argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
HARROTXO
  • Ipomeak uda bere beroenera heltzean zabaldu ohi ditu lore urdin-ubelak. Oraingoan, hala ere, ezin izan du aprobetxatu gabe utzi neguko udalditxoa.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Udazken hotz eta uretan beratu baten hondarreko historikoa zirudien azken ilargialdia aspaldiko urtetan ez bezala urdindu du hego-haizeak. Maka-hutsik ibili gara eta haize punttua duten landareak ere udaberria iritsi delakoan, beherapenei itxaron gabe, kolore bizieneko lorez janztera jo dute. Gereziondo eta udareondoren bat, muxikak, mimosa goiztiarrenak eta abar. Batzuk ustekabeko eguberri-arbola ditugu aurten.
Neguan eskiatzaileak bezala, uda beroenean gogaikarri jartzen den landare bat izan dugu abenduko beroaldian harro. Ipomea, alegia. Urtebetez bizitzen den igokaria da landare hau. Bihotz itxurako hostoak hedatuz igotzen da landare edo harrapatzen duen edozeren gainera eta uda bere beroenera heltzen denean onil antzeko lore urdin-ubelak harrotxo zabaltzen ditu. Gero eguna mozten denean, haziak gogortu eta landarea zimeldu egiten da. Jaioko dira berriak. Oraingoan, hala ere, zimeltze aldera abiatu ondoren ezin aprobetxatu gabe utzi abenduko udalditxoa eta loretara eman da. Urteko egunik motzenok iragartzen diguten ondorengo neguan termometroak bere onera etortzean, Konpaxako Mertxek dion eran "a zer nolako jipoia hartu behar duten". Txoramen gozoa harro-haizeak tindatzen duenean trabesa galtzeko arrisku ederra ipomearena... baina luxuzko eguraldi luxuriotsu hau ez da aldatzen eta Mertxerekin batera neronek galdu behar ote dut trabesa?... Potzolo mozoloa ni.