argia.eus
INPRIMATU
OSASUNA
OBESOEN KOPURUA GORUNTZ
  • Espainiako populazioaren %20 obesitateak jota dago. Pet Bjorntorp adituaren arabera, pertsona horietan gaitz kardiobaskularren edo diabetearen arriskua asko igotzen da.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Espainiako populazioaren %20 obesitateak jota dago, Europako iparraldean indize hori %10era jaisten den bitartean. Kontinenteko iparraldeko nahiz hegoaldeko biztanleen artean sumatzen diren desberdintasunak (obesitate-tasa desberdinak, gantza ere gorputzean ez da berdin pilatzen pertsona horietan eta abar) eraginda, Murtziako Unibertsitateko eta Suediako ikertzaileek azterketa konparatibo bat burutu dute azken urteotan, bi herrialde horietako jendea aztertuz, eta emaitzak benetan bitxiak izan dira.
Gotemburgo-ko Sahlgren's Hospital-eko Per Bjorntorp izan da azterketaren zuzendaria, eta obesitatearen eta ehun adiposoko gaixotasunen aditu handienetakoa bezala jotzen den irakasleak esan zuenez, bi dira ikerketa horren oinarriak: batetik, obesitatea bizi-azturekin eta nutrizio-inguruko hezkuntzarekin lotua dago; eta bestetik, zenbait pertsonarengan bada gaitza jasateko aurrejoera genetiko bat.
Ikertzaile suediarraren ustez Espainiako Estatuaren eta Iparraldeko herrialdeen arteko obesitate-tasa desberdinak espainiarren eta suediarren artean dauden bizi-aztura desberdinei egotzi behar zaizkie, eta baita "jatordu lasterrak" esaten zaien horiek gure artean lortu duten arrakasta itzelari ere, janari-modu horiek betiko elikagaiak baino koipetsuagoak eta kalorikoagoak baitira. Obesitatearen kontua osasun publikoko arazo guztiz larritzat jo zuen, uste dena baino askoz ere serioagoa, pertsona horietan gaitz kardiobaskularren edo diabetearen arriskua asko igotzen delako.