nazional baten alde aritu behar da baina guk ez dugu datarik jarri. Hori da beraienaren eta gure proposamenaren aldeko diferentzia eta ez denbora, guk herri hau burujabetzaren norabidean jartzen dugula eta beraiek ez. 2004. urtean estatu mordoxka bat sartuko da Europako Batasunean eta horiek, sarrerarako eskatzen diren ezaugarriak Euskal Herriak baino askoz kaskarrago betetzen dituzte. EBren Europa ez da gure gustukoa, baina konparazioak egiteko balio digu. Beraz, guri ere heldu zaigu denbora Europan gure aurkezpen karta erakusteko. Eta hori nola egiten da? Marko demokratiko nazional batez eta hau egituratzeko parlamentu nazional bat sortuz. Hori da gure trantsizio proposamenean guk mahaigaineratu duguna eta horri esan diote ezetz EAk eta EAJk.
Baina abertzaleen gutxieneko akordio bat gabe estrategia horrek jai du. Abertzale guztiak baturik askoz errazago egingo dugu bide hori, hori garbi dago. Batzuk pentsatzen dute izozketa politiken bidez ezker abertzalea maniobra tarterik gabe uzten duela eta gu erakusten ari gara badugula tarterik. Indar gutxiagorekin egingo dugu, baina estrategia nazional hori potentzialitate handikoa dela erakutsi nahi dugu eta gutxienez datorren urterako hori da gure erronka, hori egin daitekeela erakustea.
Lehenago ere aipatu izan duzu ideia hori, ezker abertzaleak eta beste sektore batzuek, geldoago baina eraman dezaketela aurrera burujabetza estrategia hori. Jarriko al zenieke siglak gaur egun bide horretan bidaide izan ditzakezuen horiei? Gu lan handia egiten ari gara, esate batera, Euskal Batasunarekin, haiek ere estrategia nazionalaren alde lan egitea erabaki dutelako. Udalbiltzaren aldeko hautetsien biltzarrean ere badira independente asko, batez ere Nafarroan, eta horiekin ere ari gara. Ezker abertzalearen indarrak mugatuak dira eta hori badakigu, baina azken 21 urte hauetan eztabaida eraman behar den tokira eraman dugu: eztabaida estatutismotik at jartzea eta Euskal Herriak XXI. mendean bere burua nola antolatuko duen pentsatzen hastean. Orain, estrategia nazionala aurrera eramatea posible dela erakusteko, beste bidetxo bat egin beharko dugu. Ez dakigu noiz, baina azkenean abertzale munduak bide horretara joko du, bide guztiz arrazionala delako.
800 kiloko harria mugitzeko hiru pertsona behar badira, bi pertsonek ez dute harria mugituko, gau eta egun horretan arituta ere ez. Adibideari jarraituz, ezker abertzaleak badu harri hori mugitzeko gaitasunik baina akordio abertzale batekin errazago mugituko genuke edo abiada handiagoa emango genioke. Garbi duguna da gu harria mugitzen hasi ezik beste batzuk ez dutela egingo eta egitekotan proba plaza berdinean egingo dutela, Gasteizkoan, eta Madrileko idiekin, eta guk harria idi euskaldunekin mugitzen hasi nahi dugu.
Imajina dezagun ezker abertzaleak trantsizio proposamen errealistagoa egiten duela, eta EAJk burujabetzarako proiektua gehiago zehazten duela eta ausardia handiagoa jarri. Posible litzateke 1998ko udako giroa birsortzea? Gure proposamena ez dela errealista esaten zaigunean, tran-tsizio proposamenaren irakurketa gaizki egiten delako da. Trantsizio proposamenean lau puntu biltzen ditugu. Lehena Udalbiltza, ez da guk asmatua, 98ko otsailean adostutakoa baizik eta, beraz, errealista; bigarren atala herrialdeen inguruan egin behar den hausnarketari hasiera ematea da, eta beraz, herrialdeen ordezkaritzarekin bigarren gune nazional bat antolatzen. Hirugarren atala Gasteizen akordioa lortzea da; hori lortu da aurretik eta, beraz, ez legoke arazorik egon behar bigarrengoz ere lortzeko. Eta laugarren puntua parlamentu nazionala da; hori ezin dela egin diote batzuek berehala, eta guk zera diogu, abertzaleei galdetuko balitzaie ea hiru probintzia edo sei probintzietako parlamentua nahi duten, denek sei herrialdetakoa esango lukete. Bada, guk dioguna da norabide horretan jarri behar dugula eta horretarako baldintza sozialak sortu behar ditugula. Eta hori noizko? Ahal denean, baina lehenbailehen. Horrez gain, guk argi esan diegu EAJri eta EAri: "Hori horrela ikusten ez baduzue, egin beste proposamen alternatibo bat". Gainera, Europan aurkezpena egin behar badugu eta Euskal Herriari proposamen zehatz bat egin behar bazaio, ezinbestean egon behar da subjektu nazional konstituientea. Gu dena aztertzeko prest gaude, baina egin ditzatela proposamenak. Areago, EAJk hitzez bileretan mahaigaineratu dituen proposamen batzuk jarri ditzala paperean, eta beharbada adostasuna eta akordioa egongo da. Zer gertatzen da? EAJk proposamen bat egin duenean ofizialki eta idatziz, ez duela zerikusirik horrekin, eta hor dago gakoa.
