argia.eus
INPRIMATU
Xabier Apaolaza
"KULTURA EGITEA POLITIKA EGITEA BAINO GEHIAGO DA"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21
Zein izan da zuen helburu nagusia?
Erbestera joan beharrean izan zirenek lan idatzietan utzitako ondare kulturala berreskuratzea. Baina oraindik asko berreskuratu behar dugu.

Jende oso ezberdinaren lanak bildu al dituzue?
Liburuan aniztasuna badago... baina euskaraz nortzuk idatzi dute? Abertzaleek, batik bat! Gaur egun ere, zer? Atxaga abertzalea da? Nire ulertzeko eran, bai, behintzat. Kultura egitea politika egitea baino gehiago da. Herria salbatu behar badugu, politikariek salbatuko duten ez dakit, baina kulturarik gabe ez dago ezer.

Zenbat galdu dugu gizon-emakume hauek alde egin behar izan zutelako?
Pentsa! XX. mende hasieran gure historian proiektu berri bat sortzen da Euskal Herrirako, bere erabateko askatasuna lortzea. Eta horrek proiektu ekonomiko bat eskatzen du, eta baita proiektu kulturala ere. Baina hemen ez zegoen tradizio kulturalik, sortu behar izan zen. Belaunaldi aparta batek sortu zuen. Oi, zer jende joan zitzaigun!

Kultura mailan pizgarri zen guztia deserriratu al zen?
Gehientsuenak bai. Adibidez, hemengo Elizak eta Espainiakoak ez zeukaten zerikusirik. Eta gerra aurretik fraideek azpiegitura oso aberatsa eta herrikoia zuten; kaputxinoek, esaterako: Aita Donosti, Riezu, jende asko. Katolizismoa eta euskal nortasuna batera eramaten zituzten, baina biak! Bada, gerra ondoren, hemengo apaiz eta mojak Ameriketara bidali, eta Gaztelakoak ekarri zituzten... Hemen gelditu zen hutsunea ikaragarria izan zen.