argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
MEXIKOTIK MUNDURA
  • Larrosez gain, dalia mexikarrek dute leku gehien lorazantzan. Lur guztietara egokitzen dira, eta forma edo kolore bereziko zerorren dalia sortzea uste baino errazagoa da.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Larrosen hurrengo landareak dira daliak lorazantzan. Ez alferrik erraz lantzen dira, ia lur guztietara egokitzen dira, kolore eta forma aukera izugarria dago eta lorealdi oparoa dute.
Mexikarrak dira daliak. Totelkek eta aztekek lore sinplea zuten daliak lantzen zituzten eta 1761 urtean loretu ziren Madrilgo Botanikoan Europara ekarritako lehenak. Orduan bataiatu ziren Dahlia sp. izenez, landareen sistematikaren aita zen Linneoren laguntzaile Anders Dahlen omenez (Suedia, 1.751-1789). Barazkiak ziren hasieran, lurpean hazten dituzten erreserbatarako tuberkuluak jaten baitziren. 1.802an Versallesa bidali ziren hazi batzuk han ziren beste landare exotikoen artean lantzeko. Han jabetu ziren daliak morfologikoki garatzeko zuten erraztasunaz eta laister kolore, garaiera eta forma askotakoak zabaltzen hasi ziren. Espainiako baratzetako gosetik Frantziako lorategietako apaingarri.
Oraintxe lurretik atera eta toki oreatu, lehor eta freskoan jasotzen diren tuberkuluak bereizi edo hauek udaberrian pujatzen duten zila moztu eta aldaska gisa landatu landare berdinak ugaltzeko. Forma edo kolore bereziko zerorren dalia sortzea ere uste baino askoz errazagoa da: haziak erein. Lore ezezagunek harrituko zaituzte.