EAJk urte hasieran asmo soberanista jarri zuen mahai gainean. EAJn badago proiektu soberanista aurrera eraman nahi duen jendea baina gehiengoak, gaur egun, ez du horren aldeko apusturik egin nahi. Baina denbora bukatzen ari da eta hautu bat egin beharko dute. Ezker abertzaleak trantsizio proposamena egiten du EAJren ibilbide historikoa kontuan hartu, jakinik Gasteiz ezin dela bat-batean hankaz gora bota. Beraien proposamenean ez da gure kultura eta ibilbide historikoa, eta idatzi bezain pronto badakite ezker abertzalearen ezezkoa dutela. Zergatik egiten dute hori? Une honetan Euskal Herriarentzat ez dutelako burujabetza proiekturik.
Baina burujabetza bide hori eta borroka armatua bateraezinak direla dio EAJk, eta ezker abertzaleak hori aitzakitzat hartzen badu ere, gainerako sektore abertzale gehienek ere berdina diote, EAk, ELAk, ezker abertzaleko sektore batzuk... Guk aitzakia dela diogunean, jende askorentzat hemen gertatzen diren gauzen aurrean ezker abertzaleak sentiberatasunik gabe jokatzen duela uste dut, eta ez da hori...
Ez naiz ari sentimenduei buruz, estrategiaz baizik... Hori dioskute EAJk, EAk eta ELAk bai eta guk zera erantzuten diegu: "zergatik planteatzen duzue trukean burujabetzaren apustua eta borroka armatua?
Ez dituztelako elkarren ondoan ikusten? Oso ongi, bada EHrik gabeko burujabetzaren aldeko apustua egin dezatela hiruren artean, gu oraindik "nahiko terrorista" bagara. Baina egin dezatela! "ETA desagertu arte ez dugu burujabetzaren bidea egingo" horrek ez du balio. Hori egingo balute, benetan hasiko nintzateke pentsatzen apustu horretan daudela.
Zuk sinesten al diozu Xabier Arzalluzi, independentziaren alde dagoela dioenean? Pentsa dezaket baietz, Xabier Arzalluzek ikusten duela ez dagoela beste biderik Euskal Herriarentzat. Baina hitzak ez dira nahiko, ekintzat aztertzen ditugu, eta balio ez duena da Arzalluz Erroman eta Kolonbian independentziaz aritzea eta Ibarretxe egunero Estatutuari buruz. Ibarretxek ez du independentzia eta lurraldetasunaz hitz egiten.
Bakoitzak bere rola izan dezake. Akaso gure akatsa izango da baina guk ez dugu halakorik onartzen, bata alde instituzionala izatea eta bestea alderdia. Denak daude proiektu politiko berean, ezta? Guri barrea eragiten digu Ibarre-txek guztion lehendakaria dela dioenean. Ibarretxe gure botoekin atera zen lehendakari. Kudeaketa herritar guztientzat egiten du, baina bera abertzaleek hautatutako lehendakari bat da. Horrez gain, EAJk beste akats bat du gurekiko esaten duenean gure proiektu politikoa inposatu nahi dugula; ez, gure proiektu politikoa independentzia eta sozialismoa da eta guk mahai gainean jartzen duguna marko demokratiko nazionala da, gutxieneko oinarri demokratiko batzuk izatea.
ETAk negoziazioaren eskema gainditu zuen Alternatiba Demokratikoarekin eta horrek burujabetzaren estrategiari eman dio paso. Negoziazioaren eskema hura erabat alboratu da edo oraindik badu tarterik ezker abertzalearen eguneroko jardunean? Ezker abertzaleak ez dio aterik ixten ezeri. Bihar bertan Downing Streeteko akordioaren gisako bat egingo balitz, gauzak aldatuko lirateke. Badakigu azkenean estatuekin negoziatu beharko dugula, baina ezker abertzaleak ez du jarriko bere indarra Downing Street moduko bat lortzen; ez, guk Euskal Herria egunero eraikitzean jarriko ditugu gure indarrak. Ez dakigu abertzaleen akordioak su-etena ekarriko duen, baina prozesua konponbidearen fasean jarriko du.
Prozesua aipatu duzu orain. Lehen etengabe aipatzen zen prozesu hitza, orain ordea ia ez da entzuten, badirudi hitzaldi politikotik alboratu dela.
Guk prozesuak jarrai-tzen duela mantentzen dugu eta bururaino eraman behar dela, helburua marko demokratiko-nazional bat lortzea delako. Hori bai, prozesuak atzo baldin-tza batzuk zituen, gaur beste batzuk eta bihar akaso beste batzuk izango ditu.
Jose Elorrietak duela gutxi emandako elkarrizketa batean, ea prozesurik ba ote zen galdetzen zuen, egon ezean gauza asko birplanteatu zitezkeelako. Garai batean Lizarra-Garaziko indarrek, zehetasunekin baino bazuten prozesuaren irakurketa bateratu bat. Gaur egun ez. Guretzat, egungo markotik marko nazional-demokratiko batera pasatzea da prozesua, eta horrek hor jarraitzen du.
Beti dago prozesu bat, orduan. Beti dago prozesu bat eta gainera, gure ustez, jaiotako parametroetan dago, horretan ez dago aldaketarik.
EAEko hauteskundeen aurreratzeaz gero eta gehiago hitz egiten da. Gobernu aukera bat EAJk beste norbaitzuekin osatutakoa litzateke. Beste aukera bat PPk eta PSE-EEek osatutakoa. Azken aukera hori ona ala txarra litzateke Euskal Herriarentzat? Hori oso eztabaidagarria izan daiteke. Badakit jendeak nahiko angustiarekin jarraitzen duela gai hori eta, beraz, guri berdin zaigula esatea friboloa litzateke. Gure ustez eztabaida ez da lehendakari autonomista eta lehendakari espainiar baten arteko hautua, guk eztabaida betiko tokira eramango dugu: Estatutua ala marko demokratiko berri bat? Eta erabakia horren arabera hartuko dugu. Gobernu soberanista posible da, gure ustez EAJk, EAk eta EHk berriz ere gehiengo osoa izango dutelako. Baina horretarako borondatea behar da.
Guk zera esaten diegu EAJ eta EAri: "Begira, zuek hiru gelako etxea duzue, guk sei gelakoa nahi dugu. Zuek duzuen porlanarekin ezin da sei gelako etxea egin, beraz lehen porlan kapa Udalbiltza da. Eta guk zer eskaintzen dizuegu?: Zuen etxe txikitik handira gauza batzuk pasatzen laguntzea". Arazoa da ez dutela etxe txikitik atera nahi, kanpoan hotza egiten duelako. Hotza egiten du, bi estatuek etxea eraikitzeko oztopoak jartzen dituztelako, eta ez gure malgutasun ezagatik, guk erabateko malgutasunaz jokatu dugu eta.
40 urtetan ez da sei gelako etxea eraikitzea lortu, su-etenak iraun duen urte eta erdia nahikoa da egin daitekeen ikusteko? Inpresio hori akaso badago: "Nahikoa denbora izan zen? EAJk jarraitzen zuen benetan apustuan?". Hori guztia oso eztabaidagarria da, baina bada datu objektibo bat, udal hauteskundeen ondoren EAJk ziaboga politiko bati ekin zion; hori oso garbia izan zen eta horrek kakaztu zuen guztia. Argi dut berriro akordio bat ematen bada -lehena anbiguoegia izan zen- akordio horrek askoz lotuagoa izan beharko duela. Seguruenik horrela izan behar zuen baina bigarrengo bat ahalik eta borobilena izan beharko luke, bai denboran bai urratsetan. Norabidea jarriz gero, denbora ez da izango oztopo guretzat, jakin badakigulako sierra haginak izango direla eta atzera eta aurrera egingo dela. Azken urteetan asko aurreratu dugu eta bide horretatik jarraitu behar dugu.
98ko EAEko hauteskunde kanpainan 2000. urterako Euskal Herriaren independentzia iragarri zenuen. 2001. urtean gaude. Egia da bai (barre egiten du). Churchilek zioen politikari ona zergatik ez duen asmatu azaltzen dakiena dela. Batetik aitortu behar dut burujabe-tza esan behar nuela eta independentzia atera zitzaidala. Tira, hala izanda ere, berdintsua da. Nik orduan sinesten nuen EAJk benetan sostengatu izan balu adorez egindako apustua, esandakotik oso gertu izango ginela epe motzera. Zoritxarrez hori ez da horrela gertatu, baina jarraitzen dut pentsatzen herri honek independentziaren aukera irabazita duela, horretarako borrokatzen badu.